Beñat Hach Embarek: “Erakutsi dugu txikitik ere gauza handiak egin daitezkeela”

Eider Goenaga Lizaso

2014an Loiolako (Azpeitia) Herri Harresian parte hartzeagatik atxilotu, epaitu eta zigortu zuten bi lagunetako bat da Beñat Hach Embarek (Ormaiztegi, 1989). Esteban Orbegozo eta biak joan den ostiralean egon ziren Azpeitian, Eleak-Libre mugimenduak antolatutako eskertza ekitaldian. Izan ere, ia 25.000 euroko kostua eragin zien haien kontrako prozedurak, eta Eleak-Librek dirua biltzeko kanpaina bat abiatu zuen iazko urte amaieran. Zazpi hilabete eskasean lortu dute dirua batzea.

Lau urte igaro dira atxilotu zintuztenetik. Zuentzat nolakoak izan dira lau urte hauek?

Inoiz ez dugu eduki zalantzarik egindakoaz. Baina bi aurpegi ditu bizi izandako egoerak. Batetik, urduritasuna eta kezka, epaituak izango ginelako. Atentatua leporatzen ziguten; hiru urteko zigorra ekar zezakeen horrek. Bestalde, lasaitasuna ematen zigun kazetariek Herri Harresian eginiko lanak; gertatutako guztia grabatu zuten, eta bideoan garbi ikusten zen ertzaina bakarrik erori zela, inork ez ziola jipoirik eman… Ezin gintuzten kartzelara bidali. Baina herri honetan hainbeste astakeria juridiko ikusten da… Inoiz ezin duzu eduki ziurtasun osoa.

Elkartasun ekintza batekin hasi zen dena, eta elkartasunari esker lortu duzue isuna ordaintzea. Itxi al da zirkulua?

Loiolakoa elkartasun ekintza bat zen, egia da, eta elkartasun hori jasotzea tokatu zaigunean, martxan jarri eta bueltan etorri da. Eta hor azpimarratu behar dena da, azkenean, halako egoerak daudenean, herria dela berme bakarra, herriak dituela baliabideak eta moduak ardura guztia eta ondorio guztiak norbanakoen gain eror ez daitezen.

Zure ustez, zergatik jokatu zuten horrela? Zergatik leporatu atentatua, halakorik izan ez bazen?

Nik uste dut Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzak zabaldu nahi izan zutela abisu bat, mezu bat, erakusteko elkartasuna garesti ateratzen dela. Eta gero guk frogatu duguna izan da, oso azkar, benetan azkar —eta ni txundituta nago horrekin—, egoera horri buelta eman dakiokeela, istorio handietan sartu gabe. Hamaika tokitan eginiko ekitaldi xumeen bidez lortu da dirua biltzea.

Nolakoa izan da elkartasun kanpaina?

Irabazi bikoitza lortu dugu kanpaina honekin. Batetik, isunari buelta ematea; baina, gainera, horren aitzakian, lanketa politiko bat egin da herrietan: agerian gelditu da atzerakada bat pairatzen ari garela gure eskubide zibil eta politikoetan. Bestetik, oso modu autonomoan antolatu da kanpaina bera. Guk jarri genuen abiapuntu bat, baina herrietan egin da lanketa, herri bakoitzak erabaki du zer eta nola egin. Txikitik ere gauza handiak egin daitezkeela erakutsi dugu.

Eleak-Libre mugimenduak antolatu zuen kanpaina; zergatik ez ekitaldi handi bakarra antolatu?

Guk argi genuen hau ezin zela kanpaina erraldoi bat izan, gauza txikiak egin behar genituela, nahiz eta horrela dirua biltzeko denbora gehiago behar izan. Bestalde, guretzat dirua bezain inportantea zen lanketa politiko hori egitea, eta oso gustura gaude erantzunarekin. Izan ere, hamaika plazatan egin da lanketa, aktibazio moduko bat gertatu da. Oso gustura gaude emaitzarekin; uste dut asmatu genuela formula horrekin.

Zein ondorio atera duzue egindako lan politiko horretatik?

Une honetan asko ari da hausnartzen militantzia ereduaren inguruan; konpromisoari dagokionez, krisialdi edo apalaldi bat bizitzen ari garela. Hortik joan da gogoeta. Baina, beste behin ere, aurretik askotan gertatu izan den bezala, frogatu da Euskal Herriak modu berezian ematen duela errepresioaren aurkako erantzuna; ez dakit gure DNAn sartuta dagoen-edo, baina jendeak berehala erreakzionatzen du halako egoeretan, eta harrigarria izaten da. Guretzat oso polita izan da babes eta elkartasun hori sentitzea.

Poliziaren jukutria salatu zenuten: bideoan erasorik ez zegoela argi ikusi arren, tematuta zeudela zuek zigortzearekin.

Nik uste dut herri harresiek aldaketa bat planteatu zutela, eta, bat-batean, Ertzaintza eta Jaurlaritza oso egoera ezerosoan sentitu zirela. Izan ere, Madrilek atxiloketa agintzen zuen, baina eskurik zikindu gabe, eta Jaurlaritza ari zen gazte euskaldunak atxilotzera Euskal Autonomia Erkidegoko polizia bidaltzen, gero Madrilen esku uzteko, zergatik, eta haien militantzia politikoagatik. Ordu arte ezagutu gabeko erantzuna topatu zuten aurrean, herri harresiek erantzuteko modu berri bat ekarri zutelako, Donostian, Ondarroan, Loiolan…; eta eurek ez zuten asmatzen egoera horri buelta ematen.

Auzibidean zehar, ertzain batek bertsioa aldatu, eta gogortu egin ziren zuen kontrako akusazioak. Zer gertatu zen?

Gu atxilotu gintuztenean, bakarrik erori zela onartu zuen ertzainak, estropezu egin eta eskaileretan behera erori zela. Baina, bi hilabeteren buruan, bertsioa aldatu zuen, eta jipoitu egin genuela deklaratu zuen. Eta larriena da, epaiketa batean lekuko gisa bagoaz, herritarrak behartuta gaudela egia esatera; bada, epaiketan bost ertzainek lotsarik gabe deklaratu zuten ertzain hura jipoitu egin genuela, bideoan argi eta garbi ikusten bazen ere bakarrik erori zela. Gezurra esan zuten ertzainek, baina haientzako ondoriorik ez dago.

Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri zion hasierako 1.200 euroko isunari.

Bai, erresistentziagatik zigortu gintuzten hasieran; desobendientzia zibileko ekitaldi batean parte hartzeagatik; aipatu ere ez zen egiten ertzain hari gertatutakoa. Baina, orduan, helegitea aurkeztu zuen Jaurlaritzak, eta bigarren epaitegiak epaia aldatu zuen, larritasun handiko erabakia hartuz eta oso aurrekari arriskutsua jarriz. Epaian hitzik aldatu gabe, paragrafo bat gehitu zuen bukaeran: frogatutzat eman zuen guk ez genuela ertzainaren lesio hori eragin, baina ertzain hori gu parte hartzen ari ginen protesta batean zauritu zenez, guri egotzi zigun erantzukizuna. Astakeria da lotura hori egitea; jurisprudentzia horren arabera, edozein greba, manifestazio edo protestatan ertzain bati zerbait gertatzen bazaio, koska batean erori eta, deskuiduan, hiltzen bada, protestako edozein partaideri leporatu behar diote ardura? Oso larria da hori.

Bideo hura egon ez balitz…

Eskerrak horri. Eta hor berriro aipatu behar dut kazetarien lanaren garrantzia. Gure ustez, guztiz beharrezkoa da mozal legea kentzea; kazetariei euren lana egiten utzi behar zaie. Gero eta argiago ikusten da poliziaren lana grabatu egin behar dela. Ez balitz grabatuta egon, jipoia eman geniola esango zuen poliziak, eta haren hitza gurearen kontra izango zen. Eta, hor, badakizu nor ateratzen den galtzen… Non egongo ginateke orain?