“Sehaskatxo batean bezala egiten dugu lo, ontziaren kulunkan”

“Sehaskatxo batean bezala egiten dugu lo, ontziaren kulunkan”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

Udaberria, udazkena eta negua jaioterrian egoten bada ere, uda partean Balearretan bizi da Xabier Urresti (Hondarribia, 1966). Itsasoarekiko afizioa ogibide bihurtzeak eraman du horretara. Izan ere, duela bost urte erabaki zuen ordura arte lanbide izandako argazki denda itxi eta itsasoari ateak zabaltzea. “Belaontzia erosi, ikasketak egin, eta titulua atera nuen”. Beste batzuen barkuetan ibili izanak sortu zion egun duen ofiziorako irrika: “Marinelak eta patroiak jende berezia iruditzen zitzaizkidan, eta banekien lanbide polita izango zela”.

Olatua izena jarri dio belaontziari: “Izen polit bat nahi nuen, sinplea izango zena eta jendeak erraz oroituko zuena. Iruditu zitzaidan itsasoaren esanahia ongi biltzen zuela; gainera, Interneteko webgunerako ere libre zegoen hitza; beraz, horixe hautatu nuen”. Urteko sasoi gehienetan Bartzelonan edukitzen du amarratuta, opor sasoian izaten baitu lanik gehien. “Aste Santuan Bartzelonatik irteten naiz, eta, jendearen zein eguraldiaren arabera, Menorca edo Costa Bravako uharteetara joaten gara bost bat egunerako. Udan, ekainetik irailera bitartean, Balear Uhartetan egoten gara”.

Astebeteko txangoak eskaintzen ditu, batez ere, Formenteran eta Eivissan. Larunbatetik larunbatera izaten dira txangoak. Zortzi lagunentzako da berez belaontzia, baina seiko taldeak antolatzen dituzte normalean, “leku gehiagorekin eta lasaiago ibiltzeko”. Eivissan jasotzen ditu bidaiariak, aireportutik gertu dagoen kala batean, eta bertan pasatzen dute gaua. “Lehen eguneko afaria eta hurrengo goizeko gosaria prestatzeaz arduratzen naiz, elkar ezagutzeko aukera izan dezagun”. Gero, hiru bat egunerako Formenterara joaten dira, eta beste hiru egun Eivissa aldean igarotzen dituzte. “Kalaz kala ibili ohi gara; horietako batean aingura bota gauean, eta sehaskatxo batean bezalaxe egiten dugu lo, ontziaren kulunkan”. Mallorcan ere egonda dago, baina Formenterak eta Eivissak joko handia ematen dutela iruditzen zaio: “Ur oso gardenak daude, eta gauza politak ikusteko aukera ematen dute; kontraste handiko lekuak dira, oso aberasgarriak”.

Itsasoa beste zerbaitekin lotzea da Urrestik arrakastarako baliatu duen gakoa. Belaontzi bat baino gehiago baita harentzat Olatua: “Ez da turistak etorri eta eguzkia hartzen egoteko txalupa bat bakarrik, edo alde batetik bestera dabilen barku bat soilik. Itsasoarekiko grina nahiz nabigazioa ezagutzeko aukera eman nahi dut, baita ikasketa hori beste zerbaitekin konbinatu ere”. Horregatik antolatu izan ditu txangoak irauten duen bitartean euskaraz ikasteko barnetegiak: “Euskaltegiren batean dabiltzan bospasei lagun batu eta mintzapraktika egiteko aukera ematen dut, astebetez euskaraz bizi daitezen”.

2010ean argazki denda itxi eta itsasoan murgildu bazen ere, zaletasun hura ez du erabat baztertu. Txangoetan parte hartzen dutenek belaontzitik ateratako argazkiak Urrestiren webgunean —Olatua.com— partekatzeko eta lehiaketan parte hartzeko aukera dute: “Euren presentzia eta gure proiektuari eginiko ekarpena eskertzeko modu bat da. Epaimahaia jartzen dut, eta, noski, saria ere badago. Hurrengo udan Olatua belaontzian beste aste bat igarotzeko aukera”. Hartutako erabakiaz ez da damutzen Urresti: “Oso pozik nago lanarekin, jendea ere oso pozik irteten delako txangoetatik. Leku txikia da belaontzia, eta elkarbizitzarako aukera dago; jende artean harreman polita egiten da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.