Dronea, airetik lurra hobetzeko

Azken hilabeteetan ezagun egin dira droneak, eskifaiarik gabeko hegazkin edo helikopteroak. Erabilera militarrarekin lotu da orain arte horien erabilera, baina jarduera zibilean erabiltzen hasi dira. Eta horretan dabil lanean Irungo Bidasoa Lanbide Heziketa Eskola: drone baten bitartez hainbat funtzio garatzeko ikerketa egin dute bertako ikasle eta irakasleek, eta 2012ko urrian aurkeztu zuten proiektua hobetzen ari dira ordutik. 2010ean abiatu zuten egitasmoa, eta egun, lau irakasle eta dozenaka ikasle ari dira hori garatzen.

Ibilgailua bera, edo Irungo institutuko kasuan lau helizeko helikoptero txikia (mikrodronea), Alemaniako enpresa bati erosi zioten. Hau da, dronea ez dute egin. Institutuak esan duenez, hori garatzeko gaitasuna duten arren nahiago zuten jada eginda eta funtzionamenduan zegoen dronea eskuratzea euren oinarri izango zen lana garatzeko: altueratik topografia lanak, eraikuntzarako laguntza egitasmoak, nekazaritza eremu handietarako aholkularitza eta informazio banaketa, intsektuen izurrien jarraipena...

Beraz, Bidasoko hezkuntza zentroan egin dutena da, batetik, helikoptero txikia modu zehatzean erabiltzen ikasi, eta bestetik, lan horiek guztiak egiteko beharrezkoa den teknologiaren gaineko ikerketa egin eta garatu, helikopteroaren ezaugarriak kontuan hartuz. Aireko ibilgailuari kamera eta sentsore bereziak jarri dizkiote, eta horien bitartez lur azalaren termografia datuak, gasen kontzentrazioenak, edo argazki multiespektralak ateratzeko aukera du, ohiko argazkiez gain. Ordenagailuan, softwarearen bitartez, helikopteroak jasotako guztiak sailkatu eta interpretatzen dituzte.

Eskifaiarik ez izanda, lurretik maneiatzen da dronea. Horretarako ere eskola bereziak jaso dituzte Bidasoa Lanbide Heziketa Eskolako ikasle eta irakasleek. Bertako irakaslea da Alberto Arranz. 2010ean mikrodronearen egitasmoa garatzen hasi zirenetik buru-belarri dabil horrekin jardunean, ikasleekin batera. Arranzek zehaztu du Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak berrikuntzarako abian jarri zuen egitasmoari esker eraman dutela aurrera euren asmoa; Europako Batasuneko Gizarte Funtsaren finantzazioa zuen horrek. Gainera, Galiziako nahiz Balearretako (Herrialde Katalanak) hainbat hezkuntza zentrorekin elkarlanean ibili dira proiektua garatzeko. Irungo Goibegi enpresak ere parte hartu du, aireko nabigazioan eskarmentua duen enpresa delako. Ameriketako Estatu Batuetan ere izan zen institutuko irakasle bat gaiaren gaineko informazioa lortzen.

Arranzek nabarmendu duenez, erabilera zibilerako droneen gaia "berria" da, eta irakasleek, eta ondorioz ikasleek, horren gaineko informazioa lortzea "zaila" izan da: "Mundutik zehar ibili behar da ganorazko datuak nahiz informazioa lortzeko". Informazioa, eta ondorioz, hezkuntza zentroan ematen diren eskolak garatzeko beharrezko den materia prestatzea ikasleentzako ona izan daitekeela uste du Arranzek, lan merkatuan ez dagoelako gai horietan ezagutza zehatzik duenik. "Gure zentroko ikasleek lan merkatuan lana bilatzeko aukera gehiago izan ditzaketela suposa dezake horrek. Gaur egun, ez dago airetik lurraren informazioa lortzeko modurik, ez hori interpretatzeko formazioa duen langilerik. Gero eta beharrezkoagoak izango dira", baieztatu du.

Zentzu horretan, duen baliagarritasunagatik, Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Hezkuntzarako sailburuordetzaren babesa eta laguntza jaso du Bidasoko mikrodronearen egitasmoak.

Roland Garrosen lurreratzea

Teorikoki, hainbat erabilera izan ditzake mikrodroneak, "ia nahi adina". Baina dagoeneko hainbat zereginetarako erabiltzen ari dira, kameraz eta sentsorez hornitutako helikopteroa. Esaterako, azken asteetan Donostiako Ondarreta hondartzako harrien gaineko ikerketa egiten ari dira hegazkinarekin. Harri horien mugimendua zein den jakin nahi dute mikrodronea jasotzen ari den datuen bitartez, arazoa konpontzeko informazio bila.

Horrez gain, Hondarribiko Hiruzta txakolin upategiarentzako ere lan egin du Bidasoa Lanbide Heziketa Eskolak eskifaiarik gabeko hegazkinarekin. Inmov Mugabe egitasmoaren barruan, upategi horretako mahastiak zehaztasunez airetik ikertu dituzte. Arranzen arabera, "kalitate hobeko mahatsa lortzeko, eta pestizida nahiz ongarri gero eta gutxiago erabiltzeko helburuarekin". Irakasleak baieztatu duenez, eraikuntza enpresek hainbatetan eskatu dute zentroaren laguntza, kartografia nahiz topografia lanak egiteko. Arranzek zehaztu du mikrodronearen laguntzarekin lan horiek egitea, orain arteko metodoekin alderatuta, "askoz merkeagoa" dela, ez dituztelako ohiko topografia lanabes eta gailuak erabiltzen, ez GPSrik, ezta antzeko azpiegiturarik ere.

Aisiarako erabilera ere izangodu droneak. Bihar goizean Jaizkibel mendiko Justiz eremuan hegaldia egingo du droneak. Erakustaldi antzekoa izango da, izan ere, aurten 102 urte bete dira Roland Garros frantziarrak bertan emergentziazko lurreratzea egin zuenetik, hegazkin lasterketa batean parte hartzen ari zela —hegazkin zalea eta abenturazalea zen Garros; gerora egin zen ezagun tenisagatik—. Dronearekin horren birsortze historikoa egingo dute, eta ondoren, hitzaldia emango dute Irungo udaletxean.

Gertutik gertura bakarrik ez, Euskal Herritik harago ere erabili dute Irunen diseinatutako gailua. Balearretako palmondoei eragiten dien gaitz bat ikertzen ibili dira mikrodronearen laguntzarekin. Intsektu batek sortzen die zuhaitzei eritasun hori, eta dagoeneko, Iberiar penintsulara heldu dela jakinarazi dute. "Egin ditugun gauza asko probarako izan dira, baina Balearretako kasuan, espektro anitzeko kamera erabili dugu droneari itsatsita, eta oso baliagarria izan da gaitzaren zabalkundearen berri izateko", zehaztu du Arranzek.

Horrela, gai horren gainean ikerketa sakonagoak egiteko laguntza eskatu die berriz ere Balearretako Gobernuak Bidasoa Lanbide Heziketa Eskolako kideei.

Eskuin populismoak

Kezka zabaldu da, maiatzean ospatuko diren Europar Parlamenturako hauteskundeetan eskuin muturreko alderdiek emaitza bikainak jasoko dituztelako. Gure inguruan Frantziako kasua da gehien aipatua. Bertan, Jean-Marie Le Pen eskuindarraren Fronte Naziona...

Festa usaina giroan

Azoka

Errezil

Jai giroan murgilduko da gaurtik igandera bitartean Errezil. Sanmartinetako ekitaldirik jendetsuena igandeko azoka izango da: hogeitabosgarrenez antolatuko dute gazta txapelketa bezala. Horrez gain, tarta txapelketa ere egingo dute, egun berean. Frontoian izango dira hirurak, 11:30etik aurrera.

Festak, baina, gaur arratsaldean hasiko dituzte, gaztetxoen kalejira eta haurren txupinazoarekin. Lidia eta Unai trikitilariek alaituko dituzte herriko kaleak herri afarirako ordua ailegatu bitartean —21:30ean izango da—. Parrandarako gogoa duenak Dantzadi taldeaz gozatzeko aukera izango du afalostean, dantzalekuan. Ordurako indarrez sobera dabilenik baldin bada, txinga lehiaketan parte hartzeko aukera izango du atsedenaldian.

Lagunartean sukaldean aritzea gustuko dutenek bakailao txapelketan parte hartu ahal izango dute bihar, 12:00etan. Bazkariaren ostean, berriz, beste txapelketa bat izango da, musarena: 15:30etik aurrera izango da izen- ematea, eta orduerdi geroago hasiko da lehia. Hiru bikote onenek izango dute saria.

Musika izango da protagonista, berriz ere, 18:00etatik aurrera. Triki-bertso poteoaren txanda izango da lehenengo: Janet eta Haritz trikitilariak eta ezusteko bertsolari bat izango dira kaleak girotzeko arduradunak. Pintxo eta sagardo dastaketak, 20:00etan, gaueko kontzerturako indarrak emango dizkiete festa gogoz daudenei. Gugaz taldearen txanda izango da biharkoan, 23:00etatik aurrera. Horren ostean, 02:30etik aurrera, DJ Urkik hartuko du lekukoa. Azokaz eta gazta eta tarta txapelketaz gain, kirola ere izango da igandean. Eguerdian, gaztetxoen krosa egingo dute, 12:00etan. Arratsaldean, berriz, gazteen txanda izango da: horien arteko herri kirolak egingo dituzte, 17:00etatik aurrera.

Astelehenean amaituko dira festak. Meza izango da goizean, eta, horren ostean, hamaiketakoa egingo dute, Borondegin.

ERREZILGO FESTAK

Zer. XXV. gazta txapelketa.

Non. Frontoian.

Noiz. Igandean, 11:30etik aurrera.

Aita Larramendiko urtemuga ospakizunak Andoainen

Azaroak 12. 25. urtemugako eskulturaren lekualdatzea, 12:00etan, Txistokin.

Azaroak 15. Bertso afaria, 20:30ean, Zumeatarren elkartean.

Azaroak 17. Mendi martxa, 09:30ean, Txistokitik abiatuta.

Azaroak 23. Ikastolako kideen omenaldia, 12:00etan, Basteron.

Azaroak 29. Batzordekide ohien afaria, 20:30ean, San Esteban erretegian.

Azaroak 30. Euskararen Eguna, 11:00etan, ikastolan eta Zumea plazan.

Abenduak 1. Festarako jantziei buruzko hitzaldia, 12:00etan, Basteron.

Abenduak 2. Nola jantzi tailerra Atonduren eskutik, 18:00etan, Txistokin.

Abenduak 3. Xabier Eguneko ospakizunak, egun osoz, ikastolan.

ELKARTASUNEZKO DOINUEN JAIALDIA

The Joselontxo's txarangak, Sexteto Vendaval tango taldeak eta Betagarri musika taldeek parte hartuko dute gaur Musika Anitza jaialdian. Gipuzkoako Esklerosi Anizkunaren Elkartearen (ADEMGI) aldeko musika jaialdia da, eta Oscar Terol umoristak gidatuk...

Lazkaoko eta Hernaniko ikastolek ere, 50 urte

Andoaingoaz eta Errenteriakoaz gain, Gipuzkoan badira aurten mende erdia bete duten beste bi ikastola. Lazkaoko San Benitok maiatzean ospatu zuen 50. urtemuga. Hernaniko Urumeak, berriz, irailean bete zituen 50 urte, eta aurtengo ikasturte osoan ospat...

Hurrengo urratsa: eskualdea

Aldundiak, 2014ko aurrekontuak egiteko, 500.000 euroko diru saila bereiztu du, herritarrek erabaki dezaten zertan inbertitu. Horretan ari dira, parte hartze prozesu baten bidez, urriaz geroztik. Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan martxan jarritako proba aitzindaria da; gerora, lurralde osora zabaltzea da asmoa. Bilera irekien, etxeetan banatutako fitxen eta sarearen bidez jaso dituzte ekarpenak, eta hurrengo urratsa lehentasunak finkatzea izango da. Balorazio hori egiteko, datorren asteazkenerako, hilak 6, batzar irekira deitu dute Azkoitiko Elkargunean, 18:30ean.

Jasotako ekarpen guztiak aztertu ostean, guztira, 124 proposameneko zerrenda osatu dute, Arantza Ruiz de Larrinaga diputazioko parte hartze zuzendariak azaldu duenez. Asteazken goizean zerrenda hori aztertu eta proposamenak bereizi zituzten, zegokien administrazio publikoa zein den aztertu eta horren arabera banatzeko: "Departamentu bakoitzeko teknikariek —aurrekontuak egiten ere parte hartzen dutenak— eta politikariek bilera egin zuten, eta ekarpen bakoitza noren eskumena den zehaztu zuten: gurea, Eusko Jaurlaritzarena edo Espainiako Gobernuarena. Udalei dagozkienak ez genituen kendu, eta Azkoitian aztertuko den zerrendan joango dira". Arratsaldean, berriz, eskualde mahaiaren bilera egin zuten, bost herrietako ordezkariekin: proposamenak zein irizpideren arabera lehenetsi erabaki zuten bertan. Datorren asteazkeneko batzarrera bost herrietako biztanleak joan daitezke: "Emandako irizpideen arabera, jendeak proposamenen zerrendatik batzuk lehenetsi beharko ditu, bozketa sistema antzeko baten bidez".

Parte hartze prozesua abiatu aurretik ez zuen aurreikuspenik egin Ruiz de Larrinagak, baina behin zerrenda eskuan duela, egungo egoera sozial eta ekonomikoak isla izan duela uste du: "Alor bakoitzean dauden ekarpenen kopurua ikusita, antzematen da jendea zerk kezkatzen duen: garapen ekonomikoa, ingurumena eta gizarte politikak dira pisu gehien hartu dutenak. Bizi garen testuingurua ikusita, ekarpen logikoak dira". Ruiz de Larrinagaren ustez, atera diren ekarpenek erakutsi dute jendea jabe dela bizi den inguruaren egoeraz eta beharrez, eta, ildo horretan, "zentzuz" jokatu duela.

Eskualde ikuspegia asmo

Hala, asteazkeneko batzarrean proposamen gehien duten alorrekin zerikusia duten proiektuek pisu handiagoa izango dutela aurreikus daiteke, Ruiz de Larrinagaren ustez. Izatez, aldundiak ez du irizpiderik ezarriko, baina saiatuko dira proiektuak ez daitezen herri jakin batean bakarrik zentratu: "Herri mailaz gain, eskualdean egingarriak izan daitezkeen proiektuak ere bultzatu nahi ditugu. Oreka hori zaintzea interesgarria iruditzen zaigu. Hori izango da gure proposamena, baina azken hitza batzarrera azaltzen diren herritarrek izango dute".

Honako hauek dira eskaeretako batzuk: eskualdeko sare ekonomikoa berritzeko plana egitea, tokiko kontsumoa eta berrikuntza teknologikoa sustatzea, hiri hondakinak derrigorrez jasotzeko sistema jartzea, tokiko energiari lehentasuna emanez burujabetza energetikoa lortzeko plana egitea, etorkinak integratzeko harrera ikastaroak ematea, gazte ezinduentzat aisialdi programak osatzea eta hirugarren adinekoentzat zerbitzuak eskaintzeko kooperatiben aukerak aztertzea. Horrez gain, hainbat eskaera izan dituzte haur eta gazteentzako politikek eta mugikortasunarekin lotutako politikek.

Azkoitiko bileran ateratzen den zerrendatik "lehenengo hogei edo 25 proposamenak" hartu eta dagokien departamentuetara bideratuko dituzte, bi aste inguruko epean proposamen horiek aztertu eta juridikoki zein ekonomikoki bideragarriak ote diren aztertzeko. Proiektu bakoitzaren balioa ere zehaztuko dute, hau da, bakoitzak zenbateko kostua izango lukeen zehaztu. Azaroaren 28an egingo duten eskualde mailako bigarren bilera irekira eramango dituzte horiek: "Teknikari, eskualdeetako ordezkari zein herritarrek parte hartuko dute bertan, eta hor ikusiko da ea lehenetsitako proposamenetatik zeintzuk gauzatu daitezkeen eta zeintzuk ez". Egin daitezkeen proiektuen balioak gehituz joango dira, 500.000 eurotara iritsi artean: "Hor ikusiko dugu ea proiektu txiki asko edo handiak eta gutxiago egingo diren".

Parte hartzea bultzatzeko irekitako bideetatik sarearen bidezkoa izan da oihartzunik txikiena izan duena: "Nire ustez, zerikusi handia izan du epeak, hau da, webgunea martxan jarri zenetik ekarpenak egiteko azken egunera arte herritarrek horren bidez parte hartzeko izan duten tarteak. Denboraz larri ibili gara aurten". Dena den, parte hartzeko hainbat bide egon izana "beharrezkoa" iruditzen zaio Ruiz de Larrinagari, bilera irekietara joan ezin izan zutenek, adibidez, beste aukera batzuk izan zitzaten. Momentu honetan abian den autobus zerbitzuak hobetzeko prozesuan, adibidez, jende gehiagok parte hartu du sarearen bidez, eta horren atzean hainbat arrazoi daude diputatuaren ustez: "Denbora gehiago egoteaz gain, eta parte hartzaile potentzialak gehiago izateaz gain, gaia bera ere gertuagokoa suerta dakioke jendeari. Aurrekontuek zenbakiekin dute zerikusia, eta pentsatzen dugu askotan ez daukagula gaitasunik horietan eragiteko". Alde horretatik, Ruiz de Larrinagak gogoa duen oro deitu du parte hartzera, "edonork" parte har baitezake, modu "errazean".

Guztira, 135 lagunen ekarpenak jaso ditu aldundiak, eta parte hartze zuzendariari "interesgarria" iruditzen zaio batzuek banako gisa eta beste batzuek eragile edo taldeen izenean parte hartu izana. Bileren lehenengo erronda pasata, Ruiz de Larrinaga pozik dago abiatutako prozesuarekin: "Nahiz eta jakin eskualde jakin batean egiten ari garen proba aitzindaria dela, nire ustez, urrats garrantzitsua egiten ari gara. Bai metodologikoki bai teknikoki, planteamendu interesgarria egin dugula iruditzen zait: orain arte egindako parte hartze prozesuekin alderatuta, jauzi bat eman dugu".

Kanpo eta barne antolaketa

Herritarren artean parte hartzea bultzatzeaz gain, horrek "etxe barruko antolaketa" eskatzen du: "Aldundia bezalako erakunde handietan ez da ohikoa halakoak egitea". Alde horretatik, sentipen ona du Ruiz de Larrinagak: "Guretzat oso interesgarria izan da esperientzia, proba aitzindari honen diseinua bera ere parte hartze prozesu baten bidez egin baikenuen. Oso aberasgarria izan da, hasieratik departamentu guztien oniritziarekin eta koordinazioarekin jardun baitugu".

Asteazkenean berriro sartuko dira herritarren ekarpenak aldundira, Azkoitiko batzarraren ostean: "Jada izan dugu lehenengo esperientzia aldunditik kanpoko elementuekin lan egiten, eta uste dut gero eta errazagoa egingo zaigula hemendik aurrera".