GARAGARDOA, BARRA-BARRA

Gaurtik igandera bitartean Lezoko I. Garagardo Festa ospatuko dute, Tiñelu elkarteak antolatuta. Karlos Saldise plazan kokatuko da, eta hainbat musika emanaldi eskainiko dira hiru egunetan: Jaixkipe, Trikisound, Trabank... Dena den, festako protagonista garagardoa da. Guztira, hamabi mota izango dira dastatzeko. Horrez gain, janaria ere izango da, garagardo festetako ohiko jakiak probatzeko aukerarekin: ukondoak, saltxitxak eta patata purea, esaterako.

‘Catalonia is not nire kuttun’

Euskal herritar zintzoaren idatzi gabeko dekalogoa zuzen betetzen saiatzen naiz, Iratiko boli dorreko ziega hotz batean amaitu nahi ez dudanez. Badira halere konplitzea ezinezko egiten zaizkidan lege eta klausulak. Bertsoak entzun nituen azkenekoan Joxe Lizasori bizarra irteten ari zitzaion, esaterako. Pirinioetan ere ez naiz sekula izan Tourra ikusten. Baina horiek euskaldun jatorrarentzat akats larriak izanda ere, okerragoak ere ezkutatzen ditut. Tira, bota egingo dut: katalanei ez diet aparteko sinpatiarik.

Ederki asko dakit beraiena herrialde konplizea dela, lubaki berean lehian ari garela, aspalditik arerioak partekatzen ditugula, eta gehiago hunkitu beharko nindukeena, euskal prentsa sorosteko patrika gogotik astindu zutela. Kontatu didate guk enbidorik bota ezin eta beraiek hordagoarekin ausartu direla. Baina Munich aldera mugitu den katalan unibertsalak aurrelari kamerundar harekin bezala, feeling arazoak dauzkat nik katalanekin.

Udan Santaklaretara hurbiltzen diren aleak bereziki nekagarriak suertatu izan zaizkit beti. Katxia eskuan hartu eta plazako bostehun lagunei banan-banan gurean zein eroso eta zoriontsu sentitzen diren kontatu arte ez dute bakerik izaten. Aurten mozorro gauean belarria jan zidana hain zen astuna, hilabete luzez prestatzen ari nintzen gaupasa basatia ia Cacaolat hartzera bidali eta etxeratzekotan egon nintzen.

Elkarrizketetan beren burua zuritzeko lagun gay piloa dituztela esaten duten homofoboek bezala, nik ere adiskide katalanak baditudala argitu nahi dut. Baina Bartzelonara joaten naizen bakoitzean bertakoen modernotasun atseginak oso urduri ipintzen nau, eta txarnegoen bodega zahar horietako batean anisa edaten bukatzen dut, pixka bat lasaitzeko.

Katalanekin baino andaluziarrekin, siziliarrekin edo dominikarrekin askoz hobe konpontzen naizela onartzeak etorkizunean aparteko buruhausterik ez didala eragingo espero dut. Gracia pasealekuko euskal delegazio diplomatikoa zabaltzen denean ezingo dut hara curriculumik bidali, hori bai. Bartzelonan betiereko enbaxadore izango den tipoarekin ederki konpontzen naiz —ezagutzen duzu zuk ere—, baina behin hau idatzita, ez dit lanik emango. Beste larre batzutan topatu beharko dut bazka.

Herrialde senidetuak aukeratzen hasita, Eskoziako enbaxadan gustura arituko nintzateke, idazkari edo garbitzaile —mantentze lanetan ez, fusible bat aldatzen ere ez nuke asmatuko eta—. Golfeko zelai onenak dituen tokian, whiski ezin hobeagoa edaten duten musugorri alaiez inguratuta. Dagoeneko ari naiz feeling-a antzematen.

SORKUNTZAKO KRISIARI ASTINDUA

Igande honetan abiatuko da Billabonan lau urtez behin egiten den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurtengo edizioa. Odei Barroso, Nerea Elustondo, Alaia eta Jon Martin, Fredi Paia eta Iker Zubeldia izango dira lehen final laurden horretan final erdietarako txartelaren bila lehiatuko diren sei bertsolariak. Saioa 17:30ean hasiko da Behar zana pilotalekuan. Irudian, joan den astean Bertsozale Elkarteko kideek Bilbon egindako txapelketaren aurkezpena. Bertan, Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak esan zuen krisia "sorkuntzan ere" badagoela, eta horri "astindu bat" eman nahi diotela txapelketarekin .