Gozamena, lehiaren aurretik

Eider Goenaga Lizaso

Gaur iluntzean abiatuko da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa, Zarautz, Lasarte-Oria eta Azkoitian egingo diren hiru bertso saioekin. Hiri, herri eta auzoetako bertso eskoletan eta bertso taldeetan egiten duten lanaren emaitza jendaurrean neurtuko dute, beraz, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan maiatzaren 27an egingo duten finala bitartean. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak jarri dio helburua herriarteko txapelketari: “Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusaraztea”.

Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Mikel Artola eta Eneritz Artetxe herriartekoaren koordinatzaileek prentsaurrekoan nabarmendutakoaren arabera, “txapelketa honen oinarria auzolana da”. Izan ere, Bertsozale Elkarteak koordinazio eta saretze lana egingo du, baina antolatzaileak txapelketan partaide izango direnak dira. Alegia, herriartekoan jardungo dute 276 bertsolari, gai-jartzaile eta epaileak.

Txapelketara aurkeztu den talde bakoitzak, gutxienez, sei partaide ditu: taldearen ordezkaria, hiru bertsolari, gai-jartzaile bat eta epaile bat. Guztira, 38 talde ariko dira nor baino nor. Jauregiren arabera,”parte hartzaile guztien txapelketa izango da; lehia baino gehiago, gozamena izango da ardatza”

Gaur, lehenengo itzuliari emango zaio hasiera, eta martxoaren 12 arte iraungo du. Hiru taldeko hamar multzo eta lau taldeko bi arituko dira, eta multzo bakoitzetik talde bat igaroko da hurrengo itzulira. Martxoaren 23tik apirilaren 9ra lau multzotan ariko dira, eta multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako (maiatzaren 6an, Alegian, eta 13an, Bergaran). Bi saio horietan erabakiko da nortzuk jokatuko dute finala Azpeitian.

Lehen itzuli honetan, hauek dira bertsolariek egin beharko dituzten lan puntuagarriak: agurra; binaka, zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian; bakarka, bina punturi erantzun; bakarka, gaia emanda, bina bertso; binaka, elkarri oina emanez, hamarreko handian; eta taldeka, egoera proposatuta, koplatan.

Gaurko saioak
Maiatzaren 27ko finalera bidean, hiru itzuli jokatuko dituzte bertsolari taldeek. Lehena gaur hasiko da, otsailaren 3an, eta hiru bertso saio izango dira:

Zarautz. Zarauzko Ran Rober Ran taldea eta Oñatiko Txinparta2 ariko dira lehian, 19:30etatik aurrera, Txiki Polit tabernan. Bertsolariak: Maider Arregi Markuleta, Urko Arregi, Gontzal Belategi, Nahikari Gabilondo, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Felix Zubia. Gaia jartzen, Egoitz Atxaga eta Ion Zaldua.

Lasarte-Oria. Lasarteko bertso eskola eta Aia ta Kitto (Aia) taldea ariko dira bertsotan, 21:00etatik aurrera, Arrieskalleta elkartean.  Bertso afaria izango da. Bertsolariak: Ekaitz Arruti, Asier Azpiroz Iztueta, Patxi Etxeberria, Iñaki Gurrutxaga, Aritz Hernandez, Ane Labaka Mayoz, Unai Muñoa eta Jokin Zumeta. Gai-jartzaileak: Aitor Arregi eta Uxue Loinaz.

Azkoitia.  Azkoitiko Erniarraitz3 taldeak Sarri Nahi Genuen eta Habana Etorri Zaigu (Orio) taldea izango du aurkari. 22:30ean hasiko da bertso saioa, Zurt tabernan. Bertsolariak: Xabier Aldalur, Eneritz Artetxe Eizagirre, Ugaitz Beristain, Egoitz Eizagirre Aduriz, Rosi Lazkano, Imanol Lizarazu Habana, eta Xabier Sukia. Jon Agirresarobe Torrotxo eta Silvia Etxaniz ariko dira gai-jartzaile.