Baten sorrera, bik gogoan

Euskal Herriko Idiazabal herria, gure anaia, bere independentziaren 400 urteurrena ospatzen ari da”. Argentinako El Diario del Centro del País egunkarian irakur daitezke hitzok. Asteazkenean lau mende bete ziren Idiazabal Seguratik apartatu zenetik, eta, urteurrena gogoratzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte egunotan. Argentinako Idiazabalgo ordezkariak ere herrian izan dira.

Idiazabal eta beste 29 herrik independentzia lortu zutela gogoratzeko, ekitaldia egin zuten joan den astean Andoainen, eta orduan esandakoak berreskuratu zituen asteazkenean Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak: “Antzinako askatasun maitea berreskuratzea, politika zuzena, gobernu zuzena, onura publikoa eta justizia banatzailearen eskuratzea izan ziren gure arbaso agintariak gidatu zituzten lemak […], eta gaur inoiz baino gehiago, inoiz baino presenteago ditugu balio horiek”.

Ekitaldi instituzionalaz gain, erakusketa bat jarri dute udaletxeko areto nagusian, eta San Blas jaiak ere baliatu dituzte urteurrena gogora ekartzeko. Festen atariko agurrean, hain justu, herriaren historiari egin diote erreferentzia. Diotenez, Idiazabal izena XII. mendeko dokumentu batean agertu zen, lehendabizikoz.

Udaletxeko erakusketak bederatzi paneletan laburbiltzen du Idiazabalgo historia. Lehen mugarria, 1384. urtea. Idiazabal Segurara batu zen orduan, inguruko beste zenbait herrirekin batera. Serapio Mujika Zufiria historialariak Geografía de Guipuzcoa atalean jaso zuenez, “nafarren lapurreta, hilketa eta bestelako gehiegikeriatatik babesteko” hartu zuen batzeko erabakia. Hala ere, “unibertsitate” titulua hartu zuen herriak, eta, horri esker, hainbat eskumeni eutsi ahal izan zion. XVI. mende amaierara arte. Orduan hasi ziren Idiazabal eta Segurara batutako gainerako herriak herri modura antolatzeko nahia agertzen; “herriei zegozkien erabakietan esku hartzea leporatzen zioten Segurari”.

Ordainketa errealetan

Urre, zilar eta kobrezko hiru txanpon ageri dira erakusketako paneletako batean, eta azalpena: “Idiazabalek hiribildu titulua eskuratzeko ordainketa errealetan egin zuen”. 70.795 erreal pagatu zituen, zehazki. Urte hartan gehien ordaindu zuten herrien artean dago, Seguratik, Tolosatik eta Ordiziatik independente egin ziren herri guztiak kontuan hartuta. Konparaziorako, Beasainek 54.699 erreal ordaindu zituen Ordiziatik independente bihurtzeko, Zerainek 31.364 Seguratik irteteko eta Alegiak 43.704 Tolosatik banantzeko.

Seguratik apartatu eta hiribildu titulua eskuratuta, herriko etxea kontzeju etxe bihurtu zen, eta Idiazabalek bere bideari ekin zion. Eliza ere mende hartan hasi ziren eraikitzen, eta gerora amaitu zuten —XVI. eta XVII. mendeetan eraikina, eta XVIII. hasiera aldean korua, erretaulak eta irudiak—.

Gainerako herriek bezala, Idiazabalek ere Batzar Nagusietan esku hartzeko eskubidea izan zuen hiribildu bilakatzean. Hala ere, herritar kopuruak baldintzatu egin zuen ordezkaritza osatzean. Biztanle gutxi izanda, “garestia” zen, eta inguruko herriekin batu behar izan zuen: 1619an Beasain eta Ataunekin joan zen, esaterako. Mutiloa eta Zegama ere izan zituen kide, 1691. eta 1708. urteetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.