span>erakusketa

Ezkutatutakoa argiztatzean

Lanbroak ezkutatzen zizkionak maite zituen Mikel Laboak. Zita Aialak, berriz, ezkutuan geratzen diren horiek argiztatzea du ia obsesio, natura eta gizakien arteko harremanean lotuneak bilatuz, orekaren bila. L'Art de la Lumière Cachée izenburupean (Ezkutuko argiaren artea), bi dimentsioko argi-koadroak bildu ditu Zita Aialak (Iruñea, 1965). Koadro bitxiak dira guztiak, teknika berri batez sortuak. Hil honetan hiru erakusketa aretotan ikus daitezke: Pasai Donibanen, Donostian eta Donibane Lohizunen (Lapurdi).

Jarrera aktiboa eskatzen dute Aialaren erakusketek. Koadro zuriak topatuko ditu lehen begiratuan bisitariak, "koadroen dimentsio natural minimalista", Aialaren hitzetan. Eta, bestetik, "ezkutuko dimentsioa, soilik barruko argia piztean erakutsiko dena".

Bisitariak berak piztu behar du argia —hala da behintzat Pasaiako Victor Hugo etxean—, eta argia piztearekin bat, erabat eraldatuko dira koadroak, eta baita erakusketa aretoa bera ere. Koadro zuri minimalistak zeuden tokian oso bestelako irudiak azaleratuko dira, koloretsuak. Argiarekin ikus daitekeen erakusketa da, baina ilunpean ikustea gomendatu du Aialak, "koadroek duten intentsitatea ez galtze aldera".

Loreak, harriak... organikoa den guztiaz hitz egiten du Aialak koadroetan, natura delako bere obran protagonista nagusienetakoa. Eta naturarekin batera, argia. "Argiarekin lan egin nahi nuen hasieratik. Mendian bizi naiz, eta sumatzen dut gauzak ez doazela ondo. Gure jabetzakoa balitz bezala tratatzen dugu natura, eta ez litzateke horrela izan behar. Gustatuko litzaidake naturaren eta gure arteko harremana bestelakoa izatea, lotura sakonagoa".

Horregatik, Aialak sortutako koadro ia guztietan gizakia ageri da: "Gizakia naturari bizkar emanda bizi da gaur egun, eta, horregatik, oso unibertso organikoan txertatu dut nik, naturaren zati den beste mikrounibertso bat sortuta". Ekaitza, bilakaera, oreka, bertigo, unibertsoa, helburua, zaborra... mezuari estu lotzen zaizkio koadroetako izen gehienak.

Kezka horiek guztiak komunikatzeko teknika berritzaile bat asmatu du Aialak, argiaren laguntzaz. Zetazko papera erabiltzen du bere koadroak sortzeko, eta erretxina berezi bat, itsasteko zein papera gogortzeko erabiltzen duena. Ezkutatuko duen irudia sortzen du lehenik, eta, ondoren, zetazko paperezko geruzak erabiltzen ditu irudia estaltzeko. Bata bestearen gainean jartzen ditu paperezko geruzak, irudia zuritzen den arte. Behin koadroa osatuta, berniz batez babesten du. Hala, ezkutuko irudia, hau da, koadroaren lehen geruzan jarritakoa, soilik argia piztean azaleratzen da.

Teknika asko probatu ditu Aialak behar zuena topatu arte. "Beirarekin probatu nuen, baina oso gaizki moldatu nintzen; zeramika zeharrargiarekin ere probatu nuen, baina oso hauskorra da, eta soilik gauza txikiak egiteko aukera nuen". Gutxien espero zuenean, baina, topatu zuen bilatzen ari zena. "Lagun bat etorri zen etxera, alabarekin, elkarrekin egin zuten pinata margotzera. Lorategian lanean ari zirela, egunkari papera zeta paperarekin trukatzea bururatu zitzaidan". Izan ere, zeta paperak badu bere beharretara oso ongi egokitzen den ezaugarri bat: "Opakua da argia parez pare ematen dionean, eta zeharrargia atzealdetik argiztatzekotan".

Arte afrikarra eta japoniarra oso gustuko dituela dio Aialak, eta igarri da haren obran, trazatuetan, motiboetan... "Bi arte horietan trazatu bakar batez asko komunikatzeko gai dira, eta hori asko gustatzen zait".Sortzaile nafarraren koadroetan ere sumatzen da gutxirekin asko komunikatzeko nahia, hausnarketarako gonbidapen zirikatzailea.

Pasai Donibanen, Victor Hugo museoan. Hilaren 27ra bitarte bisitatu ahal izango da.

Donibane Lohizunen (Lapurdi), Infante galerian. Hilaren 26ra bitarte.

Donostian, El Muro tabernan (Gros auzoa). Hilaren 30era bitarte.