Sushia eta sexua Antiguan

Erregeek bandera yankiz eta pistolaz jositako bi galtzontzilorekin harritu naute aurten. Kamuflajerako kolore nahasiak dituen oihalaren gainean daude itsatsita marrazkiak, eta Chuck Norrisen hankartea dantzan jartzeko moduko janzkiak dira, zinez. Zorroak ireki nituenean, Erregeak txantxetan ari zirela pentsatzeko tentaldia izan nuen, baina haietako baten imintzioak segituan argitu zidan ilusio guztiarekin egindako opariak zirela haiek. Eta, tira, berripoza eta harroputz konpletoa naizenez, dutxatu eta gustura estali nituen nire lotsariak galtzontzilo matxo haiekin.

Galtzazpiko sekretu hura egoki gordeta, Antigua auzoko jatetxe japoniar txiki batean afaldu nuen gauean —Mikel Laboaren kuttuna omen zen hartan, bai—. Aparteko jakiak dituzte, eta jangela ñimiño bat ere bai. Albokoen jarduna entzuteko ez dago ni bezain kuxkuxeroa izan beharrik, eta nahi gabe ere mila kontutan muturra sartzeko parada dago han. Bi euskaldun jatorren lehen zita zirudienaren lekuko izatea egokitu zitzaidan, eta nahiko kezkatuta itzuli nintzen etxera han ikusi eta aditu nituenekin.

Hogeita hamabost bat urte bota nizkien, eta poza ematen zuen haien aurpegiak ikusteak. Dena zen irribarre, dena adeitasun. Segituan antzeman nuen solasaldi mamitsuak izaten ari zirela, euskara dotorean. Hain ziren gai jasoak, klixe hutsak izatera iritsi baitziren. Film irandar baten aipamena, Houllebecqen liburuen inguruko berba, bietako batek Hego Korean bizitakoen bildumatxo interesgarria. Hori dena, sushi gozo-gozoarekin ongi berdintzen ziren bitartean. Testu hau zerekin betetzen jakin ez eta asmatutako hainbat topikoz trufatzea leporatu diezaiokezue zutabegile alferrontzi honi, baina ez; horrelako lehen zita europar eta modernoak gurean ere izaten dira, joan den astean jakin nuenez.

Norbait ezagutu eta pare bat hilabete pasa arte, harekin Cola-Cao bat hartzen dut nik, asko jota; ez nago inori leziorik emateko. Baina, gorago idatzi dudanez, kezkatuta etxeratu nintzen; izan ere, bikote xarmagarriari ez nion inongo tentsio sexualik antzeman afari osoan. Ez begirada lizun samarrik, ez igurtzitxorik izterrean, ezta zentzu bikoitzeko esaldi baldarrik ere. Edalontziekin topa kasto bat egin eta "gugatik!" esan zutenean, puxtarri pare bat eman nizkien; baina, hurrengo orduetan elkarrekin oheratzeko inongo xederik bazuten, ederki disimulatu zuten. Donostian izanda, noski, ez nuen espero batak jertse azpitik bularretakoa kendu eta mahai gainean utziko zuenik aztarna gisa, ezta besteak aulkitik altxatu eta komunerako bidean muxu lerdetsurik oparituko zionik ere bere kide berriari. Halere, postre jostagarriren bat falta izan zuen otordu hark, bai ala bai. Espero dut handik irten eta izango zela zirriren bat bederen, Antiguako gau ilunean. Gure alerik onenek eredugarri izan behar dutelako. Eta ederra litzatekeelako ongi hezitako abangoardia bero-bero bat izatea Euskal Herria are beroagoa izan dadin, paradisu izerditsu bilakatu arte. Beraz, sushia eta tenpura izan bitez epel zerbitzatzen diren bakarrak.

Bidaia sentimentalak

Belaunaldi gutxi egongo da gureak adina bidaia sentimental egin dituenik. Pertsonekiko gure maitasunak adina joan ginen lurraldearekiko atxikimenduak ere aldatzen. Neu, esate baterako, hamasei urterako liluraturik nenbilen Axularren Gero-rekin eta, maitasunak bere objektuaren eremua zabaltzeko duen joerari esker, Lapurdirekin lotura zuten zera guztiak iruditzen zitzaizkidan miragarri. Aditza jokatzen hasi, eta nor-nori-ren derauko, deraukigu… poema eder baten zati iruditzen zitzaizkidan.

Laburrak dira, alabaina, adin horretako maitasunak. Oskixeko aldapa bizikletaz igo, Sohütako Maddalen sorginarekin etorkizuna iragartzen saiatu (zeinen motz geratu diren gero iragarpen eder haiek) eta Barkoxeko tabernako nagusiarekin ordu erdi batez pastoralaz hitz egiten egotea aski izan genuen Zuberoaz maitemintzeko, eta nola gainera, urteak eman baikenituen maskaradak ikustera joan edo pastoralak eraman handiz ikusten, maitemindu berriek beren buruak zigortzeko erakusten duten grina nabarmenegi horrekin, dena esan behar bada. Zuberoan aurkitu uste izan genituen gure euskal nortasunari falta zitzaizkion osagarri guztiak.

Ez dira, ordea, maitasunak betiko. Marx etorri zitzaigun ondoren eta, marxismoa fedetzat harturik, Bizkaiko Ezkerraldeko meatzari herrietaraino joan ginen gure historiaren arorik ederrenaren bila, eta langile haiek lurrean egindako zuloetan sartzen ginen tenplu sakratuek eragin ohi duten errespetuarekin, gizartea eta mundua bera eraldatuko zuten aldarriak ahopeka errezitatuz, eta labe garaiei begira suspertzen genuen borrokarako behar genuen sua.

Baina fedeak ere ez dira betiko. Nafarroaz maitemindu ginen gero. Nabarraldekoen lanari esker jakin nuen erresuma zaharraren historiak ematen ziola koherentzia eta bizkarrezurra gureari. Baina, hainbeste fede eta kredoren ondoren, ahots horien artean batzuk zurrunegiak, gotorregiak ez ote ziren begitandu zitzaigun, eta epeldu egin ginen apur bat.

Badakit denborarekin Arabarekin ere maiteminduko naizela. Errioxako lurpeko katakonbetan sartzen naizen bakoitzean entzuten dut lurralde diskretu, sotil baina eder horren deia, ez bainau gaur egun ezerk isiltasunak eta misterioak adina liluratzen. Gainera, bizitza osoa lur elkor horietako ardoak edaten igaro ondoren, neurri handi batean bertakoa naizela ere sentitzen dut.

Baina ez gaitezen gertakariak aurreratzen hasi, azken bolada honetan inoiz baino gipuzkoarrago sentitzen bainaiz. Ez da Bilduren garaipena, ez Realaren aro berria, ez Donostiako alkatea ere, zerbait sakonagoa da, zer den zehatz ez badakit ere. Badu lurralde honek besteek ez duten irekitasun eta dotorezia bat, eta bidaia sentimental luze baten buruan etxera itzuli denaren begiradarekin begiratzen diot.

Gutxi egongo da gure belaunaldiak adina bidaia sentimental egin dituenik euskal geografian barrena. Honezkero, norbaiti galdera bat etorriko zitzaion burura: gauza bera sentitzen al zenuten aberriari dagokionez?

Gazteak ginelarik, baziren tarteka arraroren batzuk euskaldun eta espainol sentitzen zirenak, oso gutxi egia esan, eta haien jarrera konprenitzea neketsua egiten zitzaigun. Espezie arraro hori erabat desagertu da. Aberriari dagokionez, monogamoak atera gara zinez.

1.105

Iazko irailera arte izandako banaketa eta dibortzioak. Iazko irailera arte, 1.105 banaketa eta dibortzio erregistratu ziren Gipuzkoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, orotara, 3.377 izan ziren. Urte osoko datuak falta badira ere, Kidetzaren arabera 2010eko kopuru bertsua izango da 2011koa.