Berdinketa firmatuko nuen

Gure uda sexualki patetikoei errepasoa egiten ari ginen iraileko arratsalde hartan, azenario pastel zoragarriekin garagardoak edanez. Uztail hasieratik inor larrutan egin gabe egotea sinesgaitza iruditzen zitzaigun. Gutako batek otsailetik batere busti barik zebilela aitortu zuen, lotsa galduta.

Tragoen joan-etorrian, Estefania, Laura, Santi eta laurok lehorteari amaiera jarri beharra zegoela erabaki genuen. Badakit pentsatu duzula errazena festa modu zoroan gutako baten etxean jarraitzea zela, xanpain eta kokainaz inguratuta. Nik ere hala uste nuen, baina ez zen suertatu. Aitzitik, hilabeteko epea ezarri genuen bakoitzak bere kasa sufrikarioa arindu zezan. Ordurako lasaitua lortu ez zutenek afaria ordaindu beharko zieten arrakasta izandakoei. Ni atzera botatzekotan nengoen, baina, "diru pixkat galdutare Hitza-rako zutabe errexa zekat hor" deliberatu, eta igerilekura batere urik gabe bota nuen neure burua.

Norberak bere aurrerapausoen berri eman zezan, Whatsappeko taldea atondu genuen. Txortaldiaren ondorengo zigarretaren ordez, lagunetaz gogoratu eta pasahitz motz baina ezin esanguratsuagoa bidaltzekotan geratu ginen: "Gola!". Nik ahal izango banu mezua pertsonalizatzea erabaki nuen. "Gola Las Gaunasen!" idatziko nuen, eta betaurreko ilunak dituen emotikono jostagarriarekin lagundu —erretzen ari denik ez dauka nire sakelako berriak; politikoki zuzenak dira gaur egungo trasteak, dedio—.

Coach-ei, autolaguntza idazleei, zutabegile honi eta beste hainbat ke saltzaileri irakurriko zenion horrelako egoeretan proaktiboa izateak duen garrantziaz. Laurok ere ez ditugu lozorroan eman azken asteak: agendei hautsa kendu, eta lotsaz betetako telefono deiak egin ditugu. Haiek porrot egindakoan, kale eta tabernetan gora eta behera aritu gara goiz eta gau, gure praka eta irribarre onenak soinean.

Bi euskal herritarrek, andaluziar batek eta kataluniar batek osatzen dugu taldea —sexu kontutan parekatzeko atzerritar bakoitzeko gutako bi behar direlako dela pentsa dezakezu, nahi baduzu—. Nesketako bat objektiboki beste hirurok baino ederragoa da, eta ezin gozoagoa gainera; haren arrakasta ziurtzat neukan.

Afari bezpera iritsi da, ordea, eta Whatsappak isilik jarraitzen du, marka da gero. Ez hori bakarrik: Estefania, Laura eta Santik adostutako epeari pare bat aste gehitu beharra dagoela diote, gola lortzear daudelako. Niri ez dit batere graziarik egin proposamenak, eta eskola zaharreko gipuzkoarra naizela azaldu diet, apustuen arauekin zorroztasun osoz jokatzen duen horietakoa. Pitokeria galanta da hori, noski. Kontua da hasieratik isekarik ez jasateko husnako berdinketarekin amesten nuela. Eta lehia behingoz amaitzera doanean epaileak luzapena jokatu beharra dagoela esaten badu, irabazteko gutxi eta galtzeko asko dudalakoan nago.

Aukera euskal sortzaileei

Dantza

Donostia

Zazpigarren aldiz ospatuko da aurten da Dantzan Bilaka. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatzen du, eta Egia kultur etxeko Gazteszena aretoan izango da, bihar. Antolatzaileek "lantegiaren, gogoetaren eta jendaurreko erakusketaren artean" kokatzen dute egitaraua.

Dantzan Bilaka-k elkarrizketarako eta gogoetarako tartea eskaini nahi die agertuz doazen euskal sortzaileei. Beren proposamen koreografikoak garatzeko aukera eman nahi die. Dantzaren inguruan dituzten kezkak, prozesuak eta aurkikuntzak ikusleei erakusteko aukera izan dezaten. Hala, koreografo horiek diru laguntzak jaso dituzte ikertzeko eta pieza labur bat sortzeko, "ikasketa eta komunikazio giroan", antolatzaileek azaldu dutenez.

Bihar, 19:30ean hasita, bost euroren trukean, lau koreograforen lanak ikusteko aukera izango da Egiako Gazteszenan: Iker Arrueren Retratos de la Belle Epoque, Noemi Vianaren Duo, Natalia De Miguelen La Vida de los robles eta Aiala Etxegarairen Piel Rota, hain zuzen.

Aurretik, lan luzea

Dantzan Bilaka-ren ikusle aurreko egunean lanak taularatu aurretik prozesu luzea dago egiteko. Gazteszenan ariko diren dantzariak deialdi bidez hautatu dituzte dantzaren ikerketarako diru laguntza emateko. Zortzi hilabetez, sormen lanean ibili dira buru-belarri, eta beren lanaren jarraipen artistiko eta teknikoa egin diete.

Ondoren, epaimahaiaren aurreko lehen aurkezpena egin dute, lanen inguruko eztabaidan eta balorazioan sakontzeko. Azkenik, ekain inguruan lanak berriz aurkeztu dituzte epaimahaiaren aurrean, bakoitzak sormenaren zein fasetan dagoen erakutsiz. Irailean, egitasmo bakoitzaren beharren araberako ikasketa prozesu tekniko bat jaso dute dantzariek, eta, hala, prest dituzte euren lanak ikusleei aurkezteko.

DANTZARIAK ETA LANAK

Iker Arrue. Retratos de la Belle Époque.

Noemi Viana. Duo.

Natalia De Miguel. La vida de los robles.

Aiala Etxegarai. Piel Rota.

BIRIKAK AIRE GARBIZ, ARNASTEN IKASTERA

Napoka Iria bikoteak —argazkian— disko berri bat kaleratuko du egunotan. Lana aurkezteko lehen saioa Donostiako Lugaritz kultur etxean izango da, gaur, 21:00etatik aurrera. Birikak aire garbiz beteta dator bikotea Arnasten ikasteko berriz lanarekin. Oraingoan estudiotik pasatu dira diskoari behar zuen denbora eta dedikazioa eskaini ahal izateko. Gaurko aurkezpenean, taula gainean ikusiko ahal izango dira, halaber, grabazioan parte hartu duten musikariak ere. Tartean, Cafe Teatro, Andrakan edo Bizarra taldeetan aritutako Iban Urizar tronpeta jolea eta Willis Drummond eta Tin Trails taldeetatik igarotako Felix Buff bateria jolea.

“Neure burua ez dut ikusten baserritik kanpo”

Betidanik gustatu izan zaio Joseba Insaustiri (Ordizia, 1977) artzaintza lanetan aritzea. Bere senitartekoak industria sektorean aritu izan dira lanean, baina berak argi izan du betidanik artzaina izan nahi zuela: "Betidanik gustatu izan zait baserria...

Eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestua

Bi sumarioetako auzipetuek Libre dinamika jarri zuten martxan uztailean, eskubide zibil eta politikoen alde egin eta epaiketen aurkako dinamika bultzatzeko. Hainbat profesionalen ekarpenak kontuan hartuta, bost puntuko manifestua osatu zuten, hauexek:...

Nork zaintzen du zaindaria?

Oso zaila da alzheimerrak jotako norbaitekin bizitzea. Maite duzun pertsona guztiz aldatzen du gaixotasunak". Pairatzen dutenena, eta horien senideena, horra alzheimerraren bi aldeak. Naroa Diaz gizarte langileak (Donostia, 1986) gertutik ezagutzen di...

49.155

Gipuzkoako langabeak, irail bukaeran. Langabeziak %2,24 egin du gora azken hilabetean. Guztira, abuztuan baino 1.079 langabe gehiago daude. Iazko iraileko datuen aldean, %6,91 egin du gora langabezia tasak —orduan baino 3.175 langabe gehiago—.

“Ez da erraza ezagutu eta maitatzen dugun pertsonak egiten dituenak onartzea”

Maite Martinez neurologoak Donostiako Ospitalean egiten du lan (Ordizia, 1971). Ondorioz, gertutik ezagutzen du alzheimerra.

Zer da alzheimerra?

Burmuinaren funtzioen galera progresiboa eragiten duen gaixotasun degeneratiboa da, dementzia kausarik ohikoena.

Zeintzuk dira horren sintomak?

Hasieran, oroimen nahasteak eta orientazio arazoak dira sintoma nagusiak. Gaixotasuna hedatzen eta burmuineko beste ataletara zabalduz doan neurrian, sintomak areagotu egiten dira, eta hizkuntzaren murriztea, kalkulurako zailtasuna eta beste hainbat nabarmenago egiten dira. Pertsonaren izaera eta portaera aldatu egiten dira, eta autonomia eta bizi-kalitatea galtzen dute.

Erraza da gaixotasuna antzematea?

Ez beti. Hasieran, sintomak arinak direnean, ez da erraza jakiten ikusten ditugun gauza horiek alzheimerraren hasiera, zahartze prozesu normalaren edo depresio baten ondorio diren. Esplorazio osagarri asko lagungarri diren arren, gaixotasun honen diagnosia nagusiki klinikoa da, eta denbora behar da sintomak argiak izan arte eta narritadura progresibo bat ikusten denera arte.

Zein eragin ditu pertsonengan?

Hasieran, eta izan daiteke denbora luzez, orientatzeko zailtasuna eta oroimen nahasteak dira nagusi. Garai bateko kontuak ongi gordetzen dituzte, eta, aldiz, informazio berria jasotzeko zailtasun handia dute. Erraz uler dezakegu horiek zer eragin izan ditzaketen gure egunerokoan. Behin eta berriz gauza bera galdetu, kalean galdu… Zabalduta dagoenean, afektibitate, nortasun eta portaera arazoak dira nabarmenago: pertsonak bere kabuz bizitzeko ahalmena galtzen du.

Zein faktorek handitzen dute alzheimerra izateko probabilitatea?

Ez dago erabat argi zein den gaixotasun honen jatorria. Antza, gehienetan, genetika eta ingurunearen arteko interakzioaren ondorio da. Gure geneek, neurri batean, gaixotzeko probabilitatea areagotzen dute, baina horren kontra ezin dugu ezer egin. Bakoitzaren bizimoduak eta ohiturek ere badute zerikusirik. Adina da arrisku faktore nagusia. Genetikoki baldintzatuta hainbat kasu goiztiar badiren arren, ez da ohikoena: 65 urte baino gehiagokoetan ikusten dugu nagusiki.

Alzheimerra saihestu daiteke?

Ez erabat. Ongi jateak, kirola egiteak, ohitura osasungarriak izateak eta burua aktibo mantendu eta erabiltzeak laguntzen du.

Nola lagundu diezaiokete lagun eta senideek alzheimerrak jotakoari?

Oso garrantzitsua da haiek gaixotasuna zer den eta nola eragiten duen jakin eta ulertzea. Ez da erraza guk ezagutu eta maitatzen dugun pertsonak esaten eta egiten dituen horiek ulertu eta onartzea. Ez ditu berak egiten, gaixotasunak baizik: dena da errazagoa behin hori barneratuta. Egunerokoan lagundu, maitasunez tratatu, aktibo mantendu; posible bada, etxean goxo eduki, eta hala ez bada, laguntza eskatu.

Gaixotasuna egonkortu daiteke?

Hainbat botikak gaixotasuna egonkortzeko nolabaiteko ahalmena erakutsi dute. Estimulazio kognitiboa deritzonak ere lortzen du neurri batean sintomak atzeratzea. Tratamenduak ikertzen ari dira, eta ziur nago aukera gehiago eskainiko dituela.

392.644

Mugi sistema martxan jarri denetik herritarrek erabilitako Mugi edo Lurraldebus txartelen kopurua. Gipuzkoan 5 urtetik gorako 680.000 lagun daudela kontuan hartuta, biztanleen ia %60k dute Mugi sistemako txartela. Sei hilabete bete zituen irail hasieran.