Aspalditxoan ez dut egunkaririk irakurri, ez dut albistegirik ikusi edo irratirik entzun; denbora falta aitzakiatzat harturik neure burua justifikatu dut.
Atzo etxean lasai antzera bazkaltzeko aukera izan nuen, eta, lenteja platerkada bat jan bitartean —bai, badakit euskara jatorrean dilista platerkada esan beharko nukeela, baina izen hori daraman zerbait jateak lastima ematen dit, dilistek hain babesgabeak dirudite... askoz lasaiago irensten ditut lentejak!— , tira harira, lenteja platerkada bat jan bitartean albistegia ikustea erabaki nuen. Krisia, langabezia, gatazka politikoak, burtsa eta antzeko kalamidadeak lentejekin batera irensten nituen bitartean, ezjakina izatea zeinen gozagarria den konturatu nintzen.
Erabaki bat hartu dudala uste dut, puska batean ez dut ezer jakin nahi egungo egoerari edo aktualitateari buruz, ez, ez dit onik egiten, eta aukeran nahiago dut ezjakin zoriontsu bat izatea, jakitun kezkatu bat izatea baino. "Aurtengo urtea txarra izango da, baina hurrengo urtean okerrera egingo du krisiak", horixe hasi ziren esaten 2007 inguruan, eta urtero errepikatu den esaldia izan da gaur arte. Mundu osoan, egunero milaka pertsona gosez hiltzen dira, gu krisi deritzogun horri aurre egiten saiatzen garen bitartean. Baina guk gure mundu grisa sortzen jarraitzen dugu, buru-belarri. Tira, ba horrelako albisteak entzutea baino nahiago dut liburu ederren bat irakurriz edo pelikula bat ikusiz entretenitzea; errealitatea gustuko ez duzunean, fikzioan murgiltzea baino irtenbide sanoagorik ez dut ezagutzen.
Seguru nago pentsatzen eta sentitzen dugun hori erakartzen dugula; beraz, barru-barruan pentsatzen badugu egoerak hobera egin dezakeela horixe izango da erakarriko duguna. "Ze tontakeria esaten hasi da neska hau oraingoan?", pentsatuko duzue zuetariko askok; sinets ezazue, bada, zerikusi handia duela. Albistegian edo egunkarian ikusitakoarekin konformatzeko joera daukagu, geure buruak informatzen ditugu, mundua zeinen gaizki dagoen hausnartuz, eta ondoren lagunartean bakoitzaren kezkak eta beldurrak zabalduz. Hizketan hasten dira, eta zuk halako batean zertaz ari diren galdetzen duzu, eta tupustean lau ahots batera entzuten dituzu, ozen eta sinestezin: "Ez al zara enteratu?"; ba ez, ez naiz enteratu hilabete honetan langabeziak 2,7-ko igoera izan duela eta hurrengo hilerako beste horrenbeste espero dela. Ez naiz enteratu, eta enteratuta ere zer? Zerbait konponduko nuke? Ez dut halakorik entzun nahi, horixe da guztia. Hobera egingo dugula sinesten dut eta beti sinistu nahi nuke, Olentzerorengan sinesten genuen bezalaxe.
Ez dut esango nire erabakia aukerarik onena denik, ezjakin izatea ez baita betirako irtenbide bat; baina garbi daukat bizia bizitzeko dela eta ez garela mundua salbatzeko jaio, geure burua eta gure ingurukoak zaintzearekin, alaitzearekin eta goxatzearekin badugu nahikoa lan.