Debekatuta lanean jarraitzea

Unai Zubeldia

Zientzia, teknologia, artea, musika… “Gauza askoren batuketa da Parkea Musik Fest jaialdia”. Hector Calderon Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko kooperazio eta zerbitzu zuzendariaren hitzetan, parkeko langileak elkarrengana biltzeko proiektua da, azken batean, esku artean daukatena. “Ekintza horiei esker, egunerokoan ia ezinezkoa den harremana sortzen da langileen artean, eta horrek eragina izaten du, gero, enpresako jardunean”. Gaur-gaurkoz, 138 enpresa daude Donostiako teknologia parkean, Miramonen, eta 4.800 pertsona aritzen dira lanean egunero. “Donostiako auzo baten gisakoa da parkea”.

Erronka bat parkearentzat ekimena dago Parkea Musik Fest jaialdiaren oinarrian. Orain bi urte, gerora Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean gauzatuko ziren proiektuak aurkezteko deia egin zieten bertako langileei, “esparru guztietan parkea hobetzeko helburu argiarekin”. Ainhoa Mutiloa Ibermatica enpresako langilearen proposamena nagusitu zen azkenerako. “Parkearekin lotura zeukaten kideek osatutako taldeekin musika jaialdi bat egin zitekeela proposatu zuen Ainhoak”. Eta handik tiraka antolatu zuten iaz, lehen aldiz, jaialdia. “Ezkutuko gaitasun asko daude gordeta langileen baitan”, hasi du azalpena Calderonek. “Eta arrakastatsua izan zen iazko jaialdia. Eguraldia lagun, oso giro polita sortu zen, eta oso pozik amaitu genuen”.

“Zailena eginda”, antolatzaileek beste pauso bat eman nahiko lukete aurten —hainbat babesle lortu dituzte jada—, eta, ekainaren 10eko krosarekin zientzia eta kirola uztartu ondoren, egitarau zabala daukate prest gaurko. 14:00etan hasiko da festa, Rockalean txarangarekin. “Ostirala iritsi eta langileak, bazkaltzera etxera joan beharrean, parkean bertan geldi daitezen nahiko genuke, jan-edanik ez delako faltako”. Diana edo abisu modukoa izango da txarangarena. “Eta, ondoren, 15:30ean ekingo diegu kontzertuei”. Oihan Vega izango da aurkezlea, eta bederatzi taldek parte hartuko dute guztira. “Eskaintza gehiago ere jaso ditugu”, azaldu du Calderonek. “Baina ezinezkoa izan da talde gehiagori lekua egitea”. Adibide gisa, Ipar Euskal Herriko bikote baten eskaintza jaso dutela azaldu du kooperazio eta zerbitzu zuzendariak. “Baina ez zeukaten loturarik parkearekin, eta, proposamena gustukoa izan arren, ezin izan diegu egin lekurik”.

Swinga, musika klasikoa, pop rocka, rock instrumentala, musika herrikoia, rock akustikoa… “Kolore askotako eskaintza izango da: swing laukotea; parkeko enpresa baten teknologia baliatuta, partiturak eskuz pasatu beharrean, horretarako ordenagailua baliatzen duen bikotea [Duo Risonanza]; eta baita Parkea Musik Fest jaialdiaren izaera bere egiten duen talde bat ere: Rockopop Park”. Calderonek argitu du parkeko langileek osatzen dutela, oso-osorik, talde hori. “Hainbat enpresatan lan egiten dute bertako kideek, eta bigarrenez elkartuko dira emanaldi baterako. Hori da erronka, enpresa desberdinetako langileen artean harreman berezi horiek sortzea”. Lau bat orduko jaialdia izango da —terraza gisako bat jarriko dute, atseden hartzeko—, eta 19:30-20:00 alderako amaituko dela kalkulatu dute antolatzaileek; hainbat zozketa izango dira tartean.

Iaz gertatu bezala, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren ingurumen kudeaketarako elkarteak ematen duen Erronka Garbia izendapena jaso du jaialdiak, eta, ondorioz, aintzat hartuko dituzte ingurumen neurriak ere. Inori aterik itxi gabe, “musika gustuko duten eta momentu atsegina igaro nahi duten guztientzat” zabal-zabalik egongo dira Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen ateak. Bost euro ordaindu beharko dira parkean sartzeko, eta lekuan bertan erosi ahal izango dira sarrerak.