Mitoak, ipuinetatik harago

Mitoak, ipuinetatik harago

Eider Goenaga Lizaso

Joxemiel Barandiaranek Ataunen eta Euskal Herri osoan bildutako mito, kondaira eta elezaharrak ez ahazteko, urte osoz egiten du lan Ataungo Barandiaran museoak, baina euskal mitologiaren inguruan egiten dituzten jarduera guztiak aste bakarrean bildu eta indartzeko apustua egin dute aurten. “Gure arbasoentzat, gure aitona-amonentzat, oso gauza erreala ziren mitoak. Hainbat gertaerari nolabaiteko azalpena emateko sortu ziren, eta haien bizitzaren parte ziren. Orain, jada, azalpen horren beharrik ez dugu; zientziaren bidez azaltzen da dena, eta mitoen beharrik ez dago, mitoak ipuinak baino ez dira; baina mitoek gure tradizioa osatzen dute, euskal kulturaren parte dira oraindik”, azaldu du Barandiaran museoko koordinatzaile Amaia Diez de Salazarrek.

Ataunen urteak daramatzate mitoei buruzko jarduerak antolatzen. 1981ean egin zuten lehenengoz jentilen etorrera, eta, ordutik, bi urtez behin antzezten dute euskal mitologian oinarritutako ikuskizun berezi hori. Barandiaran museoak, berriz, sortu zenetik, 2010etik, hainbat jarduera, hitzaldi eta topaketa egin ditu mitoen inguruan. Jarduera horiek guztiak aste bakarrean biltzea erabaki zuten, eta aurten, lehen aldiz, Mitoaldia egingo dute, urriaren 30etik azaroaren 4ra.

Egitarauari begira heldu zein umeentzako ekintzak atondu nahi izan dituztela azaldu du Diez de Salazarrek. Horretarako, ikastetxeei eskaini dizkiete urtean zehar familientzako antolatzen dituzten tailerrak. “Haur Hezkuntzako umeentzat da, 3-5 urte artekoentzat, eta ikastetxeei dei egiten diegu anima daitezen. Aste honetan etorri ezin badira ere, ongietorriak izango dira urteko edozein garaitan”. Izan ere, umeek, lehen, etxetik jasotzen zuten euskal mitoen inguruko ezagutza, eta orain ikastetxeetatik iristen zaie informazio hori. “Baina gu ohartu gara pertsonaiak ezagutzen dituztela, badakitela nor den Torto [Ataunen Tartalori Torto deitzen zaio], nor diren lamiak eta abar, baina pertsonaia horien inguruan zertzelada batzuk baino ez dituztela ezagutzen; horien atzean dauden istorioak-eta ez dituzte ezagutzen”. Hori lantzeko egingo dituzte tailerrak ikastetxeekin: jolasa, antzezlan bat eta ipuinak baliatzen dituzte umeei Barandiaran nor zen azaldu eta Barandiaranek azaleratutako mundu horretan barneratzeko.

Umeei begira, baina jada familian egiteko jarduera gisa, azaroaren 1ean ipuin kontaketa egingo dute Marimundukoren eskutik. “Umeentzako jarduera da, baina esperientziak erakutsi digu helduek umeek bezainbeste gozatzen dutela. Aho zabalik eta adi-adi egoten dira gurasoak ere”.

Helduentzat, berriz, Toti Martinez de Lezea idazleak hitzaldia eskainiko du azaroaren 3an. “Ez dakigu Totik zer kontatuko digun, Mitologiaren bidezidorretatik izenburua ere hark eman zigun. Baina oso hizlari ona da, eta galderak egiteko eta solasaldirako aukera egongo da behin hitzaldia amaitutakoan. Jendea, dagoeneko, hasi da izena ematen”.

Mitoaldiari amaiera emateko, Jentilen etorrera izango da Jentilbaratza kultur elkartearen eskutik. Ataungo herritarrak izango dira antzezlanaren protagonistak, eta bi saio egingo dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.