Europako herrialdeetako 24 neurri, eredu gisara

Europako Batasuneko hainbat herrialdetan egindakoari erreparatuta, 24 neurri aztertu eta hiru ardatz finkatu dituzte Gipuzkoan energia pobreziari aurre egiteko, Ainhoa Iraolak azaldu duenez: "Energia krisiarekin, gizarte tarifekin eta energia fakturar...

Hamabost kiloko hutsunea

Txakurra hil zaigu, eta gorroto ditut Donostiako taxilari batzuk. Kito, bota dut, gordin; gaurkoan ez dut poesiarako eta umore ukituentzako gogorik. Kalte egin dizun afariaren moduan, sabela garrasika daukat, barruko hori lehenbailehen bota behar dela oihukatuz. Horrelakoetan alferrik dira mantzanilak, poltsa beroak eta Coca Colak; barrua hustu arteko bakerik ez dizu ematen gorputzak. Bi aste eman ditugu egunero albaitariaren kontsultatik joan-etorrian: pneumonia bat harrapatu du Norkak —hala izena du gure txakurrak; Menorkako hondartzagatik datorkio izena—. Asuntoa konplikatu egin da nonbait, eta arnasa hartzea geroz eta gehiago kostatzen zaio. Egunero jartzen dute oxigeno gelatxoan, egunero txertatzen diote sendagai pilo bat, baina bere birikek ez dute erantzun nahi guk desio genukeen moduan. Ostegun gaueko 00:30ak; geroz eta mingarriagoa da bere arnas ahalegin nekagarri hori entzutea, eta, bat-batean, lurrera erori da. Korrika albaitariari deitu diogu larrialdien zenbakira. Esku dardartien artean mila aldiz madarikatu dut oraingo telefono hauen ukipenezko pantaila; ez da erraza izan zenbakiak zuzen markatzea. Korrika eramateko esan digu. Besotan hartu, eta etxetik atera gara. Arnasa hartzeari utzi diola dirudi, tarteka imintzio bat egiten badu ere. Donostiako Bulebarreko taxi geltokira zuzenean. Ezezkoa eman dit lehenengo taxilariak; negarrez erregutu diot txakurra arnasik gabe dagoela eta albaitariarengana eraman beharra daukagula. Ezer ez, zirkinik egin gabe, lehor erantzun dit: "No, perros no". Korrika bigarren taxira gerturatu naiz; alferrik nire negarrak, alferrik besotan hilzorian daramagun txakurra, alferrik "mesedez", "faborez" eta "por favor" guztiak. Hirugarren taxilariak ere arrimatzerako eskuarekin ezezkoa eman digu, besoa alderik alde astinduz, Getaritik ikusteko moduan. Autoa nahiko urrun daukagu aparkatuta, baina gure azken aukera da, eta korrika abiatu gara. Arrankatu, eta nire bizitzako minuturik luzeenak igaro ditugu kontsultara iritsi arte. Beranduegi da. Norka hil egin da. "Agur, politt hori, pertsona asko baino gehiago maite zaitut". Mina, tristura eta amorrua. Ez dut ulertzen taxilariek izan duten jarrera hori; norberak bere autoan arauak jarri nahi baditu, jar ditzala, ez diot nik horri kontrakorik esango, baina larrialdi batean arau inozo horien gainetik jokatzeko moralik ez edukitzeak, horrek mintzen eta haserretzen nau.

Gizakiok zergatik ikusten ote dugu geure burua gainontzeko izaki bizidunen gainetik? Bi hanken gainean ibiltzen dakigulako? Ezer ez esateko hitz ezberdin ugari erabiltzeko gaitasuna dugulako? Irakurri eta idazteko aukera dugulako agian? Horregatik uste dugu beste animaliak baino gehiago garela? Hutsaren hurrena gara. Txakurrek baldintzarik gabe maitatzen, errespetatzen eta zaintzen dakite, baldintzarik gabe. Eta Donostiako taxilari haiek beren autoko eserlekuak okupatzeko ere baldintzak jartzen dituzte. Denak ez direla berdinak? Espero dut ezetz! Gizatasun pixka bat duen taxilariren bat egongo da hainbeste kabroiren artean. Eta gorrota nazakezue hau irakurri ondoren; zutabe hau ez dut sortu lagun berriak egiteko asmoarekin, lagun zaharrak omentzeko desioarekin baizik.

Ez zitzaion asko falta bederatzi urte betetzeko; haietatik bost egin ditut bere ondoan, eta txakur bat "besterik" ez da zuetako askorentzat, baina batzuek jakin edo imajina dezakezue ze hutsune sentitzen den horrelako lagun bat galtzen duzunean, eta hori ulertzeko gai ez dena ez dut nire inguruan nahi, aspertu naiz soberan daukadan jendeari lekua gordetzeaz. Lau hankako lagun bat galdu dugu, txuria, beldurtia, sentibera eta mimozalea. Inoiz traizionatu ez gaituen lagun bat: halako leialtasunik ez dut sekula ezagutu pertsona batengan. Inoiz ez nuen imajinatuko hamabost kilo eskasek halako hutsunerik utz zezaketenik.

“Herritar batekin ikasi dut pilotak egiten”

Gaztetatik hasi zen Juan Karlos Otero (Alkiza, 1966) esku pilotagile lanetan. Alkizan jaio zen, baina gaztea zela Anoetara joan zen bizitzera. Pilotagile izateaz gain, pilotan ere jokatzen du txikitatik. Gaur egun, Anoetako Apeadero kaleko garaje bate...

Kristauak eta jentilak bat

Kale antzerkiaAtaun"Joxemiel Barandiaranek jaso zuen mundu magikoa, ataundarrek antzeztua", halaxe definitzen dute Ataungo herritarrek Jentilen etorrera ikuskizuna, urtero ospatzen dena. Bertako sinesmen, kontu zahar eta kondairetan dago oinarrituta....

Pobrezia energetikoaren arrazoiak Gipuzkoan

Gipuzkoa energiari dagokionez pobre izateko hainbat arrazoi daude SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko Raquel Sanzen ustez: "Kausa nagusiak hiru dira: diru sarrera baxuak, eraikinen energia eraginkortasun baxua eta energiaren prezio altua. Faktore ...