“Eragileka konpromisoak hartu dira euskaraz aritzeko”

Imanol Garcia Landa

Justizia Saileko proiektu arduraduna da Xabier Balerdi (Tolosa, 1965), eta proiektu horien artean dago Auzia Euskaraz izenekoa. Justizia Administrazioko hainbat eragilek osatzen dute proiektua, besteak beste, abokatu eta prokuradoreek, epaitegietako langileek, epaile eta magistratuek, Justizia Administrazioaren letradunek, fiskalek eta auzitegi medikuek. Talde horien guztien lana koordinatzeko lanetan EpaiBi ari da, Justizia Administrazioko Hizkuntza Normalizazio lantaldea.

Zein da Auzia Euskaraz proiektuaren taldearen helburua?

Ekimen honen helburua da herritarrek hala eskatzen dutenean auziak osorik euskaraz ahalbidetzea, demanda aurkeztetik epaia eman arte, tramitazio guztia barne. Horrelako prozesu batean kontuan hartu behar da eragile askok parte hartzen dutela, ez herritarrek bakarrik. Salaketa bat sartuz gero, abokatuaren eta prokuradorearen zerbitzua dago. Gero, tramitazio hori epaitegira joaten da, eta epaitegiko langileek parte hartzen dute. Gero, fiskalak, letradun judizialak eta epaileak daude, eta auzitegi medikuak ere parte har dezake. Beraz, operadore juridiko askok parte hartzen dute, eta denek euskaraz egiteko gaitasuna izateko, baldintza horiek lortzeko, lan asko egin behar da.

Gaur egun ez dira baldintza horiek betetzen, ezta?

Auzia Euskaraz proiektuak eragile euskaldunen bilketa bultzatzen du, eta adostasunean oinarritutako ekimenak martxan jartzea. Horretarako bultzatzen dugu profesional juridikoen artean euskara emaileak lortzea, horiek esatea prest daudela beraien lanaren parte bat behintzat euskaraz emateko. Eta egiten ari garena da Bergaran, Gernikan [Bizkaia] edo oraintxe Tolosan egin dugun bezala, eragile ezberdinen arteko bilerak egitea. Abokatuak, prokuradoreak, epaitegiko langileak, letradun judizialak eta epaileak ere biltzea, denak euskaldunak, eta denen artean adostea zein konpromiso hartuko dituzten euskaraz aritzeko.

Hain justu, Tolosan egin diren bileretan zein konpromiso hartu dira?

Hiru bilera izan dira, eta eragileka konpromiso ezberdinak hartu dira. Abokatuen artean, eta herritarra ados egonda, hainbat prozedura euskaraz egiteko konpromisoak: monitorioak, adostasunezko dibortzioakā€¦ Prokuradoreen aldetik, euskarazko auzietan idazkiak euskaraz aurkezteko konpromisoa hartzen dute. Epaileei gonbidapena egitea deklarazioak euskaraz egiteko, gonbidapena egitea parte hartzaileei ere epaiketetan euskaraz egiteko, eta betiere euskarazko auzietan epaiak euskaraz emateko. Tolosan, orain berri, bi epaiketa eta bi epai euskaraz eman dira. Beraz, horrek erakusten du posible dela auziak euskaraz gauzatzea.

Zer bide hartuko du Auzia Euskaraz egitasmoak Tolosako epaitegian?

Lortutakoa sendotzea eta aukera gehiago irekitzea. Kontuan hartu behar da behin-behineko erabakiak direla ere. Gaur egun, Tolosan bi epaile euskaldun daude, baina Eusko Jaurlaritzak ez du haienganako eskumenik. Egun, bi daude, baina sei hilabetera bakarra egon daiteke. Ez epaileen, ez fiskalen eta ezta letradun judizialen gainean, Eusko Jaurlaritzak ez du eskumenik oraindik, Madrildik izendatzen dira, eta ez zaie hizkuntz eskakizunik jartzen. Beraz, epaileak euskaldunak direnean konpromiso batzuen bila joaten gara, jakinik egun egoera aldagarria dela; ez guk nahi dugulako, egoera horrelakoa delako.

Madrilek eskumen horiek izatea da, beraz, zailtasunetako bat epaitegietako jarduera euskaraz izateko?

Normala den moduan, epailea euskalduna edo erdalduna izateak baldintzatzen du tramitazio guztia. Epailea ez bada euskalduna, haren aurreko deklarazio guztiak interprete baten bitartez egin beharko dituzu. Aldiz, euskalduna baldin bada eta konpromisoa hartzen badu herritarrei aukera emateko beraiek nahi duten moduan deklarazioak egiteko, orduan errazago izango da.

Herritarrak kexatzen dira euskaraz ezin dutenean egin epaitegiko jarduna?

Kuriosoa da, baina justizia administrazioa ez da nabarmentzen kexa kopuruengatik. Osakidetzan beharbada kexa gehiago izan daitezke, nahiz eta agian bertan euskaldun gehiago izan. Egia da lehen kexak izaten zirela dokumentazio guztia, zitazio judizialak eta, erdara hutsean zirelako. Baina egun lau milioitik gora eredu judizial formatu elebidunean kaleratzen dira, eta kexak asko murriztu dira alde horretatik. Bestalde, badago beste arrazoi bat: epaitegira beste eskubide bat bortxatu zaiolako joaten da herritarra, eta badirudi eskubide hori eskatzea gailentzen dela hizkuntz eskubidearen gainetik. Epaitegian gaia ahalik eta lasterren konpontzea nahi du, eta bertatik ahal duen azkarren ateratzea.

Egunerokoan nabaritzen da terminologia aldetik euskaraz aritzeko zailtasunak daudela?

Badugu Justizia Sailean euskara batzorde bat orain hogei urte lanean hasi zena eredu judizialen gaian. Bertan parte hartzen dute unibertsitateko irakasleek, IVAPeko teknikariek, Justiziako teknikariek, itzultzaileek… Orduan hasi ziren hizkera judizialaren gaineko hausnarketa eta garbiketa egiten, eta orduan hasi zen hizkera terminologikoa finkatzen. Gero, 2006an, kodeak itzultzen aritu ziren unibertsitateak, eta orain da garaia, Auzia Euskaraz proiektuaren barruan, lege horiek eguneratzen hasi garena. Azken finean, abokatu batek edo epaile batek nahi duena da segurtasun eta ziurtasun juridiko bat izatea, bai erredakzioan eta bai terminologian. Egun, esan dezakegu euskarazko hizkera juridikoa nahiko finkatuta dagoela, eta berme osoz lan egin daitekeela.

Eta eragile guztiek eskura dute aukera hori?

Hainbat sistema eragilerentzako tresnak sortu ditugu, eta abokatuen 305 bulego bisitatu eta instalatu diegu tresna. Bertan 400.000 unitate juridiko dituzte euskaraz lan egiteko aukera emango diena. 200 formulario juridiko dituzte euskaraz aritzeko, eta, duela astebete, Auzia Euskaraz aplikazioa sortu dugu. Bertan dago euskara juridikoari buruzko itzulpen memoria handienetako bat. Bestalde, herritarrek eskura izango dituzte bere herrian dauden abokatu, prokuradore eta notario euskaldunen zerrendak.