Amasagatik da Villabona

Goi Erdi Aroan, haranetan antolatzen zen Gipuzkoako lurraldea, eta haran horien barruan osatzen ziren biztanle guneak, elizate, auzo, unibertsitate edo auzunetan banatuta. Sebastian Insausti historiagilearen arabera, abeltzaintzan oinarritutako lehen gunea sortu zen Belabieta inguruan, gerora Amasako herria izango zenaren aurrekaria. 1025. urteko agiri batean, Asteasu, Zizurkil, Oikia, Artadi, Aizarna, Goiburu eta Amasa agertzen dira, besteak beste, Saiazko haraneko herrixka bezala.

Saiazko alkatetzaren barruan hainbat eliza propio zeuden, horietako bat Amasan kokatua. Izan ere, lehen kokagune kristaua Santa Kruz ermitan egon omen zen, eta ermita hori, aldi berean, tenplu erromatar baten gainean eraiki zuten VII. mende inguruan.

Beotibarko guduarekin lotuta aurki daiteke Amasaren inguruko hurrengo aipamena. Nafarrek, mugako gazteluetan babestuta, Tolosako haranean erasoaldiak egiten zituzten. Gipuzkoarrak Tolosan eta Berastegin babesten ziren batik bat, eta Gil Lopez Oinaz Larreako oinetxeko jauna zuten buru militarra. Beotibarko guduan lortutako garaipenaren ohoretan, bost zitori horiz inguratutako zuhaitza jarri zuten etxeko armarrian. Gaur egun, Amasa-Villabonako armarrian mantentzen dira zuhaitza eta zitoriak.

XIV. mende bukaeran Amasa Tolosako jaurerri kolektiboaren barruan sartu zen. Gipuzkoako beste zenbait hiribildutan ere antzeko zerbait gertatu zen: herrixka multzo handi samar batek hiribildu baten eskumen edo jurisdikzioarekin bat egitea. 1385. urteko uztailean, San Martin parrokia elizan egin zuten bilera, ahaide nagusien babesaren mende jarraitu ala errege sorrerako hiribilduetako auzo bihurtu erabakitzeko.

Horrenbestez, hiribilduekin bat egiteko joerari jarraiki, 1385eko abuztuaren 4an Tolosak Amasa eta Irurako herrixkei emandako auzotasun gutuna sinatu zen. Dokumentua aztertuz gero, Amasak XVI. mendean duen egoeraren inguruko xehetasunak jaso daitezke. Tolosarekin bat egin aurretik, Amasa kontzeju gisa agertzen da, eta zinegotzi propioa du. Maila juridiko horrexeri eta bere zinegotziari eutsiko dio Amasak gutuna sinatu ondoren ere. Eliza propioa mantendu zuen, eta herri ondasunen artean, Amasa Mendi, Amasaolako burdinola eta Arroa eta Orokaiztegi errotak. Horretaz aparte, amasarrak herritar salbuetsi eta aske moduan izendatu ziren.

Villabonaren sorrera

Menditik jaitsi eta Oria ibaiaren ertzean biztanle gune berria sortu zuten Amasako familiei zor zaie Villabonaren sorrera. Abagune historiko egokia zen hura. Batetik, garai hartan Gipuzkoa alderik alde zeharkatzen zuen merkataritza pil-pilean zegoen, eta, bestetik, Oria ibaia komunikabide ezin hobea zen garraio hura guztia bideratzeko. Bide hori zeharkatzen zuten ibiltarien artean, Santiagorako erromesak zeuden. Santiago biderako gidaliburuetan Villabona agertzen zen Leizaur eta Tolosa bitartean, atseden eta ostatu hartzeko gune gisa.

1385ean, Tolosako auzotasun eskrituraren izenpetzean, ez da Villabonako gunea aipatzen. Lehen aipamenak geroagokoak dira, 1390ekoak. Gipuzkoako Batzarrak Zumarragan elkartu zirenean bildutako prokuradoreen artean agertzen da Villabonakoa, hain zuzen. Hala ere, baliteke Villabonaren jatorria XIII. mende erdialdean kokatzea, Oria ibaiaren ertzeko beste hainbat herrirekin gertatu bezala.

1385etik aurrera, Amasaren nortasun juridikoa Tolosaren baitan ezabatuz zihoan bitartean, Villabonak hiribildu gisa zegozkion eskubideei eutsi zien. 1480ko maiatzean, adibidez, errege-erregina katolikoek Villabonaren eskumena gorde eta babesteko agindu zieten Koroak Gipuzkoan zituen ordezkari guztiei. Horrenbestez, bere kontzejua izan eta alkateak, zinegotziak eta gainerako udal ordezkariak izendatzeko gaitasuna eman zitzaion Villabonari.

Amasa eta Villabona udalerri bakar batean biltzea prozesu historiko oso korapilatsuaren ondorioa izan da. XVI. mendearen bigarren erdian bi herriak bereizita zeuden oraindik. Villabonak hiribildu izaera osoa zuen arren, lehian aritu behar izan zuen Gipuzkoako Batzarretan bere ordezkaritza onartua izan zedin. Amasa, bestalde, Tolosako hiribilduko auzoa zen 1385az geroztik.

1607. urtetik aurrera, Oria bailarako herrixkek matxinada abiatu zuten, beren burujabetza jurisdikzionala lortzeko helburuz. Hiribildu titulua eskatzen zuten, eta baita horrek zekartzan pribilegio guztiak ere. Garai aproposa aukeratu zuten horretarako, Koroak baliabide premia larria zuelako eta banaketa haiek bultzatzeko prest egon zelako.

Bereizketaren trukean, hiribildu berri bakoitzak 25na dukat ordaindu behar zituen bizilaguneko (idi batek 12 dukat balio zituen). Garai hartako agiriek diotenez, 132 biztanle zituen Amasak orduan. Hiribildu berrietako ordezkariek, aginte makila eskuan zutela, beren eremuak bisitatu eta mugarritu egin behar zituzten. Ondoren, alkate arrunta, alkateordea eta gainerako arduradunak hautatzen zituzten. Horrekin guztiarekin, Amasak eserleku propioa eskuratu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Ordurako bi herriko biztanleen arteko harremanak estuak ziren. Hainbat jabetza elkarrekin partitzen eta kudeatzen zituzten, hala nola mendi eta basoak, Arro eta Orkaztegi errotak eta Larbarrain burdinola. Horrez gain, elizkizunak San Martin parrokian eta Santa Kruz ermitan ematen zitzaizkien herri bateko zein besteko biztanleei.

Bi herrien bat egitea

Udalerri bakarrean bat egiteko ekimenaren lehen zantzuak 1617koak dira. Lau kidez osatutako batzorde bat eratu zen negoziazioei ekiteko. 1619ko abuztuaren 18an izan zen bat egitea. Arduraz eta nekez adostutako ordenantzak aditzera eman zitzaizkien bi herrietako biztanleei, kontzeju bakar berriaren legezko oinarria eratuz. Ospakizuna Abadiaren etxean egin zuten, parrokiaren etxeko areto nagusian.

Zazpi puntuko akordioa erdietsi zuten Amasak eta Villabonak. Besteak beste, bi herrietarako udaletxe bakarra izatea adostu, eta alkate, alkateorde eta hiru zinegotzi izatea onartu zuten. Herriko kartzela ere udaletxeko eraikin horretan kokatzea erabaki zuten.

Gaur egun, Villabona da udalerriaren izen ofiziala. Hala ere, udalak duela gutxi jarri dituen bide seinale berrietan Amasa-Villabona ipini du, “Amasaren izaera historikoa eta haren antzinatasuna jasota gelditzeko”. Osoko udalbatzarrean eztabaidatu ondoren hartu dute erabakia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.