BEREAK ETA BESTEENAK DESERRIAZ

"Letretan oinarritutako diskoa" da Eñaut Elorrietaren azken lana. Musikariaren beraren hitzetan, egin duen "diskorik kontzeptual eta literarioena". Izan ere, bereez gain, hainbat idazle eta poetaren poesia lanez baliatu da Deserriko kantak diskoa osatzeko. Haietako batzuek euren azalean bizi izan dute deserri politikoa, Joseba Sarrionandiak eta Joan Oliverrek, kasurako. Beste batzuek deserri poetikoari idatzi diote; tartean dira Mario Benedetti, Harkaitz Cano, edo Bernardo Atxaga. Gai soziala bezain barnekoa den deserria bere egin du Elorrietak, eta gaur, 20:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean erakutsiko du hori.

Itxura soila

Zinetik atera bezain pronto, etxera etorri eta aste honetako zutabea idazteari ekin diot. Filmak ez dit halako zirrararik eragin; beraz, garuna fresko eta garbi daukat lanari ekiteko. Gauza batek utzi nau kezkatuta; zortzi bat pertsona baino ez geunden salan. Eta ez da kasualitate soil bat izan; aurreko igandean ere dozena bat besterik ez ginen pantaila erraldoiari begira geundenak. Hilabete eskas da Donostiako Nazioarteko Zinemaldia ospatu genuela, eta aste horretarako denbora gutxian ia pelikula guztietarako sarrerak agortuta zeuden. Salak leporaino beteta, jendea zinefilo aurpegiarekin paseatzen zen kaleetan barrena, kreditazio txartel ditxosozko hori lepotik zintzilik arro-arro eramanez —nik gehienetan poltsoan eramaten dut, lepoan eramateak lotsa ematen didalako—, baina, tira, sokatxo hori zerbaitetarako jarriko zioten ezta? Lepotik eramateko, alegia. Kontuak kontu, Zinemaldiak iraun duen astebete horretan zinemak jendez gainezka ikusi ditut, eta hilabete beranduago lau katu baino ez gara sala honetan gaudenak. Zer gertatu da? Bat-batean beste afizio batzuk sortu zaizkio jendeari? Ikusle fidelaren kreditazioa kentzeak zinerako zaletasuna gutxitzen du agian? Plastiko pusketa batek nola eman ote dezake hainbeste indar!

Ados, agian urte osoan ezin da asteburuero zinera joateko kapritxo hori mantendu, ez dago ekonomia halako arinkerietarako, baina noizean behin sikiera pelikulatxo bat ikus daiteke ezta? Tira, baikorra izango naiz, eta pentsatuko dut azken hiruzpalau aldietako zinema hutsak kasualitate txar bat besterik ez dela izan, eta hurrena joaten naizenean leporaino egongo direla, nire eserlekura iristeko, jada eserita dauden ikusle pila molestatu beharko dudala, aspaldiko garaietan bezala.

Itxuraren gizartean bizi gara; jendaurrean azaltzen dugun aurpegia bakarrik zaintzen dugu askotan, egunero modu ezberdin batean makilatzen dugun aurpegi hori. Argazki kamera digitaletatik itsusi azaltzen garen argazkiak ezabatzen ditugu berehala, eta irudirik politenak erakusten ditugu. Itxura, besterik ez. Gogoratzen naiz kamera digitalik ez zenean, karretea errebelatzen utzi ondoren, argazki horiek jasotzean sentitzen genuen jakin-mina, zer atera ote da? Nola atera ote zen hondartzako argazki hura, eta Kilometroetako haiek? Misterioa galdu dugu; hori bai, gure aurpegirik politena ikusiko dute beti argazki guztietan. Itxura soila, edukia edukirik gabe; farmazialariak "Frenadol laranja zaporeduna" saltzen dizunean bezala —laranja zaporea? Honek ze laranja klase jaten ditu?—. Gauza bat da azaleko izenek diotena, eta bestea barneko izaerak uzten dizun zaporea. Nik ez dut halako gizarterik nahi, azalak, izenak eta mamiak zapore bera izatea nahi dut.

500.000

Aldundiak herritarren esku utziko duen 2014ko aurrekontu proiektuaren zatia, eurotan. Esperientzia aitzindari bat jarri dute abian Urola erdialdeko udalekin, aurrekontuetako diru sail hori zertan inbertitu beharko litzatekeen erabakitzeko.

Mila euro, epaiketetarako.

Bost hilabete iraungo du 35/02 auziaren epaiketak. Akusatu zein 110 elkarteetako arduradunen garraio, egonaldi zein defentsak 700.000 euro kostatuko zaiela iragarri dute. Gazteen kasuan, 200.000 euroko gastua egingo dute hiru hilabetetan.

“Oso gustura nago taldea gorenean utzi izanarekin”

Libe Altunak (Zarautz, 1985) tarte bat hartu du Gipuzkoako Hitza-ren galderei erantzuteko, laneko atsedenaldian. Izan ere, joan den ekainean goi mailako eskubaloia utziko zuela iragarri zuen. Bat baino gehiago harrituko du haren gaztetasunak —astelehenean bete zituen 28 urte—, baina formazio akademikoa praktikan jartzea erabaki du.

Bederatzi denboraldi iragan ditu Gipuzkoako emakumeen eskubaloi talde nagusian. Garai horretan lortu ditu taldeak dituen txapelketa guztiak. Eta Altuna titulu horiek lortzeko oinarrietako bat izan da.

Joan den denboraldia bukatzean erretiratu zinen. Ez da oso ohikoa kirolari bat adin horrekin erretiratzea. Zein izan da arrazoia?

Beste lan bat egiten hasi nahi nuen, nahiz eta eskubaloia nire ogibidea zen...

Zer dela-eta erabaki duzu momentu honetan aldatzea?

Ez da erabaki erraza izan. Eskubaloiari bakarrik dedikazio guztia bideratzea zaila da, emakumeon eskubaloiaren egoera ez delako inoiz ona izan. Diru gutxi dago kirol honetan. Bederatzi urte pasatu ditut Bera Beran, eta beste zerbait probatzeko garaia zela iruditu zitzaidan. Egin nituen ikasketekin lotuta dagoen zerbait egin nahi nuen. Hori izan da arrazoi nagusia. Azken batean, urteak aurrera joaten dira, eta urte batzuk barru, agian, berandu izan daiteke lanean hasteko. Orain zaila bada lana lortzea, hemendik bi urtera are zailagoa izan daiteke. Kontuan hartu nuen hori.

Zein ikasketa egin dituzu? Kirola eta ikasketak uztartzeko arazorik izan al duzu?

Enpresaritza eta turismoko lizentziatura eta diplomatura ditut, hurrenez hurren. Ez dut arazorik izan ikasketekin. Enpresaritza ikasi nuenean arratsaldez entrenatzen ginen, eta goizez nituen klaseak. Azkeneko bi urteetan lesionatuta egon naiz, eta errehabilitazio saioak arratsaldez jasotzen nituen bitartean, goizez joaten nintzen unibertsitatera.

Taldea gorenean utzi duzu, lehenengo liga eskuratu eta gero. Garai ona, ezta?

Bai, garai oso ona izan da. Gauzak gaizki joan izan balira, azkenean beste sentsazio batekin bukatuko nuen, baina liga bat irabazteaz gain, Erreginaren Kopa eta Superkopa ere irabaztea... Ez da urtero egiten den zerbait! Oso gustura nago orain utzi izanarekin.

Faltan nabarituko duzu aldagelako giroa.

Bai. Jende guztiak galdetzen dit ea faltan botako dudan jokatzea. Nik ezetz erantzuten diet, agian denbora gutxi pasatu delako jokatzeari utzi nionetik. Baina taldekideekin nuen giro horren hutsunea bai sumatzen dudala. Afari horiek, entrenamenduen ondoren elkarrekin gelditzea... Pena da hori galtzea. Lagunak izaten jarraituko dugu, baina ez da gauza bera izango.

Urteetan ibili zara aldageletako giroaren barnean. Errutina hori haustea zaila izan al da?

14 urterekin hasi nintzen eskubaloian jokatzen, oraindik arauak jakin gabe. Gero gogorra egiten da: gauza asko alde batera laga behar dituzu. Gainontzekoek jai dutenean edo oporretan daudenean, zu bidaiatzen, entrenatzen edo dena delakoa egiten ari zara. Bere alde onak ere baditu: hizkuntzak ikasten dituzu, jende berria ezagutu...

Oso gazterik hasi zinen Bera Bera taldean, 19 urte zenituela. Gogorrak egin al zitzaizkizun hasierako urte haiek?

Oso zailak. Beste era bateko diziplina batetik iristen zara, eta oso diziplina zorrotza eskatzen duen gune batera sartzen zara. Ez zaude ohitua, oso gaztea zara, ordura arte eskatu ez dizkizuten ardurak eskatzen dizkizute... Hirugarren urtean konturatu nintzen zein gaizki pasatu nuen aurreko bietan. Entrenatzera joatea ez zen hainbesteko esfortzua. Entrenamendura, fisikora eta abar ohitzen zarenean, erdia baino gehiago egina duzu jada.

Eskubaloiari lotuta jarraitzen duzu ala alde batera utzi duzu guztiz?

Taldea jarraitzen dut, baina ez dut beste ezer egiten.

Iaz liga irabazi zenuten. Aurten zure taldekide izandakoek Superkopa irabazi dute, eta liga txukun hasi dute. Esku onetan utzi duzu taldea.

Talde oso ona da, eta gauza politak egiteko gai izan beharko lukete. Ikusi egin behar, jokatu egin behar da. Liga berriro irabazteko aukerekin ikusten ditut. Partidaz partida joan behar da, baina bai, hautagaien artean dago Bera Bera.

Garai oso onak izan dituzu Bera Beran, baina garai txarrik egon al da?

Tentsio momentu asko egon dira, eta hiru lesio larri ere izan ditut. Garai horiek oso latzak izan dira, baina garai onenek txarrak ahaztarazten dituzte.

Omenaldia jaso zenuen Superkopa jokatu zuten egunean. Aitorpen pertsonala jaso, eta, gainera, taldeak titulua irabazi zuen.

Oso hunkigarria izan zen. Ez nuen espero ere egiten... Telebista zegoen, ikusle pila bat bertan... Sekulakoa izan zen. Eta Superkoparen kartelean nire argazkia ikusteak ere poztu ninduen.

Jaioterrian ere, Zarautzen, jaso duzu omenaldia...

Bai. Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketa egin zenean ohorezko sakea egitera gonbidatu ninduten, finalean. Horrelako gonbidapen bati ezin diot ezetzik esan!

Nola ikusten duzu emakumeen eskubaloiaren egoera?

Espainiako ligari dagokionez, diru oso gutxi dago. Lehen liga oso indartsua zen, eta jokalari oso onek jokatzen zuten bertan, kontratu onak zeudelako. Orain beste planteamendu bat dago: klubek harrobiko jokalariekin jokatu behar dute, diru gutxi hori ondo neurtu... Azken finean, erakargarritasuna galdu du ligak. Ez dut uste datozen urteetan aldaketa askorik egongo denik.

Eskubaloira itzultzeko asmorik ba al duzu?

Ez, ez... Printzipioz ez (barreak).

Segiko kideen eta ‘herriko tabernen’ epaiketak, datorren astetik aurrera

Datorren astetik aurrera, 76 euskal herritarren aurkako bi epaiketa abiatuko dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Astelehenean hasiko da 40 lagunen epaiketa, Segiko kide izateagatik. Ostegunean hasiko da beste 36 lagunen aurkako epaiketa, herriko tabernen auzia deitutakoa. Aritz Lopez (Tolosa, 1987) eta Esther Agirre (Basauri, Bizkaia, 1970) izango dira akusatuen aulkian eseriko direnetako bi, Segiko kide izateagatik eta ezker abertzaleko alderdi politikoetan lanean aritzeagatik, hurrenez hurren.

"Sentimendu kontrajarriak ditut", dio Lopezek. Azaroan beteko dira lau urte atxilotu zutenetik, eta "aspaldiko kontua" dela sentitzen du: "Batetik, gogoa daukat epaiketa pasa eta behingoz nire bizitzarekin zer gertatuko den jakiteko. Bestetik, beldurra eta errespetua ematen dit: sei urteko espetxe zigorra jokatzen ari gara. Arriskua hor dago". Urte batzuk gehiago dira Agirrek Espainiako Auzitegi Nazionala zapaldu zuenetik: 2002ko abenduan izan zen. "Sumario hau beti egon da tiraderan gordeta, tarteka atera, eta tarteka sartu, etengabe. Eta, azkenean, iritsi da". Batez ere, epaiketak maila pertsonalean zenbat eragiten dion du gogoan Agirrek, senarra eta biak epaituko baitituzte auzi berean.

Seina urteko kartzela zigorra eskatu dute Segi auzian auzipetutako 40 lagunentzat. Zortzi eta hamabi urte bitarteko espetxe zigorra, berriz, herriko tabernen auzian auzipetutakoentzat. "Erabakia zigortzea balitz?". Isilik geratu da une batez Lopez. Inkomunikatu egin zuten, eta torturak salatu zituen: "Oso gogorra litzateke espetxera itzultzea. Bi urtez izan nintzen; beste batzuen aldean, ezer ez. Askatasuna ukatzeak edonori eragiten dio; beraz, oso gogorrak izan ziren bi urte horiek. Dena den, gogoan sartuta daukat aukera hori egon badagoela". Etxekoak baikor badira ere, Lopezek nahiago du txarrenean jarri: "Bere garaian esan zuen Arnaldo Otegik: 'Gaizki pentsatu, eta motz geratuko zara'. Gure kasuan, hobe gaizki pentsatzea, eta gero, ikusiko dugu zer gertatzen den". Agirre ez zuten atxilotu, eta ez zuen espetxerik zapaldu: "Pentsa, ez zitzaigun zitaziorik iritsi: prentsaren bidez jakin genuen 2002ko abenduaren 19an auzitegira joan behar genuela, eta han azaldu ginen. Ez ziguten badaezpadako espetxealdirik eskatu, baina bai 12.000 euroko bermea".

Agirreren arabera, askatasun ideologikoa eta jarduera politikoa daude euren aurkako epaiketaren oinarrian. "Banan-banan hartuta, ezin digute ekintza zehatzik edo deliturik leporatu. Jarduera politikoa lege urraketa bihurtu dute. Ezin da ezer onik espero: inongo frogarik egon ez arren, zigorra egon daitekeelako", azaldu du Agirrek. Beraz, "ikusteko dago" zer gertatuko den: "Hamaika urte pasa direnean [herriko tabernen] epaiketa hastea ere nahiko esanguratsua da". Jokaleku berrian Espainiako Estatuaren "ekarpenik eza" ikusita, bi makroepaiketetan "ez du urratsik egingo", baina ez du guztia galdutzat eman: "Egia da, testuinguru berri honetan, epaileek arreta handiago jarriko dietela frogei, frogen balioari. Baina erabakia politikoa izango da, eta eragin politikoak izan ditzake".

Epaiketa luzeak

Europako politikariei bi makroepaiketen berri emateko bira egin berri dute auzipetutako ordezkari batzuek. Lopez izan da horietako bat: Europako Kontseiluan, Estrasburgon izan da, eta Europako Parlamentuan, Bruselan, Karmelo Landarekin. Azken egunotan Katalunian ere egon da, Xabier de la Maza gazte auzipetuarekin, unibertsitateetan euren sumarioaren berri ematen. Lopezen arabera, gehienek ezagun zuten bi urte beteko direla Aieteko Konferentziatik eta ETAk jardun armatua utzi zuenetik: "Sentsazio oso onarekin itzuli naiz. Gure egoera azaldu genien, baita Herrira-rekin pasatakoa ere, eta hemen dugun egoera berria ezagututa, ez zuten ulertzen hemen gertatzen dena. Zenbait europarlamentarik konpromisoa hartuko dutela esan ziguten".

Prozesua hasi zenetik "linboan" balego bezala bizi izan dela sentitzen du Lopezek: "Planak egin ditzakezu, eta egiten dituzu, baina momentu oro buruan daukazu epaiketa hor dagoela. Ez dakizu, gainera, noiz helduko den". Uste berekoa da Agirre: "Gai izan gara azken hamaika urteetan zama horretatik askatzeko. Hirugarren haurra 2005ean izan genuen, prozesua abiatuta zegoela. Bizitza ahalik eta normalena egiten saiatu gara". Hamabostean behin sinatzera joateaz gain, Espainiatik ez ateratzeko agindua du Lopezek: "Oporretara joateko baimen berezi bat eskatu behar dut, eta zehatz azaldu zein egunetan non egongo naizen, eta abar".

"Dena galdu" zuen Lopezek atxilotu zutenean, tartean, lanpostua, eta espetxetik ateraz geroztik —"oraingo krisiaz gain"— lana topatzeko zailtasunak izan dituela aitortu du. Langabezian dago orain, eta epaiketaren iraupena kontuan hartuta, "hobe horrela". Urriaren 14an, 15ean eta 16an, azaroaren 25ean, 26an eta 27an eta abenduaren 9an, 10ean eta 11n egingo dituzte gazteen auzi saioak. Akusatu kopurua dela eta, epaiketa luzea izango dela espero dute, eta, beraz, saio gehiago egon daitezke: "Pentsa, epaiketa bera ez da Madrilen bertan izango, ez baikara egoitza ofizialeko aretoetan sartzen".

Herriko tabernen epaiketa, berriz, luzeagoa izango dela aurreikusten dute. Akusatu guztiei deklarazioa hartzeko bost hilabete beharko dituela aurreikusi dute —abenduan ez da batere izango—. Auzipetuez gain, baina, 110 herriko taberna ere epaituko dituzte, "erantzule zibil" izatea egotzita. Agirreren hitzetan, bakoitzaren egunerokoan Madrilen epaitua izateak suposatzen duen "zamari", gastu ekonomikoa gehitu behar zaio: "Donostian edo Bilbon epaituko bagintuzte, Zarautzetik joan etorria egingo genuke egunero, baina bertan lo egin behar da, eta bestelako gastu guztiak gehitu behar zaizkio: mantenua, abokatuak... Dirua da. Eta oraindik ez dakigu noiz bukatuko den, udaberri amaieran, agian".

"Nola definituko zenuke zuen aurkako epaiketa, hitz batean?". "Disparatea", dio Lopezek. "Barrabaskeria", Agirrek. Argi daukate bi epaiketak politikoak direla. Lopezen hitzetan, euren aurkako karguak, juridikoki, legezkoak dira: "Ez dakit zein manifestaziotan parte hartu izana, ez dakit zein jarduera politikotan parte hartu izana... halakoak leporatzen dizkigute". "Ez dago mamizko frogarik. Espainiako Zigor Kodeak baditu tipo penal zehatzak: zuk horietako bat urratzen baduzu, ondorio batzuk pairatuko dituzu. Guk ez dugu bat bera ere urratu", azaldu du Agirrek. Ia hogei urte dira abokatuen elkargoko kide egin zela, eta jardunean da oraindik. "Konstrukzio juridiko-politiko bat egin dute, non esaten duten ETAko kideak izan garela mahai nazional desberdinetan; hori da gure delitua". Agirreren ustez, datorren asteko epaiketekin, ideologia baten ibilbide politikoaren aurka egingo dute: "Oso gogoan daukat nola 1998an [Jaime] Mayor Orejak esan zuen, Barne ministroa zelarik, fronte abertzalea neutralizatzea zela borroka antiterrorista nagusia".

Hemengoaren Kalitatea

Iragan irailaren 27an Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko egoitzan Piperraren eta Sagardoaren lehenengo astea aurkeztu zuten. Hemengo produktuak Gipuzkoako ostalaritza guneetan defendatu eta sustatzen dituen Kalitatea proiektuaren barnean dago aste hori,...

Inkomunikazio garaiko autoinkulpazioak oinarri

Hilabete gutxiko tartearekin, 2009 eta 2010 artean atxilotu zituzten 42 gazte, Segiko kide izateagatik, "talde terroristako kide" izatea leporatuta. Horietatik bi auzitik kanpo geratu dira, eta 40 izango dira epaituak. Atxilotuak eta inkomunikatuak iz...

Adimen urrikoek autonomia har dezaten, etxe bat ireki dute Irunen

Atzegik bigarren etxe babestua ireki berri du Irunen. Gipuzkoan jende gehien bizi den hirien artean bigarrena da Irun, eta mota horretako bigarren etxebizitza izango da Antzaran auzunean zabaldurikoa. Bestea handik hurbil dago, San Miguel auzoan.

Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak jakinarazi duenez, bost pertsona hasi dira bizitzen etxe babestuan, baina zortzirentzako tokia dute. Etorkizunean etxea betetzeko asmoa dutela jakinarazi dute.

Irungoa Atzegik Gipuzkoa osoan zabaldu duen 28. etxebizitza babestua da. Guztira, 196 lagun bizi dira etxe tutelatuetan, lau eta zortzi kide arteko taldeetan.

36 urte etxeetan lanean

Atzegi elkarteko kide Ainhoa Fizek gogorarazi duenez, gisa horretako lehen etxea Ikaztegietan zabaldu zuten, 1977an. "Gure elkartearen ustez, etxebizitza edukitzeko eskubidea dute adimen urritasunen bat duten pertsonek". Ildo horretan, etxeek euren autonomia handitzeko balio dutela ziurtatu du: "Etorkizunean familiarik gabe gelditzen diren momenturako prestatzen joatea da etxebizitzen helburua, baita beren bizimodua antolatzea ere". Horrela, pertsona bakoitza bere behar eta autonomiaren arabera aritzen da etxean.

Ez dira egun osoan etxean sartuta egoten, ezta hurrik eman ere. "Edozein pertsonak bezala", esan du Fizek, "egunez lan edo zeregin bat daukate: batzuek tailer batean lan egiten dute, beste batzuk eguneko zentroetan daude... Beren egitekoa bukatutakoan, etxebizitzara itzultzen dira". Nabarmendu duenez, ez dira bakar-bakarrik bizi: "Etxea garbitu eta txukuntzen duen pertsona bat dago bertan, eta, horrez gain, begiraleak ere izaten dira". Begirale horien jarduna zehaztu du Fizek: "Hainbat mailatan laguntzeko daude begiraleak. Kalean konpainia egiteko, autonomia sustatzeko...". Etxebizitza horietan egoten dira urte ia osoa, oporretan joaten direnean izan ezik. "Bizitza ahalik eta normalizatuena egiten saiatzen dira, azken finean", gaineratu du Fizek. Horregatik, euren eskualdeetan egiten diren jardueretan parte hartzen dute etxebizitza horietan bizi diren lagunek, hala nola aisialdian, kultura jardueretan eta beste hainbat jardueratan. "Normalizazioaren bidean ahalik eta gauza normalenak egiten dituzte", esan du.

Gizartea sentsibilizatu

Atzegi elkartea duela 53 urte sortu zen. Fizek nabarmendu duenez, familiek osatzen dute elkartea. Hori horrela, elkartearen helburu nagusia adimen urriko pertsona bat edo gehiago duten familiei laguntzea da, eta eurak babesteko ari dira lanean.

Familiei laguntza emateaz gain, adimen urritasuna duten pertsonei arreta zerbitzua ere eskaintzen diete. Horien artean dago etxe babestuena, baina baita aisialdirako aukerak sortzea eta arreta zuzena eskaintzea ere.

Atzegiren hirugarren oinarria sentsibilizazioa da. Gizarte osoari begirako sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte, adimen urriko pertsonenganako jarrera positiboa izan dezaten. Aste honetan bertan aurkeztu dute kanpaina berria: Atzegin denok dugu gure papera, aurkitu zeurea. Horrela, 1960an zuen helburu berbera dute: adimen urriko lagunen ingurua ulerbera izatea. Atzegik esan duenez, "oso garrantzitsua" da pertsona horientzat "ezagutzen, baloratzen eta behar dutenean laguntzen dituzten ingurune batean bizitzea". Izan ere, hor baitago adimen urritasuna dutenek izaten dituzten arazo gehienen iturburua. Eskualde guztietara zabalduko dute mezua.

Pertsona horiek laguntzeko egina dagoen "sare naturala" indartzea da helburua. Horrela, sare hori osatzen duten hainbat lagun agertzen dira Gipuzkoa osoan banatuko dituzten 8.000 karteletan. Horietako pertsona bakoitzak adimen urritasuna dutenen bizimodua errazagoa izaten laguntzen du, era batera edo bestera, eta eredu dira Atzegirentzat. Laguntza mailaren arabera, paper txikiagoa edo handiagoa dute, eta euren jarduera irudikatzen dute. Elkarteak berretsi duenez, "ziur" daude "jende askok bere papera izan nahi lukeela, baina ez daki zer egin edo nola". Herritar horiei "beren papera aurkitzen" lagundu nahi die elkarteak.

Atzegi elkartea, guztira, 2.035 familiak osatzen dute —adimen urrikoak 2.130 dira—. Horrez gain, 2.733 kolaboratzaile ditu, eta 9.223 atzegizale daude.