Azken hilabetean gauza bakarra dugu hizpide herrian. Igogailu solasaldiak alaiago bilakatu dira, eta oporretan edonora doan eibartarrak Eibar futbol taldeko elastikoa sartuko du maletan. Kolpetik, mapetan Eibar kokatzen duen puntua handiago bilakatu da. Are gehiago, herritarren aldartean ere nabaritu dela esango nuke, kalean hamar zentimetroko txokolate gozo kapa bota izan balute bezala. Iritzi subjektiboa da, baina egia da kirol arrakastek, eta foballekoek bereziki, badutela nolabaiteko efektu lotarazle bat, miseriak estalarazten dituena.
Eibar Lehen Mailara igo izanak herriari mesede edo kalte egingo dion eztabaidatzea txikiteoak girotzen ari da, eta nik garbi dut mesede egingo diola. Halako kalkuluak egiten dituzten enpresak badaude, eta normalean puztu egiten dituzte. “Bisitari bakoitzak ez dakit zenbat euro gastatuko ditu…”, beti puztuak. Halere, eraginaren aritmetika erraza da: hiria gero eta txikiagoa, inpaktua are nabarmenagoa.
Eibarrek 27.000 biztanle ditu —Bigarren Mailan taldea zuen hiririk txikiena zen, eta zer esanik ez Lehen Mailan—, eta futbol taldeak, oraingoz, 3.500 abonatu. Taldeko zuzendaritzak nahita itxi zuen iturria. Ipurua estadioak 5.200 ikuslerentzako eserlekuak ditu, eta 6.000raino handitzeko lanetan ari da, LFPk hala behartzen duelako —6.500 izan daitezke—. Azpiegitura desmuntagarria beharko luke; ez dut uste harmaila berriak eraikitzen hasteko garaia denik, diruak beste zerbaiterako izan behar baitu. Are gehiago kontuan hartuta taldea Lehen Mailako ateak jotzen hasi zen arte ez zela bete estadioa. Ipurua txikia da; ez dago handitzeko premiarik, eta hor du xarma, eta bere erakarmen ahalmena. Lehen Mailako futbola bertan ikustea gutizia bat izan behar da, bonboi bat jatea, eta horrek jendea erakarriko du.
6.000 edo 6.500 eserlekuetara iritsiz gero, eta oraingoz abonatu berriak gehitzea ezinezkoa denez, 3.000 eserleku huts horiek kudeatzea da gakoa. Herrian argi dugu zati handienak Eibarren gelditu behar duela, baina herriarentzako negozio iturria kanpoko jendea da. Auzia ez da erraza: sarrera horiek herritarren esku utzi, objektiboki azken urteetan hain fidelak izan ez diren arren —2.911 ikusle batez beste azken sasoi honetan, eta 1.259 aurrekoan, 2. B Mailan—, edo balizko bisitariei eskaini, garesti, herriko negozioen hobe beharrez?
Lehen Mailako futbola eromena da, eta Eibarren badakigu kanpotik 500 lagun etortzea aski dela herria aztoratzeko. Kopuru horiek handitu egingo dira; ez beti, baina Realak, Athleticek, Real Madrilek eta Bartzelonak jende asko mugitzen dute. Olatu hori ustiatzen jakin behar da, eta hasiak dira nola zukutu aztertzen. Beste kontu bat izango da inpaktu mediatikoa, eta horrek ez, horrek ez nau hainbeste konbentzitzen, Eibarrek, berez, amu turistikorako ahalmen gutxi baitu ostalaritza onetik harago. Baina tira, nork jakin, agian, foballari esker, Euskal Herria ezagutzera etortzen diren erretiratuentzako antolaturiko txangoen kanpaleku nagusia baino gehiago izango da.
Leave a Reply