Zuk ere esan… “BatZuk”

Zuk ere esan… “BatZuk”

Eider Goenaga Lizaso

Korrika eginez, lekukoa esku batetik bestera pasatuz, Euskal Herria alderik alde zeharkatuz, errepide bazterrean dagoenaren begiak gorrituz eta bustiz… Zertarako, eta lekukoak daraman mezua, euskararen alde gehien zabaltzen diren mezuetako bat, helmugara eramateko. Eta nor da mezuaren hartzailea? Zu. Euskalduna izan edo ez, zu hori protagonista izan da behin eta berriro Korrikaren 37 urteko historian. 1980an, lehenengo Korrika egin zenean, Zuk ere esan bai euskarari leloa aukeratu zuten; 5. Korrikan Euskara, zeurea izan zen leloa; 11. Korrikan, Zu eta ni euskaraz; eta 20. Korrikan, BatZuk.

Atzo irten zen Korrika, Otxandiotik, eta Iruñera apirilaren 9an helduko da. Hamar egunez, gelditu gabe ibiliko da, eta ibilbideak dituen 2.535 kilometroetatik 396,3 Gipuzkoan egingo ditu. Hiru sartu-irten egingo ditu lurraldean. Lehenengoz asteartean sartuko da: goizean goiz iritsiko da Lizartzara, Betelutik barrena (Nafarroa). Besteak beste, Tolosa, Andoain, Hernani, Errenteria eta Irun zeharkatuko ditu eguerdira bitartean, eta 15:00ak inguruan irtenalditxo bat egingo du Gipuzkoatik Lapurdira igarotzeko, Korrika Hendaian izango baita 15:00ak eta 16:00ak bitartean gutxi gorabehera.

Donostia, asteartean

Asteazken goiza bitartean Gipuzkoan segituko du euskararen aldeko lasterketak. Hiriburua astearte arratsaldez igaroko du, eta auzoz auzo ibiliko da 18:00ak inguruan hasi eta 22:30era bitartean. Ez da ohikoa Korrikak Donostia astegunez igarotzea, baina ibilbidearen diseinuak hala egitera behartu ditu antolatzaileak. Donostiara Pasaiatik sartuko da Korrika. 18:08an du Bidebietara iristeko ordua. Altzara, Intxaurrondora eta Egiara joango da hortik, eta 20:00ak aldera Loiola eta Martutenen egingo du ibilbidea. 20:45 inguruan Amara Berrira helduko da, eta Amarara eta Zentrora, 21:00ak inguruan. Gros auzoa eta Parte Zaharra pasatu ondoren, Antiguara joko du, eta 22:30ean aterako da, Añorgatik.

Asteguna izan arren, Donostian egitarau oparoa antolatu dute auzoz auzo Korrikari ongietorria egiteko. Antiguan, adibidez, barrikotea egingo dute, Txalupaginene plazan, 19:30ean. Sagardoa, pintxoak, musika eta txaranga izango dira, Korrika iritsi bitartean kaleak girotzeko.

Korrikaren inguruko ekitaldi asko, dena den, asteburu honetan izango dira, bai Donostiako auzoetan eta baita beste herri askotan ere. Bat aipatzekotan, Intxaurrondo auzoan egingo duten euskararen maratoia izan daiteke azpimarratzekoa. Plazara Goaz euskara taldearen 20. urteurrena eta Korrika aitzakia hartuta bota dute erronka. Gaur eta bihar, Intxaurrondon euskaraz bizi daitekeela eta euskaraz bizi direla erakustera deitu dituzte auzotarrak, eta, horretarako, ekitaldiz bete dute 20 orduko egitarau oparoa: Korrika Txikia, herri bazkaria, antzerkia, erromeria, kontzertuak, mintzodromoa, kirol jarduerak, karaokea, zirkua…

Korrika astegunez igaroko den beste toki askotan ere asteburu honetarako antolatu dituzte euskararen aldeko jai egitarauak: Zestoan KorrikaTxotx egingo dute gaur, eta herri askotan gaur egingo dituzte Korrika Txikiak ere; bihar, berriz, Korrikaren aldeko festak eta Korrika Egunak egingo dituzte, besteak beste, Oiartzun, Errenteria, Lezo, Lasarte-Oria eta Zarautzen; eta igandean, Amasa-Villabonako Korrika Batzordeak Loatzo mendirako igoera egingo du, tontorrean festa egiteko.

Donostiak ez, baina Gipuzkoako hainbat herrik aukera izango dute Korrikaz asteburuan gozatzeko. Izan ere, apirilaren 7an, ostiralarekin, Korrikaren lekukoa berriro sartuko da lurraldean, Eibartik barrena. 22:40 inguruan iritsiko da hara, eta hurrengo eguneko 14:30era bitartean herriz herri ibiliko da, Debagoienean eta Goierrin batez ere, baina baita Tolosaldeko zenbait herritan ere. Leintz Gatzagatik Ozaetara (Araba) joango da Korrika, eta Araban eta Nafarroan egingo ditu azken kilometroak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.