span>itsasoari begira

“Aste bat surf egin gabe pasatzen badut, aztoratu egiten naiz”

“Aste bat surf egin gabe pasatzen badut, aztoratu egiten naiz”

Hamar urterekin hasi zen surf egiten Iker Muñoz (Donostia, 1986), eta Irunen bizita, Hendaiako hondartzara joateko ohitura zuen. "Beraz, bizikletaren edo gurasoen menpe ibili behar izaten nuen". 25 bat urte zituela hasi zen Zurriola surf eskolako begirale gisa lanean, eta egun surf eskolako begiraleen arduraduna da. Ikasketak beste norabide batean egin zituen arren, Euskal Herriko Surf Federazioan atera zuen begirale titulua, eta horri esker ofizioa eta afizioa bateratzea lortu du. "Aitortu behar dut zortea dudala gustuko dudan zerbaitetan lana egiteko dudan aukeragatik". Itsasoarekin lotuta, sakontasun txikiko urpekari titulua ere badu, itsasoko obretan eta portuetan lan egiteko aukera ematen diona.

Surfa edozeinek egiteko moduko kirola dela dio Muñozek, eta ukatu egiten du aberatsen kirola dela eta kirol garestiegia dela. "Surferako taula eta neoprenoa erosterakoan inbertsioa egin behar da; 500 eurotara hel daiteke. Baina, behin hori eginda, beste kirolekin alderatuz gero, merkea dela esango nuke. Adibidez, snowboardaren kasuan ere taula eta arropa erosi behar dituzu, baina gero elurra dagoen tokira bidaiatzera behartuta zaude, forfait-a... Gure kasuan, olatuak izatearekin nahikoa da; itsasoaren egoeraren iragarpenak ikusi eta horren arabera irteten gara itsasora".

Surfa egiten hasi nahi dutenentzako ikastaroak eta aritzen direnentzako entrenamenduak prestatzen dituzte surf eskolan; bodyboard ikastaroak ere eskaintzen dituzte, hastapenekoak nahiz entrenamendukoak. Baina hori baino gehiago ere bai. "Itsasoak errespetua ematen du, eta guk itsasoa ezagutzeko aukera eskaini nahi dugu: arriskuak saihesteko ezagutu egin behar da itsasoa". Muñoz ez dago bere burua itsasorik gabe imajinatzeko prest: "Aste bat surf egin gabe pasatze hutsarekin aztoratu egiten naiz; ezingo nuke itsasorik gabe bizi".

Itsasoa ezagutzea eta ingurumena zaintzea, horixe da surf ikastaroetan eskaintzen duten balio erantsia. Muñozen arabera, saiatzen dira gazte-gaztetatik ingurunearekiko kontzientzia sustatzen: "Hondartzatik bueltan gatozenean bakoitzak zerbait hartu behar izaten du, plastiko zati bat edo bestelako zaborren bat". Horrez gain, Galiziako Surf and Clean dinamikakoekin kolaboratzen dute, eta haiekin batera noizbehinka hitzaldiak nahiz hondartzen garbiketak antolatzen dituzte.

"Horrez gain, urtean behin irteera bat egiten dugu; normalean, Portugalera. Horretan gaztetxoek nahiz gurasoek eman dezakete izena, eta autobusa antolatuta joaten gara".

Erreferentea

Zurriola surf eskola "erreferentea" dela dio Muñozek, neguan surf egiten ikastera edo entrenatzera doazen talde dezente dituztelako. "Berez, datuak orokorrean hartuta, Pukas da kopuruz klase gehien eskaintzen duena. Baina guk hilabeterik zailenetan, otsailean-eta, 80-90 ume izaten ditugu, eta hori asko da". Izan ere, urtaroak eta eguraldiak asko baldintzatzen dute surferako aukera: "Udan surf ikastaroak eskaintzen ditugu, hastapena deitzen diogun modalitatekoak gehienbat. Jende pila egoten da orduan, eta taldeka antolatu eta uretara jotzen dugu. Neguan, ordea, hastapeneko talde gutxiago izaten da, eta urte osoan gurekin aritzen den jendearen entrenamenduak antolatzen ditugu: itsasoan, igerilekuan, gimnasioan... egin beharreko ariketak".

Bost urtetik hasi eta helduetara arteko eskaintza dute Zurriola eskolan; noizbehinka, 70 urtekoren batzuk ere joaten omen zaizkie. Surf Federazioak ratio batzuk ezartzen ditu, eta, horien arabera, kurtso batean sei ikasleko begirale bat aritzen da lanean. Adinaren arabera egokitzen dute hori: "Gazteenekin begirale gehiago aritzen gara lanean; 5 urtekoen kasuan, ikasle bakoitzeko begirale bat, adibidez".

Gaur egun, 10 eta 18 urte artekoak dira ikasle gehienak; normalean, Donostia, Hernani eta Errenteria ingurukoak, eta futbolaren edo saskibaloiaren ordez surfa euren kirol gisa hartu dutenak.

“Igeriketan, arraunean Kontxa bezalakoa da Getaria-Zarautz”

“Igeriketan, arraunean Kontxa bezalakoa da Getaria-Zarautz”

Halabeharrez-edo murgildu zen Jexux Mari Garmendia (Orio, 1950) igeriketaren munduan, eta Zarauzko igeri elkarteko masterren taldeko kidea da gaur egun. 30 alditan baino gehiagotan egin du Getaria-Zarautz zeharkaldia, eta igandean egingo den aurtengo aldirako ere jarri dio erronka bere buruari: "50 minutuko buelta horretan ibili nahi nuke; oso gustura egongo nintzakete, baita mantsoago egiten badut ere".

Betidanik ibili izan da itsasoan; bere garaian, Orioko gazte gehienak bezalaxe, arraunean ere ibili zen. Igerian umetatik jardun arren, teknika hobetzera eraman zuen halabeharrak: "30 urte nituela, birika bat kendu behar izan zidaten, eta esan zidaten arnasketa ariketak egitea komeni zitzaidala. Zarautzen igerilekuak ireki zituzten orduan, eta sekulakoa izan zen hori niretzat. Han hasi nintzen poliki-poliki igerian egiten. Ez baita gauza bera Orioko moilan uretan ibiltzea edo igerilekuan modu teknikoan igeri egitea". Hala ikusi zuen geroz eta hobeto egiten zuela igerian, eta ohartu zen gai zela zeharkaldi bat egiteko, eta horrelaxe hasi zen Getaria-Zarauzkoan parte hartzen.

Kontua galduta dauka, baina 1981etik bi alditan soilik geratu da zeharkaldian parte hartu gabe: "1987an, Berlinen eta Zarautzen arteko senidetzea izan zen, eta haraino joan ginen arraun egitera, trainerua autobusaren gainean jarrita. 2000. urtean, berriz, Orion nenbilen arraunean, eta horregatik galdu nuen". Gainera, zeharkaldiko egunean bertan egiteaz gain, entrenatzeko ere askotan joaten da Getariatik Zarautzera igerian. "Guztira, 90 bat aldiz egingo nuen". Igande honetan izango da aurtengoa, eta "ezeren okerrik" ez badu, egiteko asmoa du Garmendiak. "Behin adin batetik aurrera, bizitzako edozein arlotan, eta kirolean bereziki, norbere ahalmena jaisten joaten da urtetik urtera. Mantendu ahal izateko ere gehiago saiatu behar da, baina gehiago saiatuta ere ez da lortzen batzuetan, jaitsi egiten da".

Egindako zeharkaldi guztien artean, ordea, lehen aldikoa du gogoan: "Zarauztarren artean lehenengo postuan amaitu nuen. Lehen, beteranoen kategoria 35 urtetik gorakoa izaten zen, eta horretan irabazle edo lehen postuetan ere ibili izan naiz". Ahal duen heinean zeharkaldi hori egiten behintzat jarraitu nahi luke. "Igeriketa munduan, arraunean Kontxako bandera bezalakoa da. Kanpotik begira egoten den jendearen giroa ere ederra da. Nik beti pentsatu izan dut lehorretik hainbeste igerilari ikustea ere ederra izango dela, gu uretatik ez gara ohartzen eta".

Hala ere, aitortu du kaotiko samarra ere bihurtzen dela zeharkaldia egitera joandako igerilari guztiak itsasoratzea, eta bere trikimailuak badituela: "Mantsoago egin behar badut ere, saiatzen naiz albo batetik egiten. Bestela, erditik joanez gero zartakoak jasotzeko eta tragoak egiteko aukera dago". Eta esperientziak ematen dion bentajatik hasi berrientzako aholkuak ere baditu: "Presaka ez hasteko esango nieke, patxaran hartzeko, pazientzia izateko eta burua ere prestatzeko. Iristea eta gozatzea da garrantzitsua". Sufritu arren norberak egindakoaren satisfazioak balio handia du, Garmendiaren ustez: "Lehen aldiz egiten duenarentzat sekulakoa da; talde kiroletan lortutako lorpenak ederrak dira, baina norberak bakarrik lortzen dituenak ikaragarriak dira".

Abenduan beteko ditu 65 urte, eta lanetik ofizialki erretiroa hartuta badago ere, igeriketatik ez luke erretiratu nahi oraingoz: "Lantokitik jubilatuta nago, nahiz eta lanik ez zaidan falta. Baina igeriketa utziko banu, zaila izango litzaidake berriro itzultzea, eta ahal dudan bitartean jarraitzeko asmoa daukat". Zarauzko Balea igeriketa elkarteko masterren taldeko kidea da; 25 bat igerilari gaude han, eta Hektor Llanos triatleta ohia da beren entrenatzailea. "Entrenatzeko programa bat osatu zigun, eta harekin entrenatzeaz gain, zeharkaldirako bakoitza bere aldetik ahal duguna egiten saiatzen gara".

Gaur egun, gainera, Eneritz alabarekin batera egiten du igerian, biak baitaude Zarauzko igeri elkartean. Uztailaren 4an, Llançako (Herrialde Katalanak) Cala Farella eta El Port de la Selva arteko zeharkaldian parte hartu zuten biek. "Ezin dut bizitza itsasorik gabe imajinatu". Mendia ere asko gustatzen zaio, baina lurralde bat itsasorik gabe "oso gogorra" egingo litzaioke. "Itsasoa ikuste hutsak bizitza ematen dit".

“Sehaskatxo batean bezala egiten dugu lo, ontziaren kulunkan”

“Sehaskatxo batean bezala egiten dugu lo, ontziaren kulunkan”

Udaberria, udazkena eta negua jaioterrian egoten bada ere, uda partean Balearretan bizi da Xabier Urresti (Hondarribia, 1966). Itsasoarekiko afizioa ogibide bihurtzeak eraman du horretara. Izan ere, duela bost urte erabaki zuen ordura arte lanbide izandako argazki denda itxi eta itsasoari ateak zabaltzea. "Belaontzia erosi, ikasketak egin, eta titulua atera nuen". Beste batzuen barkuetan ibili izanak sortu zion egun duen ofiziorako irrika: "Marinelak eta patroiak jende berezia iruditzen zitzaizkidan, eta banekien lanbide polita izango zela".

Olatua izena jarri dio belaontziari: "Izen polit bat nahi nuen, sinplea izango zena eta jendeak erraz oroituko zuena. Iruditu zitzaidan itsasoaren esanahia ongi biltzen zuela; gainera, Interneteko webgunerako ere libre zegoen hitza; beraz, horixe hautatu nuen". Urteko sasoi gehienetan Bartzelonan edukitzen du amarratuta, opor sasoian izaten baitu lanik gehien. "Aste Santuan Bartzelonatik irteten naiz, eta, jendearen zein eguraldiaren arabera, Menorca edo Costa Bravako uharteetara joaten gara bost bat egunerako. Udan, ekainetik irailera bitartean, Balear Uhartetan egoten gara".

Astebeteko txangoak eskaintzen ditu, batez ere, Formenteran eta Eivissan. Larunbatetik larunbatera izaten dira txangoak. Zortzi lagunentzako da berez belaontzia, baina seiko taldeak antolatzen dituzte normalean, "leku gehiagorekin eta lasaiago ibiltzeko". Eivissan jasotzen ditu bidaiariak, aireportutik gertu dagoen kala batean, eta bertan pasatzen dute gaua. "Lehen eguneko afaria eta hurrengo goizeko gosaria prestatzeaz arduratzen naiz, elkar ezagutzeko aukera izan dezagun". Gero, hiru bat egunerako Formenterara joaten dira, eta beste hiru egun Eivissa aldean igarotzen dituzte. "Kalaz kala ibili ohi gara; horietako batean aingura bota gauean, eta sehaskatxo batean bezalaxe egiten dugu lo, ontziaren kulunkan". Mallorcan ere egonda dago, baina Formenterak eta Eivissak joko handia ematen dutela iruditzen zaio: "Ur oso gardenak daude, eta gauza politak ikusteko aukera ematen dute; kontraste handiko lekuak dira, oso aberasgarriak".

Itsasoa beste zerbaitekin lotzea da Urrestik arrakastarako baliatu duen gakoa. Belaontzi bat baino gehiago baita harentzat Olatua: "Ez da turistak etorri eta eguzkia hartzen egoteko txalupa bat bakarrik, edo alde batetik bestera dabilen barku bat soilik. Itsasoarekiko grina nahiz nabigazioa ezagutzeko aukera eman nahi dut, baita ikasketa hori beste zerbaitekin konbinatu ere". Horregatik antolatu izan ditu txangoak irauten duen bitartean euskaraz ikasteko barnetegiak: "Euskaltegiren batean dabiltzan bospasei lagun batu eta mintzapraktika egiteko aukera ematen dut, astebetez euskaraz bizi daitezen".

2010ean argazki denda itxi eta itsasoan murgildu bazen ere, zaletasun hura ez du erabat baztertu. Txangoetan parte hartzen dutenek belaontzitik ateratako argazkiak Urrestiren webgunean —Olatua.com— partekatzeko eta lehiaketan parte hartzeko aukera dute: "Euren presentzia eta gure proiektuari eginiko ekarpena eskertzeko modu bat da. Epaimahaia jartzen dut, eta, noski, saria ere badago. Hurrengo udan Olatua belaontzian beste aste bat igarotzeko aukera". Hartutako erabakiaz ez da damutzen Urresti: "Oso pozik nago lanarekin, jendea ere oso pozik irteten delako txangoetatik. Leku txikia da belaontzia, eta elkarbizitzarako aukera dago; jende artean harreman polita egiten da".