Gomuta-lekuak eta memoria kolektiboak

Amaia Serranok Gatazken lorratzak (Utriusque Vasconiae, 2012) liburuan memoria kolektiboa eta memoria historikoa bereizteko premiaz jarduten du. Serranoren hitzetan, memoria kolektiboa "talde jakin batek bizi izandako esperientzia esanguratsuen oroitzapen hautatuen talde-eraikuntza" dugu; eta memoria historikoa, ordea, "talde batentzat gertukoegi izateari utzi eta jada gainditutzat hartzen diren gertaeren eraikuntza". Bide horretatik, eta Pierre Nora historialariaren esanak bere eginez, memoria-mota horiek gomuta-leku jakin batzuk gorpuzten dituztela dio Serranok: "Memoria historikoak oroitzapenerako espazioak eraiki egiten ditu (monumentu, museo eta abarren bitartez) eta memoria kolektiboak jada badiren espazioei esanahi sinbolikoa eman eta gomuta-leku bilakatzen ditu". Oroitzapenerako espazio gutxi ireki dira gurean azkenaldian, oraindik ere, eztabaidagai dugula zer, nola eta zertarako oroitu, eta batez ere sinboloak ditugula hizpide.

Espazioak sinbolo bihurtzeko joera horretan, leku-izenek garrantzi berezia izan dute Espainiako Estatuaren historian. Bi norabidetan sortu dira leku-izenen inguruko sinboloak: batetik, espazio zenbait gertaera baten lekuko izateagatik bihurtu dira sinbolo (ezagunena, Gernika); bestetik, memoria kolektiboa eraikitzeko bide nagusietariko bat bilakatu da kale-geografiaren izendatzea (eta berrizendatzea). Espazio kolektiboa nork bere sinboloz hornitzea dute helburu biek, kale-espazioaz jabetzeko, nork bere memoria kolektiboa ikusgarri egiteko.

Kale-geografiaren (berr)izendatze horretan, gatazka-leku bihurtu ohi dira leku-izenak eta kale-izenak, izan ere, nork boterea edo eskumena izan, hark leku- eta kale-izenak aldatzera jo ohi du, pertsonaren bat omentzeko asmoz, edo gertaeraren bat gogorarazteko asmoz. (Berr)izendatze horiek gatazka-leku bihurtu direlako, hain zuzen ere, maiz eraso egin zaie plaka horiei, desadostasuna agertzeko, bateko ala besteko.

Gerren memoria eraikitzerakoan gatazka-leku funtsezko bihurtu dira kale-izenak XIX. mendetik, eta egun ere halaxe da: izendegi frankistaren aurkako hainbat ekimen egin dira, kaleetan izen frankistak desagertzeko asmoz. Bestalde, epaitegiek plaka ugari kentzeko agindua eman dute hainbat herritan, udalek edo herritarrek jarritakoak, herritarren bat oroitzeko (adibidez, hauen omenez jarritakoak: Txiki eta Otaegi, Igor Angulo…).

36ko gerraren eta nazio-gatazkaren memoriaz jarduten duten elkarteek ez ezik, feminismoak ere borroka-lerro nagusitzat izan ditu kale-izenak, bai emakume-izenen portzentajea eskasa zela gogora ekarriz, bai emakumeon askapenerako borrokan ikur izan diren gertaerak eta pertsonak gogora ekartzeko beharra aldarrikatuz. Zoritxarrez, oraindik ere ahulegia da memoria kolektiboan emakumeon askapenerako mugimenduko gertaerek eta kideek duten ikusgarritasuna, eta horregatik, zenbait espazio publiko ere sinbolo bilakatzeari lotu zaio mugimendu feminista. Esaterako, euskal herritar gehienen imajinario kolektiboan Burgoseko epaiketak lekutxo bat du ziur asko, oihartzun urrun gisa bada ere; Basauriko epaiketa, aldiz, ez da tamaina berean errotu imajinario kolektiboan. Egun bereziki gogora ekarri beharreko borroka dugu huraxe, berriro ere abortuaren aurkako mehatxua gori-gori dagoenean. Halako gertaerak eta espazioak sinbolo bihurtzeko ekimenak abiatu ditu mugimendu feministak, besteak beste, "emakumeen aztarnen mapak" sortzeko egitasmoak abian jarriz.

Kale-geografiari erreparatu baino ez dago, oraindik ere memoria kolektibo zenbait (frankistena, militarrena, errege-erreginena…) oso bizirik daudela ohartzeko, eta beste memoria kolektibo ugari (emakumeena, langileena, 36ko gerrako eta nazio-gatazkako errepresaliatuena…), aldiz, kale gose.

Organo zaharberritua

Musika

Bidania-Goiatz

Urtebete inguru igaro eta gero, bukatu dituzte Bidaniako San Bartolome parrokiako organoa zaharberritzeko lanak. Hori ospatzeko "organoaren berrinaugurazio ekitaldia" antolatu du organo batzordeak gaur arratserako San Bartolome parrokian bertan.

Gipuzkoan eta Euskal Herrian dauden organoen artean bikainenetakotzat jotzen da Bidaniako San Bartolome parrokian dagoena. Cavaille-Col etxeak egina da, eta 1902. urtean, Bidaniako Muñoa sendiak 32.000 frankoren trukean erosi ostean, dohaintzan parrokiari eman zion. San Bartolome parrokiako organo batzordeak orain urtebete ekin zion zaharberritzeko lanari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Gotzaitegiaren, Kutxabanken eta hainbat herritarren laguntza izan du horretarako. Horregatik, behin zaharberritzea amaituta, eskerrak eman nahi izan dizkie laguntzaile guztiei. Zaharberritze lanez, Otxandioko (Bizkaia) J. Sergio del Campo & Alejandro Turanzas S.C. enpresa arduratu da.

Musika eta ahotsa

Zaharberritzea amaituta, beraz, organoaren "berrinaugurazioa" antolatu dute organo batzordeko kideek. Hala, gaur 19:00etan San Bartolome parrokian abiatuko den emanaldian Jose Luis Frantzesena organo jolea, Jon Aramendi tronpeta jolea eta Mariatxen Urkia sopranoa arituko dira. Guztira, bederatzi piezaz gozatzeko aukera izango da bertan. Horietatik hirutan Frantzesena soilik ariko da organoa jotzen. Pare bat tronpetarekin uztartuko dituzte, beste bitan organoaz gain ahotsak izango du presentzia, eta amaitzeko, pieza batean hiru artistak arituko dira elkarrekin.

Batzordea oso pozik dago zaharberritzearekin: "Gure aurrekoek gu ezagutu gabe, guganako maitasunez dohaintzan eman ziguten organo pare gabe hau. Guk ere, ondorengoak ezagutu gabe, haienganako maitasunez zaharberritu dugu". Gainera, musika tresnari etorkizunean ere probetxua ateratzeko asmoa agertu dute organo batzordekoek: "Erabili dezagun gure organo hau eliz funtzioetarako eta gure kultura aberasteko. Liturgiaren eta kulturaren aldetik begiratuz gero, sekulako altxorra dugu eta esku artean".

Gipuzkoan alzheimerra duten lagunak.

Mendekotasunen bat duten 25.857 gipuzkoarretatik, 5.100 alzheimerrak jotakoak dira. Gehienetan, %73 emakumeak dira. Datua gaixotasuna diagnostikatuta dutenena da: diagnostikatu gabeko "jende asko" dagoela uste da.

MUSIKA LASAIA ‘URTE AURREN’ FESTAN

Musika lasaia eta goxoa egiten duen talde sortu berria da Dhuna. Bizipen pertsonalak eta hausnarketak dira abestietako gaiak; akordeoi, piano, gitarra eta perkusio soinuak, berriz, doinuen oinarriak. Irati Badiola zegamarrak, Nerea Iztueta gabiriarrak...

Santa Fe usaina

Bost zentzumenetatik bat baztertzera behartuko banindute, ez dakit zein aukeratuko nukeen, edo, hobeto esanda, ez dakit zeini muzin egingo niokeen. Neure buruari galdera hori egin diodanean nahiko garbi neukala iruditu zait hasiera batean, baina pentsatzen joan ahala, arrazoitzen nindoan bitartean, hain garbi nuen ideia hura lausotzen hasi da. Ikusmena ez nuke galdu nahi inondik inora; iluntasunak beldurtu egiten nau, eta orientazio zentzuaren arrastorik ez daukat. Batzuek orientazio ona dute, beste batzuek txarra, edota erdipurdikoa. Nik ez, nik, besterik gabe, ez daukat. Orientaziorik gabe jaio nintzen; behin amak kontatu zidan forcepsekin jaio nintzela, ur zikinak irensten ari nintzelako; ez, ama, tramankulu horiekin jaio nintzen biderik aurkitzen ez nuelako, seguru galduta nenbilela, ez atzera, ez aurrera, alboetara ezin… Desesperatuta nenbilela burni hotz horiek buru hezurrean sentitu nituenean ze lasaitua hartu nuen ez dakizu oraindik! Nola arituko nintzen ba ni ur zikinak irensten? Jogurtari gaineko likido hori kendu egiten diot-eta nazka ematen didalako!

Dastamena ere ez nuke galdu nahi, hainbeste gozatzen dut janariarekin… Munduko plazer onenetako bat dela iruditzen zait, eta hemen dugun gastronomiarekin pekatua litzateke dastatzeko gaitasunik ez izatea. Entzumenari dagokionez, batzuetan zenbait gauza ez entzutea nahiago badut ere, ez dut imaginatzen nire mundua erabateko eta betiereko isiltasunean. Ukimenari buruz zer esan? Ez dakit zergatik, baina ez nuke baztertuko, agian zentzumenik arrazionalenetako bat dela iruditzen zaidalako, hain da fisikoa, errealitatearen eta fantasiaren arteko aldea nabarmentzen baitu.

Usaimena bakarrik gelditzen zait. Zentzumen bat galtzekotan, usaimena galduko al nuke? Nola ordea! Usaina… Toki bakoitzak du bere usaina, momentu bakoitzak, oroitzapen bakoitzak. Niretzat, udak laranjondo-lorearen eta Ecran after sun-aren usaina du; atsedenak kandela eta liburu usaina du, eta goizek kafesnezopa usaina dute. Ez dakit nola etsiko nukeen ezer usaitzerik izango ez banu; nolabait oroitzapenak ere galtzeko bide bat litzateke. Nire haurtzaroak mila usain ditu, gertu ditudan bakoitzean zoriontsu egiten nautenak. Akabo, sentibera jartzen hasi orduko, herriminak edo festa gogoak bultzatuta Zaldibiak momentu honetan duen usainaz gogoratu naiz; Santa Fe usaina du, alegia, mondeju usaina. Badakit ez dela batere poetikoa, baina niri jateko kontuekin broma gutxi!

Alois Alzheimer (1864-1915) gaitza identifikatzen lehena

Buruko eritasun bat zuen emakume baten autopsia egiten ari zela aurkitu zuen gaixotasuna. Egitura berezi batzuk zituen garunean, eta egitura horiek berak agertzen dira orduz geroztik haren izena daraman eta oraindik ere jatorriz ezezaguna den gaitzak ...

Andreak, garapen sortzaileak

Emakumeek jabekuntza lortzeko bidean ale bat jarri nahian, Haurralde fundazioak, Malen Etxeak, Goierri garaiko Eraldatzen elkarteak eta Hitzez Euskal Herriko landa eremuko emakume elkarteak biltzar bat egingo dute urriaren 16tik 19ra Zumaian, Emakumeak Garapen sortzaileak proiektuaren barnean. Landa eremuko emakumeen lana izango da kongresuaren ardatzetako bat, eta bertan Euskal Herriko, Espainiako, Afrikako eta Latinoamerikako emakume elkarteen ahotsak bilduko dituzte. Proiektuaren helburu nagusia, hala ere, ekonomiaren alorrean emakumeen eskubideak bermatuko dituzten ekintzak sustatzea da.

Biltzarraz gain, proiektuak beste bi ekintza batzen ditu. Lidergoa eta boterea aztergai izango dituzte Donostiako San Telmo museoan azaroaren 21erako eta 22rako antolatu dituzten jardunaldietan. Gobernuz kanpoko erakundeei eta emakume elkarteei begira, tokian tokiko ekintzak izango dituzte hizpide. Patricia Ponce Haurraldeko zuzendariak azaldu duenez, ikuspegi lokaletik nazioartera begira lan egingo dute: "Eremu globalera iristeko, esparru lokalean eragin dezaketen ekintzez arituko gara".

Horrez gain, Diruaren sexu ezkutua erakusketa ibiltaria azaroan abiatuko da Gipuzkoan barrena. Bertan ikusi ahalko dira uda partean Gipuzkoako hainbat herri bildu dituzten diru zorroak. "Diru zorro horiek emakumeen autonomia ekonomikoaren sinboloa dira", Poncek azaldu duenez. "Emakumeek autonomia hori denboran ehundu dute, eta diru zorroek hori ederki irudikatzen dutela uste dugu".

Erakusketaren osagarri, dokumental bat egiten ere ari dira, eta bertan agertzeko, belaunaldiz belaunaldi, landa eremuko emakumeen testigantzak jasotzen ari dira. Horrenbestez, amamen, amen, alaben eta biloben lekukotzak biltzen ari dira. Erakusketa Donostiako Emakumeen Etxean inauguratuko dute, azaroaren 22an.

Baserrietara begira

Proiektu horren osagai guztien helburua emakumeak ahalduntzea bada ere, hori elikatzeko memoria historikoari erreparatu nahi diote. Emakumea ekonomiaren zutabe gisa agertuko dute, eta, horretarako, emakume baserritarren adibidea ekarriko dute.

Ponceren esanetan, "landa eremuko emakumeak identitate berri baten ikurra dira, eta esan daiteke azken hamarkadan nolabaiteko estatusa erdietsi dutela". Landa turismoa adibide gisa jarrita, "baserriak ustiatzeko era berrietako bat" azaldu du Poncek.

Haurralde fundazioko zuzendaria, hala ere, landa eremuko belaunaldien artean segidarik egongo ez den beldur da: "Euskal Herrian oso zabalduta dago baserriko lana gogorra delako ideia. Horrek baserritarrekiko enpatia sortzen duen arren, gazte asko baserritik alde egiten ari dira. Katea eteten bada, kultura horren zati handi bat galduko dugu". Haurralde fundazioak, Malen Etxeak, Eraldatzen-ek eta Hitzez elkarteak landa eremuko kultura hori emakumeen zein gizarte osoaren ondaretzat dutenez, memoria historiko hori gordetzea da proiektuaren helburuetako bat.

Urrian egingo duten biltzarrean, ordea, ez diote soilik lehenengo sektoreari erreparatuko. Ekonomiaren ikuspegi zabalagoa landuko dute, eta ekonomiaren alorrean jabekuntza erdiesteko egin dena eta egiteke dagoena aztertuko dute. Gogoeta horretatik eragin politikoa izango duten ekintza kolektiboak bultzatu nahi dituzte.

Hegoaldeko emakumeak

Heziketari eta enpleguari esker aurrerapausoak eman direla onartu du Poncek, baina "ekonomiaren eta lanaren alorrean genero berdintasunik ez" dagoela ere badio. Oraindik ere, gehienetan, ordaindu gabeko lanak emakumeen eginkizun dira, hala nola etxeko lanak eta zaintza lanak. Ponceren ustetan, "emakumeek etxetik kanpo izan ditzaketen lan aukeretan eragin dezakete, baita bizitza publikoan eduki ditzaketen parte hartze espazioetan ere".

Ordaindu gabeko lanez gain, ordaindutakoak baina erregulatu gabekoak aipatu ditu Haurraldeko zuzendariak, eta ekonomiaren sektore horretan emakumeak "asko" direla dio, "are gehiago hegoaldeko herrialdeetan". Beste ñabardura bat ere gehitu du: "Krisi garaian emakume gehiago hasten da lanean, baina sarri lan baldintza kaskarrak izaten dira". Jabetzea ez dator enpleguaren eskutik soilik, "ikuspegi holistikoa behar da, arlo ekonomikoa, soziala eta politikoa batzen dituena".

Ikuspegi horren bila arituko dira Euskal Herriko, Espainiako, Afrikako eta Latinoamerikako emakumeak Zumaian egingo duten biltzarrean.

Ideietatik harago, ekintzak ipini nahi dituzte mahai gainean. Are gehiago, ekintza horiek gerturako zein urrutirako baliagarriak izan daitezela nahi dute, hala euskaldunentzat nola Mozambike eta Boliviako emakumeentzat. Azken batean, lau elkarteek sareak sortu nahi dituzte elkarlanaren bidez, eta sare horien bidez emakumeek ekonomian izan duten tokia aldarrikatu eta ahalduntzearen bidea elkarrekin jorratu.

Laguntzak bermatzeko asmoz

Zenbait udaletan amaitu dute dagoeneko gizarte larrialdietarako dirua, eta Eusko Jaurlaritzak baieztatu du ez duela diru gehiago jarriko, ez daukalako. Behin diru sail horiek amaituta, udalak ez daude derrigortuta laguntza hori ematen jarraitzera, baina bide hori hartu dute askok.

Ordainketak egiteko behar beste baliabiderik ez eta horren ondorioz "kalte itzulezinak" jasateko arriskua dutenei ematen zaie larrialdiko gizarte laguntza. Jaurlaritzak zenbait kontzeptu definitzen ditu, eta zertarako eta zenbat diru emango duen erabakitzen du: hipoteka edo alokairua, hondatutako etxetresna elektrikoak eta argindarra eta antzeko fakturak ordaintzeko balio dute gizarte larrialdietarako laguntzek. Dirua ere Jaurlaritzatik ateratzen da, harena baita eskumena, eta herri bakoitzaren biztanleriaren eta pobrezia mailaren arabera finkatzen ditu laguntzak. Horiek jendeari helaraztea udalen ardura da, eta udal irizpide propioak sor ditzakete diru hori banatzeko.

Krisiak gero eta familia gehiago utzi ditu beharrean, eta Jaurlaritzak laguntza horietarako jarritako dirua ez da nahikoa. Abuztuan zenbait udalek jakinarazi zuten 2013an banatzeko dirua bukatu zaiela dagoeneko, eta legez horretara derrigortuta egon ez arren, euren dirutik jartzen hasi direla. Udal guztiak ez daude egoera berean. Batzuen eta besteen errealitatea ezagutzeko, hainbat herritako kasuak aztertu ditu Gipuzkoako Hitza-k.

1. Arrasate

Urte osoan laguntzak bermatzeko bereizitako dirua erabiltzen hasiak dira Arrasaten. Udalari 128.165,25 euro eman zizkion Jaurlaritzak, baina, aurreko urteetan gertatu gisa, diru gehiago beharko zutela sumatu, eta udalak nahita gorde zuen 350.000 euroko kopurua zeregin horretarako. Azken horretatik, 254.000 euro konprometituak dituzte dagoeneko, urte osorako onartu dituzten laguntzetan, eta horietatik 151.246 euro ordaindu dituzte jada.

Azken hiru urteetan Jaurlaritzak emandakoa baino diru gehiago behar izan dute Arrasaten eskaera guztiei aurre egiteko, eta, kasu guztietan, laguntzak eman dituzte. "Derrigortuta ez gauden arren, guretzat laguntza hauek bermatzea lehentasunezkoa da", dio Amaia Larrañaga gizarte zerbitzuetako zinegotziak.

2. Donostia

Abuztuan amaitu zen gizarte larrialdietarako diru laguntza Donostian, Tere Barrenetxea teknikariak azaldu duenez. Jaurlaritzak 1.182.857,35 euro eman zizkion hiriburuari zeregin horretarako, eta uztail erdirako emanak zituen 1.284.000 euro. Hau da, 100.000 euro jarriak zituen ordurako, eta, urtea amaitzeko, bere dirutik jartzen jarraituko du Donostiako Udalak: "Diru hori amaituta, udalak erabaki dezake laguntzak etetea, edo hemendik aurrera banatzen direnak gutxiagotzea". Barrenetxeak azaldu duenez, Jaurlaritzak emandako dirua amaitu egingo zela konturatu zirenean, udalean galdetu zuten ea hortik aurrera laguntza eske joaten zirenei laguntza txikiagoa emango zieten edo ez. Erantzuna ezezkoa izan zen: laguntzak ordura arte bezala bermatzea erabaki zuten, diru hori udalaren poltsikotik aterako zela jakinda ere.

Jaurlaritzak "atea gehiago edo gutxiago" zabaltzen duen, horren arabera eskaera gehiago edo gutxiago izaten dira. Barrenetxearen arabera, pixkanaka hazten doa laguntza hori eskatzen dutenen kopurua, baina garrantzitsua iruditzen zaio kontuan hartzea gastatzen denak "zerikusi zuzena" duela herritarrei aitortzen zaizkien eskubideekin: "Aitortzen dituzun eskubideen arabera, diru gehiago edo gutxiago gastatuko duzu".

3. Errenteria

289.706,50 euro eman zizkion Errenteriako Udalari Jaurlaritzak, eta maiatzaren amaierarako, 145 euro soilik geratzen zitzaizkion. Jon Txasko gizarte gaietarako zinegotziak baieztatu duenez, beste 150.000 euro inguru jarriko ditu aurten, guztira, Errenteriak: "Baztertuak geratzeko arriskuan daudenen eta baztertuta bizi direnen egoera arintzeko erabili dugu, batik bat, diru hori". Txaskoren arabera, larri dauden familiei laguntzea da udalaren helburu nagusia, etxe kaleratzeak saihestea, kasurako: "Urte hasieran Jaurlaritzak definitutako kontzeptu guztietan eman genituen laguntzak, baina diru hori amaitzen ari zela ikustean, batez ere, etxearen alokairuarekin edo hipotekarekin lotutako eskaerak markatu genituen lehentasunezko gisa".

Hala, ekainetik aurrera, gainontzeko laguntzak eten zituzten, etxerik gabe gelditzeko arriskuan zeudenei laguntzeko. "Ahalegin handia" izan arren, laguntzak ematen jarraitzea "merezi du" Txaskoren ustez: "Udalaren egoera ekonomikoa ez da batere ona, baina ezin diegu bizkarra eman larri dauden familiei". Errenterian ere nabaritu dute eskaeren gorakada —aurten 384 eskaera onartu dituzte jada—. Gorakada handiena etxebizitzaren alokairua edo hipoteka ordaintzeko eskaeretan izan dutela azaldu du Txaskok.

4. Ordizia

79.051,05 euro eman dizkio aurten Ordiziako Udalari Jaurlaritzak, gizarte larrialdiko laguntza gisa banatzeko. Ezer banatu baino lehen, Jaurlaritzak ezarritako diru laguntzei jarraiki urte bukaerara iritsiko ote ziren aurreikusi zuten Ordizian, Jone Herrero gizarte zerbitzuetako langileak jakinarazi duenez: "Eskatzaile posibleen eta banatu beharreko kopuruaren arteko kalkulua eginda, bagenekien Jaurlaritzak emandako diruarekin ez ginela urte bukaerara ailegatuko". Izan ere, Jaurlaritzak kontzeptu bakoitzeko gehieneko diru kopurua ezartzen du, baina udalek irizpide propioak gara ditzakete laguntza horiek banatzeko: "Gure kalkuluen arabera, apirilean jada dirurik gabe geratuko ginateke, eta eskaera egin zezakeen orori laguntza bermatzeko, kontzeptu bakoitzerako ematen den diru kopurua murriztea erabaki genuen". Beraz, kopuru txikiagoa eman arren, "eskatzen duten guztiengana heltzea" lortu nahi dute.

Herrerok dioenez, Jaurlaritzak udalei jakinarazi zien urte hasieran ez zirela diru sail horiek handituko, eta "udalen egoera ez denez oso ona", irizpide propioak aplikatzea erabaki zuten Ordizian. Herrerok dioenez, "murrizketa nahiko zorrotzak" egin dituzte, baina, horri esker, oraindik ez dute amaitu 2013an banatzeko jasotako dirua: 5.000 euro inguru geratzen zaizkie oraindik.

Laguntza horientzako diru saila amaituko balitzaie, ez litzateke lehenengo aldia izango. "Kasu horretan, udalak bi aukera ditu: aurrekontuetan beste gai batzuetarako gordetako dirutik hartzea, edo behin bukatu ostean, laguntza eske datorrena ezer gabe uztea. Gure kasuan, beti erantzun diegu laguntza eskatu dutenei".

5. Urretxu

Bukatu dira, Urretxun ere, larrialdiko gizarte laguntzak. Gauzak horrela, laguntzak ez etetea eta udalaren diruarekin eskaerei erantzuten jarraitzea erabaki dute, Iñaki Arriaran gizarte langileak azaldu duenez: "Beste alor batzuetarako gordeta zegoen diruarekin ari gara eskaerei aurre egiten". Jaurlaritzak 39.709,20 euro eman zizkion Urretxuri, eta urtea bukatzerako beste 15.000 euro jarri beharko dituztela baieztatu du Arriaranek. Laguntzak banatzeko, udal irizpide bati jarraitu ohi dio Urretxuko Udalak: "Jasotako eskaeren artean, lehentasunezkoak direnak banatzen ditugu lehenengo, oinarrizko beharrei lotuak, eta, adibidez, etxetresna elektrikoak berritzeko edo antzekoetarako laguntzak urte amaieran banatzen ditugu, gelditzen den dirutik".

Ez da lehenengo aldia Urretxun larrialdiko gizarte laguntza amaitu zaiena: "Denetik ezagutu dugu. Batzuetan ez dugu jasotako diru guztia banatu, eta hori itzuli egiten zaio Jaurlaritzari, baina amaitu zaigunetan udalak bere dirutik jarri du eskaera guztiei erantzun ahal izateko". Aurten, baina, eskaerek gora egin dute: "Urte hasieran iazko jende bera etorri zen, baina gerora jende berria ere etorri da". Urte hasieran 33 lagun joan ziren udalera laguntza eske, eta dagoeneko 41i eman diete laguntza. Eskatzaileak, gehienbat, emakumeak direla dio, "eta batzuek kontrakoa pentsatuko duten arren", Euskal Herrikoak direla. Eskaeren gorakadak legediaren aldaketarekin zerikusia duela dio Arriaranek, eskuratzeko baldintzak malgutzearekin bat, jende gehiagok baitu laguntza horiek eskatzeko eskubidea.

6. Villabona

Uztailean bukatu zuten Villabonan Jaurlaritzak emandako gizarte larrialdietarako dirua, hau da, 41.208,30 euroko diru saila. Dena den, udalak zerbitzu horretarako propio gordetako diruari esker, laguntza banatzen jarraitu du ordutik, gizarte zerbitzuetakoek jakinarazi dutenez: "Egoera zaila eta Jaurlaritzaren murrizketak aurreikusita, udalak aurrekontuetan diru sail handiagoa bereizi zuen, baliabide gutxien duten herritarrak babesgabe geratzeko arriskua zegoelakoan". Villabonako Udalak baieztatu du urtea amaitzeko nahikoa izango dela gizarte larrialdiko laguntzetarako udalak gordetako dirua, eta politika sozialak lantzen jarraituko duela.

Folklorea berpizteko dantza pausoak

Dantzarekiko atsegina eta dantzatzeko musika sortu eta jotzearen gozamena da; jotzea eta dantza egitea, partekatu eta irakasteaz gain", hala definitu du Aiko taldeak Dantzaldi ibiltaria egitasmoa. Urritik ekainera bitartean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eskainiko duten dantza ikastaroaren bidez, euskal folklorea biziberritu nahi dute, eta "herriko ospakizunetan zuen protagonismoa" itzuli nahi diote dantzari.

Dantza eta musika esparruetako irakaslez osatuta dago Aiko taldea, eta irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da. Bertako kide dira, besteak beste, Aitor Furundarena soinujolea, Sabin Bikandi txistularia, Ainara Artetxe biolinista eta Jon Maia eta Larraitz Artetxe dantzari eta dantza irakasleak. Erromeria tradizionalek "ohiko izaera sozializatzailea" hartzea dute helburu. Horretarako, metodologia propioa baliatzen dute eskoletan, ikasketa prozesua musika eta dantzarekiko gozamen bihurtzen ahaleginduz. Horren bidez, "dantza era natural eta errazean" ikusarazi nahi dute, "konplexutasunik gabe", eta "mundu guztiak praktikan jar dezakeen jarduera" dela diote.

Ikastaro egonkorrak tailer, mintegi eta erromeriekin uztartzen dituzte. Hala, "mailari edo trebetasunari erreparatu gabe", beste zaleekin elkartzeko topaguneak eskaintzen dizkiete dantzazaleei. 2009an dinamika martxan jarri zutenetik, 2.000 lagunetik gora trebatu dituzte metodologia horren bidez. Aurten ere, dinamika berari jarraiki, soka-dantza, jota, porru-salda, balts, pasodoble eta halako dantzetan trebatuko dira izena ematen duten ikasleak.

Aurten, urriaren 10etik aurrera, ostegunero batuko dira aurtengo ikastaroan parte hartu nahi dutenak Viktoria Eugenia antzokian. Horrez gain, 2009tik Aikoren ikastaro eta mintegietan parte hartu duten guztiak omendu nahi izan dituzte, Iñaki Andres argazkilariaren Dantzazaleak erakusketaren bidez. 130 argazkik baino gehiagok osatzen dute bilduma, eta izenburuak "dantzaren mesedetan berreskuratu den publiko berriari" egiten dio erreferentzia. Datorren astelehenera arte ikusgai egongo da Donostiako Udal Liburutegian, eta ondoren ikastaroa eskainiko duten beste herri batzuetara eramango dute.

Dantza eta musika tradizionalerako hurbilpena egin nahi dutenek euren mailaren araberako taldean izena emateko aukera izango dute. Aurten, gainera, berrikuntza batekin datoz ikastaroak. Izan ere, ikastaroko "dinamika jostagarria" gertutik ezagutu nahi dutenei doan bertaratzeko aukera emango diete urrian. "Gero, inolako konpromisorik gabe, ikastaroan matrikulatu ala ez erabaki ahal izango dute".

Ekintza osagarriak

Gune zehatzetan eskainiko dituzten ikastaro egonkorrez gain, bestelako ekintzak txertatu dituzte egitasmoan. Horien artean Aikok "dibertsio trinkoko" izendatu dituen hiru hilabetez behingo Dantza asteburuak daude. Larunbat arratsaldez eta igande goizez tailerrak eta mintegiak eskainiko dituzte asteburu horietan. Lehena Zarautzen egingo dute, azaroaren 9an eta 10ean. Aikok ostatu hartzeko aukera jartzen die bertaratu nahi dutenei, 80 euroren trukean. Tailerretara eta mintegietara soilik doazenek, berriz, 50 euro ordaindu behar dituzte.

Ikasteko aukeraz gain, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ere ematen du Aiko taldeak. Izan ere, ikasturteari ekitearekin batera, Hileko erromeriak antolatzen hasiko dira. Horiek Durangoko Plateruena kafe antzokian egingo dituzte, eta jende guztiarentzat irekita daude. "Dantzaldi herrikoien jai giroa berreskuratzea" da Aikoren asmoa; askotan, gainera, "herri bazkariekin eta bestelako ospakizunekin batera" antolatu ohi dituzte.

Edonola ere, aurtengo berrikuntza garrantzitsua ekainaren 21ean egingo duten Dantza maratoia izango da. Ikasturtearen amaiera ospatzeko antolatuko dute, eta, Aiko taldekoen arabera, "hitzez hitz, gorputzak ahal duen bitartean iraungo du festak".

Apustua indartuta

Donostian ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere eskainiko dute aurten ikastaroa. Zehazki, Azkainen, Bilbon, Durangon, Galdakaon, Gernikan, Iruñean, Markinan eta Sopelan. Finantzaketan Kutxabankek parte hartuko du, eta Dantzazaleak erakusketa Bilbora, Gernikara eta Sopelara ere eramango dute. Herri horietara guztietara hedatuta, Aikoko kideek indartu egin dute musika eta dantza tradizionalekiko gozamena berreskuratzeko apustua. "Folklore baserritar eta landatarraren ideia hedatuaren gainetik, dantza tradizionalaren berezko ingurunea hiritarra izan da", Aiko taldekoen arabera, eta horixe aldarrikatu nahi dute.

Lehen saioa ezarrita dago. Urriaren 10ean, Viktoria Eugenia antzokian batuko dira ikastaroko lehen saiorako. 18:30ean, oinarrizko dantza ikastaroa eskainiko dute lehen aldiz doazenentzat. Jadanik Dantzaldi ibiltariko partaide direnen eskola, berriz, 20:00etan hasiko da.