“11 urte nituela hasi nintzen harategian laguntzen”

Txikitan hasi zen Helena Muñagorri (Tolosa, 1988) familiako negozioan laguntzen. Muñagorri sendiak Tolosako Pablo Gorosabel kalean dauka harategia, eta urte mordoa daramatza ofizio horretan: "Familia negozioa da; aitonaren osaba hasi zen ofizio honekin", azaldu du Muñagorrik. "11 urte nituela hasi nintzen larunbatetan aitari harategian laguntzen", gaineratu du.

"Zer ikusi hura ikasi", esaten da sarritan, eta Muñagorrik ere txikitatik ikusi eta ikasi du ofizioa: "Txikitatik ezagutu dut harategiaren mundua barrutik; gainera, beti gustatu izan zait saltsan ibiltzea harategian".

ISSA zuzendaritza idazkaritzako ikasketak egin zituen, eta, ondoren, kanpora joan zen, Australiara, hamar hilabetez. Atzerrira joan aurretik harategian aritu zen lanean, eta Australiatik itzulitakoan ere bertan jarraitu zuen. Eskolan eta unibertsitatean zebilen bitartean ere larunbatetan harategian laguntzen zuen: "Garai hartan aitak 500 pezeta ematen zizkidan larunbatetan harategian lana egiteagatik". Euskal Herrira itzulitakoan, harategian lanean jarraitzeaz gain, Kanpo Merkataritza masterra egin zuen etxetik: "Bi asteburutik behin joaten nintzen Madrilera", azaldu du. Krisiaren eraginez, ez du ikasitakoarekin lanik aurkitu, eta familiako harategian jarraitzen du lanean gaur egun: "Karrera eta masterra ikasi nituen, baina, lanik ez dagoenez, harategian jarraitzen dut".

Harategietan askotariko lanak egiten ditu gazte tolosarrak. Astean behin edo bitan odolkiak eta mondejua egiten ditu; txistorra eta txorizoa, berriz, egunero. Horrez gain, harategiko sukaldean, salmahaiaren atzean eta garbiketa lanak egiten ere aritzen da.

Mota guztietako bezeroak joaten dira Muñagorrira haragia erostera, adin nagusikoenetatik hasita gazteetaraino. Inguruko herri txikietakoak gehienbat asteburuetan joaten direla azaldu du tolosarrak: "Bezero fidel asko daude, eta guk hori nabaritzen dugu".

Ingurutik ekarritako haragia

Tolosako Muñagorri harategiak ehun urte daramatza lanean. Euskal Okela haragia saltzeko baimendutako harategia da, hau da, Euskal Herrian jaio eta hazi diren animalien haragia saltzeko baimenduta daude: "Txekor guztiak baserrikoak ditugu, labela daukagu eta ingurutik ekartzen dugu haragia; dena Tolosa ingurutik ekartzen dugu. Urrutien ekartzen dugun txekorra Hernanikoa dela uste dut", azaldu du Muñagorrik. "Aita baserrietara joaten da, eta hark aukeratzen ditu txekorrak prest daudenean", gaineratu du. Arkumeak, berriz, Azkaratetik (Nafarroa) ekartzen dituzte.

Muñagorri harategiko bezeroek badakite nondik datorren haragia. Txekorren bizitzako etapa guztiak kontrolatuta daude, baita jaiotzen denetik txekorrak jaten duen guztia ere: "Labela izateagatik dena kontrolatuta daukagu; txekor hori non egon den, zer jan duen, nola hazi den...", esan du gazte tolosarrak. Animalien elikadura bazka naturalean oinarritzen da, eta Kalitate Fundazioak baimendutako pentsua dute osagarri.

Harategiko sukaldean hainbat produktu lantzen dituzte. Horien artean, ondorengoak dira produktu izarrak: txistorra, txorizoa, odolkiak, arrozarekin egindako odolkiak, mondejua, saltxitxak eta tripakiak. 2010. urtean, Euskadiko Txistor Txapelketan txapela jaso zuen Muñagorri harategiko txistorrak.

Ofizio gehienetan bezala, harategietan ere nabarmendu dute krisia. Esate baterako, txekorraren salmenta jaitsi egin da krisiarekin: "Txuleta edo xerraren ordez, orain saltxitxak, hanburgerrak eta horrelakoak saltzen dira gehiago". Tolosarraren ustez, krisia baino gehiago jendearen jateko moduak aldatu dira: "Gazteen artean, ez dago gisatzeko haragia erosteko ohiturarik. Helduek bakarrik erosten dute. Gazteek ez dute erosten ez gisatzeko ezta saltsak egin behar zaizkion haragirik ere".

Sukaldaritza programen eragina

Telebistako sukaldaritza programek gero eta arrakasta handiagoa dute gaur egun. Hori horrela, hainbat bezero joaten dira harategira, telebistan ikusitako plater bat egin nahi dutela-eta, gauza bereziak eskatzera: "Sukaldaritza programen eragina asko nabarmentzen da bezeroengan. Esate baterako, normalean hainbeste saltzen ez den gauza bat eskatzera etortzen badira hainbat bezero, askotan produktu hori sukaldari batek telebistan prestatu duelako izaten da", azaldu du Muñagorrik. "Batzuetan, jendeak normalean eskatzen ez dituen gauzak eskatzen ditu, eta orduan jabetzen gara aste horretan Karlos Argiñanok hori prestatu duela telebistan". Muñagorriren arabera, noizbehinka eurek ere gomendatzen diete bezeroei haragi bat edo bestea erosteko. "Batzuetan, fio dira, eta beste batzuetan, ez, baina Argiñanorekin %100 fidatzen dira".

Gainontzeko ofizioetan bezala, gustuko lanak eta egiteko atseginak ez diren eginbeharrak daude harategietan: "Nire kasuan, odolkiak egitea da harategian gehien gustatzen zaidan lana. Garbitzea da, berriz, gutxien gustatzen zaidana, eta hemen uneoro ibili behar dugu dena garbitzen".

Etorkizunera begira harakin lanetan jarraitzeko asmoa dauka tolosarrak, baina, kanpo merkataritza ikasi zuenez, beraiek egiten dituzten produktuak —txistorra, txorizoa, odolkiak, tripakiak...— kanpora eramatea gustatuko litzaioke noizbait.