“Bizikleta ur gainean paseo bat emateko aproposa da”

Bizente Lasak (Urretxu, 1949) ur gainean ibil daitekeen bizikleta bat asmatu du. Asmakariaren patentea erregistratu berri du, eta, orain, asmoa patentea bizikleta hori ekoiztuko duen enpresaren bati saltzea da. Horretan ari da, ate-joka, harremanak egiten, gaurdaino berarentzat ezezaguna den mundu batean buru-belarri sartuta.

Nondik nora sortu zitzaizun ur gainean ibiltzeko bizikleta bat asmatzeko ideia?

Egia esan, ez dakit zehatz-mehatz ideia nondik sortu zen. Beti izan dut eskuekin gauzak egiteko zaletasuna. Kuadrilla guztietan dago mainatsuren bat, eta nirean ni izan naiz pertsona hori. Katamaran batean ibilita nago, eta hondartzetan egoten diren pedalak ere aztertu izan ditut. Bestalde, heziketa oso erlijiosoa izan dut beti, eta horrek ere eragina izan du. San Pedrok ikusi zuen mirarietako bat Jesus ur gainean ibili zitekeela izan zen. Hortik asmakariari jarri nahi diodan izena ere: San Pedroren nahia. Bizipen askoren emaitza izan dela esango nuke.

Aurretik beste asmakaririk sortu duzu?

Beste zenbait gauzaren artean, bilobari elurretan ibiltzeko triziklo bat egin nion. Familian beti izan dugu eskiarekiko zaletasuna. Triziklo bati gurpilak kendu eta hiru eski erantsi nizkion. Iazko denboraldian ikusmina sortu zuen Candanchun. Amari ere etxean ibiltzeko gurditxo bat egin nion oinez ibiltzeko zailtasunak zituelako.

Bizikletara itzuliz, noiz hasi zinen ideia garatzen?

Orain hiru urte erretiratu nintzenean hasita nengoen jada ideiari bueltak serio samar ematen. Baina anaia hil zitzaigun geroago, eta dena utzi nuen. Denbora bat pasata berriz heldu nion ideiari. Lehenengo lana beharko nituen materialak zeintzuk ziren zehaztea izan zen: bizikleta eta surfeko taula bat.

Bizikletarekin hasi zinen.

Uretan ibili ahal izateko gurpiletan hegalak beharko zituela pentsatu nuen, eta probak egiten hasi nintzen. Bizikletaren egitura bere horretan mantenduta, gurpil hegaldun txikiak gehitu nizkion. Bizikletak uretan aurrera egiteko atzeko eta aurreko gurpiletan pinoiak beharko zituela ondorioztatu nuen gero, bestela ez aurrera ez atzera geratuko baitzen. Pistako bizikletek pinoi finkoak dituztela ohartu nintzen gero —aurrera eta atzera arazorik gabe egiteko—: hala jarri nion pinoi finko bat aurreko gurpilari.

Hori egiturari dagokionez; eta direkzioari dagokionez?

Proba ezberdinak egin nituen. Ohiko bizikleten moduan aurrean lema bat jarriko banio, bizikletak ez zuen aurrera egingo. Hortaz, erdian jarrita egin nuen lehenengo proba, baina ez zuen nik nahi bezala erantzun. Bizikletak oso motel egiten zuen aurrera. Orduan, barkuek duten bezala, lema atzealdean jarri nion, eta hobeto mugitzen zela ikusi nuen.

Egitura taulari atxikitzea izango zen hurrengo lana, ezta?

Taula da egitura guztiak ur gainean flotatzea ahalbidetzen duena. Surf taula handi bat erosi nuen, ehun kilo eusteko adinakoa. Bi zulo egin nizkion, gurpil hegaldunak sartu ahal izateko eta uretan higadura sortzeko. Gero, oreka mantentzeko surf taulekin egindako egonkortzaile bana gehitu nizkion alde banatan. Gainerakoan, egitura euskarri sinple batzuekin lotzen da taulara. Oso erraza da muntatzeko eta desmuntatzeko.

Behin azken modeloa sortuta, zein izan zen hurrengo urratsa?

Gauza hauek eramaten dituen Bilboko aholkularitza batekin jarri nintzen harremanetan, eta beraiek egin zidaten kudeaketa lan guztia. Behin proiektuaren ezaugarriak aurkeztu eta Madrilen hasierako onespena emanda, alegazioak egiteko epea irekitzen da, aurretik beste norbaitek horrelako zerbait asmatua badu erreklamatzeko aukera eduki dezan. Patentea eskuratu dut, eta orain mundu osorako esklusibotasuna daukat urte baterako. Ondoren, interesatzen zaidan lurraldearen arabera ordaindu behar da patentea izaten jarraitzeko; nik, oraingoz, bi urtekoa erosi dut.

Zer da patentearekin egin nahi duzuna?

Patentea bizikleta hau ekoitz dezakeen enpresaren bati saltzea gustatuko litzaidake. Alde ekonomikotik ez dauka kostu handirik, surf taula bat eta bizikleta bat elkartzea baino ez baita. Kostuak merkatzeko surf taulak egiten dituen eta bizikletak egiten dituen enpresa bana elkartzea litzateke onena.

Harremanetan bazaude baten batekin?

Oiartzunen surf taulak saltzen dituen Olatu enpresarekin harremanetan nago: bizikleta etxe bat interesatzen bada, beraiek proiektuarekin jarraitzeko prest daudela esan didate. Nire ametsa patentea bertako enpresa batek erostea litzateke, ezer baino lehen euskalduna sentitzen naizelako.

Ate asko jo dituzu?

Oraintxe bertan mundu guztian zehar dauden herritar eta ezagunen bitartez sare bat sortu nahian nabil produktua ezagutzera emateko. Bestalde, Donostiako Bic Berrilani esker, irailean Madrilen egin diren Expobike eta Festibike bizikletari eskainitako azoketan izan naiz nire produktua erakusten. Gehienek begi onez ikusi dute, eta esperientzia oso positiboa izan da.

Zertarako uste duzu balio dezakeela ur gainean ibiltzeko bizikleta honek?

Argi daukat hemendik urte batzuetara horrelako gauzak ikusiko ditugula. Nire adinean ez naiz maratoietan parte hartzen hasiko, baina bizikleta ur gainean paseo bat emateko aproposa da. Nork esango dit hemendik hogei urtera txapelketarik ez dela egingo nire asmakizunarekin? Agian gehiegi amestea izango da, baina niri izugarri gustatuko litzaidake. Amets bat da, baina egia bihur daiteke.

Lehen gelak, Elizari herentzian utzitako etxean

Andoaingo herritar Juanita Alkainek bere etxea Elizari utzi zion herentzian, euskara eta euskal kultura suspertzeko balia zedila eskatuz. Bestela eraikinak lortzeko zailtasunak zituztenez, etxe hartako solairu bateko logeletan hartu zituzten lehen hau...

Orereta ikastolako urtemuga ospakizunak Errenterian

Azaroak 23. Sorgineta Ballet Suita ikuskizuna, 20:00etan, Fatimako Andra Mariaren parrokian.

Abenduak 22. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizun musikala, 17:00etan, udal kiroldegian.

Abenduak 29. Ekitaldi akademiko soziala, 12:00etan, Hiria kultur gunean.

Batzar Nagusiak, euskara lehenetsi dutenen alde

Batzar Nagusiek atzera egiteko eskatu diote Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen bozeramaileari. Urkijok hamar udal auzibidean jarri ditu, kontratazio publikoak egiteko orduan euskara lehenesten duten irizpideak aplikatzeagatik.Albiztur, Anoet...

AURREKONTUEK, PARTAIDETZA OINARRI

Gipuzkoako Foru Aldundiak Partaidetzazko aurrekontuak prozesua abiatu zuen urrian. 2014ko foru aurrekontuetatik 500.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko aukera izan dute Urola Erdiko herritarrek. Lehen fasean dirua inbertitzeko 124 proposamen jaso o...

Oztopoen horma, pixka bat txikiago

Izterrean pausatua du tableta Nerea Riosek (Donostia, 1971), bere mugikortasun gaitasunen arabera hor jarrita suertatzen baitzaio erosoen. Teknologia zalea da Rios; lehendik ere erabiltzen ditu sakelakoa eta ordenagailua ere: bileren agiriak hark pasatzen ditu ordenagailura. Tresna berria du orain esku artean, eta antzematen zaio gustura dagoela gailu berriarekin. Gurpil aulkian egokitu dioten tableta ez baita gailu arrunta Riosentzat: aparteko komunikazio tresna da, Gipuzkoako Aspacek garatua.

Ezker eskuan makilatxo bat jarri diote, tabletaren pantailan behar duen botoiari eman diezaion. Gertu du bozgorailua ere, tabletean integratutako The Grid 2 programaren bidez idatzitakoak errepikatzeko. Tresna berriarekin bi aste daramatza Riosek, eta beste bi aste barru bilera bat egingo dute, Riosek eta sistema darabilten beste hiru erabiltzaileek zer hobetuko luketen teknikariei jakinaraz diezaieten.

Riosen kasuan, tableta ezkerreko iztarrean pausatuta eta eskuarekin ondo moldatzen da, baina erabiltzaile bakoitzari erosoen datorkion eran egokitu behar dute. Euskarria bera eta tabletaren barruko antolaketa moldagarriak dira, eta erabiltzaileen beharretara moldatzeko gaitasun horrek egiten du erabilgarri sistema, Idoia Bea Adap-Meeting proiektuaren arduradunak azaldu duenez. Idatzitakoak errepikatzeko bozgorailua, adibidez, gurpil aulkian bertan integratzeko modua bilatzen ari dira —tabletak berea baduen arren ez baitu nahikoa potentzia—. Sakelako telefonoa erabiltzen hasi zenean, adibidez, erraz eskuratzeko modua bilatu zuten, eta orain berdin egiten ari dira tabletekin eta wifi bidez konektatzen den bozgorailuarekin.

Denbora pixka bat behar du unean uneko erantzunak botatzeko, baina trikimailu bat du Riosek: maiz erabiliko dituen esaldiak gordetzeko aukera ematen dio programak. Besteak beste, "Kafesne bat nahi dut, lasto batekin" eta "Kola freskagarri bat nahi dut, lasto batekin" bezalako esaldiak ditu gordeak, taberna batera joan nahi duenerako prest. Esaldiak testuinguruaren arabera antolatzeko karpetak ere sor ditzake, lanerako, tabernara joateko, oporretara joaten denerako, lagunartean aritzeko edo larrialdi bat duenean iraganean bizitako une txarrak saihesteko: "Aulkiaren gurpil bat zulatu zitzaion kalean, eta ingurukoek ez zioten ulertzen zer gertatzen zitzaion".

Tartean behin hitza hartzen du Riosek: kazetariaren bisita jasoko zuela jakitun, esaldi batzuk aurrez prestatuta zeuzkan. "Proiektuaren parte izateaz harro nago: nire esperientziatik abiatuta, ekarpenak egin ditzaket", dio. "Oso ausarta" da Rios, eta teknologia berriei beldurrik ez dien bezala, jada egin du sistema berria Aspaceren zentrotik kanpo erabiltzeko proba: "betiko tabernara" bera bakarrik joan, eta zerbitzaria, ezaguna duena, "lilurak jota" utzi zuen. Beak Riosen lorpena kontatu bitartean, irribarrea marrazten zaio Riosi. Tresna berriak ingurukoekin eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna eman dio: orain arte bizitakoekin ezin konparatu. "Pare bat aldiz gertatu izan zaio, tabernara joan, zerbitzariek ulertu ez, eta ezer hartu gabe alde egin behar izatea. Komunikatzean huts egiten badute, ahalegina bera frustrazio bihurtzen da garun paralisia dutenentzat", baieztatu du.

Komunikatzeko tresna berria saio guztiak eraginkor izateko prestatu dute, eta lorpen hori "urrats handia" da gailuaren erabiltzaileentzat: "Familiakoekin, ezagunekin zein ezezagunekin dituzten hartu-emanak normalizatzeko balioko die. Ez hori bakarrik, erabiltzaileen autonomia sustatu eta bizi-kalitatea hobetzeko ere bai". Hain zuzen, horregatik jaso dute Vodafone Fundazioaren 8.000 euroko laguntza.

Zazpi ukipenezko pantaila, The Grid 2 softwarea, hori erabiltzen ikasteko prestakuntza, softwarearen hogei lizentzia eta lau tableta erosi ahal izan ditu Gipuzkoako Aspacek diru laguntza horrekin. Tresna berriak lehendik ere teknologia digitalak erabiltzen dituzten lagunekin probatu dituzte, errazagoa egingo zaielakoan: "Nerea baino helduagoak direnen artean baziren Adap-Meeting ikusi ere egin nahi ez zutenak, eta orain probatzeko desiatzen daude". Oraingoz, lau erabiltzailek dute tableta gurpil aulkian txertatua, baina gainontzekoak ere ikasten doaz, ukipenezko pantailen bidez, "handiagoak eta eramangarriak izan ez arren".

Abantailak eta beldurrak

Garun paralisia duten lagunen arazo handienetako bat da inguruko jendearekin komunikatzea. Beak azaldu duenez, eritasun horrek jotako lagun bakoitzak baldintza desberdinak ditu, gaixotasunak arinago edo sakonago eragin izanaren ondorio. "Riosen kasuan, adibidez, ez du arazorik familiako kideekin edo ezagunekin komunikatzeko. Arazoa kanpoko jendearekin dator".

Bearen ustez, denborak aurrera egin ahala eta etxeetan tabletak ohiko bihurtzen diren heinean, errazagoa izango da Adap-Meeting sistema hedatzea, etxeko kide guztiak egongo baitira tresna digitalekin trebatuta. Bera "zoratzen" dagoen neurri berean, ama "kezkatuta" dagoela baieztatu du Riosek. Adap-Meeting sistemarekin, garun paralisia duten lagunek ez dute behar jendearekin komunikatzeko bitartekaririk, eta kalera bakarrik joan eta egin beharrekoak bakarka egiteko bezainbesteko autonomia dute. Ondorioz, kalean doala norbaitek lapurtuko dion beldur da Riosen ama. "Denbora kontua da" erabiltzaile zein senideak sistema berrira ohitzea.

Aspaceren egoitzen arteko komunikazioa ere "dezente" erraztuko du sistema berriak, Beak azaldu duenez. Besteak beste, denbora eta dirua aurrezteko balioko die: "Imajinatu, bileraren bat tarteko, garun paralisia duten zortzi lagun Arrasatera eraman eta ekarri behar ditugunean... Denborarekin, birtualki egitea lortuko dugu". Rios, behintzat, egun hori noiz ailegatuko irrikaz dago: "Programa honen eta Webex programaren bitartez bilera birtualetan parte hartu ahal izango dut". Taldekako bilera birtualak egitea ahalbidetuko die Webex-ek, Beak azaldu duenez.

Adap-Meeting oraindik ez dute probatu garun paralisia duten erabiltzaileen artean komunikatzeko, baina "hori ere helduko da". Oraingoz, oztopoen horma txikiagoa izatea, bederen, lortu dute.

“Hamazazpi urte nituela probatu nuen helikopteroa”

Etxetik datorkio Aitzol Apalantzari (Errezil, 1991) helikopteroko pilotu izateko zaletasuna. Anaia helikopteroetan ibilia zegoen bere aurretik, baina hura sekula ere ez. "17 urte nituela probatu nuen lehen aldiz helikopteroa. Errezilen beti izan dugu ...

Dena prest 49. Behobia-Donostiarako

Iaz baino parte hartzaile gehiago izango ditu aurtengo Behobia-Donostia lasterketak. Korrikalari, esku bizikletazale eta patinatzaileen artean, 28.672 lagun saiatuko dira igandean ibilbidearen hogei kilometroak osatzen. Horietatik 8.600 inguru gipuzkoarrak dira: iaz baino 600 gehiago. Orduerdi aurreratu dituzte irteera orduak. Hala, 09:30ean aterako dira elbarriak, 09:40an patinatzaileak eta 10:00etan korrikalariak —azken txanda 11:20an irtengo da—.

Aurtengo edizioa lasterketa antolatzen lan egiten duten boluntario guztiei eskaini diete. Horren erakusle, elastiko bereziak egin dituzte: boluntarioen elastikoek Gure denbora zuen marka leloa eramango dute, eta kirolarienek, berriz, Zuen denbora gure marka leloa.

Behobia-Donostian parte hartzeko hiru modalitate daude: korrika egingo dutenena, esku bizikletan egingo duten elbarriena eta patinen gainean egingo dutenena. Parte hartzaile kopuruei dagokienez, 28.342 izango ditu lehenengoak, 30 bigarrenak eta 300 azkenak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, iaz baino emakume gehiagok eman dute izena. Guztira, 5.248 izango dira (%18,5eko igoera, iazko datuen aldean).

Iaz bezala, aurten ere Anoetako belodromoan jarriko dute korrikalarien azoka. Gaur eta bihar izango da, eta 10.000 korrikalarik bertan jasoko dute parte hartzeko zenbakia. Azokan bertan motxilak uzteko aukera dute parte hartzaileek, baina aukera gehiago ere egongo dira horretarako: Zuhaizti kiroldegian eta Gipuzkoa plazan, igandean, 07:30ean, edo urtero bezala, irteeran bertan.

Sare sozialek presentzia handia izango dute lasterketan bertan. Batetik, lasterketaren antolatzaile Fortuna Kirol Elkarteak Twitter bidez zuzeneko jarraipena egingo du @bss_fortuna erabiltzailearen eta #behobiass etiketaren bidez. Elkarteak orri propioa ere badu Facebook sare sozialean. Smartphone-etarako BSS izeneko aplikazioa ere sortu dute, parte hartzaileek behar duten informazioa jasotzeko. Run Loc izeneko aplikazioaren bidez, berriz, lasterkarien jarraipena egiteko aukera egongo da. Denda birtuala ere badu lasterketak (http://www.bssfortuna.com).

Zuhaizti kiroldegian haurtzaindegi zerbitzua jarriko dute, iaz bezala. Okendo plazan jarriko dituzte helmugara iritsi osteko zerbitzuak, eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, iaz baino masajista gehiago egongo dira. Lasterketa helmugara iritsi aurretik uzten dutenentzat, berriz, "zerbitzu berezia" prestatu dute. Ibilbidean zehar komun gehiago (2, 5, 12 eta 14. kilometroetan) jarriko dituzte, eta tren zerbitzu zabalagoa izango da.

Eguraldiari so

Ohi bezala, Euskal Herriko nahiz nazioarteko kirolariek parte hartuko dute lasterketan. Bertakoen artean, besteak beste, Claudia Beobidek, Asier Cuevasek, Alberto Revueltak, Sergio Romanek eta Iker Oliverik parte hartuko dute.

Antolatzaileen arabera, lasterketan parte hartzeko eguraldirik "okerrena" 20 gradu inguruko tenperaturak eta hezetasun maila altuak bat egiten dutenean izaten da. Euskalmeten arabera, ostarteak izango dira, baina euri pixka bat ere egin dezake.

Ikastolako partaide guztiei begirako ospakizunak

Datorren asteartean ekingo diete Andoainen Aita Larramendi ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunei, eta abenduaren 3ra arte iraungo du egitarauak. Orereta ikastolakoek lehen jarduera irailean egin zuten, baina datozen asteei begira ospakizunetarako b...