Gabon oporretako egun tonto horiei aurre egin nahian-edo, egun batzuk pasatzera joan gara Frantzian ditugun lagun batzuen mendiko etxera. Behin eta berriz mahai inguruan, gure frantses-ingeles eta haien gaztelera-ingeles traketsarekin komunikatu nahian ibili gara.
Egun hauen ostean, esango nuke badela gauza bat euskaldunoi jatea eta edatea baino gehiago gustatzen zaiguna: Euskal Herriaz hitz egitea. Euskaldunak ohikoa duen kirola da hori. Espainia Sakona deitzen diogunera goaz eta gure herriaz entzundako ustezko egiak bertan behera uzten ditugu, kondeszendentzia tonu batekin gainera, esanez "telebistak esan duen dena sinesten duzue". Horrela gero, esan ahal izango dute "conocimos a unos vascos, y además eran majos" (edo hori uste dugu guk).
Kataluniara bagoaz, ordea, independentismoaren borrokan aliatu gisa hartu ohi ditugu gure herriaz berbetan hasteko. Baina hala nola, argi utzi behar izaten diegu gure borroka gogorragoa dela, estatu espainolaren errepresioa handiagoa dela, eztakitzenbat preso politiko ditugula eta abar, ea mitomaniarik-edo sortzen dugun.
Ni ez naiz hainbeste nire herriaz hitz egitekoa. Ez zaitezte erratu, ni ere euskalduna naiz, baina joera handiagoa izaten dut, goazen herrialdera goazela, bertakoa kritikatzekoa (betiere, o, Euskal Herri maitearekin alderatuz). Ez dakit zer den txarragoa, egia da, baina oporretatik bueltan gure mendialde berdeek eta laino gris horrek hunkitzen nauten horietakoa naiz. Are gehiago, askotan Gure bazterrak jartzen dut momentuaren handitasuna indartzeko.
Gauza arraroa da, baina, oraingo honetan gertatu zaidana. Behingoagatik, gure herria, gure hizkuntza eta gure gatazka goraipatu ostean (esan beharrean nago momentu nahikoa lotsagabe batean gure gaztak ere goraipatu genituela, Frantzian! Enfin), erlaxatu egin ginela eta bat-batean etxean bezala sentitzen hasi.
Behingoagatik komunitate baten babesaren beharra lasaitu eta beste komunitate baten beroaz gozatzen utzi geniola gure buruari. Etxetik 700 kilometrotara, feminista artean, bollera artean, behingoagatik, Laboaren maite ditut maite… ez nuela faltan botatzen.
Baina tamalez dena ez da festa; momentu batean sinetsi badugu ere euskaldunok dugun chauvinismorako joera hori chauvinismoaren jatorriaren herrialdean sendatzera zihoala, denak du bukaera bat. Momentu ahul bat izan dugu eta larriki ordaindu, zeren, etxera gindoazela au revoir alai esanez, bisitan etortzeko gonbita egiten eta abar, batek esan baitzigun baietz, gogo handia zuela "Espainia ezagutzeko". Nola?
Ez bat eta ez bi, rollo on denak alde batera utzi eta malahostiazko "Ez Frantzia ez Espainia, Euskal Herria da!" batekin agurtu behar izan ditugu denak.
Erabaki dugu, beraz, hurrengoek ez dutela hainbesteko zortea izango, Orreagatik hasiko baitira gure herriaren inguruko hizketaldiak. Eta puntu.