Irabazi, gerturatu eta iraun

Unai Zubeldia

1Aurreko denboraldiarekin alderatuta, zein aldaketa izan dituzue ontzian?

2Zein helburu dauzkazue denboraldi honetarako?

3Zein ondorio atera duzu aurkarien orain arteko maila aztertuta?

4Zerekin geldituko zinateke gustura denboraldi amaieran?

5Zein dira Eusko Label liga irabazteko hautagai nagusiak?

6Eta zein ontzi daude arriskuan KAE 1 ligara jaisteko?

Zumaiak koska bat behera eginda, Gipuzkoako lau ontzi izango ditu aurten Eusko Label ligak: Hondarribia, San Juan, Orio eta San Pedro. Denboraldi-aurreko prestaketak eta frogak ahaztuta, bihar hasiko da lehia, Bilbon (19:00), eta Portugaleteko eremu arriskutsuan izango dute bigarren saioa, etzi (12:00). Helburuak ondo zehaztuta, gora begira daude Hondarribia, Orio eta San Juan, eta KAE 1 ligara jaisteko arriskuari ihes egiten saiatuko da San Pedro.

Orain bi urteko liga irabazita, beste behin ere egonkortasunaren bidetik jarraitu nahi du hazten Hondarribiak. Iaz, bigarren izan zen San Miguel ligan eta Kontxako Banderan —Urdaibai nagusitu zen bi lehiaketetan—, eta aldaketa gutxi eduki du taldean; San Juan laugarren izan zen iaz ligan, eta, Juan Mari Etxabe entrenatzaile lanetan dela, postu horretan egonkortzeko erronka dauka klubak, “ezeri uko egin gabe”. Orion dezenteko eraldaketa izan da: Jon Salsamendi da entrenatzailea, eta Gorka Aranberri patroia. Horrez gain, beste sei aldaketa ere izan dira taldean. San Pedrok, berriz, azken urteotako aldaketa zikloa pixka bat baretuta, ez du aldatu azken urteotako helbururik. Astillero, Ares, Ondarroa… Itxura batean, ontzi horiekin izango du lehia KAE 1 ligara ez jaisteko.

Hemezortzi estropada izango ditu ligak, horietatik sei Gipuzkoan: uztailaren 8an, Orion; uztailaren 9an, Donostian; uztailaren 23an, Pasaian; abuztuaren 12an, Hondarribian; eta abuztuaren 19an eta 20an, Zarautzen.

JOXEMI ELDUAIEN

Hondarribia taldeko presidentea

“Hondarribiari ezin zaio eskatu urtero-urtero liga irabazteko”
1

“Hutsune handiak izan ditugu aurten: Asier Puertas, Ekaitz Aznar, Iñigo Jauregi… Goi mailako arraunlariak dira guztiak, eta ontzian aldaketak egiteko garaian nabarituko dugu hori. Azken urteotan entrenatzaileak egun batetik bestera bospasei aldaketa eginda ere, ontzian ez da nabaritu gehiegi; hori izan da gure indargunea, baina aurten, agian, ez dugu edukiko hainbesteko aukerarik”.

2

“Bi lehiaketa nagusietan irailera bizi-bizirik iristea da helburua: Eusko Label ligan eta Kontxako Banderan. Finalak jokatzeko aukera izatea da erronka”.

3

“Espero nuena ikusi dut. Urdaibai azken urteotako maila berean ari da; eurena izan da azken urteotako proiekturik sendoena, eta berdin jarraituko du. Ligako eta Kontxako egungo txapelduna da, eta dena irabazteko faboritoa da berriz ere. Oriok aldaketa garrantzitsuak egin ditu, entrenatzailea barne, eta gora egiten ari dela berresten ari da; lehian sartzeko aukera izango du. Eta, ondo hasiz gero, Kaikuk ere hor ibili beharko luke; San Juan, Zierbena… Eta beti izaten da ezustekoren bat edo beste”.

4

“Emaitzak emaitza, barruan geneukan guztia eman dugun sentsazioa edukiz gero, gustura egongo naiz ni”.

5

“Gauzak ondo, borroka horretan sartuta egon beharko genuke guk, baina ez gaude beste batzuk baino gorago; Hondarribiari ezin zaio eskatu urtero-urtero liga irabazteko. Adibide gisa, joan den larunbatean harrobiko 11 arraunlarirekin irabazi genuen Pasaian. Meritu handia daukagula uste dut azken urteotan Urdaibairi itzala eginda. Urdaibaik hutsuneak izan ditu aurten, bai, baina izugarrizko fitxaketak egin ditu; faborito argia da. Eta Orio ere hor egongo da”.

6

“Ez daukat batere argi; ezin dut eman izenik. Azken postuari ihes egiteko borroka gogorra izango da aurten. Zierbenak eta San Juanek, adibidez, ez lukete arazorik izan beharko, baina Aresek ez dakit zein maila emango duen; Cabo eta Tiran ez dakit non dauden; Astillerok erakutsi du hain gaizki ere ez dagoela…”.

XABIER ARRARAS

San Juan taldeko presidentea

“Faboritoek ez dezatela ahaztu San Juan; gertu ikusiko dituzte arrosak”
1

“Sei-zazpi hutsune izan ditugu, entrenatzaile eta arraunlari lanetan aritzen zenarena tartean [Joseba Fernandez]. Hainbat arraunlari igo ditugu bigarren taldetik, Jon Urresti etorri da Getariatik, eta Meltxor Amunarriz Hondarribiatik, utzita. Entrenatzaile lanetan, berriz, Juan Mari Etxabe ariko da”.

2

“Hain lehiatua den liga batean, jaisteko arriskurik ez edukitzea izaten da helburu nagusia. Baina baikor izatea gustatzen zaigu, eta irabazle nortasuna daukagu. Ezin dugu ahaztu iaz laugarren izan ginela ligan, eta hori berdintzen edo hobetzen saiatu behar dugu. Oso zaila izango da, baina borrokarako prest gaude”.

3

“Oso indartsu daudela. Hondarribiak gure arraunlari bat fitxatu du; Urdaibaik, bi… Eta Oriok ere talde handia dauka. Aurkari zuzenekin ez dugu egin estropada askorik, baina balekoa izan zen larunbateko laugarren postua; San Pedro eta Astillero atzean utzi genituen, alde politarekin, gainera, eta indartsuenekiko aldea 40 segundotik hogeira jaitsi dugu”.

4

“Joan den urtekoa errepikatuta, eta, ahal dela, koska bat gora eginda. Oso zaila da bandera bat irabaztea. Iaz, gu soilik izan ginen gai Urdaibai eta Hondarribiari bandera bat kentzeko. Eta, noski, Kontxan zortzi onenen artean sartzea gustatuko litzaidake”.

5

“Nire ustez, Hondarribia. Eta Urdaibai eta Orio izango ditu aurkari zuzen. Hori bai, ez dezatela ahaztu San Juan; gertu ikusiko dituzte arrosak”.

6

“Ez dakit. Berdintasun handia dago. Denok uste genuen taldea osatu ezinik zebilela Astillero, baina San Pedrorekin batera ibili zen larunbatean; Ares bigarren gelditu da asteburuan, Caborengandik bi segundora… Auskalo zer gertatuko den, baina huts txikiren bat egiten duena zuloan geldituko da”.

IBON HUEGUN

Orio taldeko presidentea

“Gurea eginez gero, lanak emateko gai izango garela uste dut”
1

“Entrenatzaile aldaketa izan dugu: Jon Salsamendi fitxatu dugu Joxean Olaskoaga Aizperro ordezkatzeko. Eta patroia ere aldatu dugu: Gorka Aranberrik ordezkatuko du Irakoitz Etxeberria. Horrez gain, urteroko lauzpabost aldaketak izan ditugu taldean”.

2

“Emaitzak hobeak edo okerxeagoak izanda ere, taldeak egindako lanarekin zuzendaritza bera eta herria harro sentitzea da helburua”.

3

“Izugarrizko maila dago TKE ligan, eta betikoak izango dira faboritoak. Gu ezin gara itsutu aurkariekin. Proiektu berria daukagu, eta gure lana egin behar dugu guk; gurea eginez gero, lanak emateko gai izango garela uste dut. Onenengandik urruti amaitu genuen iaz, eta hiru segundo eskasera gelditu ginen larunbatean; oraindik ez dugu ezer egin, baina hor gaude”.

4

“Herrian ilusioa sortzeko gai izan gara berriz ere, eta ea gai garen uda amaieran ilusio horri erabateko erantzuna emateko. Historikoki harreman berezia eduki izan dugu Kontxako Banderarekin, eta ea gauza politen bat egiteko gai garen lehiaketa horretan ere”.

5

“Urdaibai, egungo txapelduna, eta Hondarribia, iazko egitura mantendu duelako”.

6

“Ez naiz ausartzen ezer esatera. Oso tarte txikian daude ontzi asko, eta oso estu egongo dira kontuak”.

ANTXON CORMAN

San Pedro taldeko presidentea

“Denboraldi honetako helburua? Urterokoa: bi ontzi atzean uztea”
1

“Zazpi-zortzi aldaketa izan ditugu, eta nahiko pozik gaude, gehiago eduki izan ditugulako azken urteotan. Duela bi urte, esaterako, hamalau izan genituen. Egitura hainbestean mantenduta, harrobitik arraunlari batzuk igotzeko baliatu dugu aukera”.

2

“Denboraldi honetako helburua? Urterokoa: bi ontzi atzean uztea. Fitxaketa handirik egin ezin dugun klubetan hori izaten da helburu nagusia. Oso garrantzitsua da TKE ligan jarraitzea; 11. urtea dugu jarraian maila nagusian, eta Hondarribia eta Urdaibai bakarrik dauzkagu aurretik”.

3

“Erreferentzia handirik ez daukagu; susmoak bakarrik ditugu. Talderen batek aldaketa asko egin duela, Ares igo berria dela… Baina Aresen kasuan, esaterako, ondo ari da lanean, eta blokea sortuta dauka. Galiziarrak, gainera, ez dira izaten aurkaririk erosoenak beheko borrokarako. Ondarroa ere, iritsi berritan, ilusioz gainezka egongo da”.

4

“Bigarren txandan egonkortuta, eta, zergatik ez, Kontxan sartzeko aukera izanda, nahiz eta oso erronka zaila izango den”.

5

“Urdaibai eta Hondarribia, horiengandik gertu Orio, nahiz eta entrenatzaile berriarekin ez nintzatekeen harrituko irabazteko borrokan sartuko balitz, eta, koska bat beherago, Kaiku. Tira, eta ezin da ahaztu Zierbenak ere fitxaketa garrantzitsuak egin dituela. Gainerakoen artean ez dago alde handirik”.

6

“Ez nuke egingo apusturik. Astillero aipatzen zuten denek, baina larunbatean ikusi genuen guregandik oso gertu dabiltzala. Oso garrantzitsua izango da ondo hastea, psikologikoki arriskutsua izaten delako lehen estropadetan zuloan sartzea”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>