Errugbiarekin zaletzen

Irun, Hendaia eta Hondarribiko haurrak baloi obalatu batek eta H forma duten zutoinek ere batuko dituzte hemendik aurrera. Izan ere, hiru herri horietan martxan jarri berri dute haurrentzako errugbi eskola. Hendaiako Stadek eta Rugby Club Irunek sustatu dute eskola, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren laguntzarekin. Akitania-Euskadi Euroeskualdeak ere diruz laguntzen du proiektua.

Joan den azaroaren 23an aurkeztu zuten errugbi eskola berria, Hendaiako Ondarraitz estadioan. Hiru udaletako ordezkariak zein kirol mundukoak izan ziren hitzarmena sinatzen eta ondorengo aurkezpenean.

Iñaki Alberdi Irungo errugbi taldeko presidentea izan zen hitzarmenaren sinatzaileetako bat. Gogorarazi duenez, partzuergoari bi klubek egin zioten proposamena, “ekonomiaz eta beste hainbat gauzari buruz arduratzeaz gain, kirola ere laguntzen dutelako”. Hala ere, “arazo” bat dagoela aitortu du Alberdik: “Kontua da, Irunen eta Hondarribian, haurrek 12 edo 13 urtera arte ezin dutela kirola aukeratu, Eskola Kirola egin behar dutelako. Gero bakoitzak nahi duena hauta dezake”. Horregatik, adin horretako ikasleekin errugbia ikastetxeetan lantzen hasi dira, Hendaiako zein Irungo errugbi taldeetako begiraleekin. Euskara, gaztelera eta frantsesa hitz egiten dute begirale horiek.

Udalerri bakoitzeko ikastetxe banatan hasi dira bidea egiten, “proba gisa”. Hezkuntza fisikoko eskola orduetan errugbiaren hastapen saioak egingo dituzte. Astean bi orduz izango dira, eta bost aste iraungo dute eskolek.

Eskola horiez gain, pixka bat haratago joan nahi dute Txingudi Rugby Eskolako kideek: udaberrian txapelketa txiki bat egin nahi dute ikastetxeen arteko partidekin. “Euren maila zein den ikusi nahi dugu”, azaldu du Alberdik. Pixkanaka gainontzeko eskoletara hedatu nahi dute.

Egoera desberdinak

Errugbi zaletasuna ez dago maila berean Ipar eta Hego Euskal Herrian, eta horren jakitun dira proiektuaren bultzatzaileak. “Hendaia, Donibane Lohizune, Miarritze eta abarretan indar handiagoa du errugbiak, kirol nagusia da. Bidasotik honantz, alderantziz da; futbola besterik ez dago”, iritzi dio Alberdik. Bi kluben egoera ere desberdina da. Hendaiako taldeak ehun urte dituela nabarmendu du, eta Irungoak, berriz, 45. “Hor ere badago aldea”. Hori horrela, errugbi zaletasuna bultzatu nahi dute eskolaren bidez: “Irun eta Hondarribiko haurrek kirol hori gehiago ezagutzea da gure asmoa”.

Uste dute errugbiak “aukera asko” ematen dizkiela haurrei, eta interesgarria dela haientzat errugbian aritzea. Haren esanetan, muga fisikorik ez dago, beste zenbait kiroletan bezala: “Garaiera altukoek, txikiek, argalek, lodiago daudenek… edonork joka dezake errugbian; ez dago patroi jakinik”. Gainera, beste mota bateko balioak eskaintzen dizkie kirol hori egiten dutenei: “Epailea zein arerioa errespetatzen dira, eta, gainera, partida bukatuta hirugarren zatia jokatzen da, beste taldearekin”. Balio horiek hedatu nahi dituzte.

Orain arte, igandetan

Txingudi Rugby Eskola ez da Irungo haurrek ezagutu duten gisa horretako lehenengoa. Izan ere, Lehen Hezkuntzako ikasleek orain arte igandeetan bakarrik egin ahal izan dituzte entrenamenduak, Eskola Kirolarengatik. “Astearte eta ostegunetan, futbol, eskubaloi edo saskibaloiko entrenamenduak izaten dituzte. Larunbatetan, berriz, partidak jokatzen dituzte. Gainontzeko kiroletarako, errugbia barne, igandea eta astelehena bakarrik geratzen dira libre”, azaldu du Rugby Club Irungo presidenteak.

Egun, zehaztu duenez, haurren mailan, kimuetan eta benjaminetan eskola bana dute, eta guztira 60 bat haur dira. Zifra “polita” dela uste du, baina jokalari horiek, adina aurrera joan ahala, kirola uzten joan daitezkeela uste du. Ziur Txingudi Rugby Eskolak indar handiagoa emango diola kirolari Bidasoaren bi aldeetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.