Hobetzeko ekarpen bila

Autobus zerbitzua hobetzeko parte hartze prozesua abiatu du foru aldundiak. Lau multzotan banatu dituzte prozesuan parte hartuko duten herriak: Goierrialdea, Urola Kosta-Debabarrena, Debagoiena eta Buruntzaldea-Tolosaldea. Guztira, 56 herritako biztanleak daude parte hartzera deituta. 2013-2014 urteetan eskualde horietako autobus zerbitzuen kontzesioak berritu behar ditu aldundiak, eta hori egin aurretik, zerbitzuak hobetzeko herritarren eskakizunak bildu nahi ditu, ondoren lehiaketara aterako den proiektuan txertatzeko.

2011n berritu zituen aldundiak Oarsoaldeko Ekialdebusen kontzesioak, hamar urterako, eta ateratzear da Tolosaldekoa ere. Beraz, falta diren herrietako biztanleekin egingo dute parte hartze prozesua: "Kontzesioak berritzeko betebehar legala daukagu, eta momentua aprobetxatu dugu herritarrekin hitz egiteko", azaldu du Unai Erroitzeneak, aldundiko Mugikortasun diputatuak.

Proiektua martxan da jada, orotara izango dituen lau faseetatik lehenengoan. Azaroa bitartean, herritarrek zein hainbat eragilek euren iritzia emateko aukera izango dute: "Herritarrek autobus zerbitzuekiko dituzten beharrak lehenengo eskutik ezagutzeko modua da". Eskariak eta iradokizunak jasotzeko hiru bide prestatu ditu aldundiak: bilera irekiak, autobus egunak eta horretarako propio prestatutako webgunea (http://www.garraioahobetzen.net).

56 herri horietan gutxienez bilera bat egingo dute, eta herri handienen kasuan, bi egingo dituzte. Izatez, hasi dira bileren txandak: lehena hilaren 9an egin zuten, Usurbilen, eta azkena azaroaren erdialdean izango da. Tokian tokiko autobus zerbitzuen berezitasunak tratatuko dituzte bileretan. "Proiektua definituko duten elementu garrantzitsuenak, azkenean, herrietako autobus lineak, horien geltokiak, maiztasunak eta ibilbideak izango dira". Bileretara edonor joan daiteke, baina garraio publikoaren ohiko erabiltzaileengana iristeaz gain, erabiltzaile izan daitezkeenengana ere iristea dute helburu. "Kolektibo bereziengana hurbiltzeko ahalegin berezia egingo dugu: gazteak, etorkinak, ezinduak, erretiratuak...", azaldu du Erroitzeneak.

Diptiko batzuk ere banatuko dituzte, herritarrek horiek bete eta autobusean bertan edo udalen egoitzetan jarriko diren postontzietan uzteko. Autobus egunak izango dira jendearen iritziak eta ekarpenak jasotzeko beste bide bat: "Erabiltzaileak autobusetan dauden momentu horiek aprobetxatuko ditugu beraien ekarpenak jasotzeko: geltokietan eta autobusetan aldundiaren teknikariak izango dira, herri eta egun jakinetan". Interneten ere martxan da autobus zerbitzua hobetzeko parte hartze prozesua: Twitter eta Facebook sare sozialen bidez, eta horretarako propio sortutako webgunearen bidez. Azken horretan, proiektuari buruzko informazioaz gain —bileren egutegia, prozesu osoaren azalpena...—, bertatik parte hartzeko atala prestatu du aldundiak: izena ematea nahikoa da galdetegia betetzeko. Partaideen artean Mugi/Lurraldebus txartelak kargatzeko hogei euroko bonuak zozkatuko dituzte, jendearen parte hartzea saritzeko. Azaroaren 15ean amaituko da lehenengo fasean parte hartzeko epea.

Bitartekoak jartzea

Abendutik otsailera osatuko da proiektuaren bigarren fasea. Aldi horretan herritarrengandik jasotako ekarpenen idazketa teknikoa eta aurreproiektua egingo dute autobus zerbitzua hobetzeko prozesuan parte hartu duten teknikariek. "Kontzesio bakoitzerako aurreproiektuak egiten dira, eta horietan autobusen maiztasunak, geltokiak, ibilbideak eta beste zehazten dira. Beraz, herritarren ekarpenak garrantzitsuak dira horiek egiteko orduan", dio Erroitzeneak.

Hirugarren fasean, herritarren parte hartzearen bigarren itzulia egingo dute. 2014ko martxoa eta apirila bitartean izango da hori. Talde teknikoak osatutako aurreproiektua aurkeztuko zaie herritarrei: zerbait erantsi nahiko balute, horretarako aukera izango lukete. "Aurreko ekarpenek zer isla izan duten azalduko diegu, eta momentua aprobetxatuz beste ekarpenen bat egin nahi badute, horretarako aukera izango dute, eta abar". Hurrengo urratsa behin betiko proiektua idaztea litzateke, eta, behin onartuta, lizitaziora aterako dute, ekain aldera. 2014a bukatu baino lehen martxan egongo dira autobus zerbitzu berrituak.

Prozesua hasi besterik ez da egin, baina orain arte egindakoarekin gustura agertu da Erroitzenea: "Orain arte hiru herritan egin dira bilerak, eta Usurbilgoan, adibidez, nahiko ongi joan zela esan zidaten: 50 eta 60 pertsona artean izango ziren". Datozen egunotan jarriko dira "buru-belarri" prozesuarekin: bilerak ia egunero egingo dituzte. Eskakizunei dagokienez, herri handienetan baino, —"oro har, zerbitzu onak izaten dituzte"—, herri txikienetan aurreikusten ditu Erroitzeneak eskari gehienak: "Zerbitzu gehiago jartzeko eskaria egon daiteke; beste batzuetan geltoki berriak jartzekoa... Herririk txikienetan eskaripeko garraio zerbitzuak —taxibus zerbitzuak— jartzeko eskariak egon daitezke... Batez ere, maiztasunari eta geltokiei dagozkienak izango direla uste dut". Horiez gain, beste eskari batzuk eskualdeen arteko loturak, gaueko zerbitzuak eta hiriburuarekiko loturak hobetzea eskatuz izan daitezkeela aurreikusi du.

Prozesu guztiaren helburua erabilerak gora egitea da: "Badakigu zaila izango dela. Azkenean, horrek esfortzu eta inbertsio handia eskatzen du. Egungo egoerak ere ez du laguntzen, mugikortasuna jaitsi egin baita". Erabiltzaileak irabaztea ez da erraza, baina ez galtzea "ez da gutxi".

"Mugikortasun iraunkorra" bultzatu nahi bada, eta auto partikularrari "lekua kendu", bitartekoak herritarren eskura jartzea beharrezkoa da Erroitzenearen iritziz: "Bizikletaren erabilpena bultzatzea izan daiteke bide bat, eta bestea garraio publikoa. Baliabide fosilak ahalik eta gutxien kontsumitzea da helburua: ingurumenak eta etorkizunak eskertuko dutela uste dut".

‘Garraioahobetzen.net’: informazio guztia eskura

Bileren egutegia, prozesuaren azalpena eta nork bere eskaerak sarean egiteko aukera sarean jarri du aldundiak http://www.garraioahobetzen.net atarian. Izena ematea nahikoa da parte hartzeko: Parte hartu atalean klik eginda, bakoitzak bere eskualdea au...

Mugan bizi

Bidasoa ibaiaren gainean muga. Lotura zegoen eremuan bereizketa. Gipuzkoan bizi garen herritarrok badugu zeri buruz gogoeta egin. Ez Euskal Herria aintzat hartzen dugunok soilik, ez horregatik bakarrik. Zer-nolako harremana dugu gipuzkoarrok eta Gipuzkoako gizarteak gure lurraldetasunarekin, kasu, Lapurdirekiko harremanari dagokionez? Bistan da galderak konplexua dirudiela, ez dagoela gure eguneroko kezketan, eta badugula, noski, horren aurreko kezkarik. Baina bizi dugun krisi-presa honen erdian, gauzak aldatzen doaz, eta gure geografiari dagokionez, aldarazi egiten dituzte, gure kalterako, guretzat oharkabean.

Bakarren batek esana du Bidasoa ibaia Nilo ibaiaren antzeko zerbait bihurtua dela, muga gaindiezina. Bistan da, Bidasoa ez da Nilo. Esan genezake, ordea, Bidasoa Europako Batasunaren baitako mugarik gotorrena bihurtuta dagoela, eta ez arma trafikoa eragozteko: bere inguruan lan egin edo familiarik osa ez dezagun baizik. Izan ere, mugaren alderik gotorrena administratiboa da, asimetria eragiteko egina da. Orain bolo-bolo dabilen ordutegi aldaketa horren adibidetxo bat besterik ez da; izan ere, asimetria betean bizi gara mugako herritarrok. Lana bilatzeko orduan, formakuntza jasotzerakoan, sare sozialak eraikitzerakoan… Desberdintasuna egin eta eragin, horixe da Paris eta Madrilek hamarkadetan daramaten politikarekin eraiki nahi izan duten harresia. Elkarrengandik urrundu, elkarrentzat arrotz bihurtu. Euskal Herria ametsen lurraldera eraman eta egunerokoan Frantzian edo Espainian biziarazi.

Zinez, Frantziak ez du halako jokabiderik, esaterako, Luxenburgorekin duen mugan: han dena da erraztasun batean bizi eta bestean lan egiteko. Eta Espainiak ere gustura hartuko luke muga lausoagoa Gibraltarren (eta laster Katalunian). Beraz, Zarautz-Tolosa-Irun eremuan bizi garen gipuzkoarrok badirudi esperimentu etniko-kultural batean bizi garela; hau da, nola eragotzi herri bereko jendea bere espazio naturalean normaltasunez bizi dadin. Badakigu hizkuntzaren muga hor dagoela; badakigu, halaber, tradizio administratibo asimetrikoak ere hor daudela, baina hori aski al da XXI. mendean?

Bakarren batek galdetuko dio bere buruari zer bilatu behar duen Lapurdin (zeure buruari hori galdetu badiozu, akabo, españolitis-jesulindarrak jo zaitu); segi Tele5 ikusten, ondorengo lerroetan ez baituzu ezer aurkituko.

Nazio kontzeptuaz harago, gipuzkoar askorentzat, hurbiltasunagatik Lapurdin ikasteak, edo besterik ez bada, bertako mendietan paseatzeak gure geografia normalaren barruan egon behar luke. Lapurdin lanbide heziketa jasotzeak edo ikaskide lapurtarrak izateak ere normala izan behar luke. Maitasunak, ogibideak edo kuriositateak Lapurdira eraman behar gintuzke.

Objektiboki, ordea, ezinezkoa da. Ekonomia, kultura edo mugikortasun aldetik munduko lurralderik garatuenetakoa izan arren, Gipuzkoako herritarrok eta gizarteko indarrek ez dugu kezka hori eguneroko agendan sartzen. Bada zenbait lobby gipuzkoarkeria sustatzen, besteak beste, aireportuaren gaian, baina ez litzateke nahikoa izan behar Gipuzkoako herritarren eta gizartearen nahia zapuzteko.

Badugu zer egina gure artean Lapurdi deskubritu eta ezagutzera emateko. Lehena, frantsesaren irakaskuntza modu masibo eta doakoan sustatuz (herritarrok, familiok, exijituz). XXI. mendean Euskal Herria izango bada, herritar eleaniztunekin izango da (euskara, frantsesa, ingelesa eta gaztelera).

Euskaltzaleari zuzendutako oharra. Azken ideia horrek asaldatu egin zaitu, dudarik gabe, euskara nahi zenuke lehenetsi. Erroldako datuak aztertzea aski duzu ikusteko Lapurdiko gazte asko atzerrira doazela ikastera edo lanera eta Frantziatik etorriek betetzen dutela bertako gizartea, gehiengoa izateraino. Frantsesa ere beharko, beraz, geure herrikideekin bizitzeko eta Euskal Herriarekin zaletzen laguntzeko.

Intxortako fronteari buruzkoak, sakelako bidez

Aurtengo urterako bi ekintza nagusi zituen aurreikusita Elgetako Udalak. Bata, Intxortako borrokaldien birsortzea, eta bestea, irail amaieran aurkeztutako sakelakorako Elgeta Memoria aplikazioa. "Aplikazioa oso berritzailea da", Elgetako Turismo teknikari Iraitz Lazkanoren arabera, eta, Oxel Erostarbe alkateak azaldu duenez, 1936tik 1937ra Intxorta mendian izandako borrokaldien ibilbidea "birtualki egiteko aukera emango die erabiltzaileei".

Smartphone motako sakelakoetarako aplikazioan, herriko baliabide turistikoekin batera, 36ko gerran gudariek gotorleku bihurtutako Intxortako gertaerak bildu ditu Elgetako Udalak. Mendi horretan, Francoren armadaren aurrean zazpi hilabetez iraun zuten gudariek, zehazki, 1936ko irailaren amaieratik 1937ko apirila bukatu arte. Gertaera haien 77. urtemugako egitarauaren barnean aurkeztu dute aplikazio berria, hain justu. Elgetako herritarrentzat zein mendira bertara bil daitezkeen bisitarientzat pentsatuta dago, eta euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez erabiltzeko aukera ematen du. Intxortako borrokaldiak berreskuratzea eta herriko bestelako baliabide turistikoak "beste modu batera plazaratzea" nahi zuten.

Ezaugarrien artean, "aplikazio oso berritzailea" dela nabarmendu du Lazkano Turismo teknikariak: "Gerraren inguruan egiten den lehen aplikazioa da, batetik. Eta turismoaren arloan NFC teknologian hedapen handiena duen aplikazioa da, bestetik". Irismen laburrari eta frekuentzia altuari esker, datuen transferentziarako oso abiadura azkarra ahalbidetzen du haririk gabeko komunikaziorako NFC teknologiak. Intxortako ibilbidean, sakelakoa panel batera hurbildu orduko, interesgune horren fitxa eta audio gidara bideratzen du bisitaria NFC kodeak. Elgetako alkate Erostarbe ere pozik dago emaitzarekin: "orain nork bere kabuz egin dezake ibilbide tematikoa".

Datu transmisio azkarra

Batura Mobile Solutions enpresa arduratu da aplikazioa egiteaz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du. Hor jasotzen den informazioa, berriz, Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroaren eta Intxorta 1937 Kultur Elkartearen arteko elkarlanari esker bildu dute; "mendian izandako fronteari buruzko xehetasun eta informazio baliagarriz" osatu dute aplikazioa. Audio-gidaz lagundutako bost kilometroko ibilbide tematikoa du barrenean, eta hamabi interesguneren azalpenak entzun nahiz har daitezke —euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez— NFC eta QR kodeen bidez. iOs eta Android motako sakelako telefonoetan erabil daiteke, eta App Storeren zein Google Playren guneetan dago eskuragarri.

ASKATZEKO ESKATUZ

Bateragune auzian espetxeratutako Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diez askatzeko martxa egin zuten larunbatean Elgoibarren, Otegiren jaioterrian. Lau urte bahituta lelopean egin zuten ibilbidea; izan ere, igand...

4

Zerga bilketaren igoera, ehunekotan. 2013ko aurrekontuetan aldundiak %4,4ko igoera onartu zuen, eta helburua lortzear dago: urteko lehen bederatzi hilabeteetan, %4 egin du gora. Goranzko joera "zerga garrantzitsu gehienetan" gertatu dela dio aldundiak.