Leon eta Kastillo Donostiako metroan

Orain dela gutxi azpiegitura proiektu handien kontra Donostian egin zen manifestaziora elkarrekin joan ziren Leon eta Kastillo. "Elkarrekin? Beharko! Txanpon bereko bi aldeak dira eta!", hartu dit kargu aldamenetik ari zaidan batek. Arrazoi du. Beharbada, elkarrekin joan zirela idatzi beharrean, elkarrekin ondo hartuta joan zirela edo horrelako zerbait idatzi behar nuen; manifestazioan zalantzarik gabe parte hartu zutela, alegia.

Baina Leon eta Kastillo txanpon bereko aldeak direla bezain egia da elkarri bizkar emanda bizi direla eta, ondorioz, eztabaidak sarri baino sarriago izaten dituztela. Donostiako manifestazio hura ez zen salbuespena izan.

Bulebarretik euripean abiatu bezain laster, antolatzaileek banatutako esku orria irakurtzen hasi zen Leon, eta, horrekin batera, arbuiatutako proiektuak zerrendatzen: AHTa, Pasaiako kanpo portua, errauskailua, Donostialdeko metroa…. "Metroa?", harritu plantak egin zituen Kastillok (plantak baino ez, manifestazioetara joan aurretik deialdien xehetasunak irakurri ohi dituen horietakoa baita). "Bai, metroa —berretsi zion Leonek—, zergatik harritzen haiz?". Kastillok ez zuen erantzuteko aukera pasatzen utzi, jakina.

Haren iritziz, metroa proiektu bat baino gehiago etiketa bat da, edo nahi bada, Jaurlaritzak hainbat proiektu zaku berean sartzeko erabiltzen duen etiketa. Proiektu horietatik batzuk interesgarriak ez ezik oinarrizkoak ere izan daitezke garraio publikoa sustatuko bada. Esaterako, zenbait tartetan trenbidea ez bada bikoizten, nekez areagotuko da inoiz zerbitzuen maiztasuna.

"Eta inork ez dik ezer horren kontra —argudiatu zuen Leonek—. Baina proiektu horien guztien izarra eta, azken batean, etiketaren beraren sorburuan dagoena Donostiako pasante delakoa duk. Neurriz gaineko proiektu erraldoia duk, eta garestia, are gehiago krisi garaian".

Kastillok ez zion arrazoi kendu, baina ez zen horregatik ñabardurak egin gabe geratu. Gipuzkoan garraio publikoa sustatzeko balizko proiektu guztiak premiaren, inbertitzeko dagoen diruaren eta, azken batean, eragingarritasunaren arabera zerrendatuko balira, pasantea seguruena azken postuan agertuko litzateke (beharbada azken aurrekoan, AHTa kontuan izanda, baina tontoenak ere badaki horrek ez duela garraio publikoaren sustapenarekin inolako zerikusirik). Beraz, ados: ikuspuntu askotatik begiratuta, metroa proiektu eztabaidagarria da. Baina balizko eztabaida hori ez da inolaz ere AHTaren, Pasaiako portuaren edo errauskailuaren inguruan egin daitezkeenen senide. Ez, behintzat, Kastilloren iritziz.

San Martinetik pasatu eta atzera berriz Bulebarrera iritsi ziren. Kioskoko ekitaldiari adi, Leonek eta Kastillok elkarren arteko eztabaidan behin-behineko etenaldia egitea adostu zuten. Metroaren inguruan egin den propaganda lotsagarria, handikeria, finantzaketa arazoak, lehentasunak… gauza asko geratzen dira pendiente. Ondoren jarraituko zuten, etxeko bidean. Topoan.

Frantsesa

Aspaldi paradoxa irudi zitzaidan, baina duela gutxi bonbilla normalean baino biziago piztu zitzaidan. Izan ere, euskaldun kontziente orok badaki, euskara komunikatzeko edo euskaraz komunikatzeko, batzuetan, gero eta gutxiago baina oraindik askotan, beste hizkuntza batzuk erabili behar direla. Jende gutxik jartzen du zalantzan mezuak guztietara iristeko gaztelaniaz ere komunikatu egin behar direla, hainbat arrazoirengatik: jende guztiak ez daki euskaraz; badaezpada, euskara hutsean agian denek ez dute ulertuko; edo, ikuspegiaren arabera, gaztelania ere hemengo hizkuntza da; beraz, naturaltasunez bi hizkuntzak erabiliko ditugu. Hala ere, dirudienez, frantsesarekin ez da hori gertatzen. Edo hori behintzat pentsatu nuen, duela aste batzuk Bilbon Egin dezagun bidea manifestazioaren bukaerako hizlariak entzun eta gero. Manifestazioa Euskal Herri osoari zegokion arren, hizkuntza dela-eta, gaztelania ez bezala, frantses hizkuntzak edo frantses hiztunek ez zuten hor islarik, zeren diskurtsoa, euskaraz aparte, gaztelaniaz besterik ez zen eman. Ipar Euskal Herriko biztanleek, beraz, denek euskaraz dakite? Edo halako ekitaldietara etortzen diren guztiek behintzat? Edo ez dakitenak gaztelaniarekin moldatzen dira? Edo igual ez dira asko eta, beraz, ez dute asko inporta?

Baina, nahiz eta horrekin bonbilla piztu zitzaidan, gaia ez da manifestazio horren hizkuntza erabilera; hori egoera orokorra islatzen duen adibide bat besterik ez da. Pirinioetako beste aldeko biztanle asko hizkuntzaz ez dira euskaldunak, baina asko ez horrela erabaki dutelako, baizik eta aukera izan ez dutelako edo kontrako egoera bizi izan dutelako. Eta aintzakotzat har dezagun jatorrizko frantses hiztunak ere euskaldun bihur daitezkeela, edo hori behintzat da gure interesa.

Hala ere, Hego Euskal Herriko biztanle askok gaztelania ere beren hizkuntzatzat hartzen duten arren, frantsesak ez omen du estatus bera. Gaztelaniak baino askoz urrunago dirudi, Frantziarena edo frantsesena hain zuzen ere, ez Ipar Euskal Herriarena. Ez da euskaldunon parte baten bigarren (edo lehenengo…) hizkuntza gisa ikusten, baizik eta frantsesa egiten duenak badirudi hurrengo momentuan bandera trikolorea atera eta Marseillaise kantatzeari ekingo diola.

Eta, hala ere, esango nuke euskal-gaztelar elebidunentzat frantsesa ikastea, frantsesez erraz komunikatzea lortu arte behintzat, oso esperientzia ona izango litzatekeela. Hainbat arrazoirengatik:

Hasteko, gauza berriak ikasten ditugunean, batez ere seguru sentitzen ez garen ohol batzuen gainean, nolabait ere ikasbide horrek apalago sentiarazten gaitu. Gure inguruan normalean eraikitzen ditugun hormak (hizkuntzarekin nahiko lotuak…) neurri batean desagertzen dira gauza berriei irekitzen gatzaizkienean, eta hobeto ulertzen dugu ahul diren beste batzuen egoera ere. Gure kasuan, helduak izanez, euskara ikasten dutenen bizipenak, hain zuzen.

Ikuspegi abertzale batetik, buelta asko eman gabe eta nahi eta nahi ez, frantsesa ere Euskal Herriko hizkuntza da, Euskal Herrian hitz egiten, lan egiten eta bizitzen delako. Baina, ikuspegi abertzalerik gabe ere, Ipar Euskal Herriko biztanleek hemengoen antzeko egoerak bizi dituzte: bi hizkuntz komunitate, bata bestearen alboan; bi nortasun, askotan botere egoera batean; bi kultura nagusi (eta gehiago, atzerriko migrazioak kontuan hartuz); hezkuntzan hizkuntza ibilbide ezberdinak. Gaur egungo frantses hiztun asko txikitan oraindik euskaldunak ziren, edo haien aurreko belaunaldiak bai behintzat. Horiek zein ikuspegi dute gaur egun? Eta frantses jatorrikoek eta beste hizkuntza komunitate batzuek? Nolakoa da haientzat elkarbizitza hori? Euskara erakargarria iruditzen zaie? Garrantzitsua? Folklorikoa? Baztertzailea?

Hori guztia jakin dezakegu Ipar Euskal Herriko frantses hiztunekin hitz egin eta gero. Eta hartan datza frantsesa ikasteko beste arrazoi bat: praktikatu egin dezakegu. Ez da oporretara itxaron behar frantsesez hitz egiteko. Edozein asteburutan erabil dezakegu eta baita, bizilekuaren kokapenaren arabera ere, arratsalde batean bertan... Eta frantsesez hitz egin dezakegu, era berean, kostaldeko zerbitzari, dendari eta ostalariek behin eta berriro gaztelania eskaintzen diguten arren, zeren euskara gure arteko hizkuntza ez den bitartean ez baitu zertan gaztelania izan, frantsesa ere izan daiteke...

Eta, azkenik, Ipar Euskal Herriko frantses hiztunekin ez ezik, gure inguruko hainbat lagunekin ere izan daiteke frantsesa zubi hizkuntza, euskaraz komunikatzeko bidean: senegaldar eta Ipar Afrikako jatorrikoekin, besteak beste. Aire pixka bat emango lioke frantsesak Hego Euskal Herrian batzuetan itotzen gaituen gaztelania-euskara bikote bizioso horri, eta zubiak, gainera, bi aldeetatik eraikita, alde bakar batetik eraikita baino sendoagoak izaten dira.