span>itsasoari begira

“Hamasei kilo antxoa eramaten genituen buru gainean”

“Hamasei kilo antxoa eramaten genituen buru gainean”

Hamabi urte besterik ez zuen Itziar Etxeberria Bikuñak (Getaria, 1943) arrain saltzen hasi zenean. Amari laguntzen zion antxoa saltzen. "Arrainduna zen amona, baita nire ama ere. Eta ondoren ni. Orain nire iloba dabil arrandegian. Laugarren belaunaldia da". Zarauzko merkatuan dauka arrandegia Etxeberriak, Itziar arrandegia, eta, 72 urterekin, han egoten da egunero-egunero. "Orain ez naiz goizetan arrain bila joaten, ilobak egiten du hori, baina egunero egoten naiz merkatuan".

Tarte batean arrandegia utzi du Etxeberriak Hitza-rekin egoteko. Ile apaindegira joateko ere aprobetxatu du atsedenaldia. Eta ile apaindegiaren kanpoan erantzun die kazetariaren galderei. Etengabe agurtzen du jendeak Etxeberria. "Elkarrizketa egiten ari zaizkit", esan dio bertatik pasatu den gizon bati. "Zuk kasu egiozu, dena egia esango dizu eta", esan dio gizonak kazetariari. "Nolako antxoak ekartzen zituen Itziarrek! Haiek zuten distira eta kolorea!".

Antxoak buru gainean nola ekartzen zituzten oroitu du gizonak. "Bai, bai; halaxe ekartzen genituen. Perrailetan ekartzen genuen antxoa, eta zulotxoetatik tantoak erortzen zitzaizkigun buru gainera, tirrin-tin-tin. Hamasei kilo eramaten genituen buru gainean".

Autoan egiten zuten Getariatik Zarautzerako bidea, eta ama plazan aritzen zen saltzen, eta Etxeberria, berriz, auzoz auzo. "Antxoatan, gu beti antxoatan ibiltzen ginen, eta antxoa ez zegoenean, atuna. Behin denboraldia amaitzen zenean, negu partean, etxean gelditzen ginen, eta kontserba fabrikara joaten ginen".

Etxean dirurik ez, eta, jan nahi bazuten, lan egin beste aukerarik ez zutela nabarmendu du Etxeberriak. "Gure etxean ez geneukan ezer, eta baporeak antxoatara ateratzen zirenean zain-zain egoten ginen, hura baitzen diru pixka bat irabazteko modu bakarra. Hementxe bertan egiten zuten arrantzan, urrutira joan gabe, eta amak esaten zidan 'ai Itziar, sirenak joko balu'. Jainkoak entzunda, sirenak jotzen zuen beti". Antxoa portura iritsi zelako abisua entzunda, berehala jaisten ziren portura; antxoa kargatu eta Zarautzerako bidea hartzen zuten. "Zarauztik Getariara, eta Getariatik Zarautzera, horixe izan da nire bizimodua. Eta horrelaxe jarraitzen dut oraindik ere".

Dozenatan saltzen zuten antxoa. "Dozena pezeta batean". Eta egunkari paperean bilduta eramaten zuen jendeak. "Orain, ez dakit ze plastiko eta paper txuri erabili behar den. Orduan, dena periodikotan biltzen genuen. Ez dut inoiz entzun inor hil denik periodikotan bildutako antxoa jateagatik, baina tira! Orain, jendeak antxoari hezurra eta dena kentzeko eskatzen dizu, ezin dute hezurtxo bat ere ikusi; eta jendeak ez daki arraina garbitzen, eta frijitu ere ez dute egin nahi".

Erosleak, leihotik

"'Antxoa, antxoa!', deiadarka ibiltzen nintzen ni, kalez kale. Leihora atera, 'itxoin, oraintxe jaitsiko naiz', eta hantxe jaisten ziren emakumeak, mantalarekin; dozena bat, bi dozena edo hiru, behar zutena". Eramandako antxoak amaitzen zirenean bukatzen zuten Etxeberriak eta bere amak lan eguna. "Zarautz beti izan da oso herri antxoazalea; herri gutxi izango da Zarautz bezain antxoazalea".

Amak utzi zuenean, ahizparekin ere ibili zen gero arraina saltzen. "Ni hasi nintzenean 60 izango ginen arraindunak, eta orain ni bakarrik gelditzen naiz ordukoetatik". Aurten egin ditu 60 urte plazan arraina saltzen, eta orain dela sei urtetik du arrandegi finkoa merkatuan: "Arrandegi berriak egin zituzten, baina ordu arte postu batean egoten nintzen".

Getariatik ez ezik, Pasaiatik ere ekartzen zuen arraina. "Baina hori geroago izan zen, 30 urte ingururekin". Goizean goiz esnatu, eta auto-stopean joaten zen Pasaiara. "Goizean, 04:30 inguruan irteten ginen etxetik. Nik esaten nion Martxela lagunari 'orain putak etxera, eta gu lanera'. Gasolindegian egiten genuen topo. 'Orain zuek lotara eta gu lanera' esaten genien. Han hartzen genuen kafesnea, haiek eta guk". Pasaian arraina erosi, eta anaia joaten zitzaion bila, Zarautzera eramateko".

Bizimodu gogorra izan duela aitortu du Etxeberriak. "Baina, ez nuke beste bat nahi. Inoiz ez zait dirua gustatu, nahiago dut arraina saltzen ibili, dirua kontatzen aritu baino. Hala ere, orain pixka bat aspertu naiz, eta nagia sartzen zait. Lehen, amorratzen egoten nintzen; orain, ez".

“Itsaso Hila zeharkatu nuenean, Jordanian erotzat jo ninduten”

“Itsaso Hila zeharkatu nuenean, Jordanian erotzat jo ninduten”

Laku, ibai, itsasadar, itsaso, kanal, urtegi... Edozeinetan egiten du igerian Carlos Peñak (Tolosa, 1965). Ongintza eta elkartasuna akuilu gisa hartuta, zeharkaldi luzeak egiten ditu igerian, eta 25 urte pasatxo daramatza horretan. "1989an hasi nintzen, anaiarekin". Hasi baino urtebete lehenago ez zukeen pentsatuko 25 urte geroago oraindik horretan jarraituko zuela. "Nire pasioa atletismoa zen, eta oso ondo ibiltzen nintzen. Hogei urterekin, maratoia 2.32ko denboran egin nuen. Baina, lesio bat zela medio, beste zerbait bilatu beharrean egon nintzen". Eta igerian hasi zen. Ordutik ia 55 zeharkaldi eta 5.000 kilometrotik gora egin ditu.

Anaiak eta biek Ebro ibaian behera egin zuten lehen zeharkaldia, Logroñotik Zaragozara. Berrehun kilometro egin zituzten, eta ordutik geldialdirik ez du izan Peñaren ibilbideak. Anaiak utzi egin zuen, baina berak jarraitu egin du. Azken zeharkaldia Alcantarako urtegian egin zuen (Caceres, Espainia), urrian. Laurogei kilometro, alzheimerra duten gaixoen eta haien senideen alde.

Dozenaka zeharkaldi egin ditu Peñak, guztiak bizkarrez igerian; baina horietako gutxi batzuk baino ez ditu itsasoan egin. 1994an izan zen lehena: Gibraltarko itsasartea. Tarifatik (Espainia) Tangerrera (Maroko), 7 ordu eta 8 minutu behar izan zituen 14 kilometro egiteko. Itsasoko azken zeharkaldia 2008an egin zuen, Itsaso Hilean. Tartean, 1998an, Kontxako badian 100 orduko zeharkaldia egin zuen anaiarekin; 2001ean, Magallaes itsasartea egin zuen; 2006an, Mar Chiquita barne itsasoa zeharkatu zuen; eta, 2007an, Hondarribia eta Getxo artean ibili zen igerian.

"Itsasoan igeri egitea oso gogorra da. Itsasoaren gazitasunak eta indarrak izugarri zailtzen dute ibilbidea. Itsaslasterrak, mareek, olatuek, haizeak... eragin handia dute. Hondarribitik Getxorako bidean, adibidez, 5-6 metroko olatuekin egin nuen igerian".

25 urteotan egin duen zeharkaldirik gogorrena ere itsasoan eginikoa dela dio Peñak. "Dudarik gabe, Itsaso Hila zeharkatzea izan da inoiz egin dudan gogorrena. Zeharkaldiaren ondoren ateratako argazkiek dena esaten dute. Erreta neukan bai aurpegia eta bai bularraldea, nahiz eta goitik behera estalita joan nintzen; ez nuen zirrikiturik utzi agerian. Itsaso horren gazitasunak itsu utz zaitzake, eta maskara berezi bat ere diseinatu nuen igeri egiteko. Oso ezerosoa zen, baina ezinbestekoa".

Peña autobus gidaria da ofizioz, eta oporraldietan gauzatzen ditu bere balentriak. Itsaso Hila ere abuztuan zeharkatu zuen. "Ez da garairik onena, beroa egiten duelako, baina... Ura 40 graduan zegoen, eta eguerdi partean kanpoko tenperaturak 50 gradura hurbiltzen ziren. Jasanezina zen, eta ni goitik behera estalita...".

Militarrak armekin

Itsaso Hila Jordania, Zisjordania eta Israel artean dagoenez, baimenak eskuratzeko zailtasunak gehitu zitzaizkion zeharkaldiaren berezko zailtasunari. "Jordanian, enbaxadan, erotzat jo ninduten. Orduantxe, Itsaso Hilean hildako baten heriotza ari ziren tramitatzen". Tentsio handiko zeharkaldia izan zela oroitzen du Peñak. "Bost egun iraun zuen, eta Israelgo militarrek armekin zaintzen zuten itsaso barruko muga. Baina, nola nahi zuten nik muga non zegoen jakitea? Igerian ezin duzu marra bat non dagoen jakin. Ez zuten tiro egingo; hori uste dut behintzat, baina tentsio izugarriarekin egin genuen bidea". Zeharkaldia bukatu bezain laster, Everestera iritsi balitz bezala sentitzen zela esan zuen Peñak, bera izan baitzen Itsaso Hila zeharkatu zuen lehen pertsona.

Ingurumenaren alde eta klima aldaketaren kontra egin zuen Peñak Itsaso Hileko zeharkaldia. Euskal Herrian egindako azken itsas zeharkaldia, berriz, bakearen alde egin zuen, Lokarrirekin. "Beti gai baten bueltan prestatzen ditut nire erronkak. Inoiz ez dut honekin dirurik egin, eta ez da inoiz nire asmoa izan. Kausa baten alde dirua biltzeko egiten dut igerian, elkarte edo talde batekin kontaktuan jarri eta denon artean antolatzen dugu. Segurtasun minimo bat da eskatzen dudan bakarra, eta ateratzen den diru guztia haientzako da". Alzheimerra sufritzen dutenen alde, indarkeria matxistaren aurka, ingurumenaren alde, elikagai bankuentzat dirua biltzeko... "Niretzat, aitortza handiena senideren bat gaixorik duten pertsonak hurbiltzen zaizkidanean egiten didatena da; begiak bustita, hunkituta, eskerrak ematera etortzen direnean".

“Adrenalina espero du jendeak, baina hegan egitea lasaitasuna da”

“Adrenalina espero du jendeak, baina hegan egitea lasaitasuna da”

Gizakiaren betiko ametsa, betiko gogoa izan da txoriek bezala hegan egitea. Haizea aurpegian sentitu eta askatasunez hegaztiak bezala mugitzea. Historian zehar hamaika ahalegin egin ditu gizakiak horretarako. Parapentean hegan egitea litzateke gaur egun horri gehien hurbiltzen zaion aukeretako bat. Iñigo Urrutikoetxeak (Donostia, 1959) 1980ko hamarkada hasieran egin zuen lehen hegaldia parapentean. "Mont Blancera joan ginen, eta han ikusi nituen bi lagun, parapentea motxilan hartuta, gero mendian behera salto egiteko". Atentzioa eman zion jarduerak, eta orduan harrapatu zuen kirol horrek betiko.

Hegan egiten duenean "amets batean bezala" sentitzen dela dio. "Itsaso gainetik parapentean hegan zoazenean, badirudi errealitatetik atera egin zarela, eta munduari kanpotik begiratzen diozula". Hegan egitea "lasaitasuna" da Urrutikoetxearentzat. "Parapentean ibiltzera datorrenak adrenalina espero du, baina aireratze eta lurreratze momentuak kenduta, hegan zoazenean lasaitasuna da sentitzen duzuna".

Bera bezala, jende asko harrapatu du parapenteak ordutik. Eta zabalpen horretan badu partea Urrutikoetxeak ere. 1989tik eskaintzen ditu parapente ikastaroak Donostian. Baina, horrez gain, parapentean ibiltzearen esperientzia probatu nahi duenarentzat ere badu eskaintza. Bi lekuko parapentean Gipuzkoako kostaldea airetik ezagutzeko parada ematen baitie bezeroei, aurrez ikastarorik egin beharrik gabe.

Urrutikoetxea hasi zenean, parapentearen hastapenak ziren. "Ordu arte paraxutarekin egiten zen, baina paraxuta egokitu egin zuten, eta hortik sortu zen parapentea". Autodidakta gisa definitzen du bere burua Urrutikoetxeak. "Garai hartan ez zegoen eskolarik; Frantziatik ekarritako aldizkariak irakurtzen nituen, eta horrela ikasi nuen hegan egiten". Aitzindaria izan zen, beraz, kirol horretan. "Pentsa, Espainian 6. parapente irakaslea naiz, lehen promoziokoa".

Gizakia Helburun lan egiten zuen Urrutikoetxeak garai hartan, baina irakasle titulua eskuratzearekin batera beste lan aukera batzuk sortu zitzaizkion. Astegunetan Gizakia Helburun jarraitu zuen lanean, baina asteburuetan Zurizako kanpinean (Huesca, Espainia) parapente eskolak ematen zizkien bezeroei, kanpineko gerenteak hala eskatuta. "1987a zen, eta bi urte egin nituen asteburuetan hara joaten".

Kirol berritzailea izanik, bezeroek hegan egiteko materiala eskatzen zioten Urrutikoetxeari. "Ez zegoen halako materiala erosteko ia aukerarik, eta nik lortzen nien materiala". Afizio zena lanbide bihurtzea deliberatu zuen Urrutikoetxeak 1989an. "Donostian denda bat ireki nuen, Urruti Sport. Han, parapentean hegan egiteko materiala ez ezik, mendiko eta eskaladarako materiala saltzen genuen; eta, horrez gain, parapentean ibiltzeko ikastaroak eskaintzen genituen bezeroentzat".

Urrutikoetxeak parapentean ibiltzeko oinarrizko ikastaroa eskaintzen du, hogei ordukoa. "Oinarri-oinarrizkoa da hori, hegan egiten ondo ikasteko urtebete behar baita gutxienez", azaldu du. Horrez gain, bi lekuko parapentean irteerak ere egiten ditu bezeroekin. "Kontua da jende asko etortzen zela ikastaroa egitera, hori zelako parapentean probatzeko bide bakarra. Baina jende horrek ez zuen asmorik parapentearekin jarraitzeko, esperientzia probatu besterik ez zuten nahi". Horrela hasi ziren bi lekuko parapentean irteerak egiten. "Bi lekuko parapentean irakasleak egiten ditu gidari lanak, atzetik, eta bezeroa aurrean joaten da. Batere esperientziarik izan gabe, hegan egitea zer den probatzen dute, arriskuak minimora jaitsita".

Eguraldiak eta haizeak baldintzatutako kirola izanik, batik bat udaberri eta udako hilabeteetan egiten dituzte irteerak. "Baina eskaintza urte osoan dago. Eguraldi ona badago, eta haizeak laguntzen badu, edozein urtarotan atera daiteke".

Gipuzkoako kostaldea airetik ezagutzeko aukera ematen dute hegaldiek. 20-45 minutu artekoak izaten dira, eta Donostiako Uliatik, Orioko Kukuarritik, Zarauzko Talai Menditik edota Zestoako Endoiatik ateratzen dira. Itsaso gainean hegan egin, eta kostaldeaz beste ikuspegi batetik gozatzeko modua ematen dute, parapentean ibiltzeko esperientzia bizitzeaz gain.

Eta edonork egin dezakeela dio Urrutikoetxeak. "4 urteko ume batekin egin dugu hegaldia, eta joan den astean, adibidez, 92 urteko gizon batek egin zuen".

” Babes arkeologikoa eman behar zaio urpeko ondareari”

” Babes arkeologikoa eman behar zaio urpeko ondareari”

Ander Arrese (Beasain, 1977) Islandian izan berri da, irailean, Beñat Iturrioz bere bazkidearekin. Dokumental baterako materiala biltzen aritu dira, orain dela 400 urte hildako 32 euskal baleazaleen aztarnen bila. Arresek azaldu duenez, "pozik" itzuli dira: "Ez dizut gehiago esango, gainerakoa dokumentalean ikusiko duzue. Baina bai, topatu ditugu arrastoak".

Arkeologoa da Arrese, ikasketaz eta lanbidez. Iturriozekin batera arkeologia enpresa bat jarri zuen martxan, duela sei bat urte: Suhar Arkeologia. Ondo joan zitzaien hasieran. "Baina gure lana oso lotuta zegoen eraikuntzarekin, obrak abiatu aurreko indusketa arkeologikoak egiten genituen maiz, eta krisia etorri zenean... Bide berrien bila abiatu ginen".

Arresek ez zuen ordu arte urpekaritzarekin harremanik izan. Baina, krisiari irtenbide bat emateko modua urpeko arkeologian topa zezakeela pentsatuta, pausoak ematen hasi zen. "Islandiako proiektu honekin lotuta hasi nintzen, duela urte eta erdi inguru". Aisialdirako urpekaritza ikastaroa egin zuen lehenbizi, eta horretan urpekaritzarako oinarriak ikasi zituen: "Segurtasun arauak, ekipazioa nola zaindu, nola ekipatu...". Hurrengo pausoa titulazio profesionala eskuratzea izan zen, urpeko lanak egiteko eskatzen dutena.

"Eta behin titulazioa esku artean, arkeologia ur azpira nola moldatu ikasi behar izan nuen". Oinarrian, kontzeptua bera dela dio, lur gainean eta urpean egon. Aztarnategi arkeologiko bat erregistratzeko sistema bat da arkeologia, eta gauza bera egin behar da uretan ere. "Baina, noski, ez da gauza bera aztarnategian gainean zutik ibiltzea, edo aztarnak urpean etzanda zaudela topatzea; lurrean kuadrikula bat zehaztea ere erraza da, urpean ez hainbeste; lurrazalean nahi adina denbora duzu, urpean denbora oso mugatuta dago...".

Tarragonan (Katalunia) ibili zen arkeologia lanetan Arrese, han urperatutako itsasontzi batean. Eta Mediterraneoko ur epeletatik Islandiara, fiordoetara, euskal baleazaleen aztarna bila joan zen irailean. Duela 400 urte, Donostiatik irtendako hiru baleontziak Norvegian ibili ondoren iritsi ziren Islandia ipar-ekialdeko fiordoetara. "Han ekaitza sartu zen, eta izotzak itsasontziak harkaitzaren kontra bota eta txikitu zituen". Laurogeitik gora baleazale ziren, eta haietako 32 hil egin zituzten, bertakoekin liskarrak izan ostean. "Sarraskia izan zen; oso modu basatian hil zituzten".

Sarraskian hildako 32 baleazaleen bidea berregin nahi izan dute Arresek eta Iturriozek: "Haiek txalupatan eginiko bidea guk kayaketan egin dugu; haiek urperatu ziren tokian urpekaritza egin dugu, eta haiek ihes egin zuten tokietatik egin ditugu guk mendi ibilbideak".

Urpean kosta ingurua miatu dute batik bat. Itsasontziak harkaitzen kontra txikitu zirenez, hor behar dutelako aztarnek. "Baina ez pentsa itsasontziak topatzeko asmoz urperatu garenik. Izan ere, itsasontziak egurrezkoak ziren, eta Islandian ia basorik ez dagoenez, egurra oso preziatua zen, urrea bezala. Baleontziak hondartzaren kontra suntsitu zirenez, hangoek ez zuten ezpalik ere utziko". Ontzian zeuden objektuen bila ibili da Arrese urpean: "Badakigu kanoi bat bazegoela, material zeramikoak eta metalikoak, iltzeak, arpoiak eta balea arrantzatzeko tresnak...".

Fiordoetan 7 graduko ur hotzetan murgilduta egindako lanarekin gustura dago Arrese, han bildutakoarekin dokumentala osatzeko gogotsu —marrazki bizidunekin osatuko dute baleazaleen istorioa—. Baina urpeko arkeologia etxean ere egin nahiko luke Arresek. "Hemen, Euskal Herrian, ez zaio ematen beste toki batzuetan ematen zaion garrantzia. Adibidez, Katalunian eta Cadizen, portuetan edo kostan egiten diren obra guztietan, aplikatzen da lurrazaleko kontzeptu bera". Alegia, obra handi bat egin behar denean, egin behar dela azterketa arkeologiko bat, obrak bertan egon daitekeena uki eta suntsi ez dezan. "Hori beste toki batzuetan ur azpira ere aplikatzen da. Hemen ez".

Arrese, ordea, ziur da komenigarria litzatekeela. "Hemen badugu ondare bat, kostako herria garelako, eta hemen ere egon direlako hondoratutako itsasontziak, itsas gatazkak, itsasoari begira bizi izan garelako beti, eta ziur nago ondare arkeologiko handia dagoela urpean. Eta ondare hori ez da potentziatu eta ez zaio behar duen babesa eman. Kontrol, interbentzio eta babes arkeologikoa eman behar zaio urpeko ondare horri ere".

“Gure ondarea oro har ukatua izan bada, itsas ondarea are gehiago”

“Gure ondarea oro har ukatua izan bada, itsas ondarea are gehiago”

Joan den igandean, Galdutako itsas historia berreskuratzeko saiakera bat hitzaldi ibiltaria eskaini zuen Xabier Alberdi Lonbide historialariak (Zarautz, 1969), Zarautzen; aurreko igandean, Itsas hiribildu baten ezaugarriak ezagutu ditzagun izenekoarekin egin zuten ibilbidea, Orion. Hurrengo hiru igandeetan gauza bera egingo du, hurrenez hurren, Getarian, Zumaian eta Aian. Itsas Ondarea Ezagutzeko Hitzaldi Ibiltariak izenburupean egingo dira bost ibilaldiak. "Iaz gauza bera egin genuen; lehenengoan hamabi lagun elkartu ginen, eta azkenekoan, berriz, 80".

Urola Kostako Mankomunitatean sortutako ideia izan zen hitzaldi ibiltariena. "Itsas ondarearen gaia baztertu samar egon den arlo bat da, eta horri balioa emateko ahalegina egitea pentsatu zuen mankomunitateak". Eta sentsibilizazioa hitzaldi ibiltarien bidez egitea erabaki zuten iaz.

Alberdiren arabera, Euskal Herriko historian itsasoak duen garrantzia eta pisua ez da behar bezala kontuan hartu. "Azken hamarkadetan Euskal Herriaren historiak, oro har, ukazioa bizi izan du; eta Euskal Herriko historia eta ondarea ukatua izan bada, itsas ondarea are gehiago". Lurreko ondarearen eta itsasokoaren artean ezberdintasun bat dagoela dio: "Lehorreko ondarea ukitu eta ikusi egin daiteke, dela baserri bat, dela dorre bat edo burdinola bat; baina itsas ondarea gehienetan ukiezina da —jada desagertuta dauden itsasontziak, ofizioak, erremintak...— eta horregatik egon da ezkutuago".

Itsas ondare hori ikusgarri egin nahi dute, bazterretik atera eta erdigunean jarri. "Beste ikuspegi batekin begiratzen hasi behar dugu. Maiz iruditzen zaigu hainbat gauzak ez dutela itsasoarekin zerikusirik, eta lotura erabatekoa da". Baserria du horren adibide. "Guregana iritsitako baserria, sagardo ekoizpenari zuzendutako baserria, adibidez; baserri mota hori ekoizpen horretan espezializatu zen sagardoa itsas bidaietarako erabiltzen zelako". Burdingintzaren garrantzia ere itsasoari zor zaiola azpimarratu du Alberdik. "Hori posible izan zen, ez bakarrik minerala eta erregaia genituelako, baizik eta itsasoz aterabidea emateko modua genuelako".

Bost herri, adibide

Bost herri hautatu eta bost ibilbide antolatu ditu Alberdik, eta bakoitzean gai bat landuko du. Oriokoa izan zen lehena, azaroaren 1ean. "Itsas hiribilduen gaia lantzeko aukera paregabea ematen du Oriok. Urola Kostan lau itsas hiribildu ditugu —Getaria, Zumaia, Orio eta Zarautz—, baina horien artean Orio da ezaugarriak ondoen gordetzen dituena, eta, gainera, Euskal Herri guztian bakarra da XVI. mendekoa".

Alberdiren esanetan, Zarautz da galdutako itsas historiaren adibide argienetako bat. "Ezaugarri guztiak ditu. Itsasbazterrean dago, hondartza du, surfa... baina, askotan, badirudi Zarautzek itsasoarekin duen harremana berria dela, toldoak jarri zituzten arte itsasoari bizkar emanda egon balitz bezala. Nonbaiten itsas ondarea ezkutatua badago, Zarautzen dago, eta ondare hori bilatzera atera gara".

Getarian, igande honetan, San Anton mendiko sekretuak hitzaldi ibiltaria eskainiko du Alberdik. Portu baten ezaugarriak azaldu nahi ditu historialariak. "Eta portu natural ederrena, dudarik gabe, Getariakoa da. San Anton mendiak sortzen du portua, eta bertan hainbat elementu eta ezaugarri daude: itsasargia, fortifikazioak, talaia...".

Euskal itsas balentrien antzinako monumentuak hitzaldi ibiltariak Zumaia izango du kokaleku, hilaren 22an. "Itsas ondarea isilpean pasatzearen arrazoietako bat da gure itsas balentrietako askoren aztarnak elizetan jasota daudela. Hobeto gordeko zirelakoan, ahaztuko ez zirelakoan jaso zituzten elizetan, eta elizetan daudelako ez ditugu orain ezagutzen". Herriko parrokia, komentu bat eta San Telmo ermita bisitatuko dituzte, Zumaian, itsas balentria horien aztarnen bila.

Hilaren 29an, Aian, Gure itsas paisaia zaharrean zehar hitzaldi ibiltaria eskainiko du Alberdik. "Beste lau ibilbideak berriak dira, baina hau iaz ere egin genuen. Lehena izan zenez, jende gutxi etorri zen, eta gerora jendeak errepikatzeko eskatu digu". Nekazaritza giroko paisaian itsasoak izandako eragina aztertuko du Alberdik ibilbide horretan: baserriak, basoak, burdinolak, errotak...

Alberdi pozik dago ordu eta erdiko hitzaldi ibiltari hauek harrera ona izaten ari direlako. "Askotan historia lotzen dugu txapa luze batekin, eta modu honetan historia modu praktikoan ezagutzeko aukera ematen dugu".

“Egurrezko ontziak ondare bizia izatea nahi dugu”

“Egurrezko ontziak ondare bizia izatea nahi dugu”

Ogibidea aparte badu ere, denbora dezente eskaintzen dio Beñat Ibaietak (Zumaia, 1982) Euskal BatelEroak elkarteari. Inork nahi ez dituen egurrezko ontziei beste bizitza bat ematen saiatzen dira, eta garai batean euskal kostaldean nola nabigatzen zen jendeari erakusten. "Ez da lan erraza; ez da instituzioen aldetik interes berezirik egon gaiari heltzeko. Frantzian, Herbehereetan, Alemanian eta Bretainian itsas ondarea oso ongi zaintzen dute, eta ontziak mantentzeko nahiz berriak sortzeko diru laguntzak ematen dituzte. Gurean, berriz, euskal ontzi tradizionalik ez da ia geratzen, erreplikak dira gehienak".

Batel bat lortu zuen garaian ezagutu zuen elkartea; Zumaiako Beduaolako kideek eman zioten haren berri. "Batelekin eta belan ibiltzen zen jendearentzako elkartea zela esan zidaten, eta hala eman nuen izena". Handik gutxira elkarteko idazkari izendatu zuten, eta duela bi urtetik bera da Euskal BatelEroak-eko zuzendaria. "Egurrezko ontziak dituzten bazkideen eta zaleen elkartea da gurea. Badaude bazkide batzuk euren herrian egurrezko ontzi bat mantendu ezin dutelako elkartearen esku uzten dutenak".

Elkartea Bretainiara egindako bidaia baten ondoren sortu zen. "Euskal Herria gonbidatua izan zen topaketa batzuetan. Hemendik batel pila bat joan ziren hara, eta han nabigatzen ari zirela ohartu ziren bazkide pila bat bilduko zituen zerbait falta zela". Harritu egin ziren zenbait herrialdek beren itsas ondarea nola zaintzen zuten, eta antzeko zerbait egitera animatu zen lagun talde bat. Izan ere, batela euskal ontzi tradizionala da, eta "oso geurea". XIX. mendekoak izan ziren lehen batelak, eta ez zuten gidatzeko tripulazio handien beharrik. Erabilpen domestikoa ematen ziotela uste da, kostako familiek baliatzen zituztela.

Gaur egun, urtero egun bat antolatzen dute Euskal Herriko itsas ondarea eta egurrezko ontzien nabigazioa sustatzeko. Batelero Eguna deitzen diote; normalean uztailaren 31n egiten dute. Gipuzkoako zenbait herritan antolatu dute jada. Elkarte handia ez diren arren, Ibaietak uste du kostako jendeak baduela euren berri, hainbat herritan daudelako batelarien elkarteak.

Elkarte horientzako egoitzak lortzen ere saiatzen dira. "Kultur ondare diren ontziolak badaude oso egoera txarrean, eta ederra izango litzateke horiek konpontzea eta batelarien elkarteek lokal gisa baliatzea". Ibaietaren eta gainerakoen ilusioa kanpotik etor daitezkeenei Euskal Herrian itsas ondarea zaintzen dela erakustea da: "Egurrezko ontziek ondare bizia izatea nahi dugu, eta itsasorako moduan egotea".

Euskal BatelEroak taldeko bazkide bakoitzak bere txalupa du, nahiz eta zenbaitek falta duten oraindik. Uretan edukitzen dituzten ontziez gain, lokal barruetan ere izaten dituzte, eta horiek konpondu behar izaten dituzte. "Polita izaten da erakusketak egitea ere, negu partean jendeak batelen berri beste era batera jaso dezan. Badugu erakusketa finko bat Lekeition, Euskal Herriko ia ontzi tradizional guztien maketekin".

Batelero Egunaz gain, datorren urterako beste zita garrantzitsu bat du buruan Ibaietak: "2016an beteko dira 150 urte Aita Mari marinel zumaiarra hil zela, eta urtemugarako zerbait berezia prestatu nahi genuke". Jose Maria Zubia itsasgizona, Aita Mari ezizenez ezaguna, arrantzaleen semea zen. Aitarekin ibili zen hasieran, eta baxurako arrantzale gisa urte batzuk igaro ondoren, Ameriketarako itsasbidea egiten zuten merkantzia-ontzietan ere izan zen, 1830etik aurrera. "Donostiara itzuli, txalupa bat erosi, eta horrekin ibili zen arrantzan hil arte. Famatua egin zen itsaso txarra zegoenean jendea salbatzera bere txaluparekin irteten zelako, baita uretara salto egiten zuelako ere, itsasoak bizirik lapur ez zezan".