Talante asko, talentu gutxi

Mundu hau ulertzea Gasteiztik aurreneko saioan galdu gabe ateratzea baino zailagoa da. Aurten, murrizketak direla eta, joan den urtean baino 40 pelikula gutxiago ekoitziko omen dira Espainiako Estatuan, "earki hasi gaittuk". Murrizketak kulturan, osasunean, hezkuntzan, eta abarretan. Eta nik ezer ulertu gabe jarraitzen dut. Ezin dut ulertu herriari aurpegira barre egin eta lasai gelditzeko gaitasuna dutenen gibelaren dimentsioa. Norbaitek azalduko al dit zergatik jarraitzen dugun monarkiari ordaintzen? Ez daukat gogorik hizketan ez dakien txotxolo-makal bati ordaintzen jarraitzeko, eta uste dut Gabonetako diskurtsorik gabe ere lasai bizi naitekeela.

Greba orokorra egin berri dugu. Martxoaren 29ko eguerdian jende asko atera ginen kalera, egoerarekiko eta inposatu zaizkigun murrizketekiko gure haserrea aldarrikatzera. Eta zer? Bitartean Mariano patxada ederrean zegoen, Monkloako jangela erraldoi horietako batean bapo bazkalduz, telebistara begira esanez "mira estos pringados, se creen que alguien les hace caso. Pásame el pan, cariño".

Hemendik urte batzuetara ez da pelikularik egingo, ez da antzezlanik sortuko, ez da osasun laguntza duinik egongo, ez da hezkuntza sistemarik garatuko, ez da pentsiorik edo jubilazioaren arrastorik geldituko. Baina zer izango dugu? Tira, ba, urtero erregeak botako duen Gabonetako diskurtsoa, ordurako Felipe izango dugu agian, eta hura ere, aitaren moduan, "lleno de odgullo y sadisfaccion…". Hortxe izango da Espainiako armada ere, noski, todo por la patria. Eta orduan ere patria bat eta bakarra inposatuko digute, aberririk onartu gabe. Biztanleak ezjakinak izango dira, eta genetikak osasun ona oparitzen dion horrek zorte ederra izango du, edota mediku onena ordaintzeko aukera duen batek (ondo ulertu duzue, bai, osasuna zortearen eta aberastasunaren baitan egongo da, Estatu Batuetan bezalaxe, ze modernoak, ezta!). Zer izango dugu funtsean? Gabonetako diskurtso amaigabeak eta gerrarako prest dagoen Espainiako Estatu armatua. Nik badakit koherentzia hitzak zer esan nahi duen, zuek ere jakingo duzue, baina sinets iezadazue jende askok ez daukala ideiarik ere.

Etorkizun beltza, ezta? Pixkanaka dena aldatuko den itxaropen itsua daukat, inuzentea ni! Baina bai, honek hobetu beharra dauka, okertzea zaila dago honezkero eta. Inuzentea! Dakigun guztia jakingo ez bagenu, pentsa genezake hobera egingo dugula; baina dakigun guztia jakingo ez bagenu, ez genuke borrokarako indarrik izango. Jakiteak horixe dakar, haserrea. Eta haserreak horixe ematen baitu, indarra, kemena.

Gizarte hau, Elantxoben hilda agertu den balearen modukoa da, usteltzen ari da, baina inork ez ditu eskuak zikindu nahi, agintariek ez dituzte hogei tona haragi ustel euren erantzukizunpean hartu nahi; ganorarik, gaitasunik eta adorerik ez dutelako. Talante asko eta talentu gutxi, hori arreglatzerik ez dago.