500.000

Kutxak sarean jarri dituen argazkiak. www.kutxateka.com webgune berrian, Gipuzkoako 500.000 argazki zaharrez osaturiko bilduma kargatu du Kutxak. Eskuragarri jarri du ondare artistikoa ere.

Twitter Cinzano

Hau esatea ere niri tokatuko zait: euskal tuitlariak espainolak baino askoz ere aspergarriagoak gara. Patu saihetsezina delako izango da, baina sare sozialekin —ere— ez dugu asmatzen jakin. Beraiek birao burugabeak eta esames dibertigarriak dituzten tokian, guk gogoeta astun eta eztabaida adeitsuak besterik ez ditugu. Izaera zibernetiko uzkurra, auzo-lotsa gogaikarria edo hurkoari —Euskaltzaindia, arren!— iraintzeko erreminta falta. Batek daki zergatik, baina euskaldunok horrela jai dugu Interneten.

Ez litzateke halako hondamendia ere, benetan ilunak eta goibelak bagina. Baina okerrena da badugula ukitu ironikoa, eta gorriak bizi izan dituenaren zinismoa ere ez zaigu falta, noski. Horiek biak ateraldi xelebre bihurtzeko txinparta dutenak ere non-nahi dabiltza, lagunekin sesioan, kalean. Kontua da Mikel Elorzarekin edo Imanol Epelderekin txikitoak hartzen entzuten ditudan astakeriak ez ditudala Interneten inon topatzen —ezta beraien twitterretan ere, zozo parea—. Eta, tira, beharbada poztekoa da Euskal Herrian oraindik taberna zuloak Internet baino dibertigarriagoak izatea, baina nire gibela eta nire kontu korrontea sarean gehixeago aritzeko eskatzen ari zaizkit aspaldi.

Aspermenaren zama osoa gure tuitlari emankorrenen bizkarrera botatzea bidegabekeria litzateke, noski. Sarean jaja ozenak egiten aritu ahal izateko lehengai egoki-egokiak ere ez ditugu eskura. Horretarako, bekatari aproposak falta zaizkigu: Ramoncin bat, Alejandro Sanz bat, David Bisbal bat. Beren hanka sartze eskuzabalekin txantxa biribilak eskaintzen dituzte haiek etengabe, eta Estanis Argoteren erdiraketak balira bezala, erremate erraz-erraza bakarrik behar izaten dute. Hemen bagenuen Carlos Iturgaiz bat —artista hura ere—, baina Bruselara alde egin zigun Twitter sortzeke zegoenean.

Txiste onak egiteko arku eta gezi zorrotzak dituzten asko Ebro ibaiaz bestaldeko sailetara joan ohi direlakoan nago, matrailezurra dantzan jarriz pieza onak kobratzera. Haiek gure armiarma sarean itsatsita gera daitezen, eta hemengo indiar leialenak ere dantzan jarriko badira, burruntzian erreta bukatuko duen basurderen bat beharko dugu. Beraz, euskal amaraunaren mesedetan, oheratu zure arerio politikoarekin, legebiltzarkide —eta argazkiren bat egon dadila, noski—. Aitortu negar batean dopatu egiten zarela, kirolari. Edo atxilotu zaitzatela Loiun maletan kokaina kilo pare bat daramatzazula, musikari. Paradoxa dirudi —Klaudio Landa honetaz aspaldi jabetu zelakoan nago—, baina espainiarren moldeko eskandaluak behar ditugu gure Internet burujabe eta erakargarria izan dadin. Horrela, beraiek Twitter Cinzano daukaten bitartean —pizgarritxoarekin, ttak—, gurean ez dugu alkoholik gabeko Twitter Kas txepelarekin konformatu beharko.