Pilotari gazteei garapenean laguntzeko proiektua hasi dute

Eskuzko jokamoldean aritzen diren pilotari gazteen maila hobetzeko asmoz, Gipuzkoako Pilota Federazioak Gipeskua teknifikazio proiektua jarri du martxan. Iazko abenduan zuzendaritza berria izendatu eta gero ekin zioten egitasmo berria martxan jartzeari. "Pilota elkarteekin bilerak antolatu ziren, beharrak zein diren ikusteko, eta hor ikusi zen arlo honetan hutsune bat zegoela", azaldu du Juan Karlos Etxeberriak, federazioko kirol zuzendariak.

Aurretik ere teknifikazio proiektu bat izan zen martxan, 2000. urtetik 2005. urtera arte. "Orduan ere antzeko beharra ikusi zen, eta maila gehiago hartu ziren egitasmo horretan", zehaztu du Etxeberriak. Egitasmo hura bertan behera gelditu zen, baina berriz martxan jartzeko aukera ikusi dute. Orain, kadete eta gazte mailakoek hartuko dute parte.

Zenbait klubetan pilotari on samarrak direnentzat entrenamendu taldeak antolatzea zaila dela dio Etxeberriak: "Ez da erraza gazte mailan lau izatea eta, gainera, maila handikoak". Hain justu, klubaren entrenamenduen osagarri gisa, goi mailako gaitasuna dutenek maila bertsuko pilotariekin entrenatu ahal izatea da proiektuaren abiapuntua. "Zuzendaritzak uste zuen hutsune bat zegoela, eta hori baieztatu zuen elkarteekin egindako bileretan", azaldu du Etxeberriak. "Pilotarien garapenean laguntzea da asmoa".

Izena emateko prozesua ireki eta hamazazpi kadetek eta 28 gaztek eman zuten izena. Uztailean bina entrenamendu saio egin zituzten horiekin, eta horren ondoren, proiektuko teknikarien eta zuzendaritza batzordeko kideen artean hautatuen zerrenda erabaki zuten. Hamaika kadete eta hamahiru gazte ariko dira, eta hamabostean behin egingo dute saio teknikoa maila bakoitzeko pilotariek. "Horrekin batera, prestakuntza fisiko pertsonalizatua egingo dute, eta astero-astero egin beharreko lana banatuko zaie", zehaztu du Etxeberriak.

Hiru prestatzaile ariko dira teknifikazio proiektua aurrera eramaten: Iraitz Olaetxeak saio teknikoaren ardura izango du, hau da, frontoian egingo den lanaz arduratuko da, eta Unai Munduatek eta Unai Legarretak prestakuntza fisikoa antolatuko dute. Legarretak frontoiko saioetan ere parte hartuko du.

Gravn txapelketari, hau da, Hego Euskal Herriko herrialdeetako eta Errioxako selekzioek jokatzen duten lehiaketari begira lagungarri izatea nahiko lukete federaziokoek. "Bi mailetatik gazteek bakarrik parte hartzen dute", dio Etxeberriak. "Txapelketako entrenamenduak hasten direnean, ikusiko dugu gazteen teknifikazio saioei nola eragiten dieten".

Exijentzia handiagoa

"Proiektu ederra da, oso ideia ona da", esan du Javier Genbeltzu Lazkaoko Lapke pilota elkarteko lehendakariak eta ordezkariak. Egitasmoaren berri jaso zutenean, hautatuak izateko aukera ikusten zieten bi pilotariren izena eman zuen elkarteak, eta azken zerrendan sartu dira biak.

Bi ezaugarri nabarmendu ditu Genbeltzuk teknifikazio proiektuan: "Teknikariak oso prestatuta daude, eta pilotariek maila handiko beste kirolariak izango dituzte ondoan saioetan, eta horrek entrenamenduak kalitate handiagokoak izatea ekartzen du". Elkarteetan egiten diren entrenamenduetan denetariko mailak daudela dio Genbeltzuk, eta horrek saioen kalitatean eragina duela gaineratu du.

Elkarteetako entrenatzaileak pilotarekin lotura dutenak izan ohi direla dio Genbeltzuk, "pilotan jokatzen dutenak edo pilotari ohiak, baina, oro har, prestatzaile izateko ikasketa teknikorik gabeak". Teknifikazio egitasmoaren arduradunak horretarako prestatuta daudela gaineratu du, "praktikan zein teorian".

Egitasmoaren martxa nolakoa den pilotariek azalduko dutela esan du Genbeltzuk, eta aukera aprobetxatuko dutela uste du: "Maila berekoak izateak entrenamenduak gogortu egiten ditu, eta pilotariak beste puntu bat eman behar du, gehiago exijitzen zaio, eta hortik dator hobekuntza. Aurkariak erdipurdikoak badira, ez duzu hobetzen".

Aurkariak entrenamenduetan

Bestalde, Lazkaon ezin direla kexatu dio bertako ordezkariak: "Nik uste dut Goierrin erreferentzia garela. Entrenamenduen eta txapelketen kudeaketa ona egiten dugula uste dut, eta horren seinale da inguruetako pilotariak hona etortzea".

Asier Arteagak 17 urte ditu, eta Lasarteko Intza elkarteko pilotaria da; gazte mailako bigarren urtean dago, eta aurrelari gisa aritzen da. Teknifikazio proiektuan parte hartzeko aukeratu dute, eta haren mailakoek datorren astean egingo dute lehenengo saioa. "Egingo ditugun entrenamenduek oso erakargarriak dirudite", dio Arteagak. "Elkarrekin gutxitan egoten garen pilotariak egongo gara. Besteak hobeto ezagutzeko eta prestaketa ezberdinak egiteko oso ondo etorriko zaizkigu". Izan ere, parte hartzaileek elkarren aurka askotan jokatu izan dute, baina elkarrekin gutxitan entrenatu dira.

Lasarten, batez ere, frontoia bera lantzen dutela azaldu du Arteagak, eta proiektu berriarekin prestakuntza fisikoa lantzea "oso interesgarria" iruditzen zaio. "Egiten den guztia hoberako izango da, eta gerora nik uste dut hori nabarituko dela". Arteaga hurrengo denboraldian afizionatu mailan ariko da. Profesionaletan aritzea "zaila" dela dio, baina saiatu egin behar dela gaineratu du pilotari lasartearrak: "Denok hori lortu nahi dugu, baina oraindik bide luzea geratzen zaigu".

Enpresa profesionalak kadete eta gazte mailetan daudenean hasten dira pilotari gazteei segimendua egiten. Etxeberriaren ustez, adin tarte hori "nahiko klabea" da aurrera begira pilotariak egingo duen ibilbidean. Erik Jaka eta Beñat Rezusta gipuzkoar gazteek aurten egin dute debuta profesionaletan. Bide bera egitea lortzeko aprobetxa dezakete teknifikazio egitasmoan parte hartzeko hautatu dituzten pilotariek.

Gomuta-lekuak eta memoria kolektiboak

Amaia Serranok Gatazken lorratzak (Utriusque Vasconiae, 2012) liburuan memoria kolektiboa eta memoria historikoa bereizteko premiaz jarduten du. Serranoren hitzetan, memoria kolektiboa "talde jakin batek bizi izandako esperientzia esanguratsuen oroitzapen hautatuen talde-eraikuntza" dugu; eta memoria historikoa, ordea, "talde batentzat gertukoegi izateari utzi eta jada gainditutzat hartzen diren gertaeren eraikuntza". Bide horretatik, eta Pierre Nora historialariaren esanak bere eginez, memoria-mota horiek gomuta-leku jakin batzuk gorpuzten dituztela dio Serranok: "Memoria historikoak oroitzapenerako espazioak eraiki egiten ditu (monumentu, museo eta abarren bitartez) eta memoria kolektiboak jada badiren espazioei esanahi sinbolikoa eman eta gomuta-leku bilakatzen ditu". Oroitzapenerako espazio gutxi ireki dira gurean azkenaldian, oraindik ere, eztabaidagai dugula zer, nola eta zertarako oroitu, eta batez ere sinboloak ditugula hizpide.

Espazioak sinbolo bihurtzeko joera horretan, leku-izenek garrantzi berezia izan dute Espainiako Estatuaren historian. Bi norabidetan sortu dira leku-izenen inguruko sinboloak: batetik, espazio zenbait gertaera baten lekuko izateagatik bihurtu dira sinbolo (ezagunena, Gernika); bestetik, memoria kolektiboa eraikitzeko bide nagusietariko bat bilakatu da kale-geografiaren izendatzea (eta berrizendatzea). Espazio kolektiboa nork bere sinboloz hornitzea dute helburu biek, kale-espazioaz jabetzeko, nork bere memoria kolektiboa ikusgarri egiteko.

Kale-geografiaren (berr)izendatze horretan, gatazka-leku bihurtu ohi dira leku-izenak eta kale-izenak, izan ere, nork boterea edo eskumena izan, hark leku- eta kale-izenak aldatzera jo ohi du, pertsonaren bat omentzeko asmoz, edo gertaeraren bat gogorarazteko asmoz. (Berr)izendatze horiek gatazka-leku bihurtu direlako, hain zuzen ere, maiz eraso egin zaie plaka horiei, desadostasuna agertzeko, bateko ala besteko.

Gerren memoria eraikitzerakoan gatazka-leku funtsezko bihurtu dira kale-izenak XIX. mendetik, eta egun ere halaxe da: izendegi frankistaren aurkako hainbat ekimen egin dira, kaleetan izen frankistak desagertzeko asmoz. Bestalde, epaitegiek plaka ugari kentzeko agindua eman dute hainbat herritan, udalek edo herritarrek jarritakoak, herritarren bat oroitzeko (adibidez, hauen omenez jarritakoak: Txiki eta Otaegi, Igor Angulo…).

36ko gerraren eta nazio-gatazkaren memoriaz jarduten duten elkarteek ez ezik, feminismoak ere borroka-lerro nagusitzat izan ditu kale-izenak, bai emakume-izenen portzentajea eskasa zela gogora ekarriz, bai emakumeon askapenerako borrokan ikur izan diren gertaerak eta pertsonak gogora ekartzeko beharra aldarrikatuz. Zoritxarrez, oraindik ere ahulegia da memoria kolektiboan emakumeon askapenerako mugimenduko gertaerek eta kideek duten ikusgarritasuna, eta horregatik, zenbait espazio publiko ere sinbolo bilakatzeari lotu zaio mugimendu feminista. Esaterako, euskal herritar gehienen imajinario kolektiboan Burgoseko epaiketak lekutxo bat du ziur asko, oihartzun urrun gisa bada ere; Basauriko epaiketa, aldiz, ez da tamaina berean errotu imajinario kolektiboan. Egun bereziki gogora ekarri beharreko borroka dugu huraxe, berriro ere abortuaren aurkako mehatxua gori-gori dagoenean. Halako gertaerak eta espazioak sinbolo bihurtzeko ekimenak abiatu ditu mugimendu feministak, besteak beste, "emakumeen aztarnen mapak" sortzeko egitasmoak abian jarriz.

Kale-geografiari erreparatu baino ez dago, oraindik ere memoria kolektibo zenbait (frankistena, militarrena, errege-erreginena…) oso bizirik daudela ohartzeko, eta beste memoria kolektibo ugari (emakumeena, langileena, 36ko gerrako eta nazio-gatazkako errepresaliatuena…), aldiz, kale gose.

Organo zaharberritua

Musika

Bidania-Goiatz

Urtebete inguru igaro eta gero, bukatu dituzte Bidaniako San Bartolome parrokiako organoa zaharberritzeko lanak. Hori ospatzeko "organoaren berrinaugurazio ekitaldia" antolatu du organo batzordeak gaur arratserako San Bartolome parrokian bertan.

Gipuzkoan eta Euskal Herrian dauden organoen artean bikainenetakotzat jotzen da Bidaniako San Bartolome parrokian dagoena. Cavaille-Col etxeak egina da, eta 1902. urtean, Bidaniako Muñoa sendiak 32.000 frankoren trukean erosi ostean, dohaintzan parrokiari eman zion. San Bartolome parrokiako organo batzordeak orain urtebete ekin zion zaharberritzeko lanari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Gotzaitegiaren, Kutxabanken eta hainbat herritarren laguntza izan du horretarako. Horregatik, behin zaharberritzea amaituta, eskerrak eman nahi izan dizkie laguntzaile guztiei. Zaharberritze lanez, Otxandioko (Bizkaia) J. Sergio del Campo & Alejandro Turanzas S.C. enpresa arduratu da.

Musika eta ahotsa

Zaharberritzea amaituta, beraz, organoaren "berrinaugurazioa" antolatu dute organo batzordeko kideek. Hala, gaur 19:00etan San Bartolome parrokian abiatuko den emanaldian Jose Luis Frantzesena organo jolea, Jon Aramendi tronpeta jolea eta Mariatxen Urkia sopranoa arituko dira. Guztira, bederatzi piezaz gozatzeko aukera izango da bertan. Horietatik hirutan Frantzesena soilik ariko da organoa jotzen. Pare bat tronpetarekin uztartuko dituzte, beste bitan organoaz gain ahotsak izango du presentzia, eta amaitzeko, pieza batean hiru artistak arituko dira elkarrekin.

Batzordea oso pozik dago zaharberritzearekin: "Gure aurrekoek gu ezagutu gabe, guganako maitasunez dohaintzan eman ziguten organo pare gabe hau. Guk ere, ondorengoak ezagutu gabe, haienganako maitasunez zaharberritu dugu". Gainera, musika tresnari etorkizunean ere probetxua ateratzeko asmoa agertu dute organo batzordekoek: "Erabili dezagun gure organo hau eliz funtzioetarako eta gure kultura aberasteko. Liturgiaren eta kulturaren aldetik begiratuz gero, sekulako altxorra dugu eta esku artean".

Gipuzkoan alzheimerra duten lagunak.

Mendekotasunen bat duten 25.857 gipuzkoarretatik, 5.100 alzheimerrak jotakoak dira. Gehienetan, %73 emakumeak dira. Datua gaixotasuna diagnostikatuta dutenena da: diagnostikatu gabeko "jende asko" dagoela uste da.

MUSIKA LASAIA ‘URTE AURREN’ FESTAN

Musika lasaia eta goxoa egiten duen talde sortu berria da Dhuna. Bizipen pertsonalak eta hausnarketak dira abestietako gaiak; akordeoi, piano, gitarra eta perkusio soinuak, berriz, doinuen oinarriak. Irati Badiola zegamarrak, Nerea Iztueta gabiriarrak...

Santa Fe usaina

Bost zentzumenetatik bat baztertzera behartuko banindute, ez dakit zein aukeratuko nukeen, edo, hobeto esanda, ez dakit zeini muzin egingo niokeen. Neure buruari galdera hori egin diodanean nahiko garbi neukala iruditu zait hasiera batean, baina pentsatzen joan ahala, arrazoitzen nindoan bitartean, hain garbi nuen ideia hura lausotzen hasi da. Ikusmena ez nuke galdu nahi inondik inora; iluntasunak beldurtu egiten nau, eta orientazio zentzuaren arrastorik ez daukat. Batzuek orientazio ona dute, beste batzuek txarra, edota erdipurdikoa. Nik ez, nik, besterik gabe, ez daukat. Orientaziorik gabe jaio nintzen; behin amak kontatu zidan forcepsekin jaio nintzela, ur zikinak irensten ari nintzelako; ez, ama, tramankulu horiekin jaio nintzen biderik aurkitzen ez nuelako, seguru galduta nenbilela, ez atzera, ez aurrera, alboetara ezin… Desesperatuta nenbilela burni hotz horiek buru hezurrean sentitu nituenean ze lasaitua hartu nuen ez dakizu oraindik! Nola arituko nintzen ba ni ur zikinak irensten? Jogurtari gaineko likido hori kendu egiten diot-eta nazka ematen didalako!

Dastamena ere ez nuke galdu nahi, hainbeste gozatzen dut janariarekin… Munduko plazer onenetako bat dela iruditzen zait, eta hemen dugun gastronomiarekin pekatua litzateke dastatzeko gaitasunik ez izatea. Entzumenari dagokionez, batzuetan zenbait gauza ez entzutea nahiago badut ere, ez dut imaginatzen nire mundua erabateko eta betiereko isiltasunean. Ukimenari buruz zer esan? Ez dakit zergatik, baina ez nuke baztertuko, agian zentzumenik arrazionalenetako bat dela iruditzen zaidalako, hain da fisikoa, errealitatearen eta fantasiaren arteko aldea nabarmentzen baitu.

Usaimena bakarrik gelditzen zait. Zentzumen bat galtzekotan, usaimena galduko al nuke? Nola ordea! Usaina… Toki bakoitzak du bere usaina, momentu bakoitzak, oroitzapen bakoitzak. Niretzat, udak laranjondo-lorearen eta Ecran after sun-aren usaina du; atsedenak kandela eta liburu usaina du, eta goizek kafesnezopa usaina dute. Ez dakit nola etsiko nukeen ezer usaitzerik izango ez banu; nolabait oroitzapenak ere galtzeko bide bat litzateke. Nire haurtzaroak mila usain ditu, gertu ditudan bakoitzean zoriontsu egiten nautenak. Akabo, sentibera jartzen hasi orduko, herriminak edo festa gogoak bultzatuta Zaldibiak momentu honetan duen usainaz gogoratu naiz; Santa Fe usaina du, alegia, mondeju usaina. Badakit ez dela batere poetikoa, baina niri jateko kontuekin broma gutxi!

Alois Alzheimer (1864-1915) gaitza identifikatzen lehena

Buruko eritasun bat zuen emakume baten autopsia egiten ari zela aurkitu zuen gaixotasuna. Egitura berezi batzuk zituen garunean, eta egitura horiek berak agertzen dira orduz geroztik haren izena daraman eta oraindik ere jatorriz ezezaguna den gaitzak ...

Andreak, garapen sortzaileak

Emakumeek jabekuntza lortzeko bidean ale bat jarri nahian, Haurralde fundazioak, Malen Etxeak, Goierri garaiko Eraldatzen elkarteak eta Hitzez Euskal Herriko landa eremuko emakume elkarteak biltzar bat egingo dute urriaren 16tik 19ra Zumaian, Emakumeak Garapen sortzaileak proiektuaren barnean. Landa eremuko emakumeen lana izango da kongresuaren ardatzetako bat, eta bertan Euskal Herriko, Espainiako, Afrikako eta Latinoamerikako emakume elkarteen ahotsak bilduko dituzte. Proiektuaren helburu nagusia, hala ere, ekonomiaren alorrean emakumeen eskubideak bermatuko dituzten ekintzak sustatzea da.

Biltzarraz gain, proiektuak beste bi ekintza batzen ditu. Lidergoa eta boterea aztergai izango dituzte Donostiako San Telmo museoan azaroaren 21erako eta 22rako antolatu dituzten jardunaldietan. Gobernuz kanpoko erakundeei eta emakume elkarteei begira, tokian tokiko ekintzak izango dituzte hizpide. Patricia Ponce Haurraldeko zuzendariak azaldu duenez, ikuspegi lokaletik nazioartera begira lan egingo dute: "Eremu globalera iristeko, esparru lokalean eragin dezaketen ekintzez arituko gara".

Horrez gain, Diruaren sexu ezkutua erakusketa ibiltaria azaroan abiatuko da Gipuzkoan barrena. Bertan ikusi ahalko dira uda partean Gipuzkoako hainbat herri bildu dituzten diru zorroak. "Diru zorro horiek emakumeen autonomia ekonomikoaren sinboloa dira", Poncek azaldu duenez. "Emakumeek autonomia hori denboran ehundu dute, eta diru zorroek hori ederki irudikatzen dutela uste dugu".

Erakusketaren osagarri, dokumental bat egiten ere ari dira, eta bertan agertzeko, belaunaldiz belaunaldi, landa eremuko emakumeen testigantzak jasotzen ari dira. Horrenbestez, amamen, amen, alaben eta biloben lekukotzak biltzen ari dira. Erakusketa Donostiako Emakumeen Etxean inauguratuko dute, azaroaren 22an.

Baserrietara begira

Proiektu horren osagai guztien helburua emakumeak ahalduntzea bada ere, hori elikatzeko memoria historikoari erreparatu nahi diote. Emakumea ekonomiaren zutabe gisa agertuko dute, eta, horretarako, emakume baserritarren adibidea ekarriko dute.

Ponceren esanetan, "landa eremuko emakumeak identitate berri baten ikurra dira, eta esan daiteke azken hamarkadan nolabaiteko estatusa erdietsi dutela". Landa turismoa adibide gisa jarrita, "baserriak ustiatzeko era berrietako bat" azaldu du Poncek.

Haurralde fundazioko zuzendaria, hala ere, landa eremuko belaunaldien artean segidarik egongo ez den beldur da: "Euskal Herrian oso zabalduta dago baserriko lana gogorra delako ideia. Horrek baserritarrekiko enpatia sortzen duen arren, gazte asko baserritik alde egiten ari dira. Katea eteten bada, kultura horren zati handi bat galduko dugu". Haurralde fundazioak, Malen Etxeak, Eraldatzen-ek eta Hitzez elkarteak landa eremuko kultura hori emakumeen zein gizarte osoaren ondaretzat dutenez, memoria historiko hori gordetzea da proiektuaren helburuetako bat.

Urrian egingo duten biltzarrean, ordea, ez diote soilik lehenengo sektoreari erreparatuko. Ekonomiaren ikuspegi zabalagoa landuko dute, eta ekonomiaren alorrean jabekuntza erdiesteko egin dena eta egiteke dagoena aztertuko dute. Gogoeta horretatik eragin politikoa izango duten ekintza kolektiboak bultzatu nahi dituzte.

Hegoaldeko emakumeak

Heziketari eta enpleguari esker aurrerapausoak eman direla onartu du Poncek, baina "ekonomiaren eta lanaren alorrean genero berdintasunik ez" dagoela ere badio. Oraindik ere, gehienetan, ordaindu gabeko lanak emakumeen eginkizun dira, hala nola etxeko lanak eta zaintza lanak. Ponceren ustetan, "emakumeek etxetik kanpo izan ditzaketen lan aukeretan eragin dezakete, baita bizitza publikoan eduki ditzaketen parte hartze espazioetan ere".

Ordaindu gabeko lanez gain, ordaindutakoak baina erregulatu gabekoak aipatu ditu Haurraldeko zuzendariak, eta ekonomiaren sektore horretan emakumeak "asko" direla dio, "are gehiago hegoaldeko herrialdeetan". Beste ñabardura bat ere gehitu du: "Krisi garaian emakume gehiago hasten da lanean, baina sarri lan baldintza kaskarrak izaten dira". Jabetzea ez dator enpleguaren eskutik soilik, "ikuspegi holistikoa behar da, arlo ekonomikoa, soziala eta politikoa batzen dituena".

Ikuspegi horren bila arituko dira Euskal Herriko, Espainiako, Afrikako eta Latinoamerikako emakumeak Zumaian egingo duten biltzarrean.

Ideietatik harago, ekintzak ipini nahi dituzte mahai gainean. Are gehiago, ekintza horiek gerturako zein urrutirako baliagarriak izan daitezela nahi dute, hala euskaldunentzat nola Mozambike eta Boliviako emakumeentzat. Azken batean, lau elkarteek sareak sortu nahi dituzte elkarlanaren bidez, eta sare horien bidez emakumeek ekonomian izan duten tokia aldarrikatu eta ahalduntzearen bidea elkarrekin jorratu.

Laguntzak bermatzeko asmoz

Zenbait udaletan amaitu dute dagoeneko gizarte larrialdietarako dirua, eta Eusko Jaurlaritzak baieztatu du ez duela diru gehiago jarriko, ez daukalako. Behin diru sail horiek amaituta, udalak ez daude derrigortuta laguntza hori ematen jarraitzera, baina bide hori hartu dute askok.

Ordainketak egiteko behar beste baliabiderik ez eta horren ondorioz "kalte itzulezinak" jasateko arriskua dutenei ematen zaie larrialdiko gizarte laguntza. Jaurlaritzak zenbait kontzeptu definitzen ditu, eta zertarako eta zenbat diru emango duen erabakitzen du: hipoteka edo alokairua, hondatutako etxetresna elektrikoak eta argindarra eta antzeko fakturak ordaintzeko balio dute gizarte larrialdietarako laguntzek. Dirua ere Jaurlaritzatik ateratzen da, harena baita eskumena, eta herri bakoitzaren biztanleriaren eta pobrezia mailaren arabera finkatzen ditu laguntzak. Horiek jendeari helaraztea udalen ardura da, eta udal irizpide propioak sor ditzakete diru hori banatzeko.

Krisiak gero eta familia gehiago utzi ditu beharrean, eta Jaurlaritzak laguntza horietarako jarritako dirua ez da nahikoa. Abuztuan zenbait udalek jakinarazi zuten 2013an banatzeko dirua bukatu zaiela dagoeneko, eta legez horretara derrigortuta egon ez arren, euren dirutik jartzen hasi direla. Udal guztiak ez daude egoera berean. Batzuen eta besteen errealitatea ezagutzeko, hainbat herritako kasuak aztertu ditu Gipuzkoako Hitza-k.

1. Arrasate

Urte osoan laguntzak bermatzeko bereizitako dirua erabiltzen hasiak dira Arrasaten. Udalari 128.165,25 euro eman zizkion Jaurlaritzak, baina, aurreko urteetan gertatu gisa, diru gehiago beharko zutela sumatu, eta udalak nahita gorde zuen 350.000 euroko kopurua zeregin horretarako. Azken horretatik, 254.000 euro konprometituak dituzte dagoeneko, urte osorako onartu dituzten laguntzetan, eta horietatik 151.246 euro ordaindu dituzte jada.

Azken hiru urteetan Jaurlaritzak emandakoa baino diru gehiago behar izan dute Arrasaten eskaera guztiei aurre egiteko, eta, kasu guztietan, laguntzak eman dituzte. "Derrigortuta ez gauden arren, guretzat laguntza hauek bermatzea lehentasunezkoa da", dio Amaia Larrañaga gizarte zerbitzuetako zinegotziak.

2. Donostia

Abuztuan amaitu zen gizarte larrialdietarako diru laguntza Donostian, Tere Barrenetxea teknikariak azaldu duenez. Jaurlaritzak 1.182.857,35 euro eman zizkion hiriburuari zeregin horretarako, eta uztail erdirako emanak zituen 1.284.000 euro. Hau da, 100.000 euro jarriak zituen ordurako, eta, urtea amaitzeko, bere dirutik jartzen jarraituko du Donostiako Udalak: "Diru hori amaituta, udalak erabaki dezake laguntzak etetea, edo hemendik aurrera banatzen direnak gutxiagotzea". Barrenetxeak azaldu duenez, Jaurlaritzak emandako dirua amaitu egingo zela konturatu zirenean, udalean galdetu zuten ea hortik aurrera laguntza eske joaten zirenei laguntza txikiagoa emango zieten edo ez. Erantzuna ezezkoa izan zen: laguntzak ordura arte bezala bermatzea erabaki zuten, diru hori udalaren poltsikotik aterako zela jakinda ere.

Jaurlaritzak "atea gehiago edo gutxiago" zabaltzen duen, horren arabera eskaera gehiago edo gutxiago izaten dira. Barrenetxearen arabera, pixkanaka hazten doa laguntza hori eskatzen dutenen kopurua, baina garrantzitsua iruditzen zaio kontuan hartzea gastatzen denak "zerikusi zuzena" duela herritarrei aitortzen zaizkien eskubideekin: "Aitortzen dituzun eskubideen arabera, diru gehiago edo gutxiago gastatuko duzu".

3. Errenteria

289.706,50 euro eman zizkion Errenteriako Udalari Jaurlaritzak, eta maiatzaren amaierarako, 145 euro soilik geratzen zitzaizkion. Jon Txasko gizarte gaietarako zinegotziak baieztatu duenez, beste 150.000 euro inguru jarriko ditu aurten, guztira, Errenteriak: "Baztertuak geratzeko arriskuan daudenen eta baztertuta bizi direnen egoera arintzeko erabili dugu, batik bat, diru hori". Txaskoren arabera, larri dauden familiei laguntzea da udalaren helburu nagusia, etxe kaleratzeak saihestea, kasurako: "Urte hasieran Jaurlaritzak definitutako kontzeptu guztietan eman genituen laguntzak, baina diru hori amaitzen ari zela ikustean, batez ere, etxearen alokairuarekin edo hipotekarekin lotutako eskaerak markatu genituen lehentasunezko gisa".

Hala, ekainetik aurrera, gainontzeko laguntzak eten zituzten, etxerik gabe gelditzeko arriskuan zeudenei laguntzeko. "Ahalegin handia" izan arren, laguntzak ematen jarraitzea "merezi du" Txaskoren ustez: "Udalaren egoera ekonomikoa ez da batere ona, baina ezin diegu bizkarra eman larri dauden familiei". Errenterian ere nabaritu dute eskaeren gorakada —aurten 384 eskaera onartu dituzte jada—. Gorakada handiena etxebizitzaren alokairua edo hipoteka ordaintzeko eskaeretan izan dutela azaldu du Txaskok.

4. Ordizia

79.051,05 euro eman dizkio aurten Ordiziako Udalari Jaurlaritzak, gizarte larrialdiko laguntza gisa banatzeko. Ezer banatu baino lehen, Jaurlaritzak ezarritako diru laguntzei jarraiki urte bukaerara iritsiko ote ziren aurreikusi zuten Ordizian, Jone Herrero gizarte zerbitzuetako langileak jakinarazi duenez: "Eskatzaile posibleen eta banatu beharreko kopuruaren arteko kalkulua eginda, bagenekien Jaurlaritzak emandako diruarekin ez ginela urte bukaerara ailegatuko". Izan ere, Jaurlaritzak kontzeptu bakoitzeko gehieneko diru kopurua ezartzen du, baina udalek irizpide propioak gara ditzakete laguntza horiek banatzeko: "Gure kalkuluen arabera, apirilean jada dirurik gabe geratuko ginateke, eta eskaera egin zezakeen orori laguntza bermatzeko, kontzeptu bakoitzerako ematen den diru kopurua murriztea erabaki genuen". Beraz, kopuru txikiagoa eman arren, "eskatzen duten guztiengana heltzea" lortu nahi dute.

Herrerok dioenez, Jaurlaritzak udalei jakinarazi zien urte hasieran ez zirela diru sail horiek handituko, eta "udalen egoera ez denez oso ona", irizpide propioak aplikatzea erabaki zuten Ordizian. Herrerok dioenez, "murrizketa nahiko zorrotzak" egin dituzte, baina, horri esker, oraindik ez dute amaitu 2013an banatzeko jasotako dirua: 5.000 euro inguru geratzen zaizkie oraindik.

Laguntza horientzako diru saila amaituko balitzaie, ez litzateke lehenengo aldia izango. "Kasu horretan, udalak bi aukera ditu: aurrekontuetan beste gai batzuetarako gordetako dirutik hartzea, edo behin bukatu ostean, laguntza eske datorrena ezer gabe uztea. Gure kasuan, beti erantzun diegu laguntza eskatu dutenei".

5. Urretxu

Bukatu dira, Urretxun ere, larrialdiko gizarte laguntzak. Gauzak horrela, laguntzak ez etetea eta udalaren diruarekin eskaerei erantzuten jarraitzea erabaki dute, Iñaki Arriaran gizarte langileak azaldu duenez: "Beste alor batzuetarako gordeta zegoen diruarekin ari gara eskaerei aurre egiten". Jaurlaritzak 39.709,20 euro eman zizkion Urretxuri, eta urtea bukatzerako beste 15.000 euro jarri beharko dituztela baieztatu du Arriaranek. Laguntzak banatzeko, udal irizpide bati jarraitu ohi dio Urretxuko Udalak: "Jasotako eskaeren artean, lehentasunezkoak direnak banatzen ditugu lehenengo, oinarrizko beharrei lotuak, eta, adibidez, etxetresna elektrikoak berritzeko edo antzekoetarako laguntzak urte amaieran banatzen ditugu, gelditzen den dirutik".

Ez da lehenengo aldia Urretxun larrialdiko gizarte laguntza amaitu zaiena: "Denetik ezagutu dugu. Batzuetan ez dugu jasotako diru guztia banatu, eta hori itzuli egiten zaio Jaurlaritzari, baina amaitu zaigunetan udalak bere dirutik jarri du eskaera guztiei erantzun ahal izateko". Aurten, baina, eskaerek gora egin dute: "Urte hasieran iazko jende bera etorri zen, baina gerora jende berria ere etorri da". Urte hasieran 33 lagun joan ziren udalera laguntza eske, eta dagoeneko 41i eman diete laguntza. Eskatzaileak, gehienbat, emakumeak direla dio, "eta batzuek kontrakoa pentsatuko duten arren", Euskal Herrikoak direla. Eskaeren gorakadak legediaren aldaketarekin zerikusia duela dio Arriaranek, eskuratzeko baldintzak malgutzearekin bat, jende gehiagok baitu laguntza horiek eskatzeko eskubidea.

6. Villabona

Uztailean bukatu zuten Villabonan Jaurlaritzak emandako gizarte larrialdietarako dirua, hau da, 41.208,30 euroko diru saila. Dena den, udalak zerbitzu horretarako propio gordetako diruari esker, laguntza banatzen jarraitu du ordutik, gizarte zerbitzuetakoek jakinarazi dutenez: "Egoera zaila eta Jaurlaritzaren murrizketak aurreikusita, udalak aurrekontuetan diru sail handiagoa bereizi zuen, baliabide gutxien duten herritarrak babesgabe geratzeko arriskua zegoelakoan". Villabonako Udalak baieztatu du urtea amaitzeko nahikoa izango dela gizarte larrialdiko laguntzetarako udalak gordetako dirua, eta politika sozialak lantzen jarraituko duela.