Zapping

Zapping zalea nauzue. Telebistari loturiko kontzeptu bat den arren, nik ia guztiarekin egiten dut zapping. MP3an abesti oso bat entzun nueneko eguna ez dut gogoratzen. Gauero, irratia piztu ostean, ordu laurden pasatzen dut belarria gozatuko didan saio horren bila. Tira, orain gutxiago, iragandako Olentzerotan gurpiletik digitalera pasatu nintzelako. Erosoa da gero botoitxoari eman, eta dapa!, aurrez memorizatutako irratia hortxe, batere nekatu gabe… Gurpiltxoari eragiteak bazuen bere xarma, ez pentsa. Gurpilari eragin eta eragin, lo hartu arte…

Telebistarekin berriz, lehen errazagoa egiten zitzaidan. Zazpi edo zortzi kateren artean saltoka ibiltzea ez zen horren nekeza. Orain, ordea, digital aroan, noizko bukatu!

Gauean, irratian, kirol jardunari buruzko saioak entzutea dut gogoko. Telebistan, zientzia fikzioko filmeren bat ahal bada, eta MP3an, askotariko musika: arabiarra, brasildarra…Eta halaxe, gogoko hori topatu arte, jo batera eta jo bestera.

Azken egun hauetan, aldaketa bat jazo da nigan, ordea: telebistako anuntzioak ikusi ditut, ia inoiz ez bezala. Anuntzioak… gustatzen zait hitza, haurtzaroa gogorarazten dit, ez dakit… Ba hori, anuntzioei begira geratu naizela, ditxosozko telekomandoa astindu gabe, eta mundu bat aurkitu dudala ezin uka!

Ume batek dio bere amak zortzi esku dituela: plantxan egiteko, janaria prestatzeko… Nola den posible? Saldu nahi diguten halako esneki bat hartuta. Segidan, amaren marrazki bizidun bat, esnekia hartu ostean pozik jartzeaz gain indarrak berreskuratzen dituena. Umeak, ama eta esnekia, hirukote aproposa. Interpretazioak, nahi adina.

Bestea. Neska erdi punkaren bizitza dugu agerian. Tira, erdi punka diodanean, bizitzeko estiloaz gehiago itxuragatik baino. Bikotearekin musuka pasioz, logela desordenatu baten irudia, hori guztia eta gehiago musika indartsu batez lagunduta… Iraupen luzeko ezpainetako margo bat saldu nahi digute, zurekin bat datorrena, bortitza… Antzerkirako baino ez ditut ezpainak margotu; baina, aizue, ikusten dut neure burua ezpain arrosekin…

Goizean indarrez beteko nauen esnekia hartuz, gauean, ezpainak arrosaz margotuta kalera irteteko. Horrela edonork egin gaupasa! Eta akaso, ligatu eta dena…

Bi dira hartutako erabakiak: batetik, filmak edo dokumentalak grabatu beharrean, anuntzioak grabatzen hastea. Zientzia fikziorik onena, dosi txikitan, aspertzeko aukerarik gabe.

Eta bestetik, zapping-arekin hil arte jarraitzea. Batek daki! Akaso, argaltzeko sistema ona izan daiteke… Hori dioen anuntzio bat egingo banu, hilabete amaierarako baietz telebistako milaka telekomando baino gehiago izorratu?

“Erretiratu aurreko urteetan futbolak asko eman dit niri”

Denboraldi honetan entrenatzeko talderik gabe zegoen Jose Luis Ribera (Azkoitia, 1965). Gutxien espero zuenean iritsi zaio lana, ordea, eta presaka joan da Azkoititik Vila-real aldera (Herrialde Katalanak). Vila-real taldea kinka larrian dabil Espainiako futbol ligako Lehen Mailan, eta hango entrenatzailea bidali, eta beste bat hartu du klubak: Migel Angel Lotina. Eta hark berarekin eraman du bigarren entrenatzaile gisara Ribera. Ondo ezagutzen dute elkar bi entrenatzaileek, urte askoan batera lan egindakoak direlako: "Bera gustura ibili da nirekin lanean, eta ez du zalantzarik izan Vila-realetik deitu diotenean".

Futbol jokalari profesionala izana da Ribera, baina entrenatzaile gisara ere ez zaio eskarmenturik falta. Erronka berri baten aurrean dago orain, ordea. Izan ere, denboraldia azken txanpan sartuta dagoenean egokitu zaio hutsetik lanari ekitea: "Oso desberdina da denboraldi hasieran hastea ala orain; partida gutxi gelditzen dira, eta presa gehiago, ordu gehiago sartu beharra eskatzen du, denbora gutxian denok elkar ezagutzeko. Dena zailagoa bihurtzen da". Kontuak kontu, horretan dabil buru-belarri duela hiru astetik.

Ribera hondartzako futbolaren bitartez gerturatu zen kirol horretara gaztetxotan; "Garai hartan nire adineko beste asko bezala". 15 urterekin Azkoitiko Anaitasuna futbol taldean hasi zen, eta, urtebete geroago, Realera egin zuen salto. Bi urte jubeniletan aritu, eta beste bi Realaren bigarren taldean egin zituen, Sansen. Gero, taldez talde ibiltzea tokatu zitzaion, Realak ez ziolako fitxa berritu. 20 urte zituen, eta hasierako poza pena bihurtu zen: "Realera iristea oso pozgarria izan zen, eta alde egitean tristura pixka bat sentitu nuen. Ni 1981ean sartu nintzen, Reala ligako txapeldun izan zen urteetan. Lehenengo taldera igotzea zaila zen orduan; jende gutxik lortzen zuen. Talde oso sendoa zeukan, urte asko egin zituzten denboraldi onak eginez, aldaketa askorik ez zuten egin eta guri tokatu zitzaigun garai hartan, 20 urterekin, kanpoan gelditzea".

Handik Eibarrera, gero Sestaora, Burgosera, Deportivora eta Rayo Vallecanora, talderik talde bueltaka ibili zen botak astinduz. Hirugarren Mailan, Bigarrenean, Bigarren B Mailan nahiz Lehenengoan, kategoria guztiak pasatu zituen hainbat urtez. Eta zortea izan zuen lagun beti: "Talde bakoitzean ibili izan naizen urteetan taldea ondo egotea tokatu zait, eta zorte ona izan da hori; taldekoekin ere beti harreman oso ona izan dut, eta alde horretatik futbolarekin oso gustura bukatu nuen".

Deportivon urterik onenetan

Partidarik gogokoenaz hitz egitean, une gozoenetakoak pasatu dituen taldearekin jokatutakoaz gogoratzen da: Deportivorekin Valentziaren aurka jokatutako Errege Kopako finalaz, hain zuzen. "Partida hura aipatuko nuke, alde batetik Deporren lehenengo titulu ofiziala izan zelako eta Depor ordura arte talde txikia zelako. Baina, hori baino gehiago, partidaren berezitasunagatik dut gogoan, garaipena lortu genuen moduagatik beragatik". Partida Real Madrilen futbol zelaian jokatu zuten; Santiago Bernabeun. Partida amaitzeko ordu laurden baino falta ez zela, partida bertan behera uztea erabaki zuen epaileak. Txingor zaparrada handi bat izan zen erruduna. Markagailuan bana zeuden Valentzia eta Deportivo. "Partida hura larunbat batean tokatu zela uste dut, eta hurrengo asteartean jokatu behar izan genuen falta zen ordu laurdena. Oso estresagarria izan zen". Futbolariak Madrilen gelditu ziren partida hura prestatzen; bi taldeetako zaleak, berriz, joan-etorrian ibili ziren Valentziara eta Galiziara. "Partida hasi, eta betiko duda izaten da: ordu laurdena bakarrik izanik, golaren bila joan ala ez joan?". Zortea izan zuten. Deportivok gola sartu zuen, eta hala irabazi zuen Errege Kopa eta lehenengo titulu ofiziala. 1995. urtea zen.

Ribera atzelaria da, eta postu horretan jokatu zuen Lehen Mailan ere. Gol gutxi sartu zituen, baina horietako bat bere bihotzeko taldeari egin zion: Realari. Anoetara jokatzera etortzen zenean sentimenduak nahasi egiten zirela dio, eta gola sartu zuenean ere halaxe gertatu zitzaiola: "Alde batetik, urduritasun pixka bat nuen Donostian nengoelako; etxekoak, lagunak, denak hor zeuden zelaian, eta partidaren aurretik eta ondoren haiekin egongo nintzen. Bestetik, bertakoa izanda erakutsi egin nahi izaten da norberaren onena, ondo jokatu nahi izaten da eta presio hori sartzen diozu zeure buruari". Gola sartuta "poza" sentitu zuen partida bere taldeak irabaztea nahi zuelako: "Baina behin partida hura amaituta, Realak gainerako guztiak irabaztea nahi izaten nuen".

Talde maiteenak Anaitasuna eta Reala ditu. Anaitasunaren kasuan, "herriko taldea delako eta orain semeak ere hantxe jokatzen duelako, gazteen mailan". Reala, berriz, "gipuzkoarra naizelako, Realean jokatu izan dudalako eta urte askoan Realean ibili naizelako entrenatzaile ere. Hori odolean doa". Horietaz gain, Deportivo ere oso gogoko du; "urte gehien han pasatu dudalako eta momentu oso onak igaro ditudalako eta lagun asko ditudalako". Riberak jokalari nahiz entrenatzaile moduan ezagutu dituen talde guztiak aipatu ditu: "Guztientzat egiten da tokitxo bat bihotzean, nik behintzat hala daukat". 32 urterekin eta belauneko lesio baten ondorioz hartu behar izan zuen erretiroa, baina oroitzapen onak gelditu zaizkio: "Erretiratu aurreko urteetan futbolak asko eman dit niri". A Coruñan (Galizia) peña propioa ere badu: "Deporreko zale batzuek sortu zuten. Mugimendu askoko taldea da, eta elkarren berri izaten dugu. Askotan gonbidatzen naute ekimenetan parte hartzera. Distantziagatik gutxitan joaten naiz, baina harremanetan jarraitzen dugu".

Semeak bere bidea jarraitzea nahiko lukeen galdetuta, oso argi mintzatu da: "Nire seme-alabek futbola den bezala har dezatela nahi dut: joko bat bezala, lagunartean egoteko modu bat. Lagunarterako taldeko edozein kirol da ona neska-mutilentzat. Garrantzitsuena ikasketak dira, eta besteak ondo pasatzeko modua izan behar du". Gurasoentzako hausnarketa gaia ere atera du elkarrizketara: "Guraso askok uste dute beraien seme-alabek futbolean jokatzen dutelako profesionalak izango direla, eta askotan perspektiba pixka bat galdu egiten dutela iruditzen zait. Eta ez da ona; ez haurrarentzat, ezta haurren kirol munduan sortzen duen giroarentzat ere".