500.000 euro zertan gastatu erabakitzeko prozesua hasi da

Foru aurrekontuetako 500.000 euro zertan inbertitu beharko liratekeen erabakitzeko prozesua ere martxan da. Urolako bost herri aukeratu dituzte, eta horietako biztanleak izango dira proba aitzindari horretako parte hartzaileak: Azkoitia, Azpeitia, Bei...

Adin orotarako umorea

Umorezko antzerkiaPasaiaPasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldiek ibilbide luzea dute dagoeneko. Aurten, 32. aldiz ospatuko dute, eta ohi bezala, bi asteburuko iraupena izango du. Adin guztietako publikoarentzako antzezlanak taularatuko dituzte.Iragan a...

“Intimitatea partekatzeko espazioa opari bat da, doakoa”

Elkar entzuteko gunea sortzen etxean; liburuak eta kontutxoak lagun tailerra egingo du bihar Pello Añorgak (Oiartzun, 1956) Ataunen. Errenterian aritua da jada, eta udaberrian Donostian izango da. Aspaldi dabil umeei ipuinak kontatzen, eta, denboraren poderioz, hainbat hutsune antzeman ditu: "Konturatu naiz oinarrizkoak diren gauza batzuk azaldu behar direla". Tailer horietan, zenbait estrategia jartzen ditu gurasoen eta irakasleen eskura. Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako Irakasle Eskolan irakasle izango direnei kontatzen eta entzuten die. Idatzi ere egiten du. Elkar entzuteko espazioen fabrikan lan egiten du Añorgak.

Nola eraikitzen da elkar entzuteko espazio bat?

Ipuina kontatu nahi baduzu, lehenengo eta behin, espazio bat behar duzu. Guztiok daukagu familia gune bat etxean, baina izugarrizko arazoak ditugu; abiada bizian goaz, estresatuak gaude, denboraren aurka gabiltza... Komunikatzeko, ostera, ezin gara denboraren aurka joan; denbora hartu behar dugu. Egun, espazio hau bortxatuta, zulatuta, artesituta dago. Gizarte honek kontsumitu eta kontsumitu behar dugula erakusten digu, eta, azkenean, ahituta gaude. Baina intimitatea partekatzeko espazio hori zaindu beharrean gaude, bestela nork zainduko du?

Espazio horretan haurra dago, heldua dago. Besterik zer dago?

Hitza. Kantua, jolasa edota haur folkloretik datorren ikusi makusi hori izan daiteke hitza. Leku horretan liburuak daude. Kontatzeko liburua, haurra hunkituko duena eta gozamena eragingo diona. Ezagupena lortzeko liburua dago, umea ingurumenarekin lotuko duena. Ipuin klasikoak daude, guk asmatzen ditugunak.

Espazioa egon badagoela esan duzu, baina arrakalatuta dagoela. Zarata handia al dago?

Bai, dispertsioa da nagusi. Intoxikatuta dago, kitzikatuta. Leku horretan telebistak "zatoz" esaten dizu, WhatsApp-ek "berehala erantzun" esaten dizu... Espazio hori sortzeko, ezinbestekoa da arreta guztia biltzea. Hitza partekatzen dugunean, edozein familia mota delarik ere, kanpoa eta barrua partekatzen ari gara. Gure onena eskaintzen dugu; dimentsio guztiak garatzen dira, hala maitasuna, nola tristura. Espazio hori babesteko ohiturak sortzea ezinbestekoa da, denbora horrekin sintonizatzeko ohitura, alegia.

Doako ekintza bat deskribatzen ari zara.

Intimitatearena doako espazio bat da, opari bat da; horregatik da espazio espirituala. Gizarte honetan denak prezioa dauka, guztia zerbait lortzeko egiten dugu. Beharbada, gure etxeak itoginak izango ditu, baina babesgune hori sortzen badugu, umea hor ondo sentituko da, sustraituta. Olentzerorena figura arketipikoa da, doakoa, eta oso-oso garrantzitsua da haur bakoitza den bezala onartzen duelako. Lehenengo haurtzaroan, egitura eraiki beharra dago. Ondoren, nerabezaroan arauak urratzeko grina piztuko da, baina egitura badago, buelta egingo du zutabeak dituen nerabeak.

Esan al daiteke espazio horrek umea egituraz hornitzen duela?

Lotura afektiboak sortzen dira. Informazioa emateaz gain, gure emozioak konfiantzaz partekatzeko gunea da. Lehenengo haurtzaroko irudi nagusia etxea da; Hiru txerrikumeak ipuina da horren adibide. Bigarren haurtzaroa bidea da; Hansel eta Gretel, kasurako. Gurasoak ezinbestekoak dira eraikuntza lan horretan.

Horretarako, entzuten jakin behar da, ezta?

Bai, zeure buruari entzuten eta besteei entzuten, ezeren zain egon gabe; haurrak gozatzen duelako, neuk plazera hartzen dudalako, maite zaitudalako. Ez da buruarekin soilik entzun behar, gorputz osoarekin baizik. Orduan, munduari ematen ariko zara, besterik gabe ematen. Eta ozenki esan behar da ekintza horiek beharrezkoak direla; bestela, haur horrek zer egingo du? Pragmatiko hutsa izango da. Haurrak entzuten ikasten badu, ondo erantzungo du, zalantzarik gabe. Erantzun hitzaren barruan entzun hitza dago euskaraz.

Gurasoren bat errudun sentituko da akaso ez duelako halakorik egiten.

Ahal duguna egiten dugu. Tailerretan kontatzeko zailtasunak dituzten gurasoen kezka sumatu dut. Garrantzitsuena, hala ere, maitasunez egindako ekintza izatea da. Maitasunez egiten bada, ahots izorratuenarekin eginda ere, umeari maitasun hori transmitituko diogu. Egia esateko, oso gauza sotila da, sinplea. Gehiegi zigortzen dugu geure burua, eta horrelakoak egiteko denbora hartuz gero, zein ondo sentitzen garen... Gure gizartean kanona oso zorrotza da, zenbat lan hartzen dugun perfektuak izateko. Perfektu hitzak, baina, osatzea esan nahi du. Eta ekintza hori, bere sinpletasunean, perfektua da, elkar osatzen duguako. Profesional batek harria hartu eta zizelkatu egingo du, baina harria berez da ederra.

Ikasgelan ere beharrezkoak al dira espazio horiek?

Gela barruan ipuinak ez dira bakarrik programan daudelako kontatu behar. Liluraz eta maitasunez ere kontatu behar dira, harridura sortzeko, miresgarritasuna eragiteko... Denbora galtzen erakutsi behar diegu, funtziorik gabeko doako ekintzak egiten. Bestela, nolako zientzialariak izango ditugu? Bestela, inork galdetuko al du sagarrak zergatik erortzen ote diren zuhaitzetatik? Poesiak ere ez du ezertarako balio, baina hor dago, eta egon behar du. Etxean zein ikasgelan espazio honetan asko dago egiteko, oso merkaturatuta baitago.

Espazio espirituala da, ezeren zain ez dagoen presentzia behar du, doakoa da. Aurrekoek ez al zituzten horrelako espazioak natural sortzen?

Bai, zer esango lukete egun guri begiratuta? Ene, zenbat tresna dituzten, baina ez dute arnasarik. Txoropitoak dira! Ikastaroak behar dituzte oinarrizkoa ikasteko! Irudikatzen jarrita, esku asko dituen gizaki bat ikusiko luketela uste dut. Esku asko eta buru erraldoia du. Akaso hankarik gabeko gorputza dauka jada. Bularra, tamaina erdikoa. Bi belarri ditu, baina elkar komunikatuta daude eta hitzak sartu ahala aterako dira. Eta nora begira egongo da? Toki guztietara begira dago, baina ez du ezer ere ikusten.

Espazio hau gizaki horren antidotoa izan al daiteke?

Espazio hauek ez dira haurrentzako soilik. Guraso batzuek erlaxatzen direla esaten didate; besteentzako kontakizun bat egiten duzu, eta ekintza horren bitartez besteek ere zuri laguntzen dizute. Alde bietako ekintza da. Liburuak ez dira bakarrik lantzeko: elkarrekin ondo pasatzeko balio dute. Parteka daitezkeen zoriona eta bestelako emozioak sortzen dituzte. Liburuek izateko balio dute.

Hitzek, dena dela, errealitatea ezkutatzeko edo mozorrotzeko ere balio dute, ezta?

Hitzaren atzean irakurtzen jakin behar da; hitzak opakoak dira, itsutu gaitzakete. Poesiaren funtsa, eta artearena ere bai, ezkutuan dagoena azaltzea da, hau da, azala kentzea eta barruan daramana ematea.

Irakasle, ipuin kontalari, idazle... Zer zaren galdetuz gero?

Irakaskuntza utzi nuen ipuinaren bitartez harago joaten nintzelako. Ipuinak kontatzearen eta idaztearen denborak ezberdinak baina osagarriak dira. Lehen, fantasiatik aritzen nintzen gehiago; orain, mundu paralelo batean egongo banintz bezala, imajinazioa erabiltzen dut sustraitzeko, irudiekin errealitatea hobeto irakurtzeko.

BEREAK ETA BESTEENAK DESERRIAZ

"Letretan oinarritutako diskoa" da Eñaut Elorrietaren azken lana. Musikariaren beraren hitzetan, egin duen "diskorik kontzeptual eta literarioena". Izan ere, bereez gain, hainbat idazle eta poetaren poesia lanez baliatu da Deserriko kantak diskoa osatzeko. Haietako batzuek euren azalean bizi izan dute deserri politikoa, Joseba Sarrionandiak eta Joan Oliverrek, kasurako. Beste batzuek deserri poetikoari idatzi diote; tartean dira Mario Benedetti, Harkaitz Cano, edo Bernardo Atxaga. Gai soziala bezain barnekoa den deserria bere egin du Elorrietak, eta gaur, 20:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean erakutsiko du hori.

Itxura soila

Zinetik atera bezain pronto, etxera etorri eta aste honetako zutabea idazteari ekin diot. Filmak ez dit halako zirrararik eragin; beraz, garuna fresko eta garbi daukat lanari ekiteko. Gauza batek utzi nau kezkatuta; zortzi bat pertsona baino ez geunden salan. Eta ez da kasualitate soil bat izan; aurreko igandean ere dozena bat besterik ez ginen pantaila erraldoiari begira geundenak. Hilabete eskas da Donostiako Nazioarteko Zinemaldia ospatu genuela, eta aste horretarako denbora gutxian ia pelikula guztietarako sarrerak agortuta zeuden. Salak leporaino beteta, jendea zinefilo aurpegiarekin paseatzen zen kaleetan barrena, kreditazio txartel ditxosozko hori lepotik zintzilik arro-arro eramanez —nik gehienetan poltsoan eramaten dut, lepoan eramateak lotsa ematen didalako—, baina, tira, sokatxo hori zerbaitetarako jarriko zioten ezta? Lepotik eramateko, alegia. Kontuak kontu, Zinemaldiak iraun duen astebete horretan zinemak jendez gainezka ikusi ditut, eta hilabete beranduago lau katu baino ez gara sala honetan gaudenak. Zer gertatu da? Bat-batean beste afizio batzuk sortu zaizkio jendeari? Ikusle fidelaren kreditazioa kentzeak zinerako zaletasuna gutxitzen du agian? Plastiko pusketa batek nola eman ote dezake hainbeste indar!

Ados, agian urte osoan ezin da asteburuero zinera joateko kapritxo hori mantendu, ez dago ekonomia halako arinkerietarako, baina noizean behin sikiera pelikulatxo bat ikus daiteke ezta? Tira, baikorra izango naiz, eta pentsatuko dut azken hiruzpalau aldietako zinema hutsak kasualitate txar bat besterik ez dela izan, eta hurrena joaten naizenean leporaino egongo direla, nire eserlekura iristeko, jada eserita dauden ikusle pila molestatu beharko dudala, aspaldiko garaietan bezala.

Itxuraren gizartean bizi gara; jendaurrean azaltzen dugun aurpegia bakarrik zaintzen dugu askotan, egunero modu ezberdin batean makilatzen dugun aurpegi hori. Argazki kamera digitaletatik itsusi azaltzen garen argazkiak ezabatzen ditugu berehala, eta irudirik politenak erakusten ditugu. Itxura, besterik ez. Gogoratzen naiz kamera digitalik ez zenean, karretea errebelatzen utzi ondoren, argazki horiek jasotzean sentitzen genuen jakin-mina, zer atera ote da? Nola atera ote zen hondartzako argazki hura, eta Kilometroetako haiek? Misterioa galdu dugu; hori bai, gure aurpegirik politena ikusiko dute beti argazki guztietan. Itxura soila, edukia edukirik gabe; farmazialariak "Frenadol laranja zaporeduna" saltzen dizunean bezala —laranja zaporea? Honek ze laranja klase jaten ditu?—. Gauza bat da azaleko izenek diotena, eta bestea barneko izaerak uzten dizun zaporea. Nik ez dut halako gizarterik nahi, azalak, izenak eta mamiak zapore bera izatea nahi dut.

500.000

Aldundiak herritarren esku utziko duen 2014ko aurrekontu proiektuaren zatia, eurotan. Esperientzia aitzindari bat jarri dute abian Urola erdialdeko udalekin, aurrekontuetako diru sail hori zertan inbertitu beharko litzatekeen erabakitzeko.

Mila euro, epaiketetarako.

Bost hilabete iraungo du 35/02 auziaren epaiketak. Akusatu zein 110 elkarteetako arduradunen garraio, egonaldi zein defentsak 700.000 euro kostatuko zaiela iragarri dute. Gazteen kasuan, 200.000 euroko gastua egingo dute hiru hilabetetan.

“Oso gustura nago taldea gorenean utzi izanarekin”

Libe Altunak (Zarautz, 1985) tarte bat hartu du Gipuzkoako Hitza-ren galderei erantzuteko, laneko atsedenaldian. Izan ere, joan den ekainean goi mailako eskubaloia utziko zuela iragarri zuen. Bat baino gehiago harrituko du haren gaztetasunak —astelehenean bete zituen 28 urte—, baina formazio akademikoa praktikan jartzea erabaki du.

Bederatzi denboraldi iragan ditu Gipuzkoako emakumeen eskubaloi talde nagusian. Garai horretan lortu ditu taldeak dituen txapelketa guztiak. Eta Altuna titulu horiek lortzeko oinarrietako bat izan da.

Joan den denboraldia bukatzean erretiratu zinen. Ez da oso ohikoa kirolari bat adin horrekin erretiratzea. Zein izan da arrazoia?

Beste lan bat egiten hasi nahi nuen, nahiz eta eskubaloia nire ogibidea zen...

Zer dela-eta erabaki duzu momentu honetan aldatzea?

Ez da erabaki erraza izan. Eskubaloiari bakarrik dedikazio guztia bideratzea zaila da, emakumeon eskubaloiaren egoera ez delako inoiz ona izan. Diru gutxi dago kirol honetan. Bederatzi urte pasatu ditut Bera Beran, eta beste zerbait probatzeko garaia zela iruditu zitzaidan. Egin nituen ikasketekin lotuta dagoen zerbait egin nahi nuen. Hori izan da arrazoi nagusia. Azken batean, urteak aurrera joaten dira, eta urte batzuk barru, agian, berandu izan daiteke lanean hasteko. Orain zaila bada lana lortzea, hemendik bi urtera are zailagoa izan daiteke. Kontuan hartu nuen hori.

Zein ikasketa egin dituzu? Kirola eta ikasketak uztartzeko arazorik izan al duzu?

Enpresaritza eta turismoko lizentziatura eta diplomatura ditut, hurrenez hurren. Ez dut arazorik izan ikasketekin. Enpresaritza ikasi nuenean arratsaldez entrenatzen ginen, eta goizez nituen klaseak. Azkeneko bi urteetan lesionatuta egon naiz, eta errehabilitazio saioak arratsaldez jasotzen nituen bitartean, goizez joaten nintzen unibertsitatera.

Taldea gorenean utzi duzu, lehenengo liga eskuratu eta gero. Garai ona, ezta?

Bai, garai oso ona izan da. Gauzak gaizki joan izan balira, azkenean beste sentsazio batekin bukatuko nuen, baina liga bat irabazteaz gain, Erreginaren Kopa eta Superkopa ere irabaztea... Ez da urtero egiten den zerbait! Oso gustura nago orain utzi izanarekin.

Faltan nabarituko duzu aldagelako giroa.

Bai. Jende guztiak galdetzen dit ea faltan botako dudan jokatzea. Nik ezetz erantzuten diet, agian denbora gutxi pasatu delako jokatzeari utzi nionetik. Baina taldekideekin nuen giro horren hutsunea bai sumatzen dudala. Afari horiek, entrenamenduen ondoren elkarrekin gelditzea... Pena da hori galtzea. Lagunak izaten jarraituko dugu, baina ez da gauza bera izango.

Urteetan ibili zara aldageletako giroaren barnean. Errutina hori haustea zaila izan al da?

14 urterekin hasi nintzen eskubaloian jokatzen, oraindik arauak jakin gabe. Gero gogorra egiten da: gauza asko alde batera laga behar dituzu. Gainontzekoek jai dutenean edo oporretan daudenean, zu bidaiatzen, entrenatzen edo dena delakoa egiten ari zara. Bere alde onak ere baditu: hizkuntzak ikasten dituzu, jende berria ezagutu...

Oso gazterik hasi zinen Bera Bera taldean, 19 urte zenituela. Gogorrak egin al zitzaizkizun hasierako urte haiek?

Oso zailak. Beste era bateko diziplina batetik iristen zara, eta oso diziplina zorrotza eskatzen duen gune batera sartzen zara. Ez zaude ohitua, oso gaztea zara, ordura arte eskatu ez dizkizuten ardurak eskatzen dizkizute... Hirugarren urtean konturatu nintzen zein gaizki pasatu nuen aurreko bietan. Entrenatzera joatea ez zen hainbesteko esfortzua. Entrenamendura, fisikora eta abar ohitzen zarenean, erdia baino gehiago egina duzu jada.

Eskubaloiari lotuta jarraitzen duzu ala alde batera utzi duzu guztiz?

Taldea jarraitzen dut, baina ez dut beste ezer egiten.

Iaz liga irabazi zenuten. Aurten zure taldekide izandakoek Superkopa irabazi dute, eta liga txukun hasi dute. Esku onetan utzi duzu taldea.

Talde oso ona da, eta gauza politak egiteko gai izan beharko lukete. Ikusi egin behar, jokatu egin behar da. Liga berriro irabazteko aukerekin ikusten ditut. Partidaz partida joan behar da, baina bai, hautagaien artean dago Bera Bera.

Garai oso onak izan dituzu Bera Beran, baina garai txarrik egon al da?

Tentsio momentu asko egon dira, eta hiru lesio larri ere izan ditut. Garai horiek oso latzak izan dira, baina garai onenek txarrak ahaztarazten dituzte.

Omenaldia jaso zenuen Superkopa jokatu zuten egunean. Aitorpen pertsonala jaso, eta, gainera, taldeak titulua irabazi zuen.

Oso hunkigarria izan zen. Ez nuen espero ere egiten... Telebista zegoen, ikusle pila bat bertan... Sekulakoa izan zen. Eta Superkoparen kartelean nire argazkia ikusteak ere poztu ninduen.

Jaioterrian ere, Zarautzen, jaso duzu omenaldia...

Bai. Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketa egin zenean ohorezko sakea egitera gonbidatu ninduten, finalean. Horrelako gonbidapen bati ezin diot ezetzik esan!

Nola ikusten duzu emakumeen eskubaloiaren egoera?

Espainiako ligari dagokionez, diru oso gutxi dago. Lehen liga oso indartsua zen, eta jokalari oso onek jokatzen zuten bertan, kontratu onak zeudelako. Orain beste planteamendu bat dago: klubek harrobiko jokalariekin jokatu behar dute, diru gutxi hori ondo neurtu... Azken finean, erakargarritasuna galdu du ligak. Ez dut uste datozen urteetan aldaketa askorik egongo denik.

Eskubaloira itzultzeko asmorik ba al duzu?

Ez, ez... Printzipioz ez (barreak).