Nor zara zu Interneten?

Probatu al duzu inoiz zure izena Google bilatzailean ipintzea? Ikusi duzunak harritu zaitu? Topatu duzu espero ez zenuen zerbait, adibidez, argazkiren batean etiketatu zaituzte eta zuk ez zenekien argazki hori Interneten bazenik ere? Zer dakite besteek zutaz: zuk erabaki duzuna ala beste norbaitek deliberatu du zure ordez? Bada, hemendik aurrera, gure gazteek ezinbestean egin beharko dizkiete galdera horiek, eta askoz ere gehiago, euren buruei.

Has gaitezen, baina, hasieratik. Egongo da bere izena Interneteko bilatzaileren batean idatzi eta emaitzarik ez dagoelako harro dagoenik. Bada, horrek jakin beharko luke, egun, presentzia digitalik ez izateak, hura kaskarra izateak edo gure nortasun digitala modu pasiboan eraikitzeak ondorioak izan ditzakeela etorkizunean. Alde batetik, aldatzen ari dira lana bilatzeko erak (AEBetan, azken urtean, %16k sare sozial baten bitartez topatu dute bere azken lana), eta, bestetik, aldatzen ari dira baita langileak topatzeko moduak ere. Career Enlightenment-ek egindako ikerketa baten arabera, enpresen %89k sare sozialak (LinkedIn, Facebook eta Twitter, besteak beste) kontsultatzen dituzte langileak hautatzeko prozesuetan, eta hautatzaileen %33k atzera botatzen dituzte hautagaiak beraiei buruz topatutako zerbait gustuko izan ez dutelako. Begi bistako arrazoiengatik gure nortasun digitala zaintzea eta guk geuk sortzea —ez besteen eskuetan uztea— garrantzitsua da.

Dena den, nortasun digitala ez da bakarrik Interneten bilaketa bat egiten dugunean guri buruz azaltzen dena, gutaz helarazten dena/duguna ere bada. Askok gure nortasun digitalaren patua besteen esku uzten dugu. Hori da, behinik behin, gazte askori gertatzen ari zaiona. Hori edo oraindik okerrago dena: euren nortasun digitala eraikitzen ari dira, baina modu inkontziente batean, xehetasun guztiekin astebururo egiten dituzten parranda guztien berri emanez, total eginda daudenean argazkiak igoz, sareetan bi aldiz pentsatu gabe edozer idatziz, baina baita euren lan interesgarriak plazaratuz, partekatuz, besteei lagunduz ere. Esan nahi dudana zera da: ez dituzte gehiegi bereizten ondorio positiboak zein negatiboak izan ditzaketen ekintzak, ez direlako jabetzen uzten ari diren aztarna digitalaz.

Gauzak horrela, nork bere nortasun digitala modu kontziente batean eraikitzen joateari axolazko deritzot, eta nago gazte gehienak ez daudela horretarako prestatuta. Noren ardura da, baina? Nire ustez, ardura partekatua da, guraso eta eskolaren arteko ardura partekatua. Bai batzuek zein besteok ezagutu beharko genituzke honen guztiaren zoko-mokoak. Sen onak Interneten tokia badu ere, eskas samar gerta liteke hainbat kasutan, gure identitatearen kontrola bideratzeko ezagutza minimo bat ere behar baita (zer egin behar dugun eta nola, eta, batez ere, zer ez dugun egin behar).

Amaitzeko, nire ustez, nork bere nortasun digitala eraiki beharra dauka, eta kontziente izan identitate horrek ate asko ireki edo itxi liezazkiokeela. Bide horretan aurrera egingo badute gure gazteek, identitate hori garatzen lagunduko dieten irakasle zein gurasoen laguntza eta babesa nahitaezkoa izango dute. Gaia ez da berria: asko hitz egin da eta hitz egiten da honen inguruan. Halere, gauza bat da eskuratu beharreko konpetentzia digitalen artean hau guztia txertatuta egotea, eta beste bat, oso ezberdina, eskoletan modu sistematikoan lantzea. Ezjakintasunagatik edo, uste dut oraindik urrun samar gaudela jomuga horretatik, eta, ezbairik gabe, komenigarria litzateke honi buruzko hausnarketa sakona egitea.

709.607

Gipuzkoan urtearen hasieran erroldatuta zeudenak. 2011ko urtarrilaren 1ean 709.607 biztanle zeuden erroldatuta Gipuzkoan. Aurreko urtean baino 2.344 biztanle gehiago dira horiek; %0,33 gehiago, alegia.