“Etxetik kanpo luze egoteak bizitza soziala gutxitzen dit”

“Etxetik kanpo luze egoteak bizitza soziala gutxitzen dit”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

Modu “arraroan” iritsi zen Aitor Unanue Galtegitxo (Zestoa, 1985) barkuetako mekanikari izatera: “Ikasketetan ez nintzen ona, eta ez nekien zer ikasi batxilergoa amaitzean. Esan zidaten gauza asko ikasten zirela itsasoko mekaniko izateko ikasketetan, eta, beraz, animatu egin nintzen”. Senegalen harrapatu du Gipuzkoako Hitza-k. Apirilaren 20an joan zen hara, eta han egongo da uztail hasierara arte, “arrantzatzeko dagoenaren arabera” betiere. 2006. urtean joan zen lehen aldiz Senegalera mekanikari lanak egitera, eta irailean bederatzi urte beteko dira hara bueltaka ibiltzen dela.

Ikasten ari zen bitartean, probatzeko gogoa sartu zitzaion, eta, eskolak amaitzean, Zumaiako turismoko itsasontzi batean hasi zen lanean uda batean: “Egun batean, gaur egun nire nagusiak direnak etorri ziren galdezka. Mekaniko bat behar zutela eta ea eurekin joango nintzen. Hala, animatu eta Senegalera etorri nintzen”. Lan egiten duen itsasontzia arrantzarakoa da, eta Senegalgo portu batetik irten eta bertara itzultzen da. Bera eta beste mekanikari bat txandaka aritzen dira.

Irtenaldi bakoitzean 10 eta 25 egun artean egon daitezke itsasoan: “Marea hasieran, portutik irtetean, bertako kaikoei karnata erosten diegu, arrainak arrantzatzeko jakia, alegia. Normalean, sardina izaten da, eta erosketa, gehienetan, portu ondoan dagoen badian egiten dugu”. Egun pare bateko kontua izaten da normalean, baina askotan luzatzen omen zaie. Behin hori eginda, itsasora irteten dira, eta “mantxarekin” egiten dute lan: “Gauean, argiak piztu, eta arrainak barku azpian elkartuz joaten dira; egunez, poliki-poliki mugitzen gara arrainek barkuari jarrai diezaioten”. Prozesua nahiko zaila bihurtzen zaie batzuetan, eta hiru itsasontziren artean eusten diote “mantxari”. Egunero, eguna argitzean hasten dira arrantzatzen; karnata jaurti, eta kanaberarekin arrantzatzen dute. Karnata amaituta, nahiko arrain arrantzatu badute, hustera itzultzen dira kaira. Egun guztian barkuan bizi dira, eta, prozesua amaituta, portura joaten dira deskargatzera: “Han egun bat edo bi egiten ditugu, eta, ondoren, berriz irteten gara marea hasten denean”.

Arraina itsasontzian bertan izozten dute, eta, horretarako, azpiegitura txukun edukitzea dagokio. Horrez gain, barkuko makineria mantentzeko oso adi egoten da, izatez laguntzaileak badituen arren, bere kasa aritzen da: “Berez, bost koipeztatzaileren laguntza izan beharko nuke, baina ez dute ikasketarik, eta nahiko mugatuta daude niri laguntzeko”.

Marinelekin dituen kultura diferentziengatik gertaera xelebreak ere izaten ditu, baina, arrantza saio onak egitean, denak pozik egoten dira. Ezusteko txarren bat ere izan du Senegalen egonaldiak egiten daramatzan urteotan: “Behin, badian itsasontzi bat hondoratu zuten; ez zuten seinaleztatu, eta haren gainera igo ginen oharkabean. Beste behin, berriz, olatu koskor bat sartu zitzaigun kubiertan”.

Edozein lanbidek bezala bereak ere alde onak eta txarrak dituela uste du: “Espero gabeko aberiak gertatzean, asko ikasteko aukera izaten dut, eta hori gustatzen zait. Baina etxetik kanpo luze egoteak bizitza soziala gutxitzen didala ere sentitzen dut”. Lanez aldatzeari ez dio aterik ixten, baina oraingoz gustura dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.