“Hango egoera ikustea pizgarri izan daiteke ume bat etxean hartzeko”

“Hango egoera ikustea pizgarri izan daiteke ume bat etxean hartzeko”

E. Goenaga Lizaso

Oiartzungo El Watan elkarteko kide da Olga Leibar (Oiartzun, 1954), eta hamabost urtean zazpi aldiz egon da Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan. 2005ean hartu zuten etxean lehenengoz Saharako ume bat, eta ia urtero errepikatu dute. Errefuxiatuen kanpalekuetara bidaiatzea gomendatzen die harrera familia izateko pausoaz zalantza dutenei —eta gainerakoei ere bai—.

Nolako oroitzapena duzu errefuxiatuen kanpalekuetara egindako lehen bidaiatik?

2003an joan nintzen, udalak antolatutako bidaia batean. Lehen kontaktua beti da gogorra. Nahiz eta askotan kontatu eta argazkiak ikusi, hara iristean konturatzen zara egia dela, ez daukatela deus ere: goian zerua eta behean hondarra, besterik ez. Behar oso oinarrizkoak dituzte, eta hori da han ikusten duzuna: behar gorria. Denak dira pobreak edo pobreagoak; jatekoa ere justu-justu dute.

Azken bisita abenduan egin zenuen. Asko aldatu da egoera?

Aldatu da, bai. Gizon gutxiago dago. Emakumeak bertan gelditzen dira, umeekin, eta gizonek alde egiten dute; batzuk eremu liberatuetara joan dira, eta beste asko munduan barrena dabiltza, basamortu latzetik ihesi, beste zerbait bilatzeko itxaropenez. Horrek are gogorragoa egiten du emakumeen bizimodua: seme-alabak, aitona-amonak… Dena dago haien kargu. Elikagaiak lortzeko ere gero eta arazo gehiago dago, eta anemia dezente dago, gutxi jaten dutelako, eta beti gauza bera.

Eta animo aldetik?

Zu han zaudenean ez dizute esango zein gaizki dauden. Noizbehinka esaten dute “honek ezin du horrela jarraitu, eta gerran hasi beharko dugu”. Eta segidan esaten dizute: “Bai, baina gerra zerekin? Noren aurka?”. Ez daukate gerra egiteko ezer, eta, gainera, basamortuan noren kontra egin behar dute gerra: hondarraren kontra? Halako etsipen puntu bat antzematen da kanpalekuetan. Eta nire iritzia baino ez da, baina, zerbait lortzekotan, mugimendua Sahara okupatutik etorriko dela uste dut.

Sahararrak nola dauden jakiteak eraman zintuen zu udan hango umeak etxean hartzera, ezta?

Bai, ordutik ume pila bat etorri da gure etxera. 2005ean etorri zen lehenengoa. Aurrez etorritako neska bat zen, baina urte hartan ez zioten familiarik topatu. Mariamek bazekien jada hizkuntza, esperientzia ere bazuen, eta guretzat oso esperientzia ona izan zen, zoragarria. Mariamen ondoren, tarte batean kenduta, beti hartu izan dugu norbait: Manaha, Metu, Dabal, Salma, Sadaf, Mohamed… Familia ugaria dugu guk han.

Zer eragiten dizue zuei ume bat ekartzeak?

Gizona eta ni bakarrik bizi gara, alaba heldua da jada, eta 15 urteko biloba dugu. Beraz, urte osoan bakarrik egoten gara, eta udan etortzen dira umeak. Askotan bi ume ekarri izan ditugu; gu bakarrik gaudenez, bi ume egoteak elkarrekin jolasteko eta hitz egiteko aukera ematen die, eta oso ondo atera izan zaigu normalean. Batzuetan liskar txikiak sortzen dira, edozein familiatan bezala, eta beti ez dira pozik egoten; zama horrekin etortzen dira, eta bakoitzak bere izaera dauka… Baina hori kudeatu behar da. Polita da.

Bi ume hartuko dituzue udan?

Bai, iaz etorritako mutikoa etorriko da, eta beste neska bat ere bai. Oiartzungo El Watan elkarteko kide gara, eta gu aritzen gara lanean inguruan familia berriak topatzeko. Beti saiatzen gara aurrez etorri den umea berriro familia berarekin egon dadin, baina beti ez da posible. Aurten, adibidez, familia bat topatzeko premia bizia dugu. Iaz hemen izandako 12 urteko neska bati ezin familia topatu gabiltza, eta garrantzitsua da, azken urtea baita beretzat. Oso neska jatorra da, eta gustatuko litzaiguke norbait animatzea.

Gero eta zailtasun gehiago duzue harrera familiak topatzeko?

Larri gabiltza, oso larri. Eta etsipena ez dizut esango, baina tristura ematen du. Jende asko hurbiltzen zaigu, eta esaten digute beraiei ere gustatuko litzaiekeela ume bat hartzea; baina gero, benetan pausoa eman behar denean, atzera egiten du jendeak. “Ezin dut”, esaten dizute; eta batzuek ezin dute, baina askotan beldurra da, halako beldur bat ematen duelako ardura hori hartzeak. Nik zalantzan dagoen guztia animatuko nuke probatzera; berdin dio familia bat izatea, bi lagun izatea, edo pertsona bakar bat izatea.

Elkartasuna gutxitu dela sumatzen duzue?

Ez nuke hori esango. Izan ere, tarte handia dago elkartasuna izatetik ume bat etxean hartzera, eta jendeari kosta egiten zaio hori gainditzea. Uste dut saharar herriarekin elkartasuna egon badagoela, baina hor ikusi egin behar da bakoitzak nola lantzen duen elkartasun sentimendu hori.

Kanpalekuak ezagutu ondoren erabaki zenuen zuk ume bat hartzea. Hara joatea gomendatuko zenioke pausoa ematen ausartzen ez denari?

Bai, han ikusten baituzu zein egoera gordinean bizi diren, eta batez ere umeentzat zein gogorra den. Hara joaten zaren arte ezin duzu imajinatu zer den ezer gabe bizitzea, eta esperientzia horrek markatu egiten zaitu. Edozeini gomendatuko nioke hara bidaiatzea, gero umeak hartzeko asmoa izan edo ez. Baina egia da: zalantza izanez gero, pizgarri bat izan daiteke hangoa ikustea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.