“Irakurlea poema batekin edo besterekin identifikatuko da”

Gorka Etxeberria Casqueiro (Pasaia, 1985). Bat baino gehiago harrituko da haren jaioterria ikusita, Errenterian ongi errotuta baitago, eta hainbat jardueratan ibili da han-hemen, ipurtarina izaki. Orain, 60 ordu zoologikoan liburua kaleratu berri du, berak ekoitzita.

Aspalditik al zenuen proiektu hau buruan?

Liburu hau aspaldiko proiektua da, eta duela dezente idatzi nuen. Tiraderan gordea neukan, eta ez nuen ikusten zein zen argitaratzeko modua. Liburua bera ere nahiko berezia da, idatzi dudana idatzi dudalako.

Liburua zeuk ekoitzia da. Nola hartu zenuen bide hori?

Parranda batetik bueltan, pentsatu nuen babesleak bila nitzakeela. Liburuaren atzealdean daude babestu nautenak. Auzoko festen egitarauetan eta abarretan agertzen diren bezala daude babesle horien izenak. Hurrengo goizean esnatu, eta uste baino babesle gehiago lortu nituen. Errazagoa izan da liburua argitaratzea babes ekonomiko horri esker.

Laguntza ekonomikoaz gain, badituzu idatzizko beste hainbat.

Liburua eginda eduki eta babesleak lotuta, Fredi Paia lagunari eskatu nion hitzaurrea egiteko. Horrez gain, idatzizko kolaborazio batzuk egiteko asmoa nuen. Horrela, nire poemetan agertzen diren hitzak hartu, eta, testuingurutik atera ondoren, horri buruzko testu bana idatzi dute hainbat lagunek. Asteburua, desfasea, laguntasuna, futbola, konpromisoa… EƱaut Gantxegi aktoreak, Mikel Astarloza txirrindulariak eta beste hainbatek idatzi dute.

Poemak dira liburuaren oinarria, baina eleberria da, ezta?

Hala da. Nahiko berezia da, ostiral arratsaldeko zazpietan hasten delako eta astelehen goizeko zazpietan bukatzen delako. Denbora tarte horrek ematen dio izenburua liburuari. Lehenengo olerkia lanetik ateratzeko momentua da, eta azkenekoa, lantokira iristen denekoa.

Zein da liburuaren mezu nagusia?

Lantokia eguneroko kartzela balitz bezala irudikatzen dut. Gero eta gazte gehiagok, nire ustez, asteburua ihesbide gisa ikusten dute, eta desfasean pentsatzen dute. Kritika pixka bat badago, baita neure buruari ere. Gazte zein ez gazte guztiak, irakurlea, poemaren batekin edo besterekin identifikatuta sentituko direla uste dut. Ez dut esaten mundu guztiak hori guztia egiten duenik, ezta hurrik ere, baina badaude kartelak jartzera joaten direnak, edo komunera marra bat sartzera joaten direnak, edo futbolera joaten direnak, edo putetxera trago bat hartzera joaten direnak, besteak beste. Maila handiagoan edo txikiagoan, irakurle bakoitzak zerbaitekin identifikatuko du bere burua.

Badu, beraz, segida bat.

Bai, gutxi gorabehera. Ideia batzuk nituen nola hasi eta nola bukatuko nuen. Banituen gai batzuk nahitaez sartzekoak. Adibidez, arratsaldeko zortzietako kartelada, eta horrela, bide batez, presoen gaia ukitzen nuen. Banekien, era berean, pertsonaia gauean marra bat sartzera joango zela… Kontaketa jarraitua izan da, bai.

Dena batera idatzi al duzu? Ez dago poema askerik, orduan?

Bai, dena batera egin dut. Lehen esan dudan bezala, gordea eduki dut denbora luzez. Argi neukan argitaratu nahi nuela. Izan ere, 2008an Espainiako Poliziak atxilotu ninduen, eta nire ordenagailua eraman zuten. Ez zidaten bueltatu, eta 23 urte arteko poema guztiei agur esan behar izan nien. Ezer ere egin ez banu bezala geratu nintzen. Atxilotu baino lehen, gauza batzuk idatzita neuzkan, eta pentsatu nuen ezin zela argitaratu gabe geratu, eta ideiari gogor heldu nion.

Idazleren batean edo libururen batean inspiratu al zara hau egiteko?

Ez; egia esan, ez. Nire harrikadak eta ideiak izan dira denak; barruan nuena atera nahi nuen, eta paperera eraman.

Bertso mundua eta poesia uztartu dituzu ia haur zinenetik…

Bai, Errenteriako Xenpelar Bertso Eskolan izena eman nuen hamar urte nituela. Urte asko egon naiz bertan, eta gaur egun utzita dudan arren, oraindik ere elkartzen naiz bertso eskolakoekin, gure artean bertsoak kantatzeko. Poesia lantzen ere oso gazte hasi nintzen; 15 edo 16 urte nituela eman nuen nire poemekin lehenengo errezitaldia. Ordutik Letren kilimak ikuskizunaren emanaldi dezente eskaini ditut lagun batzuekin. Hortik Kilimamuak liburua sortu zen, eta hori egiten ere parte hartu nuen.

Zein desberdintasun ikusten dituzu bi diziplinen artean? Zerk ematen dizu batek eta besteak?

Poesiak askatasun handiagoa ematen dit idazteko orduan; ez du nahi eta nahi ez errimatu behar. Bertsolaritzan, berriz, errimen menpe zaude, eta ezin da nahi duzun guztia adierazi. Asko pentsatu behar duzu nola esan eta nola moldatu.

Zaila izan al da ekoizpen propioa aurrera eramatea?

Alde horretatik, bide errazena hartu dut. Alegia, lagun eta ezagunengana jo dut, euren lantokietara: denda, taberna eta jatetxeetara. Kolaborazioak ere nahiko erraz lortu ditut. Hala ere, euren menpe egon naiz, eta horrek, argitaratze data atzeratzen du. Adibidez, Jon Maiak egin behar zidan hitzaurrea. Donostia 2016an dabil, Albaola elkartean, bertso saioetan… Azkenean, deitu nion, eta, prestasuna eskertu ondoren, lasai ibiltzeko esan, eta marroia kendu nion. Fredi Paiari eskatu nion egiteko orduan, eta baiezkoa eman zidan hark ere. Pixka bat atzeratu da kolaborazioengatik, baina normala da. Gainera, musu-truk eskatu badiet…

Pentsatu al duzu noizbait liburu bat argitaratuko zenuela?

Egia esan, bai. Idazten hasi nintzenetik, beti izan dut har hori. Nire poemak idazten nituen, eta esaten nuen: "Zergatik ez ditut noizbait argitaratuko?". Orain arte ez dut argitaletxe batekin kaleratzeko aukerarik izan; beraz, neure kabuz egiten saiatu naiz.

Gaixotasun arraroak dituztenak laguntzeko aukera ere badago liburua erosita, ezta?

Bai. Gaixotasun arraroak dituzten haurren aldeko Gure Nahia Gipuzkoako elkarteari euro bateko diru laguntza emango diot saltzen dudan ale bakoitzeko. Laguntza txiki bat emateko aukera ona dela uste dut. Liburuen salmentaren ekarpenaz gain, elkartearen kontu korrontearen zenbakia ere aipatu dut liburuan.

Non eskura daiteke liburua?

Hainbat tabernarirekin hitz egiten ari naiz, eta Errenteriako Lezea zentroan salgai dago dagoeneko. Horrez gain, Elkar Banaketarekin hitz egin dut, eta Durangoko Azokan haien erakusmahaian eskuratu ahal izango da. Euskal Herrian Elkar dendetan ere salduko da.