“Nesken arraunak bultzada izan du, baina egiteko asko dago”

“Nesken arraunak bultzada izan du, baina egiteko asko dago”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

“Hik igerian ba al dakin ba?”. Kostakoa ez denez, arraunean hasi zelako txiste bat baino gehiago entzun behar izan du Itsaso Aramendik (Azpeitia, 1986): “Hasieran egiten zituzten halako txisteak, baina ez, hasiera-hasieratik oso ongi hartu ninduten”. Umetatik ezagutzen du arraunaren mundua, Zumaian familia duelako eta Kontxako estropadetara urtero joaten zelako eurekin. “Azpeitian oso ezezaguna zen niretzat; kostako herrietan-eta ezberdina da, ikasleekin joaten dira probatzera-eta”. Igandean jokatuko da Kontxako Banderaren lehen estropada. Arraunlari guztiek arraun egiteko desiratzen duten lekua da Aramendirentzat: “Olinpiadak bezalako zerbait da; denboraldian hor daude Gipuzkoako Liga, Euskotren, txapelketak… eta Kontxa errematea da”.

Arraunean hasi, ordea, bata bestearen atzetik etorritako kasualitateen ondorioz hasi zen: “Debara bizitzera etorri izanak Jon Maiaren Apaizac obeto dokumentala ikustearekin bat egin zuen, eta hortik kostarekiko harremana-edo indartu zitzaidala esango nuke”. Irratian ere justu orduan entzun zuen emakume arraunlariak falta zirela eta neskak animatzea ongi egongo zela, eta probatzeagatik animatu zen. “Nire osabak ezagutzen zuen Zumaiako taldeko entrenatzailea, eta batak besteari esanda joan nintzen probatzera; 2011-2012ko denboraldian hasi nintzen”.

Bera sartu zenean Zumaiako Telmo Deun taldea erabat osatu gabe zegoen, entrenamenduetarako ere arazoekin zebiltzan jende gutxiegi zegoelako, eta horrek berarekin pazientzia izatera eraman zituela uste du: “‘Honi nola edo hala erakutsi behar zioagu arraunean, bestela larri ibili behar diagu denboraldi honetan’ pentsatu zutela uste dut, eta sekulako pazientzia hartu zuten nirekin, denon beharra baitzegoen; polita izan zen”.Taldeak Zumaiaren izena badu ere, toki askotako jendeak osatzen du egun: tolosar askok, urte mordoxka daramatzaten ondarroarrek, bermeotar batek, Bermeon bizi den galiziar batek, Sestaoko bik…

Oraindik egiteko asko badago ere, azken urteetan emakumeen arloa ezagutarazi dela iruditzen zaio: “Euskotren Liga telebistan eskaintzen hasteak eragin handia izan du arraunean ibiltzen garen emakumeon ikusgarritasunerako. Uda izateak ere eragingo du, akaso, beste kirol asko etenda egoten dira eta. Bultzada izan du hedabideen aldetik, baina oraindik badaude hobetzeko gauza pila”. Esaterako, euren taldean ez dago soldatarik edo bestelako ordainik jasotzen duen inor, lehiaketetan izan ditzaketen garaipenen araberakoa da hori.

Baina animatuko luke jendea, behintzat, probatzera: “Balio on askoko kirola da: laguntasuna, elkarrekiko errespetua, taldeari bakoitzak ahal duen guztia ematea, konpromisoa… Uste dut horrek eragiten duela jendea arraunera lotzea, arraunlariak zein entrenatzaileak, baita klubaren bueltan dabiltzan gainerakoak ere”. Balio onez gain, gogortasun handiko kirola ere bada, ordea. Esaten da ipurdia mintzen dela edo besoak lantzen direla, baina ia gorputz osoko mina eragin dezake: “Arrauna kirol osoa da; mina izaten dugu hankako behatz puntetan ere!”.

Denbora libre askorik ere ez dute izaten; azaro aldera hasten zaie denboraldia, eta astean zehar prestatzaile fisikoak bidalitako entrenamendu ariketak egiten dituzte lehorrean. Asteburuetan, berriz, elkartu egiten dira, eta uretan entrenatzen dira. Udaberria gerturatu ahala, astean ere egunen batean joaten dira uretara. Uda aldera, berriz, talde osoa uretan entrenatzen da egunero. “Festarako eta halakoetarako tarterik ere ez dugu izaten; astean egun bat libratzen dugu, eta pott eginda egoten garenez, atseden hartzeko aprobetxatzen dugu”.

2013-2014ko denboraldian hartu zuen deskantsua arraunetik, hamalau hilabete kanpoan egin zituelako: “Zeelanda Berrian lanean aritu nintzen, eta gero Asia hego-ekialdean bizikletaz. Martxoan itzuli nintzen, eta hasieran ez nuen asmorik denboraldi erdian arraunean hasteko, besteen prestaketa erdian sartuko nintzelako. Baina azkenean animatu nintzen, eta hortxe jarraitzen dut”. Ez daki noiz arte jarraituko duen, behin denboraldia amaituta erabakitzen dutelako hurrengora animatu edo ez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.