“Langileen artean etengabe beldurra sortzen ari da enpresa”

“Langileen artean etengabe beldurra sortzen ari da enpresa”

Unai Zubeldia

“Gezurrezkoa den bertsio bat erabiliz kaleratu dute kontratu mugagabea zeukan langile bat”. Salaketa gogorra egin du Unai Barrutiabengoa Asteasuko Siemens-Gamesa enpresako LABen ordezkariak. “Enpresak antolakuntza arrazoiak eman zituen kaleratze eskutitzean”, hasi du azalpena Leire Gallego ELAren industria federazioko Asteasuko enpresako ordezkariak. “Langilea sobera zegoela argudiatu arren, legez kanpokoen pareko kalte-ordaina eman zioten gero”. Barrutiabengoaren hitzetan, “oso arraroa” izan da dena. “Atzean lan arrazoiak egonik, galdetu genien ea langile hori berriz ere hartuko zuten lana zegoenean, eta ezezkoa jaso genuen. Langile hori ez zela lanera itzuliko esan ziguten, eta, orduan, hankaz gora joan zitzaizkien argumentu guztiak”. Aurretik enpresa horretan lanean aritutakoa da kaleratu duten langilea, eta, orain, hiru urte zeramatzan Asteasuko egoitzan.

Giroa gaiztotuta dago Asteasuko Siemens-Gamesa enpresan, eta, horren erakusgarri, gaur da amaitzekoa langileak egiten ari diren bost eguneko greba. “Kaleratu duten langile hori berriz kontrata dezaten eta halakorik berriro gerta ez dadin lortu nahi dugu”, zehaztu du Barrutiabengoak —gaur egun, 200 bat langile ari dira lanean enpresa horretan; LABek sei ordezkari dauzka langile batzordean, eta ELAk hiru—. Langile horrek “denbora dezente” zeraman gaixo agiriarekin, eta medikuak senda-agiria eman eta gutxira kaleratu zuen enpresak. “Hilabete batera edo bira, udako oporrak hartu aurreko azken egunean”. Horren harira deitu zuten batzarrera. “Eta langile gehienen babesarekin adostu genuen onartezina zela kaleratzea, eta mobilizazioak egin behar genituela”. Gallegoren ustez, lan erreforma baliatzen ari da enpresa “inolako argudiorik gabe langileak kaleratzeko”.

Barrutiabengoak argi dauka enpresaren helburua zein den: “Langileen artean etengabe beldurra sortu nahian ari dira, langile horiek medikuarengana joan aurretik bi aldiz pentsa dezaten. Eta onartezina da hori. Medikuek ematen dituzte gaixo agiriak eta senda-agiriak; enpresa ezin da sartu kontu horietan”. Kaleratu duten langilearen kasuan, lantokitik kanpo izandako lesio fisiko baten eraginez zegoen gaixo agiriarekin.

Mutualitatearekin, susmoa

Langile baten kaleratzeagatik egin du gainezka egoerak Asteasuko enpresan, baina, Barrutiabengoaren azalpenen arabera, “lehenagokoa” da arazoa. “Duela hilabete batzuk hasi ginen enpresak eta mutualitateak zeuzkaten hitzarmenak salatzen. Izan ere, batzuei berehala ematen zizkieten senda-agiriak; mutualitateak gizarte segurantzaren ikuskatzaileei deitzen zien senda-agiri horiek azkartzeko; mediku batzuek enpresara deitzen zuten senda-agiriak edo gaixo agiriak eman aurretik langile horrentzat beste lanen bat ba ote zeukaten galdetzeko…”. Salaketa dinamikarekin hasi ziren langileak. “Eta gure jarrera ez zitzaien gustatu”. LABek salatu du “Gamesaren talde guztian” izan dituztela antzeko jokabideak enpresak eta mutualitateak.

Tarte honetan enpresak dena ukatu duela salatu dute sindikatuek. “Bilera bat egiteko deitu ziguten, eta azaldu ziguten langile horrek oso jarrera txarra zeukala arduradunekin, denbora asko egon zela gaixo agiriarekin, tarte horretan bat eta beste egin zuela…”. Arrazoia idatziz jarri zutena ez bazen, benetako arrazoia idatziz jartzeko eskatu zieten sindikatuek. “Baina uko egin zioten”.

Enpresaren jarrera zein den ikusi ondoren, langileek beste batzar bat egiteko asmoa daukate hurrengo astean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.