Ohiko oparietatik harago

Ohiko oparietatik harago

Imanol Saiz

Aste gutxi batzuk besterik ez da falta Gabonetarako. Ohiko bazkari, afari eta ospakizunez gain, opariak egiteko eta jasotzeko momentua da, etxeko nagusi zein txikiak gogoz zain egoten diren unea. Oraindik azaroa izan arren, haur askok, dagoeneko, bidali diote gutuna Olentzerori telebistan ikusi dituzten dozenaka jostailuren eskean. Aldi berean, gurasoak hasi dira merkataritza gune nahiz denda handietan batera eta bestera, seme-alabek espresuki eskatutakoa erosteko. Izan ere, zeinek ez du gustuko opari bat jasotzea?

Labore Oarso kontsumo elkarteak, Oiartzualdeko kontsumoa, ekoizpena eta elikadura eraldatu nahi duen elkarteak, aurtengo Gabonetan alternatiba eskaini nahi die opariak erosteko ohitura klasiko horiei. “Gure gizartean sustraituta dauden kontsumo ohiturak ikusita, datozen asteetarako opariak egiteko beste aukera bat eskaintzea bururatu zitzaigun”, zehaztu du Eider Aranburu Labore Oarsoko kideak.

Egitasmo hori gauzatzeko, eskualdeko artisauekin hitz egin ondoren artisautzaren txokoa ireki berri dute Oiartzunen daukaten dendan, Laboren. Bertan elikadura produktuak nagusi izan arren, bi aldiz pentsatu gabe ireki diote atea artisautzari ere, aukera interesgarria zela ikusita. Eskualdean Gabonetako kontsumo ohiturak eraldatzeaz gain, bertako eskulangileei irtenbidea emateko helburuarekin ekin zioten egitasmoari; beste bide bat eskaini nahi izan diete eurek sortzen dutena saltzeko. “Proiektua baliagarria izango da artisauen lana baloratzeko eta herritarren eskura jartzeko”, argitu du Aranburuk.

“Ezkutuan dagoen artisautzaren lana plazaratzeko agertoki” bihurtu nahi dute txokoa. Jon Legorburu Laboreko kideak adierazi duenez, hasieratik “oso argi” zeukaten elikadura kontuez gain bestelako esparruekin ere harremanetan jarri beharra zeukatela. Modu horretan, Oiartzualdeko zenbait eskulangileri aukera eman diete euren produktuak dendan bertan salgai jartzeko. Alternatiba gisa, Gabonetarako “beste opari mota bat” eskaintzea da erronka. Horretarako, oraingoz, hiru produktu desberdin eros daitezke Labore Oarson: jostailuak, poltsak edo zeramikaz egindako produktuak; haurrentzat zein helduentzat dira opari horiek guztiak, adin tarte guztietarako egindakoak.

Errenteriako Kromosoma tailerrak sortutakoak dira jostailuak. Zorroak, berriz, Oiartzunen egindakoak dira, eta zeramika produktuak Pasaiako zeramikagile batenak dira. Produktu guztiak kalitatezkoak direla ziurtatu dute Laboreko ordezkariek; eskualdean bertan sortutakoa eta egindakoa da dena. Datozen asteetan, gainera, artisau gehiagoren lanak izango dituztela nabarmendu du Legorburuk. “Erosleek aukera zabalagoa izango dute horri esker, inor opari alternatiborik gabe gera ez dadin”.

Lekurik ez da falta eskulangileen txokorako. Aukera asko ematen du 450 metro koadroko pabiloiak. Supermerkatu baten antzera, Oiartzualdeko artisauek sortutakoa ikusi ahal izango da apaletan, eta jostailu horiek erosteko aukera izango dute hala nahi dutenek. Gabonetarako soilik sortu dute txoko hori, baina, “eskaeren arabera”, eskulangileen guneari jarraipena emateko aukera aztertzen ari dira.

Elkarteko kideek azaldu dutenez, etorkizunera begira bestelako zenbait esparrutako produktugileekin ere erakusketak nahiz ekitaldiak landuko dituzte, artisauen txokoarekin egin duten bezala. Oiartzunen daukaten lokala erabili nahi dute horretarako, oraindik erabilera zehatzik ez daukan eremuan dagoen lokala, hain zuzen ere.

Gonbidapena herritarrei

Lezo, Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo herritarrak kontsumoa, ekoizpena eta elikadura eraldatzearen aldeko pausoa ematera gonbidatu ditu Labore Oarso kontsumo elkarteak. Gainera, artisauen txokoa bertatik bertara ikusi eta bertan erosteko dei egin dute egunotan. Bazkideak izan ala ez, ohiko opari komertzialetatik harago bisitari guztiek izango dute aukera Oiartzualdean bertan eskuz egindako produktuak oparitzeko, eta, aldi berean, eskualdeko artisauei laguntzeko. Ziur egon Olentzero, merkataritza guneez gain, Ugaldetxo auzoko dendatik pasatuko dela hurrengo asteetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.