‘Solteroak’ edo ezkongabeak

Filosofoak ez direla ezkontzen esan ohi diet ilobei harremanen bat zapuztu zaiola-eta norbait kezkatuta ikusten dudanean edo familiako bazkaloste luzeetan neu ere, eskuan kopa erdi bat dudala, filosofatzen hasten naizenean. Nietzchek izua ziola ezkontzari. Heraclito, Platon, Spinoza, Leibnitz, Kant, Schopenhauer eta beste asko soltero geratu zirela esan ohi diet eta “zerbait jakingo zuten bada gizon horiek, pentsatzea ofiziotzat hartua baitzuten?”, erantsi ohi diet eta kontra egiten didan norbait aurkitzen badut, kopari beste tragoxka bat jo eta Frantziakoa kontatzen diet, orain dela gutxi bertan hamahiru milioi soltero eta soltera bizi direla irakurri bainuen, horietako asko boluntarioak, soltero militanteak ez direnean.

Euskarari buruzko eztabaidarik gabe bazkalondo bat benetakoa ez denez, gure hizkuntzak lexikoarekin arlo honetan duen arazoa aipatu ohi dut segidan. Ez dakit euskararen beraren arazoa den edo soltero-soltera hitzen ordainekin neuk asmatua den, ezkondu gabeen egoera izendatzeko erabiltzen diren mutilzahar eta neskazahar terminoak baztertzaileak iruditzen baitzaizkit guztiz; ezkongabe hitza ere ezin baitaiteke onartu, gabe hori murriztailea delako. Donado hitzak, aztertu egin beharko genuke jatorria, baina nik neuk eta hala esaten diet dagoeneko entzuten aspertzen hasiak dauden ilobei zerbait eliztarra edo sakristia usainekoa du eta mutxurdin terminoa, berriz, iraingarria eta delituzkoa iruditzen zait, baldin eta, esan ohi den bezala, motz urdin-etik baldin badator.

“Ez dakit seguru, baina soltero eta soltera-ren, solte erroak euskal kutsua du eta, gainera, alaitasun bat kutsatzen du”, esaten diet ahots goraz eta dagoeneko kopa hustua eskuarekin airean dantzatuz eta iloben artean euskal filologia ikasitakoren bat dagoen arren, ez dit inork kontrakorik esaten, gutxi axola zaien seinale.

Ilobek ez dakite, ez dute zertan jakin, baina nire diskurtso hori erabat interesatua da, ezkontza egunetako tarifen berri jakin nuenetik buruari bueltak ematen ari bainatzaio eta, dudan iloba kopurua kontuan izanik, ez baitzaizkit kontuak ondo ateratzen.

Nik soltero boluntario eta militanteei buruzko diskurtsoarekin jarraituko dut eta esango diet behin eta berriz maitasunak ez duela urrezko kaiolekin zerikusirik, zenbat eta pribatuagoa ederragoa dela eta, horretaz zerbait baneki bezala, soltero eta solteren bizimodu erotikoa aberatsagoa izan daitekeela gogoratuko diet, izan daitekeela ez, aberatsagoa dela, dagoeneko kopara beste zorrotada bat bota baitut eta literaturako hainbat kasu ezagunen berri kontatuko diet, baldin eta, esan dudan bezala, inork entzuten jarraitzen badu.

Familia guztietan dago listoren bat edo ikasketa teknikoak egindakoren bat eta nire diskurtsoaren etenaldi bat aprobetxatuz igual galde diezadake ea Schopenhauer hori Municheko Bayern taldeko aurrelari gazteren bat ez ote den izango, berak baietz uste duela, eta berehala ulertuko dut iritsi dela futbolaz hitz egiten hasteko ordua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.