Gaiak, bederatziko txikian

Gaiak, bederatziko txikian

Maite Alustiza

Aurrenak dira txapelketa hasten, eta aurrenak bukatzen. Ondo baino hobeto ulertzen dute elkar: baten proposamenak guztienak bihurtzen dira, eta guztien erabakiak batek plazaratzen ditu bertsolari eta bertsozaleen aurrean. Bederatziko taldea da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileena. Bihar hasiko dira final-laurdenak, eta prest dituzte fase osorako gaiak. Astelehen arratsaldean, biharko eta etziko saioetarako “azken orrazketak” egiteko bildu ziren Villabonan Inaxio Usarralde, Itziar Etxezarreta, Asier Iriondo, Iban Narbaiza, Imanol Artola Felix eta Ion Zaldua. “Hemen lege bat dago, gaurko bileran: zerbaitek ez badu balio, hobea ekarri”, zioen Usarraldek. Seiokin batera gai-jartzaileen taldea osatzen dute Irati Agirreazaldegik, Iker Iriartek eta Saroi Jauregik.

Iazko urrian egin zuten lehen bilera, txapelketa antolatzen joateko. Geroztik, asteburuetan egin dituzte bilera intentsiboak, eta astean zehar elkartu dira asteburuko saioei heltzeko. Gaiei baiezkoa eman aurretik, zenbait galbahe pasatzen dituzte. Lehena: norberak bere buruari jartzen diona. Bakoitzak bere sormen prozesua dauka gaiak ateratzerakoan. Felixek sakelakoan apuntatzen ditu burura datozkionak; edo tabernan lanean ari dela, paper batean: “Gaia suertatu egiten da, edo entzun egiten duzu…”. Etxean ordenatzen ditu gero, bileran “txukun” aurkezteko. Narbaizak ere gailuak baliatzen ditu, ideiak ahaztu baino lehen. Gertatu izan zaio: “Kristoren ideia izan, gauean idaztera joan eta ahaztu”. Eguneroko martxan datozkienez gain, espresuki gaiak pentsatzeko tarte bat hartzen dute batzuek. Zalduak aurten eutsi dio horri: paper zuri bat hartu, eta saio oso bat osatu du goitik behera, ariketaz ariketa.

Etxeko lanak azken orduan egiten ere ibili izan dira. Hala kontatu du Iriondok: “Gertatu izan zaigu larunbatetan elkartu, eta gaien artean pilotari buruzko gai asko ekartzea. Zergatik da? Ibili garelako gaiak jartzen Joxean Tolosa eta Xabier Euzkitzeri begira”. Bromari jarraipena eman dio Zalduak: “Horrek behintzat esan nahi du ez dela Pedro Mari Goikoetxeara iritsi, Boxeo Izarretara…”. Eta Narbaizak gehitu: “Gai erotikoetara joaten dena ja… asko luzatu zaiolako”.

Bigarren galbahea taldearena da. Gai-jartzaile bakoitzak taldekideei aurkezten die etxetik daraman gai zerrenda, eta hor erabakitzen dute gaiak balekoak diren ala ez. Gustuko dituzten ikusten dute, aurreko urteetatik ezagunak egiten zaizkien… Bertsolarientzat ere egokiak izatea ezinbestekotzat du Zalduak: “Ikusten dugu bertsolariak zer esan dezakeen gai horrekin. Ofiziotan, bi pertsonarentzako gaia bada, ea biek lan bertsua daukaten, edo batek askoz errazagoa edo zailagoa daukan…Behintzat biek zeresana izateko”.

Oreka bilatzen ahalegintzen dira, bai gai baten barruan, eta baita saioan orokorrean ere. Horretarako, gai taula bat darabilte bileretan, Etxezarretak azaldu duenez: “Saiatzen gara bertsolari bakoitzari antzeko gaiak ez tokatzen, antzeko egoerak ez jartzen, ariketa bakoitza zer pertsonari tokatzen zaion begiratzen dugu…”. Behin gai bat balekoen zakura sartzen duten momentutik, baten gaia bederatziena bilakatzen da. “Berdin du nork ekarri duen; talde bezala erantzuten dugu beti”.

Gai zerrenda osatu ondoren, talde txikiagotan elkartzen dira, binaka edo hirunaka, gaiak ariketaka hartzeko. Zortziko handiko gai guztiak hartu, eta errepasoa egiten diete; sei puntuko motzekoak hartu, eta berdin… Denak txukundu eta saioak osatuta dauzkatenean, azken orraztua egiten diete. Detaile txikiak dira, baina askotan luze aritzen dira horien gainean: “Zalantza izan daiteke kaletik joan edo kaletik etorri. Ez gara ados jartzen. Buelta asko ematen dizkiegu; batzuetan, gehiegi”, dio Zalduak. Igogailuan trabatuta geratu ziren duela gutxi egindako bilera batean: bertsolaria igogailuan behera zihoala jarri, edo igogailuan gora. “Behera badoa, dena libre dauka, baina gora badoa, leku jakin batera doa…”.

Bertsolariek kantatu behar dutena kokatzen saiatzen dira gai-jartzaileak, euren irudimenean. Beren “pelikulak” egiten dituztela dio Usarraldek, eta gero dezepzioak izaten dituztela batzuetan. Bertsolarien araberakoa ere bada emaitza, Narbaizaren arabera: “Pasatzen da bi bertsolarirentzako sekulako gaia izatea, kristoren zukutua ateratzea; eta beste biri jarri eta sekulako kaka plastekoa egitea”.

Baserritik teknologietara

Gaiei berei dagokienez, ariketa bakoitzak “bere karga” du, eta gaiek ere norabide hori hartzen dute. Zortziko txikian eta koplatan, adibidez, “gai arinagoak” izaten dira normalean. Urteekin, gai-jartzaileen proposamenak ere aldatu dira. Usarraldek dioenez, baserria ia desagertu egin da gaietan, ez bada nekazaritza turismo edo halakoren bat aipatzen dela. “80ko hasieran ugariak ziren baserriko langintza eta handik sortutako erreferentziak. Gaur egun, berriz, sare sozialak, Internet, informatika…”. Normaltzat dute. Eurek ere, gai-jartzaile jardunean, asko erabiltzen dituzte teknologia berriak, elkarri dokumentuak pasatzeko eta abarretarako.

Gai-jartzaileak ere sortzaileak direla dio Zalduak, eta naturalki, norbere ingurutik sortzen duela: “Ez dugu nekazaritza gairik sortuko, mundu hori asko ezagutzen ez badugu. Errazagoa da sare sozialetatik-edo gehiago sortzea, gure erreminta delako”. Baserri munduko gaiak desagertzea “klixe batzuk” puskatzearekin lotu du Narbaizak: “Ematen du bertsolaritza euskal kulturako zerbait dela, baserria… Badago apurtze esplizitu bat horrekin. Euskara ezin egon ahal da sare sozialetan, Twitterren?”.

Bertsolariek gaia ezagutuko ote duten. Kezka hori ere izaten dute gai-jartzaileek, eta batzuetan “autozentsura” ere egiten dute. Adibidea jarri du Usarraldek: “Jar dezagun zaintza partekatua. Bolada batean modan jartzen da gai bat, baina horretaz zer esan behar da? Ahoz, prosan hitz eginez ere, argi daukagu zer esan? Alde edo kontra? Bertsolaria txapelketan kontserbadorea bihurtzen da, eta asko dauka jokoan”.

Aurkezle lanak

Gaiak prestatzeaz gain, saioetan jende aurrean egotea ere tokatzen zaie gai-jartzaileei. Gipuzkoa Bertsotan fasean bina saio aurkeztea tokatu zitzaien, eta beste bina egokitu zaizkie gerokoetan. “Ez dago aurkezle eskolarik”. Beraz, bakoitza bere estiloarekin eta hainbat irizpideri jarraituz aritzen da oholtzan: neutraltasuna agertu behar da, gai-jartzaileak ez luke bertsolariak daraman urduritasunaz gain gehiago erantsi behar…

Etxezarretak aurkeztuko du biharko saioa, eta Felixek igandekoa. Lasai daude biak. Lehenak patxadan pasatu ohi du astea, saioa hasi aurreko momentura arte. Felixek ondo entseatuta darama egin beharreko guztia: “Jada ez dago punturik kantatu beharrik; lasai nago, beraz! Hor ateratzen ziren nire zailtasun minimoak kantatzeko garaian. Etxean bonbilla bat daukat, goitik behera datorrena, eta hura hartzen dut, hamar aldiz gai bera irakurtzen dut, posizioak aldatuz eta abar. Etxeko paretek eta katuak dena onartzen dutenean…”.

Badu izaera eta nortasuna txapelketako gai-jartzaileen taldeak, eta giro “oso ona” bederatzi kideen artean, gertukoa. Gipuzkoako txapelketa ofizialetan elkarrekin aritutakoak dira —eskolartekoan, Orixe sariketan…—. Horrez gain, duela lau urteko Gipuzkoako txapelketan ere batera aritu ziren gehienak. Azkenekotik baja batzuk izan dira, eta “filialetik” Felix fitxatu dute aurtengorako. Hura da taldera batu den kide berri bakarra. Ezagun baten bidez heldu zitzaion proposamena, eta gustura hartu zuen erronka: “Bilera batera azaldu, eta taldearen parte naiz orain. Aurretik inoiz ez dut saiorik aurkeztu; hemen ez da esperientzia eduki beharrik”.

Lehia hasi aurretik, badakite kritikatuak izango direla. Kiroletan gertatzen denarekin alderatu du Narbaizak: “Epaileak eta gu, errudun”. Dena den, ezberdintasunak badira bi taldeen artean, Usarralderen arabera: “Epaileena agian ezberdina da. Puntuazioa banan-banan ikus dezakezu, eta agian pertsonaliza daiteke. Baina gure lanean, batek dakarren gaia denona egiten dugu, eta horrek sekulako lasaitua eta babesa ematen dizu”.

Bertsozale Elkartea lanean hasi zenetik, haien lanarekiko errespetua nabari du Usarraldek: “Urte osoan elkarrekin lan egiten dugu hainbat proiektutan, eta hor badago harreman bat”. Irizpide bat ere badute: txapelketan dena entzuten dute, baina erantzutean ez dira sartzen. “Garai batean foroak-eta modan jarri zirenean, keinu bat egin genuen erantzuteko, baina ikusi genuen ez zela ideiarik onena. Gainera, bakoitzari joan zaizkion ikuspegitik hitz egiten dira gauzak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.