Irakurri ondoren, “askatu”

Irakurri ondoren, “askatu”

Ane Olaizola Elortza

Azken urteetan ugaritu egin da liburuak gune publikoetan “askatzeko” ohitura, norberak irakurri duen liburu hori beste batek ere irakur dezan. Atzerritik datorren joerari jarraituz, Euskal Herrian ere martxan jarri dituzte bookcrossing-a eta antzeko egitasmoak, liburuak liburutegietatik atera eta kalea bera bihur dadin liburutegi. Azpeitiak ere bat egin berri du mugimendu horrekin, eta “liburutegi libreak” sortu dituzte udalak eta udal liburutegiak, liburuak trukatu eta zabaltzeko asmoz.

Hilaren hasieratik da martxan egitasmoa, eta herriko bost txokotan jarri dituzte guneak: udaletxe azpian, Jose Artetxe kaleko bi norabideetan dauden bi autobus geltokietan, igerilekuan eta kiroldegian. Azpeitiko idazleen liburuak ezagutarazteko asmoz, azken hogei urteetan argitaratu dituzten liburuekin hasi zuten ekimena, baina, pixkanaka, mota guztietako liburuetara zabaltzen ari dira egitasmoa: “Gure asmoa da denborarekin dibertsifikatzea eta guztientzako moduko liburuak jartzea: umeentzako nahiz helduentzako literatura, espezializatutako liburuak… Guztien gustuetara egokitu nahi dugu, herritarrei ahalik eta aukera zabalena emanez”, azaldu du Beatriz Aranbarri liburutegiko kideak.

Azpeitiko udal liburutegiak “aspalditik” du dohaintza zerbitzua, eta hainbat proiektu egin izan dituzte herritarrengandik jasotzen dituzten liburuekin: besteak beste, inguruko liburutegietara bideratu izan dituzte errepikatuak zituzten liburuak, eta Azpeitiko igerilekuko harreran ere jarri dute liburutegi txiki bat, han daudenek irakurriz igaro dezaten denbora. “Izugarrizko arrakasta izan du egitasmo honek”, adierazi du Maider Egigurenek, liburutegiko beste kideetako batek.

Aurreko esperientzia horietatik abiatuta ekin diote orain liburutegi libreen bideari. “Udalak esan zigun egitasmoren bat martxan jarri nahi zuela, Azpeitiko idazleei keinua eginez”. Ideia hori oinarri hartuta hasi ziren buruari bueltaka: “Bookcrossing-aren ideia bururatu zitzaigun hasieran, baina alboratu egin genuen, ahalik eta oztopo gutxien jarri nahi genituelako. Gure nahia da herritarrek ahalik eta modu errazenean hartzea eta mugitzea liburuak”. Izan ere, bookcrossing egitasmoak duen baldintzetako bat da irakurleak erregistratu egin behar duela kalean utzitako liburua eta handik hartutakoa; aldiz, liburutegi libreak ez du halakorik eskatzen. Herrian jarri dituzten guneetatik har daitezke liburuak, eta ondoren, berriro, kalean edo liburutegian utzi behar dira. “Gu arduratuko gara berriro kalean uzteaz. Horrez gain, ikusi dugu herritarrek liburu berriak utzi dituztela kalean. Horiek liburutegira ekarri ditugu, eta berriz kalean utzi baino lehen, zigilua jarri diegu, liburu librea dela jakin dezaten”.

Aska nazazu jartzen dute arduradunek liburuetan, horixe baita proiektuaren baldintza bakarra: irakurri eta gero berriz liburua “askatzea”. Hala, norberak gustuko duen liburua kaleko gune horietan uztera animatu dituzte herritarrak, modu horretan besteekin parteka ditzaten.

26 liburu jarri zituzten gune bakoitzean liburutegi libreen egitasmoa martxan jarri zutenean, baina aurreko astean 65 liburuko kopurura iritsi ziren jada. Izan ere, herritarrek ez ezik, liburutegikoek ere utzi dituzte beste idazle batzuen liburuak guztien eskura. Herritarrek, berriz, gustura hartu dute egitasmoa: “Ikusi dugu badagoela mugimendua. Aurreko astean, esaterako, lauzpabost besterik ez zegoen herriko gune batean”.

Liburutegi libretik liburuak hartu dituzten herritarretako bi dira Maialen Etxaniz eta Elena Marguello. Azpeitiko idazleen liburuak aukeratu dituzte biek, eta egitasmoa “oso interesgarria” dela azaldu dute. Era berean, espero dute gainontzekoek ere liburua irakurri ondoren “askatzea”; hau da, “etxerako ez hartzea”. “Banekien egitasmoa martxan jartzekoak zirela, eta ordutik gogotsu nengoen zein liburu topatuko nituen jakiteko. Aspalditik nuen Gizajoen katalogoa irakurtzeko gogoa, eta ezusteko ederra izan da”, adierazi du Etxanizek.

Ezagutzen ditu halako egitasmoak, baina “hiriburu handietan soilik” ikusita zeuzkanez, “harritu” egin zen hasieran. Dena den, begi onez ikusten ditu liburutegi libreak: “Liburutegiak leku itxi bezala ikusten ditugu maiz, baina honek erakusten du edozein lekutan parteka daitekeela literatura. Pozgarria da hori”. Hain zuzen, udal liburutegiko kideek azpimarratu dute haien xedea dela herritarrek “beste aukera bat” izatea irakurtzeko.

Helburu bat, mila aukera

Irakurzaletasuna bultzatzea eta liburua besteekin partekatzea, horixe da helburua: “Berari asko gustatu zaion liburu hori beste batek ere irakur dezan nahi du norberak, beste irakurleak ere senti dezan berak sentitu duen hori. Oso ideia polita da”, adierazi du Egigurenek. Hori da bookcrossing-aren funtsa, eta hortik abiatuta sortu dira beste hainbat aldaera ere. Azken urteetan hainbat egitasmo sortu dira Euskal Herrian: Beasainen, esaterako, Liburu Trukerako Gunea sortu dute oraintsu. Liburutegi barruan apalategi bat egokitu dute herritarrek handik liburuak hartu eta trukean beste bat uzteko. “Oraingoz, pixkanaka ari da jendea etortzen”, azaldu dute liburutegiko arduradunek.

Donostiako Alderdi Ederreko liburutegian, berriz, “duela urte batzuk” hasi ziren bookcrossing-arekin, baina, Arantxa Arzamendi hango arduradunak adierazi duenez, sistema horrek ez du funtzionatu: “Hasieran, irakurleak liburua erregistratu eta haren inguruko iritzi bat eman behar zuen, ondorengoak ere hala egin zezan. Kontua da hemen jendeak ez zuela hori egiten”. Gaur egun, irakurleek liburutegiaren kanpoaldean dagoen orga batetik hartzen dituzte liburuak. “Eta han uzten dituzte gero”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.