“Herritar batekin ikasi dut pilotak egiten”

Gaztetatik hasi zen Juan Karlos Otero (Alkiza, 1966) esku pilotagile lanetan. Alkizan jaio zen, baina gaztea zela Anoetara joan zen bizitzera. Pilotagile izateaz gain, pilotan ere jokatzen du txikitatik. Gaur egun, Anoetako Apeadero kaleko garaje bate...

Kristauak eta jentilak bat

Kale antzerkiaAtaun"Joxemiel Barandiaranek jaso zuen mundu magikoa, ataundarrek antzeztua", halaxe definitzen dute Ataungo herritarrek Jentilen etorrera ikuskizuna, urtero ospatzen dena. Bertako sinesmen, kontu zahar eta kondairetan dago oinarrituta....

Pobrezia energetikoaren arrazoiak Gipuzkoan

Gipuzkoa energiari dagokionez pobre izateko hainbat arrazoi daude SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko Raquel Sanzen ustez: "Kausa nagusiak hiru dira: diru sarrera baxuak, eraikinen energia eraginkortasun baxua eta energiaren prezio altua. Faktore ...

AZKEN URTEETAKO ETA ORAINGO KANTUAK

Berri Txarrak taldeak Haria diskoa aurkezteko bira amaiera iragarri du, eta Euskal Herrirako zazpi data iragarri dituzte, kanpora ere joango baitira. Bira horretan, bi geldialdi egingo ditu Lekunberrin sortutako taldeak Gipuzkoan. Lehena gaur bertan A...

Gipuzkoa menpekoa eta pobrea da energiari dagokionez

"Gipuzkoak energia mendekotasun handia du, kontsumitzen dugun energiaren %94 kanpoan sortutakoa baita". Hala azaldu du Ainhoa Iraola Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak iragan astean Donostiako Koldo Mitxelena kultur gunean egindako III. Energia Jardunaldietan. Haren hitzetan, energia eredu hori urrun dago iraunkortasun irizpideetatik: "Tokian tokiko sorkuntza bultzatu, eta energia berriztagarrien alde egin beharko genuke. Gai horretan sakondu nahi dugu, eta, era berean, aukerak jarri nahi ditugu mahai gainean". Helburu horrekin antolatu zituzten, beraz, Mendekoa izaten jarraitu nahi duzu? izenburupean aurtengo energia jardunaldiak.

Gipuzkoarrei galdezka ondorioztatu du aldundiak lurraldea energia aldetik pobrea dela. Urriaren 22an, Koldo Mitxelenan aurkeztu zuen Raquel Sanzek SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak egindako azterketa, Pobrezia energetikoa Gipuzkoan-2013 txostena, alegia. Sanzen arabera, "pobrezia orokorra bezalaxe, energetikoa ere zenbakitzeko zaila da", eta hiru helbururekin egin dute ikerketa: "Pobrezia energetikoaren kontzeptuari berari presentzia ematea Gipuzkoan; pobrezia energetikoak bertan dituen ezaugarriak ezagutuz zein gunetan eragiten duen gehien jakitea; eta nazioartean pobrezia energetikoari aurre egiteko hartutako neurriak ezagutzea". Ondorio nagusien artean, bi nabarmendu dituzte: batetik, Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %94 kanpoan sortutakoa dela eta, beraz, %94ko energia mendekotasuna duela. Bestetik, energia berriztagarrien presentzia oso txikia dela, %6koa zehazki.

Hilabete hotzenetan etxean tenperatura egokia —OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, egongelan 21 gradu eta etxeko gainerako geletan 18 gradu— mantentzeko dituzten zailtasunez; energiara dirua bideratzeko urtean fakturazio gasturik baduten edo ez, eta etxebizitzen azpiegitura arazoez galdetu diete gipuzkoarrei. Erantzunak kontuan hartuta, Gipuzkoako etxebizitzen %7,4k arazoak dituzte hilabete hotzenetan tenperatura egokia bermatzeko gastuei aurre egiteko, gutxi gorabehera 44.000 lagunek; energia fakturen atzerapenak etxebizitzen %4,1etan dituzte, 32.000 lagun inguruk, alegia; eta azpiegitura arazoak dituzten etxebizitzak %9,2 dira, ia 65.000 lagun. Hiru arazoak dituztenak, berriz, 1.600 herritar inguru dira.

Neurri erabakigarriak

"Ez gaude Europako egoerarik okerrenean", Iraolaren arabera: "Egoera onean gaude, baina erlatiboki. Izan ere, testuinguru honetan har daitezkeen erabaki politikoek, menpekotasunaren gorakada edo beherakada eragin dezakete, eta ikuspegi estrategikoarekin jokatu behar dugu. Sei urtean kontsumoa mantenduta fakturazioa bikoiztu egin baita, eta, hala jarraituta, arazoa areagotuko da". Etxe bateko diru sarreren %10 edo gehiago energia gastuetarako erabiltzea da energia pobreziaren zantzua. Gipuzkoan, "etxebizitzen erdiek diru sarreren %2 eta %5 artean erabiltzen dute energia gastuetarako". Baina etxebizitzen %9,5 dira %10 edo gehiago bideratzen dutenak. Beraz, gipuzkoar asko dira pobreak energiari dagokionez, Iraolak azaldu duenez: "Etxebizitza horietan herritarrak bizi dira; beraz, esan daiteke 50.000 gipuzkoar daudela energia pobrezian, eta hori kontuan hartzeko moduko datua da".

Energia pobreziaren eragina gehien jasaten duten etxebizitza motak ere nabarmendu ditu Iraolak III. Energia Jardunaldietan: "Diru sarrera gabekoak, familia guraso bakarrekoak, Euskal Herritik kanpo jaio eta Gipuzkoan bizi direnak, alokairuan daudenak, lagun bakarrekoak, gas naturalik gabekoak, 70 metro karratuz azpikoak, 65 urteko edo gehiagoko nagusiren bat dutenak...". Gainera, energiara bideratu beharreko diru sarreren zatia horren handia izateak bestelako ondorioak ere izan ditu gipuzkoarrengan: "%8,5ek, esaterako, janaria erosteko orduan murrizketak egin dituzte, eta %20k, arropa erosteko. Gainera, egunerokotasunean arazoak ez dituzten herritarrek ere zaintzen dituzte euren gastuak; joera hori zabaltzen ari da". Nabarmentzekoa da, hain justu, energia pobrezia jasaten duten etxebizitzen %80k ez dutela pobrezia larririk, eta, jardunaldietan azaldu dutenez, "ia jakin gabe pobre energetikoa izan daiteke edonor".

Egoera hori eragiten duten hiru faktore nagusi nabarmendu ditu Sanzek: "Diru sarrera baxuak, eraikinen energia eraginkortasun baxua eta energiaren prezio altua". Haren hitzetan, gaur egun, "elektrizitatea eta gasa oinarrizko beharrak dira, eta horiei diru gutxirekin aurre egin beharrak eragiten du pobrezia energetikoa Gipuzkoan". Etxebizitzetako gastu orokorren mailak azken urteetan behera egin badu ere, energiara bideratutako dirua areagotu egin da, %49 zehazki.

Energia plana urte amaieran

Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako diputatuak ere parte hartu du jardunaldietan, eta nabarmendu du aldundiko zenbait sailek abian dituztela energia pobreziari aurre egiteko herritarrei eman beharreko laguntzak: "Pobrezia egoera larrietan daudenei, errenta laguntza zuzena ematen die gizarte politiketako sailak, kalitate termiko nahikoa bermatu ahal izateko. Kontua da krisiaren kolpeek geroz eta familia gehiagorengan dutela eragina, eta gizarte politiketatik bideratzen den errenta laguntzan ere gastu gehiago egiten ari garela". Ondorioz, menpekotasun energetikoa jaisteko ere lan egin beharra dutela azaldu du: "Pobrezia energetikoan dauden familiek ahalmen gehiago izan dezaten, hau da, gutxiago gastatuta kalitate termiko bera lor dezaten".

Horretarako, 2012-2015 energia plana egin dute hainbat neurri planteatuz, eta datozen bi urteetan "horiek martxan jartzen" ahaleginduko dira: "Energia eraginkortasuna handitu behar dugu, eta energia berriztagarrien apustuan sakondu". Foru aldundiak urtea bukatu baino lehen aurkeztuko du energia plana, "Gipuzkoa energia iraunkortasunerantz eramateko asmoz". Aurrez, hainbat sektoretako eragileei aurkezteko asmoa dute, Iraolak azaldu duenez: "Ez dugu plan itxi bat nahi, energia kooperatibetako jendeari, ingurumen arloetakoei aurkeztu eta ekarpenak jasotzea baizik".

15

CAFek hirugarren hiruhilekoan iaztik hona izandako irabazien jaitsieraren ehunekoa. Besaingo CAF enpresak jakinarazi du irailaren 30ean 1.113,8 milioi euroko irabaziekin itxi zuela hirugarren hiruhilekoa. Iaz, data berean, 1.294 milioi zituen, %15 gehiago, alegia.

Topaleku bila

Kanpalekua Legebiltzarrean du izena EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren azken egitasmoak. Eman jokoa astialdiari! lelopean, gazteen astialdi elkarteak administrazio publikora eta politikariengana hurbiltzea da haien helburua. Jardunaldiak antolatu...

9,5

Energia gastuetara diru sarreren %10 bideratzen duten gipuzkoarrak, ehunekotan. Nazioarteko irizpideen arabera, "gehiegizko gastua" da diru sarreren %10 energia zerbitzuetara bideratzea, eta gipuzkoarren %9,5 daude egoera horretan.

Izena ematea beharrezkoa da topaketetan parte hartzeko

Topaketa bakoitza baino astebete lehenago eman daiteke izena. Inprimaki bat bete behar da horretarako, eta sarearen bidez egin behar da, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren webgunean bertan: http://www.egk.org. Parte hartzeko, ez da beharrezkoa astial...

“Irakurlea poema batekin edo besterekin identifikatuko da”

Gorka Etxeberria Casqueiro (Pasaia, 1985). Bat baino gehiago harrituko da haren jaioterria ikusita, Errenterian ongi errotuta baitago, eta hainbat jardueratan ibili da han-hemen, ipurtarina izaki. Orain, 60 ordu zoologikoan liburua kaleratu berri du, berak ekoitzita.

Aspalditik al zenuen proiektu hau buruan?

Liburu hau aspaldiko proiektua da, eta duela dezente idatzi nuen. Tiraderan gordea neukan, eta ez nuen ikusten zein zen argitaratzeko modua. Liburua bera ere nahiko berezia da, idatzi dudana idatzi dudalako.

Liburua zeuk ekoitzia da. Nola hartu zenuen bide hori?

Parranda batetik bueltan, pentsatu nuen babesleak bila nitzakeela. Liburuaren atzealdean daude babestu nautenak. Auzoko festen egitarauetan eta abarretan agertzen diren bezala daude babesle horien izenak. Hurrengo goizean esnatu, eta uste baino babesle gehiago lortu nituen. Errazagoa izan da liburua argitaratzea babes ekonomiko horri esker.

Laguntza ekonomikoaz gain, badituzu idatzizko beste hainbat.

Liburua eginda eduki eta babesleak lotuta, Fredi Paia lagunari eskatu nion hitzaurrea egiteko. Horrez gain, idatzizko kolaborazio batzuk egiteko asmoa nuen. Horrela, nire poemetan agertzen diren hitzak hartu, eta, testuingurutik atera ondoren, horri buruzko testu bana idatzi dute hainbat lagunek. Asteburua, desfasea, laguntasuna, futbola, konpromisoa… Eñaut Gantxegi aktoreak, Mikel Astarloza txirrindulariak eta beste hainbatek idatzi dute.

Poemak dira liburuaren oinarria, baina eleberria da, ezta?

Hala da. Nahiko berezia da, ostiral arratsaldeko zazpietan hasten delako eta astelehen goizeko zazpietan bukatzen delako. Denbora tarte horrek ematen dio izenburua liburuari. Lehenengo olerkia lanetik ateratzeko momentua da, eta azkenekoa, lantokira iristen denekoa.

Zein da liburuaren mezu nagusia?

Lantokia eguneroko kartzela balitz bezala irudikatzen dut. Gero eta gazte gehiagok, nire ustez, asteburua ihesbide gisa ikusten dute, eta desfasean pentsatzen dute. Kritika pixka bat badago, baita neure buruari ere. Gazte zein ez gazte guztiak, irakurlea, poemaren batekin edo besterekin identifikatuta sentituko direla uste dut. Ez dut esaten mundu guztiak hori guztia egiten duenik, ezta hurrik ere, baina badaude kartelak jartzera joaten direnak, edo komunera marra bat sartzera joaten direnak, edo futbolera joaten direnak, edo putetxera trago bat hartzera joaten direnak, besteak beste. Maila handiagoan edo txikiagoan, irakurle bakoitzak zerbaitekin identifikatuko du bere burua.

Badu, beraz, segida bat.

Bai, gutxi gorabehera. Ideia batzuk nituen nola hasi eta nola bukatuko nuen. Banituen gai batzuk nahitaez sartzekoak. Adibidez, arratsaldeko zortzietako kartelada, eta horrela, bide batez, presoen gaia ukitzen nuen. Banekien, era berean, pertsonaia gauean marra bat sartzera joango zela… Kontaketa jarraitua izan da, bai.

Dena batera idatzi al duzu? Ez dago poema askerik, orduan?

Bai, dena batera egin dut. Lehen esan dudan bezala, gordea eduki dut denbora luzez. Argi neukan argitaratu nahi nuela. Izan ere, 2008an Espainiako Poliziak atxilotu ninduen, eta nire ordenagailua eraman zuten. Ez zidaten bueltatu, eta 23 urte arteko poema guztiei agur esan behar izan nien. Ezer ere egin ez banu bezala geratu nintzen. Atxilotu baino lehen, gauza batzuk idatzita neuzkan, eta pentsatu nuen ezin zela argitaratu gabe geratu, eta ideiari gogor heldu nion.

Idazleren batean edo libururen batean inspiratu al zara hau egiteko?

Ez; egia esan, ez. Nire harrikadak eta ideiak izan dira denak; barruan nuena atera nahi nuen, eta paperera eraman.

Bertso mundua eta poesia uztartu dituzu ia haur zinenetik…

Bai, Errenteriako Xenpelar Bertso Eskolan izena eman nuen hamar urte nituela. Urte asko egon naiz bertan, eta gaur egun utzita dudan arren, oraindik ere elkartzen naiz bertso eskolakoekin, gure artean bertsoak kantatzeko. Poesia lantzen ere oso gazte hasi nintzen; 15 edo 16 urte nituela eman nuen nire poemekin lehenengo errezitaldia. Ordutik Letren kilimak ikuskizunaren emanaldi dezente eskaini ditut lagun batzuekin. Hortik Kilimamuak liburua sortu zen, eta hori egiten ere parte hartu nuen.

Zein desberdintasun ikusten dituzu bi diziplinen artean? Zerk ematen dizu batek eta besteak?

Poesiak askatasun handiagoa ematen dit idazteko orduan; ez du nahi eta nahi ez errimatu behar. Bertsolaritzan, berriz, errimen menpe zaude, eta ezin da nahi duzun guztia adierazi. Asko pentsatu behar duzu nola esan eta nola moldatu.

Zaila izan al da ekoizpen propioa aurrera eramatea?

Alde horretatik, bide errazena hartu dut. Alegia, lagun eta ezagunengana jo dut, euren lantokietara: denda, taberna eta jatetxeetara. Kolaborazioak ere nahiko erraz lortu ditut. Hala ere, euren menpe egon naiz, eta horrek, argitaratze data atzeratzen du. Adibidez, Jon Maiak egin behar zidan hitzaurrea. Donostia 2016an dabil, Albaola elkartean, bertso saioetan… Azkenean, deitu nion, eta, prestasuna eskertu ondoren, lasai ibiltzeko esan, eta marroia kendu nion. Fredi Paiari eskatu nion egiteko orduan, eta baiezkoa eman zidan hark ere. Pixka bat atzeratu da kolaborazioengatik, baina normala da. Gainera, musu-truk eskatu badiet…

Pentsatu al duzu noizbait liburu bat argitaratuko zenuela?

Egia esan, bai. Idazten hasi nintzenetik, beti izan dut har hori. Nire poemak idazten nituen, eta esaten nuen: "Zergatik ez ditut noizbait argitaratuko?". Orain arte ez dut argitaletxe batekin kaleratzeko aukerarik izan; beraz, neure kabuz egiten saiatu naiz.

Gaixotasun arraroak dituztenak laguntzeko aukera ere badago liburua erosita, ezta?

Bai. Gaixotasun arraroak dituzten haurren aldeko Gure Nahia Gipuzkoako elkarteari euro bateko diru laguntza emango diot saltzen dudan ale bakoitzeko. Laguntza txiki bat emateko aukera ona dela uste dut. Liburuen salmentaren ekarpenaz gain, elkartearen kontu korrontearen zenbakia ere aipatu dut liburuan.

Non eskura daiteke liburua?

Hainbat tabernarirekin hitz egiten ari naiz, eta Errenteriako Lezea zentroan salgai dago dagoeneko. Horrez gain, Elkar Banaketarekin hitz egin dut, eta Durangoko Azokan haien erakusmahaian eskuratu ahal izango da. Euskal Herrian Elkar dendetan ere salduko da.