EAJ, antzera edo indartuago

Eider Goenaga Lizaso

Gipuzkoako foru hauteskundeak orain egingo balira, eta alderdiek gaur egun indarrean dauden aliantzei eutsiko baliete, Gipuzkoako Foru Aldundian ez litzateke aldaketarik izango. EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, eta duela lau urteko emaitzak gaindituz, gainera. Botoen %32 lortu zituen 2015ean, eta %36,6 lortuko lituzkeela dio Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz Gizaker inkesta etxeak egindako soziometroak. Jeltzaleek hemezortzi eserleku dituzte gaur egun Batzar Nagusietan, eta, soziometroaren arabera, bat edo bi gehiago lortuko lituzkete: 19-20.

EH Bildu izango litzateke bigarren indarra aurrerantzean ere, botoen %30,9rekin. 2015eko batez besteko berdin-berdina da. Eserleku kopuruetan, ordea, ez litzateke halabeharrez berdin geldituko. Soziometroaren arabera, gerta liteke bat galtzea, baina baita bat irabaztea ere, 16-18 eserleku lortuko lituzkeela baitio.

Soziometroaren arabera, EAJ eta EH Bildu dira botoen batez bestekoan galduko ez luketen bakarrak. Izan ere, PSE-EEk 1,8 puntuko jaitsiera izango luke botoetan, eta eserleku bat gutxiagorekin geldituko litzateke; Elkarrekin Podemosek eserlekuei eutsi egingo lieke, baina Irabazi eta Ahal Dugu alderdiek 2015ean lortutako botoen %14,6tik %11,7ra jaitsita. Azkenik, PPk ere 1,4 puntu egingo luke behera, baina duen eserlekuari eustea lortuko luke.

Gaur egun, Batzar Nagusietan bost alderdi daude ordezkatuta, baina soziometroak bosgarren alderdi bat sartzeko aukera jasotzen du. Ciudadanosek botoen %1,5 lortu zituen duela hiru urteko bozetan, eta %2,1 lortuko lituzke, hauteskundeak orain eginez gero. Eserlekurik ez zuen lortu orduan, eta 0-1 lor ditzakeela aurreikusten du orain soziometroak. Eserleku hori lortzekotan, Donostialdea hautesbarrutian lortuko luke Ciudadanosek, PPk bezala.

Parte hartzeari dagokionean, %36,5eko abstentzioa aurreikusten du Gizakerren inkestak, eta galdetutakoen artean botoa erabaki gabe dutenak %12,5 dira.

Naziotasun sentimenduaz ere galdetu diete herritarrei. %51,2 soilik euskal herritar sentitzen dira; %17,7 euskal herritar sentitzen dira, espainiar baino gehiago; %20,7 euskal herritar bezain espainiar; %1,5 euskal herritar baino gehiago espainiar sentitzen dira; eta %1,4 soilik espainiar. %7,5ek ez dute erantzun.

Gizakerrek legealdi honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz eginiko bosgarren soziometroa da joan den astelehenean Imanol Lasa aldundiko bozeramaileak aurkeztutakoa. Legealdiko azkena izango da. Azaroaren 15etik 21era bitartean, 1.500 gipuzkoarri egin zizkieten soziometroa osatzeko galderak. Inkesta bost ataletan dago banatuta: ekonomia eta enplegua; instituzioekiko konfiantza; hainbat gairen inguruko herritarren babesa; Gipuzkoako Foru Aldundia; eta boto asmoa.

Aurreko inkesten ildotik, ekonomia eta enpleguari lotutakoak dira gipuzkoarren eskari eta kezka nagusiak. Gipuzkoan dauden arazo garrantzitsuenei buruz galdetuta, %45,2k aipatu dute langabezia eta enplegua sustatzea; eta batez besteko horretatik oso urrun agertzen dira gainerako arazoak; hala nola, gizarte zerbitzu eskasak (%3,3), immigrazioa (%2,9), erraustegia (%2,3)… Langabeziaren arazoari, baina, barruti batzuetan besteetan baino gehiago egin diote aipamena: Bidasoa-Oiartzun hautesbarrutian, adibidez, %52,7k aipatu dute langabeziarena arazo nagusi gisa, Oria barrutian (Tolosaldea eta Goierri), berriz, %36,5ek. 16,2 punturen aldea dago bien artean.

Hainbat gairen inguruko kezka ere neurtu du soziometroak. Aurreko galderan herritarrek arazoak modu espontaneoan aipatu zituzten bezala, kasu honetan inkestatzaileak gaia esan eta herritarrek zenbateko bat jarri behar zion horren gaineko kezkari. Ongizate estatuaren iraunkortasunak eta enpleguaren kalitateak eragiten dute kezka handiena; hamarretik 8,24ko puntuazioa du lehenak, eta 8,22koa bigarrenak. Horren ondoren daude ezberdintasun sozialak (7,96), klima aldaketak (7,90), genero ezberdintasunak (7,88), gizartearen zahartze prozesua (7,81), lanaren eta familia bizitzaren arteko kontziliazioa (7,79).

Egoera ekonomikoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan herritarren bizi maila hobetu ote den ere jakin nahi izan du. Horri buruz galdetuta, erantzun dutenen %27,3k egoerak okerrera egin duela erantzun dute, eta %16,3 dira bizi maila hobetu zaiela uste dutenak. %56,1ek egoera berean dagoela erantzun du. Galdera zehatzagoak ere egin dizkiete herritarrei. “Zure familiak badu gaitasun ekonomiko nahikoa ibilgailu bat krediturik eskatu gabe erosteko?” galderari, baietz erantzun diote %45,4k eta ezetz %45,5ek.

Ildo berean jarraituz, gipuzkoarren %32,6k uste dute Gipuzkoak gainditu duela krisi ekonomikoa, baina gehiago dira gainditu ez duela iritzi dutenak: %56. Hala ere, inkesta erantzun dutenen artean %62k egoera ekonomikoak hobera efgin duela erantzun dute.

Soziometroaren arabera, herritarrek Gipuzkoako politikariei hiru gai jarri dizkiete mahai gainean, etxeko lan gisa: enpleguaren kalitatea hobetzea (%47,3k aipatu dute), enplegua sortzea (%30,2k) eta bizikidetza eta bakea sustatzea (%17,8k).