Hiri bat, bi ikuspegi

Eider Goenaga Lizaso

Donostia. Gipuzkoako hiriburua. 186.000 biztanle. Herri handi bat, edo hiri txiki bat… nondik begiratzen zaion. Etxebizitzaren prezioa, metro koadroko, Euskal Herriko garestiena den tokia. Udala osatzen duten alderdientzat hori da hiriak duen arazorik larrienetako bat, eta baita talde guztiek bat datozen iritzi bakarrenetakoa ere. Gipuzkoako Hitza-k hainbat gai jarri dizkie mahai gainean Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdietako bozeramaileei, eta hiriaren behar, arazo, gabezia eta indarguneei buruz iritzia eman dute Miren Azkaratek (EAJ), Amaia Almirallek (EH Bildu), Miren Albisturrek (PP) eta Amaia Martinek (Irabazi). PSE-EEko eledunari ere eskatu zaio iritzia, baina alderdiko inork ez die erantzun nahi izan Hitza-ren galderei.

Ñabardurak ñabardura, hiriak dituen arazoen inguruko irakurketan adostasun bat ikus liteke alderdien artean; ez, ordea, arazoei konponbidea emateko moduari dagokionez. EH Bilduk eta Irabazik bat egiten dute puntu askotan, eta nabaria da udal gobernuaren politikekin duten desadostasuna. PPk, berriz, aitortzen du proiektuetan eta ildo nagusietan bat egiten duela udalarekin, nahiz eta oso kritikoa den gobernuaren egiteko moduarekin. Oposizioko hiru alderdiek bat egiten dute, halaber, gobernuaren gardentasunik eza nabarmentzean, eta hirurek salatu dute erabaki garrantzitsuak hartzeko prozesuan PSE-EEk eta EAJk baztertu egiten dituztela, prentsa bidez jasotzen dutela informazio asko, eta, gehiengo osoa dutenez, ez dagoela oposizioarekin adostasuna lortzeko borondaterik.

AZPIEGITURAK

Donostiako azpiegituren inguruan proiektu bat bada guztien ahotan: metroaren edo Topoaren igarobidea, nork esaten duen aldatzen baita izena. Denak daude ados Topoak aldaketak behar dituela, baina ez datoz bat moduarekin. Proiektuaren beharraz “konbentzituta” daudela dio Azkaratek. “Igarobideak hobetu egingo du zerbitzua. Egungo egitura, Eason etena duena, ez da egokia. Askoz ere zerbitzu hobea izango da, batere etenik gabe, zuzeneko pasabide bat badago Irundik Lasarte-Oriara”.

Pasabidea eta geltokia lurpean joango direnez, Easo plazan 22.000 metro koadro irabaziko direla eta hori hiriarentzat ona dela azpimarratu du. EAJko eledunaren hitzetan, ez da soilik donostiarrentzako zerbitzu bat: “Hau ez da Amaratik edo Altzatik hondartzara joateko, 400.000 biztanleko ingurune bati eskainiko zaio zerbitzua, Donostia alde osoari, zentzurik zabalenean hartuta”.

“PPk urteak daramatza Donostia alderako metro bat eskatzen. Orain, Topo deituko diote, baina azken finean guk eskatzen genuena da. Erotzat jo gintuzten, eta begira orain”. Albisturrek ez du zalantzarik; proiektua “oso ona” da: “Zirkulazioa arinduko du, oinezkoentzako alderdiak ahalbidetuko ditu, maiztasunak hobetuko ditu, Irun-Zumaia arteko lurralde loturak erraztuko ditu eta, gainera, trena da garraiobide sozialetan sozialena”.

Martinen arabera, hau ez da Irabazik nahi lukeen proiektua. “Egia da garraio publikoak hobekuntzak behar dituela, baina ez dugu ulertzen egitasmo honen aldeko apustua”. Dauden azpiegiturak hobetzeko apustuari ematen dio Irabazik lehentasuna, eta ez obra erraldoietan dirua xahutzeari —metroa eta AHTa aipatu ditu—. “Benetan beharrezkoa da halako obra bat egitea? Zalantzak ditugu. Ez dugu ezezko biribila ematen, baina beste biderik bazegoen”.

Pasabidearen kontra agertu da Almirall ere, EH Bilduko eleduna. “EAJk berak faraoniko izendatu zuen metroaren proiektua. Gu ez gaude Topoa hobetzearen kontra, baina, hau egin gabe ere, asko hobetu daiteke, bai zerbitzua eta bai maiztasunak. Adibidez, egun, Usurbildik orduero ateratzen da trena Donostiara, eta hori hobetu daiteke”. Almirallek, adibide gisa, nabarmendu du Donostia inguruan “lotuak egon daitezkeen hamazazpi geltoki” daudela. “Hiriari izugarrizko mugikortasun ahalmena emango lioke horrek, baina, horretarako, intermodalaren aldeko apustua egin behar da, eta nahiago izan dute pasabidea egitea”. Mugikortasuna oro har hartuko duen plan integral baten falta sumatzen du EH Bilduk.

Bretxakoa da, Azkarateren aburuz, legealdiko beste “proiektu garrantzitsuenetako bat”. Helburu bikoitza du egitasmoak. “Batetik, Parte Zaharrak behar dituen hainbat zerbitzu hobetzea: kirola egiteko gune bat eta osasun zentroa joango dir a bertan; eta, bestetik, orain sotoan dauden salguneak berriro ere kale mailara eramatea, eta ikusgarritasun handiagoa ematea”.

Albistur ados dago saltzaileei ikusgarritasuna ematearekin. “Gure produktuak ikusgarritasuna behar du, bai tokikoei bertakoei begira eta bai bisitatzen gaituztenei begira. Txalotzen dugu erabaki hori, baina oso berde dago, eta asko ari da atzeratzen”. Halere, PPkoaren aburuz, soilik merkataritzarako eta gastronomiarako gunea izan beharko luke. “Gure ustez, badaude beste toki batzuk Parte Zaharrerako osasun zentroa eta beste zerbitzuak jartzeko, baina borroka hori galduta daukagu”.

Bretxako proiektua EH Bilduk bere garaian aurkeztu eta EAJk arbuiatutakoaren berdintsua dela nabarmendu du Almirallek. “Behar zen Parte Zaharreko zerbitzuak jartzeko gune bat, eta baita saltzaileak sototik ateratzea ere. Ikusten duguna da gobernua, nolabait ere, bere egiten ari dela gure irakurketa, nahiz eta ez duen inoiz aitortuko”.

Hala ere, Bretxaren eraberritzeak zerbait ezkutatzen duen susmoa dute bai EH Bilduk eta bai Irabazik. “800 metro gelditzen dira hor, eta ez dakigu oso ondo zein den asmoa”, dio Almirallek. “Beste modu batera saldu nahi digute, baina badirudi ostalaritzara zuzendu nahi dutela, eta Parte Zaharrak ez du ostalaritzako gune gehiagoren batere beharrik”, gehitu du Martinek.

ETXEBIZITZA

Etxebizitzarena arazo larria dela aitortu du EAJk, eta arazoa historikoa dela gaineratu dute oposizioko alderdiek. Hor amaitzen da adostasuna. Azkaratek merkatuan aukera gehiago sortzea beste modurik ez du ikusten. “Txominen lehenengo fasea ari gara egiten, babes ofizialeko 162 etxebizitza joango dira hor, eta bigarren fasean 48 milioi euro jarriko dira, besteak beste, alokairuzko 364 etxebizitza egiteko. Hori da guk egin dezakeguna, merkatua handitzea”. Bigarren fase horri ekin aurretik, baina, Martuteneko kartzelaren afera argitu beharko dela dio, eremu hori hartzen baitute Txomineko obrek.

Albisturrek dio etxebizitza publikoen parkea ez dela nahikoa. “1.800 etxebizitza daude, eta gutxi da. Txomineko bigarren faseari ekin behar zaio, eta Mundaizeko eta Infernuko proiektuak gauzatu behar dira”. Baina neurri gehiago ere eskatu ditu: zentroan, batez ere, adineko pertsonak bizi diren etxebizitza handiak zatitu eta bi pisu bihurtzeko laguntzak ematea litzateke bat, eta, bestea, Alokabide programa eguneratzea, eta prezioak igo behar badira, igotzea. “Donostian 5.000 bat etxe huts daude; jabeei gauza erakargarriren bat eskaini behar zaie, gazteei aukera emateko”.

Martinek dioenez, babes ofizialeko etxeak egitea “ondo” dago. “Baina neurri bakarra ezin da hori izan”. Etxebizitza hutsen gaineko zerga errekargua ezartzea da mahai gainean jarri duen proposamena. “Zarautzen egiten dute; zergatik ez hemen? Etxe jabeak alokairuaren aldeko apustua egitera bultzatuko lituzke horrek”. PPkoak bezala, Alokabideri “buelta pare bat” eman behar zaizkiola dio Irabazikoak ere.

“Ez dago neurri bakarra edo formula bakarra, neurri asko behar dira”, esan du EH Bilduko eledunak gaiari buruz. “Pisu turistikoetan eragitea da bat, baina ez da nahikoa; etxebizitza publikoak ere egin behar dira; etxebizitza parke zaharra berritzeko laguntzak txikitu egin dira handitu beharrean; eta Uliako biltegietan egin nahi zituzten gazteentzako apartamentuak beste toki batean ere egin daitezke…”. Prezioetan eragiteko eskaintza orokorrean eragin behar dela uste du Almirallek. “Guk neurri dezente proposatu ditugu, baina esan behar da udal gobernua aktibotasun gutxirekin ari dela lanean”.

TURISMOA

Donostiako Udaleko alderdi politikoek turismoa ez dute ikusten arazo larri gisa, baina analisia ez da bera kasu guztietan. “Donostiako estrategia bulegoak egin zuen azterketa bat, eta emaitza izan zen donostiar gehienek ez dutela uste hiria gainezka dagoenik. Baina, noski, donostiarren gehiengoa ez da bizi Parte Zaharrean, edo Grosen, edo zentroan. Horiek kezka dute, eta kasu egin behar diegu”, dio Azkaratek. Haren arabera, hiriak “lehenik eta behin, hiritarrentzat izan behar du”, eta ezin da turismoa izan “jarduera ekonomiko bakarra”. “Hori arautzeko, gaia modu globalean hartzen duen turismo plana daukagu”.

Azkenaldian, kezka pisu turistikoek sortu dutela aitortu du Azkaratek, baina udal gobernua hori konpontzeko lanean ari dela gaineratu du. “Udal ordenantza bat landu dugu pisu turistikoen inguruan”. Baina, horrez gain, bost udaltzain eta turismo alorreko bost teknikari jarri dituzte lanean legez kanpo ari diren pisuak detektatzeko. “Legez kanpo ari ziren 116 pisu turistiko itxi ditugu jada; eta lan horretan jarraituko dugu, itxi behar diren guztiak itxi arte”.

Inondik inora, Albisturrek ez du ikusten Donostia “masifikatuta”. “Donostia beti izan da turistikoa, eta, 40 urteko terrorismoaren ostean, berriro ere lehengora itzultzen ari da; hiria horretarako egina zegoen. Urtean pare bat hilabetez bisitariak etortzen direlako masifikatuta dagoela esatea ere… Guretzat, orain, inportantea da turistak sasoitik kanpo erakartzeko ahalegina egitea”.

PPko ordezkariak ontzat jo du Donostiako Udalaren turismo plana; ez, ordea, pisu turistikoak arautzeko ordenantza. “EAJk eta PSE-EEk ordenantza horren lanketatik kanpo utzi dute oposizioa, urtebete eman dute hura egiten, eta, gero, 20 eguneko epea eman digute zuzenketak egiteko”. Edukiarekin ere kexu da. “Ados gaude Parte Zaharra gune gainezkatu izendatzearekin, baina beste bi gune zehaztu dira gero, eta horiekin ez gaude ados. Gure ustez, ratio bat jarri beharko litzateke, horretarako behar diren azterketak egin ondoren, noski”. Ordenantzaren kontrako botoa emango du PPk.

“Donostia turistikoa da eta izango da, hori errealitate bat da; baina, hori onartuta, guk uste dugu oreka bilatu behar dela”, azaldu du Almirallek. “Donostiak bizitzeko, gozatzeko eta lan egiteko hiria izan behar du eta hori da iparra guretzat”. Donostiako hainbat gunetan egoera muga-mugan dagoela dio EH-Bilduko ordezkariak, eta beste hainbat gune “mugara iristeko arriskuan” daudela.

Turismo plana egon badagoela, baina plan horrek ez duela ikuspegi globala eskaintzen adierazi du. “Planak ondo markatzen ditu hainbat puntu; adibidez, non eraiki daitezkeen hotelak eta non ez. Baina, hori baino gehiago behar da; plan orokor batek bere barnean hartu behar ditu, bai hotelak, bai pisu turistikoak, baina baita kultura, mugikortasuna, ekonomia, merkataritza, eta abar ere. Koherentzia behar du”. Errespetuan eta donostiarren beharrizanetan oinarritutako turismo plan bat behar dela uste du Almirallek, eta egungoak ez duela hori betetzen. “Eta oso garrantzitsua da. Izan ere, argi dago aurrera begira turismoari lotuta egiten denak baldintzatuko duela Donostiaren etorkizuna. Turismoak diseinatuko du hiria modu batera edo bestera”.

Pisu turistikoen ordenantzarekin kritiko agertu da Amaia Martin ere. “Lehenengo eta behin, esan behar dut, ordenantza jaso dugunerako erabaki guztiak hartuta zeudela, eta oposizioko alderdiek ez dugula inolako parte hartzerik izan. Gaiaren garrantzia ikusita, uste dut adostasun ahalik eta zabalena lortzeko ahalegina egin behar zela”. Edukiari erreparatuta, Irabazikoak uste du pisu turistikoen merkatua “malgutzeko” bakarrik balioko duela. “Parte Zaharra gainezkatutzat jo du, eta logikoa da; baina gainerako lekuetan, orain arte soilik lehen solairuan jar zitezkeen pisu turistikoak, eta, orain, kendu egin nahi dute muga hori. Argi dago, horrek erraztu egiten du pisu gehiago irekitzea”.

Masifikazioaren gaiarekin ere badu kezka Irabazik. “Ez da Donostia osoan gertatzen, baina hainbat gunetan bai, eta Parte Zaharrean, adibidez, bizilagunek arazoak dituzte euren eguneroko bizimoduari eusteko”. Irabazik, bestalde, kezka du zerbitzu hiri bihurtzeak izan ditzakeen ondorio ekonomikoekin, eta, batez ere, langileen baldintzak are gehi ago kaskartzearekin.

KULTURA

Donostiako kultur eskaintza mahai gainean jarrita, erantzun biribila ematen du Miren Azkaratek: “Tamaina honetako beste hiri batzuekin alderatuta, gutxik edukiko dute guk daukagun egitura eta kultur eskaintza”. Donostiako auzoetako kultur etxeen sarea indargune gisa hartu du, ezinbestekoak hiriburuko kultur eskaintzari erreparatzerakoan: “Intxaurrondok tokiko musika taldeei eskaintzen diena; Larrotxenek bideogintzan eta ikus-entzunezkoetan duen eskaintza; antzerki eta arte eszenikoetan Egiako Gazteszenak, eta, neurri batean, Intxaurrondok ere egiten duten lana; Aietek ilustrazio arloan egiten duena… Baditugu horrelako altxor txikiak, beste tokietan ikusten ez direnak, eta, gainera, hiri guztian zabalduta, guretzat funtsezkoa baita hori”.

Almirallek dio “dinamikoa” dela Donostiako kultur eskaintza. Baina badu kezka bat horren inguruan. “Kezka dugu ez ote garen ari ikuskizun hutsean oinarritzen den kultur eredu batera itzultzen. Jaialdiak-eta oso ondo daude, eta kalitate handikoak dira, baina sormenaren eta sortzaile txikien aldeko apustua egin behar da gehiago”.

Albisturren esanetan, Donostiak kultur eskaintza oparoa baldin badu —”hori beti izan da horrela” ez da udalari esker, eragile pribatuei esker baizik. Donostiak dituen jaialdi handiei erreparatu die PPkoak, eta bidea hori dela uste du. “Udalak kultura arloan eskua sartzen duenean, eta sortzailearen lana gidatzen hasten denean, kulturak kultura izateari uzten dio, eta beste gauza bat da. Dakitenei, eragile pribatuei, utzi behar zaie egiten, eta horiei laguntzea da erakundeen lana”.

Martinek ez du kexarik Donostiako kultur eskaintzarekin. “Baina kultur eragileekiko zuzeneko elkarrizketaren falta sumatzen dugu. Gobernu programak jasotzen du kulturaren aholku kontseilua berriro martxan jartzeko borondatea, baina oraindik ez dute egin”.

EUSKARA

Euskararen erabilera sustatzea, hizkuntza arloan hori da Donostiako Udalaren erronka, Azkaratek azaldu duenez. “Batez ere, gazteengan jartzen dugu ahalegina; adibidez, kirol taldeetan entrenatzaileek euskararen erabilera sustatzeko egitasmoarekin. Añorgan egin genuen esperientzia pilotua, eta, emaitzak ikusita, orain beste sei klubekin ari gara lanean. Kluben kopurua hazten ari da, eta aurrekontua bikoiztuko dugu datorren urtean”.

Euskarak 365 egun kanpainan Jaurlaritza eta Topagunea bezala, Bagera eta Donostiako Udala eskuz esku ari direla azaldu du, eta iragarri du aurkezpen zabala egingo dutela Euskararen Egunaren bezperan, jendaurrean.

Bestalde, auzoetan martxan jarritako zenbait jarduera interesgarri nabarmendu ditu Azkaratek, eta berberak aipatu ditu Almirallek ere. “Egian, Añorgan eta Piraten gunean egin ziren antzeko esperientziak, hogei egun euskaraz, 21 egun euskaraz… eta halakoak arrakasta handia ari dira izaten. Altzan eta Intxaurrondon ari dira orain, eta beste toki batzuetara ere ari da zabaltzen. Auzoetan oso pozik daude, eta oso ondo baloratzen ditugu herritik sortuak direlako, eta jakin dutelako auzo bakoitzaren ezaugarri eta errealitatera egokitzen”. Udalak halakoak sustatu behar dituela, eta haiek behar dituzten baliabideak eskuragarri jartzeko lan egin behar dela uste du EH Bildukoak.

Bestalde, Almirallek kezka agertu du hizkuntza urraketen inguruan Donostiako Udalak ez duelako behar besteko tinkotasunarekin eta azkartasunarekin erantzuten. “Herritar bat baino gehiago etorri zaigu kezka horrekin, atzera egin dela esanez; guk ere badugu horren kezka. Arlo horretan asko kostatzen da aurrera egitea, eta oso erraz egiten da atzera. Udalak jarrera proaktiboa izan behar du honetan”.

Erabilera sustatzeko ezagutza sustatzen hasi behar dela iritzi dio, bestalde, Martinek. “Eta ildo horretan, euskalduntzearen doakotasunaren aldeko mozioa sartu dugu guk legealdi honetan, baina kontra agertu da udal gobernua”. Albisturren arabera, ordea, datuek erakusten dute ezagutzak ez duela erabilera bermatzen. “Eta argi dago, halaber, hizkuntza joerak zuzentzeko goitik egiten diren ahaleginek ez dutela emaitzarik ematen. Dena den, norberak nahi duen hizkuntza erabiltzearen aldekoak gara gu, eta norbaitek gazteleraz hitz egin nahi badu, hizkuntza horretan erosoago badago, egin dezala”.