Idoia Torregarai: “Umorearen aktibista naiz, eta prestigiatu egin nahi dut”

Idoia Torregarai: “Umorearen aktibista naiz, eta prestigiatu egin nahi dut”

Eider Goenaga Lizaso

Kazetaria eta UEUko komunikazio arduraduna da, lanbidez, Idoia Torregarai (Usurbil, 1974). Umorea txikitatik izan du bidelagun, eta nerabezaroan munduan bere burua kokatzeko modua eman zion. Barretartia bloga martxan jarri zuenetik, gaiaren inguruan ikasten, sakontzen eta ikasitakoa zabaltzen jardun du. Umoregilea da, eta “umorearen aktibistatzat” du bere burua. Pauso bat gehiago eman, eta Barretartia Umore Zerbitzuak jarri du martxan.

Umoreari eta barreari ematen al zaie merezi duten garrantzia?

Ez. Ematen zaie aisialdirako tarte bat: antzerki bat dela, bakarrizketa bat dela, komedia bat… Baina ez dago integratuta gainerako esparruetan; are gutxiago, lanean. Arinkeriarekin, txorakeriarekin lotzen da. Balioa kentzen zaio, jakinda sakonera handiko gaia dela.

Hori aldarrikatzeko sortu duzu Barretartia Umore Zerbitzuak?

Alde batetik, bai. Umorearen aktibista naiz, eta umorea prestigiatu nahi dut. Aspalditik nuen umorearekin zerbait egiteko asmoa, nire bizitzaren parte baita betidanik. Nerabezaroan neure burua munduan kokatzeko modua topatu nuen umorean. 2012a izan zen hurrengo mugarria: Barretartia bloga sortu nuen. Ordurako ikusten nuen beharra umoreari buruzko proiektu bat martxan jartzeko; sormena lantzeko, gehiago jakiteko, umorea prestigiatzeko…

Bide hori jorratzen aritu zara?

Hainbat ate ireki dizkit blogak: formazioak eta hitzaldiak ematen hasi nintzen, umorezko kolaborazioak egiten… Ohartu nintzen hainbat arlo ari nintzela lantzen: batetik, umorea sortzen nuen; bestetik, dibulgazioa egiten nuen, umoreari buruzko ikerketa, albisteak eta abar zabaltzen; eta, gero, formazioaren ateak joan ziren irekitzen. Bizpahiru urtez horretan sakontzen aritu naiz: hau dena nola hezurmamitu pentsatzen.

Zer eskaintzen du Barretartiak?

Sormen atalean, blogean zabalduko ditut nik sortzen ditudan kolaborazioak, testuak. Dibulgazio atalean, ikerketak, albisteak, aholkuak… zabalduko ditut, eta baita hitzaldiak eskaini ere. Nire ibilbide profesionala UEUn eta unibertsitate munduan egin dudanez, niretzat garrantzitsua da umoreari background edo oinarri zientifiko bat ematea.

Formazioa ere eskainiko duzu?

Bai, eta batez ere hezkuntza munduari eta gurasoei zuzenduta dago. Irakasleei beste estrategia bat emateko modu bat da; konpetentzia asko dituzte, baina umorea tresna oso ona da helburuak lortzeko: talde kohesioa lortzeko, arreta-eta mantentzeko, edukiak erretenitzeko… Bestalde, bere bizitzan umorea txertatu eta umorearen betaurrekoak jantzi nahi dituenari tresnak eskaini nahi dizkiot formazioen bidez. Azkenik, sormenaren arloan, aurrez aurreko saioak, bakarrizketak eta Mirari Martiarenarekin egiten dudan Bakean dagoena, bakean utzi ikuskizuna ere sartzen dira.

Umoreak zeure burua munduan kokatzen lagundu zizula diozu. Autodefentsa modu bat da?

Izan daiteke. Aita txiste kontalaria zen, asko maite zuten herrian, eta txikitatik ikusi nuen umoreak estatus bat ematen zuela. Bestalde, egoera gogorretan, babesten ninduela sentitzen nuen. Rol horretan eroso sentitzen nintzen, bazen ni izateko modu bat, eta jendeak onartzen ninduela ikusi nuen. Halere, neska bezala, emakumeei ezarritako kortse horiek apurtzen nituen heinean, beti nintzen Idoia Torre La loca. Baina, tira, prest nengoen hori eramateko.

Nolakoa izan da oholtzarako bidea?

Gai honetan sakondu eta hausnartzearen ondoren sortutako beharretik dator pauso hori. Iaz, Usurbilen, Euskararen Egunaren harira, pausoa eman genuen Mirarik eta biok. Gure beldur, konplexu eta abarretatik abiatuta ere, oso ondo sentitu ginen. Hainbat saio egin ditugu ordutik, eta oso gustura gaude. Izugarria da umorean ahalduntzeko aukera edukitzea, gure emakumetasunetik, gure gorpuztasunetik, jendaurrean jartzea, epaituak izateko beldurrari aurre egitea… Erantzuna oso ona izan da; baina esan behar da emakumeak etortzen direla, batik bat.

Identifikazioarekin lortzen duzue barrea eragitea.

Umorea egiteko identifikazio bat behar da, erreferentzia konpartitu bat. Emakumea orain gutxi arte —eta oraindik ere bai— umorearen objektu izan da, eta ez subjektu. Horri buelta eman diogu, eta emakumeok ere umorea egin dezakegula aldarrikatzen dugu. Gizonek ere, etortzen direnean, oso ondo pasatzen dute.

Inportantea da nork bere buruari barre egiten jakitea?

Lehen pausoetako bat dela uste dut. Umorea oso gauza askatzailea da, baina oso zapaltzailea ere izan daiteke. Hor galdera da nor nori ari zaion umorea egiten, zein postutatik egiten duen. Boteregune batetik behera egiten bada, zapaltzailea da. Mirari eta biok saiatzen gara parez parekoa egiten. Gure esperientziatik, gure miseria eta barregarritasunetik zerbait transmititzen saiatzen gara; ez da soilik barre egitea, baita buruari eragitea ere, mezu bat zabaltzea.

Badago emakumeen umorerik?

Bai, baina batez ere emakumeen kontura egin izan da, umore zapaltzailea. Guk, emakume garen heinean, gure egunerokotasunetik, gure sentimenduetatik egiten dugu umorea. Hitz egiten dugu depilazioaz, 30 urtetik aurrera ama izateko egiten dizuten presioaz, amatasunari buruz saltzen zaizkigun zoragarrikeriez, hilerokoaz… Ez da berdina gizon batek bibotea dudala eta Cantinflas ematen dudala esatea; edo Martxoaren 8ko afari batean nik nire buruaz hori esatea. Gure kontuak hartzen ditugu ahotan, eta, barre egiteaz gain, jendeak buelta bat ematea nahi dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.