Desanexioan aitzindari

Andoain lau mendetara. Izenburu hori darama herriaren sorreraren laugarren mendeurrenaren harira Bastero kulturgunean atondutako erakusketak. Joan den astelehenean, izan ere, Andoainek 400 urte bete zituen; 400 urte Espainiako Felipe III.a erregeak hiribildu titulua eman zionetik; 400 urte Tolosaren menpeko izatetik askatu eta bere bidea bakarka hasi zuenetik.

Erakusketa Andoaingo artxiboko Karmele Otaegik eta Marta Truchuelok atondu dute, eta erakusketaren inaugurazioan aurkeztu zuten Susana Truchuelok gaiari buruz idatzitako liburua ere: Andoain 1615. Hiribildu berri baten historia. Tolosaren menpeko zen garaitik desanexiorako ibilbidea jasotzen du liburuak; eta hiribildu bihurtu zenetik gaur arterako ibilbidea zedarritzen du erakusketak. Andoainekin batera, Gipuzkoako beste 29 herrik lortu zuten hiribildu titulua garai bertsuan —batzuek urtarrilaren 26an, eta otsailaren 4an besteek—, baina Andoain aitzindari izan zen borroka horretan.

Joan den astelehenean, herriaren sorreraren datarekin bat eginez, ekitaldi xumea egin zuten udaletxean, eta etzi ekitaldi instituzionala egingo dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin eta independentzia eskuratu zuten beste 29 herrietako agintariekin batera. Ana Karrere alkateak hartu zuen hitza asteleheneko ekitaldian, udal korporazioarekin batera urteurrenarengatik topa egin ostean.

Andoaindarrak zoriondu zituen Karrerek, duela laurehun urte hasitako ibilbidea oroituz. “Orain, 2015. urtean, begirada atzera bota eta gertatu zena gomutan daukagula, 400 urte hauetako ibilbideari erreparatu nahi diogu, gaur egungo Andoaingo eraikuntzan parte hartzen dugun guztiok bat eginez”. Hiribildu titulua lortzeak asko aldatu zuen Andoain, eta hari esker bihurtu da gaur dena. “Horixe baita Andoain: jatorri ezberdinetatik etorritako herritarren mosaikoa, gure herria den bezala egiten duten kulturen artelana. Andoaindarrak hamaika garelako, andoaindarrak 400 (eta gehiago) garelako”.

Tolosarekin tirabirak

Hiribildu izan aurretik, unibertsitatea zen Andoain, eta, ondorioz, hiribilduek zituzten eskubide eta pribilegiorik ez zuen. Donostiaren babesa bilatu zuen lehenik, 1379an, eta Tolosarena ondoren, 1475ean. Beraz, haiei atxikita egon zen XIV. mendeaz geroztik. Susana Truchuelo historialariaren arabera, Donostiak eta Tolosak garai hartan oraindik ez zuten garrantzi handirik, “baina barrualdea eta kostaldea lotzen zituen bidean zeuden biak, eta horregatik zuten Gaztelako erregeen laguntza”. Abantaila fiskal eta komertzialak zituzten, eta abantaila horiek oso onuragarriak ziren bai bertako bizilagunentzat, eta baita haiei atxikita bizi ziren herrietako biztanleentzat ere.

Baina hasierako harreman baketsua berehala belztu zen, eta tirabirekin hasi ziren. Liskar artean eta auziz auzi pasatu zuten XVI. mende osoa. Ez zen Andoain, ordea, Tolosarekin liskarrak zituen bakarra, eta beste herri asko ere hasiak ziren euren nahigabea adierazten, bai kalean, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta baita Valladolideko kantzelergoaren aurrean ere.

Truchueloren arabera, “XVI. mendean Andoainek oso rol aktiboa jokatu zuen eskualdeko herrien artean, euren buru zen hiriaren kontra”. Izan ere, Andoainen eta Tolosaren menpeko beste herrien iritzian, Tolosak “nagusikeriaz eta jauntxokeriaz” jokatzen zuen, bai gobernu kontuetan eta bai eguneroko elkarbizitzan ere. Andoaindarrek zuten edozein arazo Tolosan epaitzen zen, Tolosako alkatea epaile zela; eta bestelako arazorik bazegoen, Batzar Nagusietan ere aurkez zezaketen kexua, baina betiere Tolosa bitartekari zela.

Desanexioa hainbatetan eskatu zuen Andoainek, eta hainbatetan ukatu zitzaion. Baina 1615ean, Felipe III.a Gaztelako erregeak Andoaini eta Gipuzkoako beste 29 herriri hiribildu titulua saltzea erabaki zuen. Hala, herri horien eskaerak aintzat hartzearekin bat, Felipe III.ak bere diru kutxak betetzea lortu zuen, erresuma nahiko larri baitzegoen diruz.

Andoainek familiako 25 dukat ordaindu zituen hiribildu tituluaren truke; guztira, 7.270 dukat inguru. Behin diru hori ordainduta, 1615eko maiatzaren 2an, Andoainek lehen aldiz bere ordezkaria bidali zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietara, eta bakarkako bidean, egungo Andoain eraikitzen hasi ziren.

Leave a Reply

Your email address will not be published.