“Inoiz ez dut izan talde handien inbidiarik”

Unai Zubeldia

Momentua irits zitekeela bazekien arren, gertatutakoa barneratzen ari da, oraindik, Eugenio Goikoetxea (Hernani, 1969). “Afizioa ofizio bihurtuta”, Caja Rural txirrindulari taldean zuzendari lanetan aritu da azken hamalau urteotan. “Baina bizimodu arruntera ohitzen hasi beharko dugu orain”. Aitari begira zaletu zen txirrindularitzarekin, eta Kaiku-Gurelesan eman zituen pedalkadarik sendoenak. Autoko bolanteari helduta gozatu du gehien, hala ere; Kaiku-Gurelesan bertan, Ulma Cegasan eta Caja Ruralen. Lasterketetako zurrunbilotik aldenduta, ez du nahi astebetetik gorako etorkizunik.

Espero ez den albisteren bat jasotzean, “zer moduz” galdetzea izaten da lehenengo lana…

Momentuz, ondo. Askok ezustean jaso dute albistea, baina mugimendu batzuk ikusten ari nintzen ni, eta horrelako zerbait gerta zitekeela pentsatzen hasita nengoen jada. Urri hasieran jakinarazi zidaten taldean aldaketak izango zirela eta aldaketa horietan Eugenio Goikoetxea ez zela tartean izango.

Kolpea izan da?

Ez dakit oraindik ondo barneratu gabe daukadan edo zer gertatzen zaidan, baina gainerakoentzat niretzat baino kolpe handiagoa izan dela uste dut. Bizimodu normal batera ohitzen ari naiz, ikasten ari naiz oraindik, eta hilabete barru etorriko zait baxualdia agian. Erritmo aldaketa nabarituko dut gehien, ziurrenik.

Mezu asko jaso duzu azken egunotan. Iritsiko zitzaizun baten bat barru-barruraino, ezta?

Babesleek-eta mezu asko bidali dizkidate, RGAk kasu honetan. Ez zuten espero eurek ere. Gainerakoan, aldizkari, prentsa, telebista… komunikabideetako kide askok deitu didate, Pedro Mari Goikoetxea ETBko langileak azkena, urteotan emandako erraztasunengatik eskerrak emanez. Ez nuen uste hainbesteko burrunbarik sortuko zuenik albisteak.

Hamalau urteren ondoren, zergatik ez duzu jarraituko taldean?

Ez didate eman arrazoi argirik. Aldaketak egingo dituztela jakinarazi didate, eta aldaketa horietan ni ez naizela bertan izango. Besterik ez. Orain arteko bitartekoekin jarraituko du taldeak, eta ez dakit zein aldaketa egingo dituzten, baina hori jada ez da nire ardura. Babesleekin eta gainerakoekin egin dudan lanagatik eskerrak eman dizkidate taldean, eta barkamenak ere eskatu dizkidate erabaki honengatik. Arraroa dela? Bai. Baina ez dakit besterik.

Emaitzak egon daitezke erabakiaren atzean?

Ez dut uste. 2010ean egin genuen jauzia profesionaletara, eta, normala den bezala, egokitzekoak izan ziren lehen bi urteak; baliabide gutxirekin, ahal izan genuena egin genuen lehen bi urte haietan. Bi urte oso on eduki genituen, 2015a eta 2016a, baina argi geneukan ez zela hori taldearen benetako maila. Kontuan eduki behar da gure taldean batez besteko mailatik gora ibili izan den txirrindulariak taldea utzi izan duela denboraldi amaieran, eta oso zaila da urtero talde berria osatzen asmatzea. Nahiko urte kaskarra izan zen 2017koa, eta, bost garaipenekin, aurtengoa ez dut uste hain txarra izan denik. Nik badakit zein baliabiderekin aritu naizen lanean eta tresna horiekin noraino irits nintekeen ere bai.

Lor zenezakeen guztia lortu duzu? Mugatik gertu ibili zara?

Oso gustura nago egin dudanarekin, eta ikusi egin beharko da taldean zer aldatzen duten. Hilabete igaro da albistea eman zidatenetik, eta, oraingoz, ez da izan aldaketa handirik. Profesionalizazioaren bidean eskaerak zorrozten ari da UCI [Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna], eta nik betidanik eskatu izan dut hori, funtzioak banatzeko eta profesionalizazioaren bidean pausoak emateko. Baina, tira, managerraren kontuak dira horiek, ez zuzendariarenak. Azken urteotan ni izan naiz taldearen erreferentzia: zuzendaria, managerra, prestatzailea, medikua… Nik egin izan ditut ia lan guztiak. Neuzkan bitartekoekin, egin behar nuena baino gehiago egin dut, agian, baina jaiotzetik nirekin daramat txirrindularitza, eta lanbide soil bat baino gehiago izan da niretzat: bizitzeko modu bat. Zortea eduki dut horrelako proiektu batean parte hartzeko aukera izan dudalako; nire esku zegoen guztia egin dut.

Gehienek beti esan izan dute “pertsona normala eta gardena” zarela. Marka da gero pertsona bat ezaugarri horiengatik goratzea.

Tira… Gardena naiz, hori hala da. Caja Ruralen ere hala esan izan didate beti, oso argi hitz egiten dudala; oso argi eman izan dut beti nire iritzia. Normala izaten saiatzen naiz beti, natural jokatzen. Txirrindulariei eurei eta taldeko langile guztiei argi esaten diet kontuan hartzeko hesietatik beste aldera dagoena dela bizimodu normala. Burbuila batean bezala bizi gara txirrindularitza munduan, eta edozein momentutan leher daiteke hori. Sinadurak eskatzen dituzten horiek dira normalak, ez txirrindularitza osatzen dugunak, hesiaren barrualdean gaudenak.

Nolatan txirrindulari?

Aitaren eskutik, betidanik bizi izan dut txirrindularitza etxean. Txomin Perurenarekin eskuz esku lan egindakoa da aita; masajista, mekanikari, erdi zuzendari… Txominek berak beti esan izan dit asko lagundu izan ziola nire aitak. Lanetik kanpo ere masajeak ematen zituen, eta gogoan daukat gure etxean txirrindulari asko elkartzen zela ostegun arratsaldeetan. Pixkanaka-pixkanaka, ni ere barneratu egin nintzen mundu horretan. Bizikleta zahar bat hartuta joaten nintzen baserrira; makina bat ordu igarotakoa naiz Buruntzaldeako eta Santa Barbarako aldapa horietan gora eta behera.

Ondoren, 16 urterekin egin nuen debuta lasterketetan; ordura arte ez zidaten utzi pausoa ematen. Ni hasi bezain pronto, berriz, txirrindularitzako lanak uztea erabaki zuen aitak; niregan eraginik ez izatearren, ziurrenik, gurasoek ez zuten nahi biok aldi berean leku berean egoterik. Gogoan daukat aldagailurik gabea izan nuela errepideko lehen bizikleta, eta Txomin Perurenak berak aitari ekarri ziola bizikleta hari jartzeko lehen aldagailua.

Hernaniarra zara jaiotzez. Kalekumea?

Kalekumea naiz izatez, bai, baina eskola, baserria eta kirola, hori izan da nire bizimodua. Osaba eta lehengusuak bizi dira orain baserrian, eta nik, ia 20 urtera arte, oso gutxi ezagutu izan nuen kalea. Eskola, entrenamendua, eta, denbora pixka bat neukanean, baserria. Horrela osatzen nuen eguna.

Abraham Olano, Joseba Beloki… Gerora ibilbide oparoa izan duten taldekide asko izan zenituen ondoan Kaiku-Gurelesan eta Ulma Cegasan.

Hala da, bai. Espainia mailan puntako taldea zen gurea, eta handik, pixkanaka-pixkanaka, txirrindulari asko igaro ziren profesionaletara. Harreman polita egin nuen askorekin.

Nolako txirrindularia zinen?

Bizikleta gainean umilegia nintzela esaten zidaten beti, besteengan pentsatzen nuela. Lanerako prest egoten nintzen, eta, normalean, lanean hasita egoten nintzen zuzendariak agindua eman aurretik; nik argi neukan nire lana zein zen. Lasterketa batzuk irabazitakoa naiz; gazte mailan, adibidez, bi aldiz irabazi nuen Arantzazuko Igoera. Irabazteko aukera izaten nuenean, baliatu egiten nuen normalean. Ez nintzen igotzaile txarra, eta abiadura pixka bat ere baneukan.

Kaiku-Gurelesan zeundela erabaki zenuen txirrindulari ibilbidea amaitu eta zuzendari lanetan hastea. Nolatan?

Etapak izaten ditu txirrindularien bizitzak ere, eta nik gehitxo luzatu nuela uste dut. Ia sei urte egin nituen afizionatu mailan, eta Joxe Mari Goñi nire zuzendari izandakoa zendu zen bosgarren urtean. Hark utzitako hutsunea betetze aldera hasi nintzen Hernaniko klubean, Kaiku-Gurelesan, 1993an. Laguntzen hasi eta pentsa noraino iritsi garen.

Txirrindularitza eta fabrikako lana uztartu behar izan zenituen urte askoan, ezta?

1993an eskaintzak baneuzkan beste talderen batean txirrindulari ibilbidea luzatzeko, baina ezetz esan nien, lanean hasteko aukera baldin baneukan, lanean hasiko nintzela. Soldatarekin eta sariekin lantokian adina irabaziko nuela eta jarraitzeko eskatu zidan bakarren batek, baina ezetz erantzun nion. Lanbide Heziketako modulu bat egin nuen; Mekanika arloko Industria Maisu titulua lortu nuen, baina lorezaintzan hasi nintzen emazte ohiaren eskutik. Enpresa hura ixtean, lantegi batean mekanikari lanetan aritu nintzen gero, 2010era arte. Garai hartan ordu askoz aritzen nintzen lanean Caja Ruralen afizionatu mailako taldea eta lantegiko jarduna uztartzeko, eta txirrindularitzan buru-belarri sartzeko eskatu zidaten 2010ean. Eszedentzia txiki bat hartu nuen hasieran, baina, pentsa, 2018ra arte iritsi gara.

Txirrindulari gisa dirurik egin al zenuen zuek?

Ez, ez. 200-300 euro kobratzen genuen guk. Ez zen soldata, laguntza zen. Baina 50.000 pezeta ziren azken batean. Ia 40.000 pezeta eskaini zizkidaten txirrindularitzan jarraitzeko [240 euro], eta sariekin-eta 80.000 pezeta kobratzera iritsiko nintzela esan zidaten [480 euro]. Lantokian, berriz, 75.000 pezetako soldata jaso nuen lehen urtean [450 euro].

Caja Ruraleraino iritsita, eduki al duzu tentaziorik, gogorik edo aukerarik beste pauso bat emateko?

Ez. Inoiz ez dut izan talde handien inbidiarik, eta aukerarik ere ez dut uste. Broma giroan, World Tourreko talderen batera joanez gero, ez nuela izen onik izango esaten zidaten beti, hiruzpalau lagunen lana egiten ohituta nengoelako, eta, ondorioz, talde horiek aurrekontuak murriztu beharko zituztelako. Ez dakit balio dudan edo ez, baina ez nau erakarri izan mundu horrek. Ni gustura egon naiz egon naizen lekuan.

Zer esan izan diezu taldeko gazteenei?

Ume garaian, jolasteko; bizikleta hartzeko, jolasean ibiltzeko eta gainerako kirolak ere probatzeko. Baina, batez ere, ikasten jarraitzeko. Garai batean, ikasketak pixka bat alboratzeko joera izaten zuten 15-16 urterekin punta-puntan ibiltzen zirenek. Zorionez, denborarekin aldatu egin da hori. Txirrindularitzan murgilduta, berriz, momentua aprobetxatzeko esaten nien, azkar pasatzen delako denbora.

Orain zer?

Bizimodu arruntera ohitu nahi dut; atseden hartu eta lasai egon. Abenduaren 31ra arteko kontratua daukat Caja Ruralekin, eta ez dakit ondoren bere egiturako enpresaren batean aritzeko aukera izango dudan. Gaur-gaurkoz, ez dakit ezer. Aste hau bakarrik daukat buruan; ez dut urrutirago begiratu nahi. Txirrindularitzarekin ez dut amaitu erreta, eta baten bat laguntza eske etorriko balitzait, ez nioke ezezkorik esango.

Euskadi-Murias eta Euskadi Fundazioa. Hain eremu txikian ba al dago horrelako bi proiekturentzat tokirik?

Ezetz uste dut. Euskadi-Muriasek martxan jarri du proiektua, eta badakit gogotik lan egiten ari direla; laguntza eske ari dira, eta babesa behar dute. Talde on bat edukitzeko aukera ona da. Hori bai, egoera ekonomikoa kontuan hartuta, oso zaila da euskal talde bat World Tourrera iristea. 30-35 milioi euroko proiektuak daude World Tourrean, eta ez dut uste Muriasen helburua hori denik. Frantziako Tourra buruan duela, proiektu sendo eta iraunkorra nahi du Muriasek. Euskadi Fundazioarena, berriz, ez daukat argi zer den eta zer izan nahi duen. Ez dakit gazteei aukera emateko den edo beste proiekturen baten bila dabiltzan. Gaur-gaurkoz, Euskal Herrian ez dago lekurik tamaina bereko bi proiekturentzat, eta elkarlanerako bidea aurkitu beharko litzateke. Baina, azkenean, diruak aginduko du hor ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>