“Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntukoa botatzen”

“Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntukoa botatzen”

Jon Miranda

Gordea du Txomin Garmendiak (Berrobi, 1934) 1967an Tolosako Leidorren jantzi zuen txapela. Memorian iltzatuta geratu zaizkio plazaz plaza entzundako eta botatako bertso asko. Txapeldun geratu zeneko arratsalde hartakorik ez du, ordea, gogoan.

Nola hasi zen bertsoarekiko hartu-emana?

Aita zena oso zalea zen. Feriatik bertso paperak ekartzen zituen, eta nik ikasi. Nire konturik maiteena bertsoa zen garai hartan. Tabernan hasi ginenean oraindik ere gehiago zaletu nintzen. Nik Belauntzan ikusi nituen lehen aldiz bertsolariak. Meza berri bat zen, eta hiru ibartarrek kantatu zuten: Zume, Beltza eta Eusebiok. Haiekin batera Mitxelena zaharra aritu zen. Gogoan dut lan ona egin zutela laurek.

Eta zure lehen plaza?

Jaioterrian egin nuen. Orduan oso indarrean zeuden Elizaren inguruko luistarrak eta amaren alabak. Luistarrek festa bat antolatu zuten ekain inguruan, eta Mitxelena eta Eizmendirekin kantatu nuen. 1952. urtea zen, eta herriko bezala gonbidatu ninduten. Lotsa ederrak pasa nituen, 18 urte besterik ez nuelako; artean hasi berria, nola egingo nuen ba nik ondo bertsotan?

Ba al zenuten, garai hartan, txapelketaren entzutera?

Aita zenak esanda bagenekien gerra aurretik bi txapelketa famatu izan zirela. Pello Errotak eta Txirritak parte hartu zutela ere esaten ziguten. Geroago, 1959an jaso genuen guk gonbidapena Gipuzkoako lehenengo txapelketan parte hartzeko.

Nola jaso zenuen zuk gonbita?

Zazpi izan ginen Eibarren txapelketan kantatu genuenak. Uztapide, Mitxelena, Lasarte, Zepai eta Joxe Lizasorekin batera, bi gazte: Joxe Agirre, luistarren txapelketa batean garaile atera zena Aginagan, eta ni neroni, Ordizian, euskal jaietan, Gipuzkoako gazteen txapelketa irabazi nuena.

Gogoan al duzu zein gairi kantatu behar izan zenioten?

Mogel zenaren omenez antolatu zuten txapelketa. Alfontso Irigoien izan zen aurkezten. Lehenengo agurra bota ondoren, “orain bertsolariek bederatzi puntuko bertsoa botako dute Mogelen gorantzan”, esan zuen. Uztapide eta Lasartek esan zuten ez zela hori bat-batean bertsoa kantatzeko gaia. Orduan, Irigoienek nahi genuen neurri eta bozean kantatzeko baimena eman zigun. Ni ez nintzen haserre. Hala ere, Mitxelenak bere txanda iritsi zenean bederatzi puntukoa bota zuen. Basarrik La Voz de España-n txapelketa jokatu zen egun hartan bertan idatzi zuen Txirrita zenak behin ere ez zuela bederatzi puntukorik kantatu ahotik gora, eta ez zitzaigula bertsolarioi horrelako lanik eskatu behar. Hori irakurrita joan ginen txapelketara. Gerora, egunkarian Basarrik aitortu zion Mitxelenari egindako ahalegina, baina jarritako gaiari ez ziola erantzun aipatu zuen.

Zein ibiltzen zen garai hartan epaimahaikide?

Bordari, Aita Zabala, Emile Larre, Jexux Lete, Xabier Amuriza… horiek denak aritzen ziren garai hartan. Harri jasotze edo aizkora txapelketa bat epaitzen erraza da, erlojuari begiratu eta kito. Baina bertsolariak buruz lan bat du egin beharra, eta hor bakoitzak bere iritziak ditu. Epaimahaiko batek bertsolaria bere herrikoa badu, barruak bultzatuta, nahi ez duela ere, haren alde egingo du.

Aurrez jakiten al zenuten zein ariketa egin beharko zenituzten txapelketan?

Ez, bat-batean izaten zen, eta ez genuen jakiten zein ariketa jarriko ziguten. Eskatzen zigutena betetzeko ahalegina egiten genuen guk. Gaur egun, txapelketan jende asko biltzen da. Bertso entzutera baino gehiago lagunartean egun eder bat pasatzera joaten da. Garai hartan, bertso entzutera joaten zen jendea; bertso zaletasun gehiago zegoen gaur baino.

Eta zein motatako entzulea joaten zen?

Baserri munduko jendea zen gehienbat bertsozalea, eta emakumerik bat ere ez. Amorrazio franko emanda gaude bertsolariak plazan. Soinu jolea isildu eta gure saioa hasten zenean neska gazteak haserretu egiten zitzaizkigun haien festa moztera gentozelako. Gogoan daukat oholtzatik jaitsi eta emakume batek nola esan zigun behin: “Qué asco!“.

67an txapela jantzi zenueneko txapelketa hartako bertsorik ba al duzu gogoan?

Ez, ez dut ia bat ere gogoan. Atano X.ari buruzko gaia jarri zigutela bai, eta Azkarateri buruz beste bat ere bai. Baina nahikoa lan izaten genuen erantzuten, bertsoak gogoan hartzeko. Gaur bezalako aurrerapenik ez zegoen orduan, baina 59ko txapelketa hartan badakit magnetofonoak egon zirela. Ez dakit bertso haiek nonbait jasota egongo ote diren.

Txapeldun geratu ondoren, ospakizun handiak egin zenituen?

Gaur adina garrantzirik ez zitzaion ematen txapeldun ateratzeari. Gaur gorantza eta txalo gehiago dauzka txapeldunak. Gure garaian, “saio bat gehiago egin diagu, eta segi aurrera”, horrela pentsatzen genuen.

Zeinek jantzi zizun txapela?

Tomas Odriozolak jantzi zidan. Orduan, Tolosako alkateorde, edo gradu handikoa zen. Leidorren jokatu zen txapelketa hura.

Zuk aro berriko txapelketetan ere parte hartu izan duzu. Aldaketa handia sumatu zenuen?

Behin Amuriza giro horretan sartu zenez gero, pixkanaka gaiak aldatzen joan ziren. Duela 50 urte nire pentsaeratik gaur egungora aldea egongo da, baina ez hainbeste. Orduan, zortziko handian, hamarreko handian eta zortziko txikian aritzen ginen. Eta gaur ere nik era horretara kantatzen dut. Orain, habanera eta doinu berri asko dabiltza, neurri luzekoak. Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntuko bertsoa botatzen. Zer esan behar duzu horren aurrean? Ni ez naiz, behinik behin, horretarako gauza.

Neurri eta doinuetan aldatu da bertsolaritza. Beste ezertan?

Menditik kalera jaitsi da bertsolaritza. Hor derrigor behar du aldaketa bat. Gaietan mudantza bat gertatu da, eta hori bertso eskolak ekarri du. Gaurko gazteak buruz argituta eta preparatuta daude.

Hain zuzen, zuk belaunaldi berriko bertsolariekin 1999an parte hartu zenuen herriartekoan.

Ondo moldatu nintzen. Azken arte joan ginen aurrera. Txapeldun Zarauzko taldea atera zen, eta gu bigarren geratu ginen. Nahiko meritu izan genuen. Lagun onak nituen, txapelketarako ni baino hobeto prestatuta zeudenak. Irazu oso bertsolari herrikoia da, eta Agirre nirekin ibili zen ikasten. Maila eman genuen. Hasieran, nahikoa kezka banuen hainbeste jenderen aurrean aritu behar izateagatik, baina ondo salbatu genuen txapelketa hura.

Eta gaur egungoak jarraitzen al dituzu?

Bertsolari gazte horiek ugaritu dira basoan perretxikoa bezala. Denak ez ditut ezagutzen. Ni ere ez naiz garai batean bezala festara ateratzen. Baina pozik nago, euskarari bultzada handi bat bertsolari gazte horiek ematen baitiote.

Faboritorik ba al duzu aurtengo txapelketarako?

Ez. Bertsolari bat juzgatzeko saio asko entzun behar zaizkio. Asko jota saio bat edo bi entzun dizkiet bertsolari gazte horietako askori. Hortaz, ez noa bustitzera gai horretan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.